Euskararen Gramatika

37.5. -tzeagatik eta -tzearren formekin eginiko helburuzko perpausak


37.5. -tzeagatik eta -tzearren formekin eginiko helburuzko perpausak

37.5.1. -tzeagatik eta -tzearren formak, kausazko eta helburuzko

37.5.1a Postposizio motibatiboarekin eraturiko -tzeagatik eta -tzearren formetako perpausek perpaus nagusiak adierazten duenaren ‘motiboa’ ematen dute aditzera, agerikoa denez. Motiboa, kapitulu honen atarian esan den moduan, bitara uler daiteke: ondoko gertakaria ekarri duen kausa moduan edo aurreko gertakaria eragiten duen xede bezala. Beraz, aurreko ataletan aztertu diren formek ez bezala, forma hauek perpaus mota biak era ditzakete: kausalak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, sari handia eman diote) eta helburuzkoak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, entrenamendu gogorrak egiten ari da). Forma hauetan ikusten da, bada, argien kausazko perpausen eta helburuzkoen arteko hurbiltasuna.

37.5.1b Kapitulu honen atarian esan den bezala, perpausak batera edo bestera ulertzeko bereizgarriak bi dira. Gertakarien segidari dagokiona da bat. Kausazkoek adierazten duten gertakaria nagusikoaren aurrekoa —edo aldiberekoa— da, eta helburuzkoak, berriz, prospektiboak; hauek nagusiko gertakariaren ondoko gertakaria, gertakizun dena, ematen dute aditzera. Aurrena, ‘marka ontzea’ gauzatzen da, kausazko goiko adibidean, eta ondoren dator ‘saria hartzea’; ‘marka ontzea’, berriz, ‘entrenamenduen’ ondokoa da, helburuzkoan. Bigarren bereizgarria egileari eta hartzaileari dagokie: kausazkoaren perpaus nagusian izan daiteke egileren bat, beharrezkoa ez bada ere, baina funtsezkoa da hartan jasaile edo hartzaile bat izatea —saria hartu duena, adibidean—; helburuzkoetan, berriz, perpaus nagusiko gertakariaren subjektua egile borondateduna da beti —marka ontzeko entrenamenduak egiten dituenak berariaz egiten ditu—.

37.5.1c Gehienetan argia izaten da perpausaren izaera, hots, kausazkoa ala helburuzkoa den. Zenbaitetan, ordea, anbiguoa izan daiteke perpausa, bataren nahiz bestearen bereizgarriak dituena. Hala, esate baterako, Zenbat diru eman dizute gela garbitzeagatik? esaldia bietara uler daiteke: ‘gela garbitu duzulako’ —kausazkoa aurretik eta ‘zuri’, diru hartzailea, nabarmendua—, nahiz ‘garbi dezazun’ —helburuzkoa ondotik eta ‘haiek’, sari emaileak, nabarmendua—. Kausazkoa bada, -lako perpausaz ordezka daiteke —gela garbitu duzulako—, eta -tzeko perpausaz edo subjuntiboaz helburuzkoa baldin bada —gela garbitzeko edo garbi dezazun— (ikus § 38.3).

Forma biek ez dute erabilera bera euskalki guztietan. Hala, -tzeagatik forma erdialdeko eta ekialdeko euskalkietan ageri da mendebaldekoetan baino maizago, bizkaierazko testuetan ere zerbait ageri bada ere —hala nola Agirre, Arrese Beitia, Iturzaeta eta beste batzuen lanetan—; -tzearren forma, berriz, erdialdetik mendebaldera erabiltzen da batez ere. Eta kausa-helburu adieren banaketan ere kontuak ez dira berdinak. Forma biek bietako perpausak eratzen dituzten arren, maiztasunak bana dabiltza: -tzeagatik forma gehienbat kausala da, baina helburuzko gisa ere erruz erabiltzen da; -tzearren, berriz, kausazkoa izan badaiteke ere, maizago erabiltzen da helburuzko esanahia duela.

37.5.2. Helburuzko -tzeagatik forma

37.5.2a Beste helburuzko perpausek bezala, kausalen erabilera bertsua du helburuzko -tzeagatik perpausak ere, predikatuaren barneko osagaia denean. Zerta(ra)ko edo zergatik galderei zuzenean erantzutea ohikoa ez badu ere, ez du debeku horrela egitea, zergatik motibatiboarekin batik bat: Izan ere, zergatik egiten duzu hori? -Beste on bat, bakea, lortzeagatik (Villasante); Ebak erantzun zion: Jakizu zergatik: fruitu hori jan ondoan ez hiltzeagatik (A. P. Iturriaga). Galdegaia ere izan daiteke: Enrique ikusteagatik, sentitzeagatik eta laztantzeagatik etorri zen Helen iaz berriro ere sanferminetara (Berria); Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute (Elizen arteko Biblia). Murriztailearekin: Biderik luzeena hautatu nuen, urtegia ikusteagatik bakarrik (Cano); Hori ikusteagatik bakarrik merezi du azoka bisitatzea (Berria). Bai-ez kontrastea adieraziz ere erabil daiteke, beste helburuzko nahiz kausazko perpausekin edo bestelako sintagmekin: Jainkoa zerbitzatzeko behar dena emango dizut, eta ez gehiago: eta hori ere ez zuri gustu emateagatik, ezpada Jainkoak agintzen, ta nahi duena egiteagatik (Kardaberaz); Beltzak zanpatu zuen; baina ez dirua kentzeagatik […], iruzur egin zigulakotz baizik (Izeta); Diktadura garaian jende askok errebindikazio politikorako gune zelako jotzen zuen antzokietara, ez antzerkia ikusteagatik (Argia).

37.5.2b Gainerakoetan aditz nagusiaren eskuinean du honek ere ohiko lekua: Nire arima salduko nuke zerrenda horretan nortzuk dauden jakiteagatik (Berria); Zaleek dirua ordaintzen dute gu ikusteagatik (Berria). Baina haren aurrean ere koka daiteke: Eta gero ahaideoi poz pixka bat emateagatik, han zerabilen bere ontzitxoa baga indartsuen gainean gora eta behera (Agirre); Horiekin ibiltzeagatik ni ere sartuko nintzateke futbolista (X. Mendiguren Elizegi).

37.5.2c Predikatuaz kanpoko perpausak ere era daitezke forma honekin, -tzeko formarekin bezala. Halakoak dira, hain zuzen ere, enuntziazioaren helburua adierazten dutenak: Aitzakiak bilatzeagatik ez da, baina Alavesek denboraldi hasiera gogorra izan du (Egunkaria); Ez da justifikazio errazak bilatzeagatik, baina norbera, gaztea denean, okertu egiten da maiz (Alonso); ‘aitzakiak’ edo ‘justifikazioa’ bilatzea ez da perpaus nagusiko gertakariaren helburua, esatearena berarena baizik.

37.5.3. Helburuzko -tzearren forma

37.5.3a Mendebaldeko -tzearren formarekin eginiko perpausek -tzeagatik formarekin eginikoen erabilera bertsua dute, hau da, galderari erantzunaz: Zertarako? Zerbait egitearren, agian (Berria); galdegai moduan: Soldadutza ez egitearren hasi nintzen Gurutze Gorrian (Goienkaria); Bere baitan bor-bor zituen galderei erantzunak bilatzearren murgildu zen Albert Einstein zientziaren munduan (Berria); ukagai gisa: Ez dut idazten literatur eta gramatika ariketa hutsa egitearren (Berria); Baina hau guztia idazten ez nabil propaganda egitearren bakarrik (Berria). Bai-ez kontrastea aditzera emateko ere erabiltzen da, kontrastea forma bereko perpausarekin edo bestelako batekin eratuz: Polemika sorraraztearren egin zuen, ez justizia bilatzearren (Urzelai); Baina ni zuek ikustearren etorri naiz. Ez amaren kontakatilua izateko (Goenkale); Ez dute galizieraz idatzita dagoelako irakurtzen eta mesede egitearren, gustuko dutelako baizik (Berria).

37.5.3b Gainerakoetan aditz nagusiaren eskuinean joan ohi da maiz forma honetako perpausa ere: Abadeak erdaraz irakasten zuen dotrina, gobernu berriari eder egitearren (Sarrionandia); Ez dakit zer ez nukeen emango hori ikustearren (Juan Garzia). Haren ezkerrean ere joan daiteke: Azkenean, etxetik hurbilago egotearren, Hendaiara bizitzera joatea erabaki zuen (Soto); Orain bezala ez bizitzearren, hiltzeko prest gaude (Berria).

Adibide horietan ikusten den bezala, -tzearren forma daraman aditza mendeko perpausaren azkenean ematea ohikoa bada ere, hura aurrean dela ere eman daiteke: Ahalik eta gehien luzatzen zuen isilune hori […], ikustearren jendearen artetik sortzen ote zen inolako erantzunik (Berria); Tentazioa sentitzen du bengala bat botatzeko, ikustearren ea, sabaitik harago, beste zerbait ote dagoen espazio honetatik aparte (Markuleta).

37.5.3c Predikatuaz kanpoko konplementua ere izan daiteke, -tzeagatik formakoa bezala, perpaus nagusiko gertakariaren xedea baino areago esatearena edo enuntziazioarena berarena aditzera emanaz: Adibide sinple bat aipatzearren, telefono-zerrendatik zoriz pertsona bat aukeratu eta pertsona horrek ehun eta hogeita bost kilotik gora izateko probabilitatea oso txikia da (J. Zabaleta); Ez da presio egitearren, baina ia sarrera guztiak agortu dira (Goienkaria).

37.5.4. Esateagatik esan gisako esaldiak

37.5.4a Esateagatik esan eta egitearren egin gisako esaldiek esandakoak edo egindakoak bestelako helbururik ez duela ematen dute aditzera, hau da, esate edo egite hutsa beste xederik ez duela: Ez kezkatu, esateagatik esaten ditu horrek horrelako astakeriak; Kontua da nahasita zaudela eta gauzak egitearren egiten dituzula (Goienkaria). Alderantziz, ezezka emanda esate hutsaz edo egite hutsaz bestelako helburu bat badela seinalatzen da, hain zuzen ere: Gerrak ez dira egiteagatik egiten; Lege hori ez dute egitearren egin, derrigor bete beharra da.

37.5.4b Esan-ekin eginiko esaldiak benetakotasunik eza eman dezake aditzera: Esateagatik esan du hori, ez benetan; Esateagatik esan dut -zuritu zuen bere burua Clarak, irribarre eginez (Biguri). Ezezka emanda, berriz, esanaren benetakotasuna azpimarratzen da: Hala sinesten nuen, eta ez dut esateagatik esan; Lagunduko digula agindu digu, eta ez du esatearren esan.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper