Euskararen Gramatika

36.5. Aldiberekotasun estua


36.5. Aldiberekotasun estua

36.5.1. Aldiberekotasuna seinalatzeko zenbait bide: -neko forma

36.5.1a Aurreko atalean ikusi ditugun formek baino modu azkarragoan seinalatzen dute beste forma batzuek aldiberekotasuna, ondoko adibideak konparatuz ikus daitekeen moduan: Polizia agertzean, korrika hasi dira manifestariakPolizia agertu orduko, korrika hasi dira manifestariak. Aldiberekotasun estua adierazten duten forma hauekin eginiko perpausa unekoa izaten da, erdiespenekoa (sartu deneko) edo gauzatze burutukoa (egin dueneko); egoera edo jarduerakoa bada, haren une bat hartzen da kontuan: Sendatua dagoen bezain laster, etxera bidaliko dute esaldian, esate baterako, ‘sendatua egotearen’ hasierako unea da seinalatzen. Perpaus nagusia, berriz, unekoa edo iraupenekoa izan daiteke, eta horrek zehazten du perpausaren balioa. Hura unekoa bada, aldiberekotasun sekuentzial estua adierazten da, hau da, ‘berehalakotasuna’: Sartu deneko, hizketan hasi da; iraupenekoa bada, berriz, ‘jadanik’ baden egoera edo jarduera adierazten da: Sartu deneko, zain zeuden lagunak.

Mota honetako aldiberekotasuna adierazten dute honako forma hauek: -ko atzizki adberbialarekin eginiko -neko, -tzerako eta «{-n ∼ -tu} orduko» formek (etorri deneko; hura etortzerako; etorri den orduko), batera adberbioa duten «{-naz ∼ -tuaz} batera» eta «{-narekin ∼ -tzearekin} batera» formek (sartu denaz batera; etortzearekin batera), laster adberbioa duten «{-n ∼ -tu} bezain laster» eta «{-netik-nik} laster» formek (etorri den bezain laster; etorri bezain laster; joan zenetik laster), eta «-tu eta {berehalalaster ∼ batera}» formek (etorri eta berehala; sartu eta laster; jan eta batera).

Lehenbizikoak adiera bietan erabiltzen dira, berehalakotasunari dagokionean nahiz jadanekoan; batera adberbioarekin eratuak berehalakotasuna adierazten dute batez ere, baina jadanekoa ere adieraz dezakete inoiz; azken biek, berriz, berehalakotasuna baizik ez dute adierazten.

36.5.1b Hala, bada, -neko forma adberbialak berehalakotasuna adierazten du, perpaus nagusiko gertakaria ere unekoa denean: Bere onera etorri zeneko, jaiki eta korrika hasi zen lasterkaria; jadaneko egoera edo jarduera, berriz, hura iraupenekoa denean: Suhiltzaileak iritsi zireneko, kiskalita zegoen etxola. Lehenean, (orduantxe) berehala erantsi daiteke, eta jadanik bigarrenean. Aukera biak dira, halaber, errepikatzea edo ohitura adierazten denean ere (Partida bat amaitzen zuteneko, beste bati ekiten zioten eta Uda heltzen deneko, prest izaten ditugu hondartzako zerbitzuak, hurrenez hurren). Perpaus nagusia geroari dagokionean, geroaldikoa edo agintera delako, mendekoa aspektu burutugabean eman daiteke: Lagunak etortzen direneko, han izango gara gu. Aldaerak: -nerako, Hegoaldekoa (Partida hasi denerako, beteak ziren harmaila guztiak), -nekotz(at), -neko(t)xe.

Forma honen balio prospektiboaz, ikus § 36.7.3 (Ura sartu dut motxilan, egarritzen naizeneko). Forma honekin sortua da, bestalde, dagoeneko adberbioa, hizketa unean zerbait jadanik gertatua dela adierazten duena, ikus § 35.2.13e.

Bestelakoa da, jakina, leku-denborazko izen ardatza izanik izenlagunen -ko atzizkia daraman erlatiboa (Hura sortu zeneko urtea; Hori ez da gurean agertu joan deneko aspaldian), § 31.4.3.8d.

36.5.2. -tzerako, …orduko, …batera, bezain laster eta beste batzuk

36.5.2a Aditz izenarekin eginiko -tzerako forma adberbiala mendebaldean erabiltzen da batez ere. Jokatuetako -neko formaren parekoa da neurri batean. Jadanik baden egoera edo jarduera adierazteko erabiltzen da batez ere: Suhiltzaileak iristerako, kiskalita zegoen etxola; Gu jaikitzerako, lanean ari zen laguna. Baina berehalakotasuna ere adieraz dezake: Partida bat amaitzerako, beste bati ekiten zioten.

‘Jadanik’ badena ez ezik, ‘lehenago’ gertatua ere adieraz dezake forma honek. Inoiz anbiguoa izan badaiteke ere, agerikoa izaten da gehienetan, testuingurua lagun, noiz adierazten duen aurrekotasuna: Han sartu zen Zubiburu, eta lanean hasterako katedralera joan zen otoitz egitera; katedraleko bisita, adibidean, lanera joan aurrekoa da, § 36.7.2f.

36.5.2b Orduko postposizioarekin eginiko {-n ∼ -tu} orduko formak ere bietara erabiltzen dira. Berehalakotasuna adierazten dute perpaus nagusiko gertakaria unekoa denean (Ohera orduko hartu zuen loak; Zezena agertu zen orduko hustu egin zen plaza) —inoiz berehala adberbioa eta guzti (Sartu orduko, berehala hasi zen kantari)—; berdin errepikatzea edo ohitura adieraziz (Argitu orduko, lanari ekiten diote egunero), eta geroari dagokionean, adizkia aspektu burutugabean dela (Jaikitzen den orduko, etor dadila nigana). Jadaneko egoera nahiz jarduera adierazten du, berriz, bistan da, perpaus nagusiko gertakaria iraupenekoa denean (Medikua iritsi orduko, jaikita zegoen gaixoa). Forma bi hauetan -tu orduko da gehien erabiltzen dena. Partizipioaren lekuan aditzoina erabiltzen dute inoiz, aditz forma hori ohikoa duten euskalkietan (ikus orduko). Aldaerak: -tzera orduko eta -tze orduko, gutxi erabiliak; postposizioarenak: ordukoxe eta ordu.

Aldiberekotasunaren erabilera hori Erdialdekoa da, batez ere. Mendebaldean, berriz, zerbait ‘lehenago’ gertatu dela adierazteko erabiltzen da forma hau ere: […] lotara orduko, gazta pixka bat jaten zeudela […] (Agirre), ikus § 36.7.2f. Ordu eta ordukoxe aldaerek ez dute aurrekotasuna adierazten.

36.5.2c Batera postposizioarekin egindako «{-naz ∼ -tuaz} batera» eta «{-narekin ∼ -tzearekin} batera» formek —bizkaierazkoak haiek eta gipuzkerazkoak batez ere azken biak— berehalakotasuna adierazten dute: Ohean sartu zenaz batera, loak hartu zuen; Hura agertuaz batera amaitu zen gure arteko bakea; Atea ireki zutenarekin batera, jendea bultzaka sartu zen; Argia urratzearekin batera hasi dira lanean. Hori dute forma hauek ohiko erabilera, baina ‘jadanekoa’ ere adieraz dezakete: Egunkariak herrira zirenaz batera, zain zegoen dendaria. Adizki jokatugabeko formak erabiliagoak dira jokatuak baino. Postposizioaren aldaerak: batean, bat.

Denboraz gain, bestalde, emendioa ere adieraz dezake -tuaz batera formak: Plazan ginen lasai ederrean hizketan, eguzkia hartuaz batera.

36.5.2d Konparazio egitura duten {-n ∼ -tu} bezain laster formek berehalakotasuna adierazten dute, agerikoa denez: Sartu den bezain laster hasi da hizketan; Partida hasi bezain laster sartu dute gola. Aditz nagusia geroari dagokionean, mendeko jokatua adizki burutugabean eman daiteke: Jaikitzen zaren bezain laster joan zaitez lanera. Mendekoarena bezala, nagusiko gertakaria ere unekoa da, berehalakotasunak hala eskatzen baitu: Etxean sartu den bezain laster, hizketan hasi da. Eta iraupeneko predikatua bada, haren hasierako unea hartzen da kontuan: Etxean sartu bezain laster, lasai dago gure gizona, hau da, ‘lasaia egoten hasten da’.

Laster adberbioaz gainera, sarri, fite, agudo eta beste batzuk ere erabil daitezke forma hau eratzeko (bezain sarri, bezain fite, bezain agudo). Laster da erabiliena; sarri ere erabiltzen da Iparraldean fite baino maizago; agudo, berriz, Hegoaldean; beste adberbio batzuk (pronto, azkar, arin…) urriago erabiltzen dira egitura honetan. Forma hauek konparazioko bezain morfemarekin eratuak izan arren, ez dute elementu biren arteko konparazioa eratzen; ez dira, alegia, Zu bezain arin ibili naiz ni edo Atzo bezain laster dator gaur ere ibaiko ura esaldien gisakoak. Horren lekuan, gertakari biren arteko denbora-erlazioa adieraztea dute helburu: Jaiki bezain laster hasi da lanean, hau da, ‘lanean hastea jaikitzearen segida-segidan gauzatu da’ (§ 32.2.1). Orduko edo eta berehala postposizioen parekoa da erabilera horretan bezain laster (jaiki bezain laster = jaiki orduko, jaiki eta berehala). Horiek horrela, anbiguoa da Jaitsi bezain laster egin du horrek mendian gora esaldia, adiera biak izan baititzake: ‘laster’ jaitsi da eta ‘laster’ egin du mendian gora, arin-arin biak, edo ‘jaitsi eta berehala’ egin du ostera mendian gora; lehenbiziko irakurketan konparaziozkoa da perpausa, jaistearen lastertasuna eta mendian gora egitearena konparatzen baitira; bigarrenean, berriz, ‘denborazkoa’ da.

Berehalakotasuna ematen dute aditzera ‘noizdaniko’ formekin eraturiko -netik laster eta bizkaierazko -nik laster formek ere: Lanean hasi zenetik laster igo zioten soldata; Munduko edozein konturen berri, jazotzen denik laster izaten dugu irrati-telebisten bidez.

36.5.3. -tu eta berehala gisako formak

36.5.3a Partizipioarekin eginiko -tu eta {berehalalaster ∼ batera} formek ere berehalakotasuna adierazten dute: Ekaitza amaitu eta berehala, argia itzuli zen; Ez ama eta ez aita geratu zen gaixoa, jaio eta laster; berehalakotasun errepikatua: Ikasketak amaitu eta berehala, lan bila hasten dira gazteak; Goizero, ohetik jaiki eta laster, dutxara joaten naiz. Aldaerak: berehalakoan; lasterrera, lastertxo, lasterxko. Berehalakotasuna adierazten du, halaber, -tu eta batera forma bizkaierazkoak: Jan eta batera ez da sartu behar uretara (Arejita).

Perpaus hauetan berehala, laster eta batera adberbioak -tu eta formarekin doaz, forma konplexua eratuz: Ekaitza amaitu eta berehala, argia itzuli zen. Postposizioa ta forma laburtuarekin ematen da maiz, mendebaldean batez ere, bereiz idatzita (amaitu ta berehala), marrarekin (amaitu-ta berehala), eta inoiz lotuta (amaituta berehala).

Forma hauen oinarrian eta enklitikoa duen -tu eta forma dago, emendiozko juntaduratik bereizi behar dena. Argi ikus daiteke hori ondoko perpaus bi hauek alderatuta: [Ekaitza amaitu] eta [argia itzuli zen] - [Ekaitza amaitu eta], [argia itzuli zen]. Lehenbiziko adibidean ohiko juntadura dugu; adizki jokatua isilduta, perpausaren hondarrean geratu den partizipioak perpaus amaierako doinua hartzen du eta haren ondoan etena egiten da, edo, bederen, egin daiteke: ekaitza amaitu # eta argia itzuli zen. Bigarren adibidean, berriz, doinu-eten horiek eta enklitikoren ondoan egiten dira, hau aurreko partizipioari lotzen zaiolarik: ekaitza amaitu eta # argia itzuli zen; eta mendeko perpausa nagusiaren eskuinera alda daiteke: argia itzuli zen # ekaitza amaitu eta. Partizipioa gobernatzen duen postposizioa da eta egitura horretan, ondokotasuna adierazten duena, aurrerago ikusiko dugun bezala (§ 36.7.3e)350.

36.5.3b Bat baino gehiago dira -tu eta horrekin eratzen diren forma konplexuak: -tu eta berehala, -tu eta laster, -tu eta batera, -tu eta gero eta -tu eta ondoan. Ondo bereizi behar dira forma horiek ere azalean antzekoa den emendiozko juntaduratik ([Ekaitza amaitu] eta [berehala itzuli zen argia]), eta baita ondokotasuna adierazten duen -tu eta forma soiletik ere ([Ekaitza amaitu eta], berehala itzuli zen argia). Forma konplexuen egitura, berriz, hau da: [ekaitza amaitu eta berehala], argia itzuli zen, non -tu eta berehala formak berehalakotasuna adierazten duen. Ahozkoan, esan bezala, etenak eta doinuak seinalatzen dute egitura bakoitza, perpausen arteko muga markatuz. Idatzian, berriz, komak, marrak eta horrelakoak dira egitura bakoitzaren bereizgarri.

36.5.3c Badira, azkenik, forma batzuk ohiko erabileran bestelako adierak dituzten arren, inoiz berehalakotasuna adieraz dezaketenak. Hala, «{-n ∼ -tu} bezala» ondoko perpaus hauen gisakoetan: Gure ahoa ixten duk, hi agertu bezala (Etxeberri Ziburukoa); Kartzelako ateetara zen bezala, gizonak negar minari eman zion32.4.3). Ekialdeko -n ber formak, adiera bat baino gehiagokoa, berehalakotasuna ere adieraz dezake: [Ilezko soka] tiratzen duten ber, amore ematen du (Lafitte). Bestalde, -tu ahala formaren erabileretako bat ere berehalakotasunari dagokio: Andresek, sartu ahala, […] ikusten du zahartu egin zarela (Oñederra). Ez ahal formarekin eginiko perpausek ere berehalakoa adieraz dezakete: Ez ahal zen etxera heldu, deika zeuzkan poliziak; Hara iritsi ez ahal zen, kontatu zion Wolfiok Obispoari gertakari guztia (G. Arrue). Perpaus nagusian berehala adberbioa ematen da zenbaitetan, aldiberekotasun estuarena indartzeko: Deia aditu ez ahal zuen, Berari jarraitzeko berehala altxatu zen (G. Arrue) (§ 23.5.3.6e).

Bere aldetik, -tu berri(t)an bi bereiz daitezke, izen-jokoa duena bat (lagunaren jaio berrian) eta aditz jokoa duena bestea (laguna jaio berrian). Perpausari dagozkion osagaiak ditu azken honek eta hori da denborazko perpaustzat har daitekeena: Gerra amaitu berritan, goibel bizi zen jendea.

350 Lafittek partizipioaren ondoan ematen diren postposizioetan sartzen du eta (1962: 459).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper