Euskararen Gramatika

37.1. Sarrera. Zer diren. Harremanak kausalekin eta ondoriozkoekin


37.1. Sarrera. Zer diren. Harremanak kausalekin eta ondoriozkoekin

37.1a Perpaus mota desberdinak sartu izan dira gramatiketan HELBURUZKO PERPAUSEN MULTZOAN. Batetik, perpaus nagusian aipatzen den gertakariaren xedea adierazten dutenak dira, edo, zehatzago esanda, gertakari horren egilearen xedea seinalatzen dutenak; horrelako gehienak -tzeko formarekin edo subjuntiboarekin eratzen dira: Lagunak autoa saldu du etxebizitza erosteko; Mailegua eman diote lagunari etxebizitza eros dezan. ‘Etxebizitza erostea’ da, lehen adibidean, autoa saltzean lagunak izan duen helburua, eta hori bera, bigarrenean, mailegua eman diotenen xedea.

Badira, ordea, forma horiek berak erabili arren borondatezko xedeaz bestelako zertarakoak adierazten dituzten perpausak, hau da, ‘asmorik’ eta berariazko egilerik gabeko erlazioak aditzera ematen dituztenak, hala nola, esate baterako, baliagarritasuna (egokia da likido hau autoa garbitzeko; sasoi egokia da uda atseden har dezagun), gaitasuna (gai da azterketa guztiak gainditzeko), prestasuna (prest nago lanean hasteko), aukera (hizkuntzak ikasteko aukera ematen die ikasleei Erasmus programak) eta horrelakoak.

37.1b Formetan bat datozen arren, aldeak badira perpaus mota bi horien artean. Helburua adierazten dutenak osagai adjuntuak dira, predikatuak hautesten ez dituenak eta, hortaz, aukeraz erantsiak; ‘xedearen’ adierazpena gehitzen diote predikatuak adierazten duenari. Autoa saldu dut perpausak, esaterako, berez du zentzua, bestelako osagairik gabe ere; etxebizitza erosteko perpausa erantsita, berriz, aipatu gertakariak duen xedearen adierazpena gehitzen da. Zein-nahi predikaturekin adierazten dute helburua horrelako perpausek, esaldi gramatikalak eratuz, esanahiaren egokitasuna gorabehera: {Autoa saldu dut ∼ mailegua eskatu dut ∼ lagunekin mintzatu naiz ∼ gogor lan egin dut ∼ korrika ibili naiz ∼ belauniko jarri naiz ∼ zigarroa erre dut…} etxebizitza erosteko. Bestelako zertarakoak adierazten dituzten perpausak, aldiz, predikatuak eskatzen edo hautesten dituen osagarri argumentalak dira —labur, ‘osagarriak’—, haren sare semantikoaren barnean direnak. Beharrezkoak dira osagarri horiek, esaldia herren geratuko ez bada. Gure haurra prest dago esaldiari, adibidez, dagoen dagoenean zerbait falta zaio; osagarria behar du, agerian ez bada isilean —‘zertarako prest dagoen’ adierazten duen osagarria, alegia—. Eta, bestalde, predikatuaren araberakoa da perpausak aditzera ematen duen nozioa: baliagarritasuna, aukera, gaitasuna, nahikotasuna… —ahaleginak egin, aukera izan, egoki izan, baimena izan, balio izan, falta izan, gai izan, gogoa izan, libre izan, prest izan, aski izan eta horrelakoak dira, hain zuzen ere, perpaus horien predikatuak—; kuantifikazioa adierazten duen sintagma ere izan daiteke horrelakoen predikatu: Handiegia da atetik sartzeko. Lehen motakoak ‘helburuzko perpaus‘ adjuntuak dira, hots, ‘helburuzkoak’ zentzu hertsian, eta bigarren motakoak, berriz, ‘zertarako-osagarriak’. Aurrerago azalduko da badirela mota bi horien tarteko perpausak ere, § 37.4.4b.

37.1c Badira, hirugarren, mugimenduzko predikatuen jomuga adierazten duten perpausak, edo, zehatzago esanda, jomugako gertakaria seinalatzen dutenak; -tzera formarekin eratuak dira horrelakoak —-tzen, bizkaieraz—, eta predikatuak bere sare semantikoan integratzen dituen perpaus osagarriak dira hauek ere, ‘zertara-osagarriak’ (erosketak egitera joan da azokara; garbitzera eraman du autoa). Joan, bidali, bultzatu, eraman eta horrelakoak dira perpaus hauen predikatuak.

37.1d Gramatikak ez datoz bat perpaus hauen sailkatze kontuan. Batzuek lehen motako perpausak bakarrik sartzen dituzte ‘helburuzkoen’ multzoan, hau da, berariazko egilearen xedea adierazten dutenak. Beste batzuek, berriz, formetan eta nolabaiteko xede-esanahian dituzten antzak kontuan hartuta, hiru perpaus motei egiten diete leku ‘helburuzkoen’ multzo zabalean, zentzu hertsiko helburuzkoez gain, baita zertarako-osagarriei eta zertara-osagarriei ere. Gramatika honetan aurreko motakoei ematen zaie ‘helburuzko’ deitura zehatza, eta horiek aztertuko dira berariaz kapitulu honetan; beste biei buruzko aipamenak ere egingo dira, hala ere, han-hemen, helburuzkoekin dituzten antzak eta aldeak agertzeko, baina horrelakoen azalpen betea perpaus osagarrien kapituluan egiten da.

37.1e Zentzu hertsiko helburuzko perpausen oinarrian gertakari biren arteko KAUSA-ONDORIO erlazioa dago, beste perpaus mota batzuen oinarrian bezala. Besteetan ez bezala gauzatzen da, ordea, erlazio hori helburuzkoetan. Izan ere, izaera bikoitza erakusten dute hauek. Alde batetik, bistan da, perpaus nagusiko gertakariaren ondorio dena seinalatzen dute —autoa saltzearen ondorio da etxebizitza erostea, goiko adibidean—; ondorio hori, ordea, ez da gertakari gauzatu moduan agertzen, gertakizun moduan baizik, hau da, egilearen borondatean dagoen ondorio moduan. Helburuzko perpausak, hain zuzen ere, ez du berez ondorioa gauzatu denetz esaten —hori beste nonbaitetik jakin dezakegu edo testuinguruari esker ondorioztatu—; gertakari nagusiaren egileak ondorio hori lortzea duela xede, hori da helburuzko perpausak dioena. Beste alde batetik, berriz, xede hori perpaus nagusiko gertakariaren eragilea ere bada —etxea erosteko asmoak eragin du autoaren saltzea, adibidean—. Ondorioa eta eragilea da, hortaz, helburuzko perpausak aipatzen duen gertakaria; helburua eta kausa aldi berean. Eta ezaugarri hori dute bereizgarri, hain zuzen ere, helburuzko perpausek, kausa-ondorio erlazioari dagokionez, hurbileko dituzten beste perpaus moten aldean.

37.1f Hurbilekoak dituzte, hasteko, kausazko perpausak, helburua eragile ere baden neurrian (§ 38.1.2). Antzeko ezaugarriak dituzte perpaus mota biek. Batetik, zergatik motibatiboari erantzun diezaiokete batzuek eta besteek: Zergatik mugitu duzu aulkia? —{Traban zegoelako ∼ Trabatik kentzearren}. Helburuaz galdetzen duen zertarako galdetzailea —zertako, zerendako, aldaerak— kausaz galdetzeko ere erabiltzen da, zergatik komunaren pare: Zertako ez haiz gurera agertu? (Epaltza). Postposizio motibatiboekin eginiko -tzeagatik eta -tzearren formek kausazko nahiz helburuzko perpausak era ditzakete, kausa bezala helburua ere izan baitaiteke gertakariaren motibo: Marka ontzeagatik {sari handia eman diote ∼ entrenamendu gogorrak egiten ari da}. Aurrerago ikusiko den bezala, bestalde, antzeko jokabide sintaktikoak dituzte kausazko perpausek eta helburuzkoek, predikatuaren barneko eta kanpoko konplementuak eratzeari, galdegaien kontrasteari eta horrelakoei dagokienez.

Aldeak ere badira, ordea, perpaus mota bien artean. Kausazkoek adierazten duten gertakaria gertakari nagusiaren aurrekoa, edo aldiberekoa, da beti: Euria egin duelako daude kaleak bustita; Gazteegia delako baztertu dute. Helburuzkoak, aldiz, prospektiboak dira, gertakari nagusiaren ondoko gertakaria aipatzen baitute beti: Autoa saldu du etxebizitza erosteko —aurrena autoa saldu, ondoren etxebizitza erosi—. Gauzaturiko gertakaria ematen dute aditzera kausazkoek (‘euria egin du’, ‘gazteegia da’, adibideetan) eta gertakizun dena, berriz, helburuzkoek (etxebizitzaren erosketa gertakizun da autoa saldu duenean). Helburuzkoek, bestalde, berariazko egilea eskatzen dute; ez hala kausazkoek, hauetan kausa borondateduna nahiz borondateaz bestelakoa izan baitaiteke. Ezaugarri horiek bereizten dituzte, hain zuzen ere, aurrerago ikusiko den bezala, -tzeagatik eta -tzearren formetako kausazko perpausak eta forma horiek berak dituzten helburuzkoak (§ 37.5.1).

37.1g Ondoriozko perpausak ere helburuzkoen hurbilekoak dira, semantikari dagokionez, perpaus nagusiko gertakariaren ondorioa aipatzen baitute biek, baina aldea bada hauen artean ere. Ondoriozkoek ondorio gauzatua aipatzen dute, egilearen borondatea gorabehera burutua: Leherketa hain handia izan da, non denak isil-isilik gelditu baitira. Helburuzkoek, berriz, esan bezala, gertakizun den eta berariazko egilearen borondateari dagokion xede-ondorioa ematen dute aditzera: Garrasi egin die irakasleak, isil daitezen. Lehen adibidean ‘denak isiltzea’ gauzaturiko ondorioa da, perpaus nagusian berariazko egilerik aipatzen ez delarik; bigarrenean, berriz, irakaslearen borondatea ematen da aditzera perpaus nagusiko gertakarian eta ondorioa, ‘ikasleak isiltzea’, gertakizun da. Argi ikusten da perpaus mota bien aldea biak biltzen dituen esaldi honetan: Lehenbailehen ikasten has zitezen irakasleak halako errieta egin zien, non ikasle denak isil-isilik gelditu baitziren; lehen mendekoak, helburuzkoak, irakasleak lortu nahi duen ondorioa ematen du aditzera (ikasleak ‘ikasten hastea’); bigarrenak, ondoriozkoak, gauzatutako ondorioa (ikasleak ‘isil-isilik gelditzea’).

Hauek dira, bada, labur esanda, kausa-ondorio erlazioan helburuzko perpausek dituzten ezaugarri bereizgarriak: perpaus nagusian xedea lortu nahi duen berariazko egile bat aipatzen dela, eta xedea, bistan dena, gertakari nagusiaren ondokoa dela.

37.1h Xedea adierazteko, subjuntiboaz beste, -(ra)ko, -tzat, -gatik edo -arren postposizio destinatibo edo kausazkoekin eraturiko sintagmak erabiltzen dira batez ere. Postposizio horiek perpaus nominalizatua gobernatzen dutenean helburuzko perpausak eratzen dira —edo zertarako-osagarriak, -ko atzizkiaren kasuan, baina izen sintagma arrunta gobernatuz ere erabil daitezke, genitiboari erantsita zenbaitetan, zentzu zabaleko helburuarekin zerikusia duten sintagmak eratuz (etxerako, zuretzat, diruagatik…). Postposizio sintagmak dira denak, baina batzuetan perpausa dute bere gobernuaren pean, perpaus nominalizatua —[PS [(etxera lehenbailehen iriste)a]gatik]—, eta besteetan ohiko izen sintagma —[PS [(sari)a]gatik]—.

Gertakariaren onuraduna —pertsona edo gauza— seinalatzen dute askotan izenarekin eginiko sintagma hauek: Lagunarentzat erosi dut liburu hau; Etxerako erosi dut margo polit hau; gertakari izenarekin eginak direnean, berriz, gertakariaren gauzatzea seinalatzen dute eskuarki helburu bezala: Erabaki ezazu behingoz eguna ezkontzarako, hots, ‘ezkontza egiteko’; onuradunik edo gertakari izenik ez denean, aditzen bat suposatzen da askotan, sintagmari bere esanahia ematen diona: Oporretarako erosi du liburua, ‘oporretan irakurtzeko’; Hazitarako utzi, ‘hazia eman dezan’; Diruagatik egin du lan gogor hori, ‘dirua irabazteko’. Motibatiboak kausa zein helburua adieraz dezake sintagma hauetan ere: Sariagatik {poztu da ∼ ari da hainbeste saiatzen}, hots, ‘saria irabazi duelako’ edo ‘saria irabazteko’.

Helburua adieraz dezakete, halaber, «[-tzeko + izena] + postposizioa» egiturako sintagmek, izenak asmoa edo xedea adierazten duenean (irabazteko asmotan, garaiz iristeko helburuz, laguntzeko xedearekin); -tzeko izenlaguna duen izen sintagmarekin eginiko postposizio sintagmak dira horiek: [PS [[(laguntzeko) xede]a]rekin]. Sintagma mota honetatik sortuak dira, hain zuzen ere, helburuzko perpausak egiteko erabiltzen diren forma zenbait; izena isilpean utzita eratutako formak izan daitezke horrelakoak, hala nola -tzekotan (irabazteko asmotan > irabaztekotan), edo erabilerak forma finko bilakatuak, hala nola -tzeko amoreagatik, non amoreagatik postposizio bilakatu den (irabazteko amoreagatik).

Postposizio sintagma horiek bere lekuan aztertuak direnez (ikus 21. kapitulua), gobernupean perpausa dutenak, hots, helburuzko perpausak, aztertuko dira kapitulu honetan.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper