Euskararen Gramatika

36.4. Aldiberekotasunaren adierazpen orokorra


36.4. Aldiberekotasunaren adierazpen orokorra

36.4.1. Aldiberekotasuna adierazten duten morfemak: -nean

36.4.1a Aldiberekotasunaren adierazpen orokorra egiten duten formak dira honako hauek: erlatiboarekin eraturiko -nean forma (sartu direnean), aditz izenarekin eginiko -tzean, -tzerakoan eta -tukeran edo -tzearekin formak (sartzean, sartzerakoan, sartukeran; sartzearekin), adiera zabaleko -la(rik) forma (gazte nintzela; sartu delarik) eta «noiz ere …{bait- ∼ -en}» korrelaziozko erlatiboak (noiz ere sartu baita).

Forma horietan guztietan adizki jokatuko -nean eta jokatugabeko -tzean dira erabilienak, inesiboko -n atzizkia daramatenak. Aldiberekotasun mota guztiak adieraz ditzakete: sekuentziala, osoa eta partziala. Perpaus biek, mendekoak eta nagusiak, uneko gertakaria adierazten dutenean, aldiberekotasunak ‘sekuentziala’ izateko joera du. Trena gelditu denean, bagoietako ateak ireki dira perpausean, esate baterako, ateen irekitzea trena gelditu eta, segidan, gertatu dela adierazten da. Interpretazioa sekuentziala izanik, -nean forma perpaus batetik bestera aldatzen bada —halakorik egin daitekeenean—, gertakarien segida ere aldatu egiten da; hala, aurreko perpausak eta Bagoietako ateak ireki direnean, trena gelditu da perpausak gertakarien segida desberdina adierazten dute, agerikoa denez.

36.4.1b Erdiespeneko predikatuak eta gauzatze burutua adierazten dutenak izaten dira, unekoak izaki, irakurketa sekuentziala maizenik bideratzen dutenak: Lanetik irten denean, zinera joan da; Etxea garbitu dudanean, kalera atera naiz paseatzera. Izan ditzakete, hala ere, sekuentzialaz bestelako ñabardurarik. Hala, adibidez, Etxean sartu naizenean, txirrina jo dut perpausak ‘aurretiko’ edo ‘atariko’ aldiberekotasuna adierazten du, ohiko erabileran; Etxean sartu naizenean, irrist egin dut perpausa, berriz, une-unekoa izan daiteke; eta Etxean sartu naizenean, txapinak jantzi ditut perpausaren aldiberekotasuna, azkenik, sekuentziala da. Etxean sartu predikatua erdiespena adierazten duena da, bai, unekoa, baina prozesu moduan uler daitekeena, ‘sartzeak’ mikro-uneak dituela interpretatuz. Interpretazio hori onartzen ez duten predikatuek aldiberekotasun sekuentziala baizik ez dute adierazten. Halakoa da, esate baterako, Galdutako poltsa aurkitu dudanean, etxera itzuli naiz esaldia, ‘poltsa aurkitzeak’ ez baitu mikro-unerik bereizten. Aditzak aurretik behin adberbioa daramanean ere balio sekuentziala nagusitzen da: Behin etxean sartu denean barreka hasi da perpausean, ‘barrea’ etxe barruan egin duela esaten da, ez atarian eta ez sartzeko une-unean ere.

Perpaus horiek, kasuan-kasuan, aurrekotasuna edo ondokotasuna adierazten dutela pentsa daiteke, beharbada, nagusiko gertakaria mendekoaren ‘aurretik’ edo ‘ondoan’ gauzatzen baita, baina horietan nabarmentzen dena, hala ere, ez da hainbeste hori, gertakariak ‘une beraren’ esparruan gauzatzen direla baizik, une horren hasieran, une-unean nahiz segidan. Aldiberekotasunaren ñabardurak dira.

36.4.1c Perpaus biek iraupena duen gertakaria adierazten dutenean, berriz, aldiberekotasuna zehatza da —ez sekuentziala— eta osoa, ‘guztizkoa’, gertakari biak epe osoan datozenean bat. Euria ari zuenean, aterpean egon gara perpausean ez da esaten noiztik noiz arte iraun duen euriak, baina, hori bai, iraun duen epe osoan aterpean egon garela.

Gertakari bat unekoa eta bestea iraupenekoa direnean, azkenik, aldiberekotasuna zehatza da, bai, baina partziala, ‘inklusiboa’: uneko gertakaria bestearen epearen barnean kokatzen da eta honen barneko une batekin egiten du bat, ez iraupen osoarekin. Iritsi garenean, etxea hutsik zegoen perpausean, esate baterako, iritsiera etxea hutsik egon zen epearen une batean gertatzen dela esaten da. Adibide horretan unea-iraupena erlazioa mendekotik nagusira doa, baina alderantziz ere gerta daiteke, Aretoko ateak itxita zeudenean iritsi gara perpausean bezala.

36.4.1d Kontuan izatekoa da aspektuaren gorabeherak predikatu hauetan duen eragina. Hala, esate baterako, mendeko perpausean erdiespena adierazten duten predikatuak ari izan aditzarekin ematen direnean, jarduera adieraztera pasatzen dira —iraupena duena—, eta orduan gauzatzen den aldiberekotasuna ez da sekuentziala, zehatza baizik, osoa edo partziala (Trena gelditzen ari zenean, bidaiariak leihoetatik begira zeuden, eta Trena gelditzen ari zenean, bagoietako ateak ireki ziren bat-batean, hurrenez hurren). Eta perpaus nagusian erdiespeneko predikatu horiek partizipio mugatuan ematen direnean ere aldiberekotasuna zehatza da, osoa edo partziala, partizipio mugatuak gertakaria burutu ondoko egoera adierazten baitu, iraupena duena (Madrilen izan ginenean, Mikel handik alde egina zen, eta Geltokira iritsi ginenean, trena joana zen). Aspektu burutugabeko adizkiak geroaldiko balioa du —adizkera sintetikoak bezala—, nagusia geroaldikoa edo agintera denean (Lana amaitzen dudanean, paseatzera joango naiz; Laguna ikusten duzunean, emazkiozu goraintziak; Aita datorrenean, etxetik kanpora bidaliko zaitu)342. Iparraldean geroaldiko adizkera ere erabiltzen da balio hori adierazteko (Zer muturra egingo du ene ametsa jalgiko diodanean, Mirande). Subjuntiboa ere erabil daiteke (etor dadinean), bai eta -ke- morfema duena (datorkeenean), euskara jasoan (§ 26.6.2.1).

36.4.1e Geroko balio horretan izan ezik, errepikatze edo ohiturazko interpretazioa nagusitzen da mendekoaren adizkia aspektu burutugabean emana denean, hiru aldiberekotasun motetan: sekuentziala, predikatu biak unekoak direlarik (Bilobak etortzen direnean, poztu egiten da amona), guztizkoa, predikatu biak iraupenekoak direlarik (Ikasten ari naizenean, irratia piztua edukitzen dut beti) edo partziala, bat iraupenekoa eta bestea unekoa direlarik (Ikasle nintzenean, goizeko zazpietan jaikitzen nintzen egunero). Gauzatzea adierazten duten predikatuek irakurketa biak izan ditzakete, sekuentziala, gauzatze burutua adierazten denean (Etxea garbitzen dudanean, kalera ateratzen naiz paseatzera, hots, ‘garbitzea amaitu’ dudanean) edo osoa, gauzatze prozesua adierazten denean (Etxea garbitzen dudanean, irratia piztua edukitzen dut beti, hau da, ‘garbitzen ari naizenean’). Adizki sintetikoak ere adieraz dezake errepikatzea edo ohitura, perpaus nagusiak hala eskatzen duenean (Asperturik nagoenean, zinemara joaten naiz).

Errepikatzea edo geroaldia adierazten duten perpaus hauetan nagusiko gertakaria mendekoarena ‘burutu’ eta gero gauzatzen dela nabarmendu nahi denean, aspektu burutuko adizkera erabil daiteke mendekoan: Trena gelditu denean irekitzen dira bagoietako ateak; Etxea garbitu dudanean, kalera ateratzen naiz paseatzera; Eta ni xahartu naizenean, zer geldituko zait? (Laphitz).

36.4.1f Emandako erreferentzia-unean berean gertatzen ari dena adierazten duen perpaus nagusiak ez du -nean formako osagarria hartzen. Hala gertatzen da hizketa unean gauzatzen ari den gertakaria adierazten duen perpausarekin: Zertan ari naizen? Hara, *etxeko lanak egiten ari naiz, haurra lo dagoenean. Edo iraganeko erreferentzia-une batean gauzatzen ari dena aipatzen duenarekin: Geltokian ikusi dut gaur goizean zure neba; *egunkaria irakurtzen ari zen autobusaren zain zegoenean. Erreferentzia emana dagoenez, erreferentzia emaile den -nean formak ez du lekurik hor. Aldiberekotasun mota hori adieraz dezakeena, besteak beste, -en bitartean formako perpausa da: Etxeko lanak egiten ari naiz, haurra lo dagoen bitartean; Egunkaria irakurtzen ari zen, autobusaren zain zegoen bitartean. Forma honek iraupenaren nozioa gehitzen dio emandako erreferentziari.

Denbora-erreferentzia ematen duten adberbioen ondoan, ordea, eman daitezke -nean formako perpausak, erlatibo apositibo ez-murrizgarri gisan: Ixo, ixo orain, zuk nahi duzun guztia esan duzunean (Barriola); Eta orduan, dena prest zegoenean, hasiera eman genion ikastaroari.

Perpaus hauetako subjektuak erreferentziakideak dira maiz, eta nagusian bakarrik ageri dira: Galdu zuen gutuna aurkitu duenean lasaitu da postaria. Baina desberdinak ere izan daitezke eta mendekoan espresuki agertu: Nagusia sartu denean, lanean hasi dira langileak.

36.4.2. -nean morfemaren bestelako adiera batzuk

36.4.2a Gorago esan den moduan (§ 36.2.3b), -nean formak denborazkoarekin batera bestelako adierak ere bidera ditzake; baldintzarena, esaterako, denbora-adierazpen orokorretan edo aldiberekotasun errepikatukoetan: Lanpostua galtzen duenean, babesik gabe geratzen da langilea esaldiko galtzen duenean aditzak ‘galtzen badu’ ere adierazten du, biak sinonimotzat har baitaitezke; ez da hori gertatzen, ordea, orokorrak edo errepikatuak ez diren denbora-adierazpenekin: Maddi ikusten duzunean, goraintziak eman eta Maddi ikusten baduzu, goraintziak eman perpausen artean, adibidez, aldea dago gertakariaren gauzatzeaz hiztunak duen ziurtasunean; kausa ere iradoki dezake: Euria egin duenean egoten dira bustita kaleak; kontzesioa, ondoan ere duela: Aberastasunak, handia denean ere, ez du zoriona bermatzen; egia orokorrak ere eman ditzake aditzera: Helmugako marra igaro denean amaitzen da lasterketa; eta inplikazioa: Hori esan duenean, egia esan du.

36.4.2b Denborazkoaz bestelakoak adierazteko ere erabiltzen da inoiz. Kausa- azalpena: Pozik gaude hori baizik esan ez duenean; kontzesioa: Zergatik zigortu duzu, ezer txarrik egin ez duenean?; kontsekutibo gisakoa: Zerbait gertatuko zen, hainbeste jende bildu denean. Modu egokiagoak badira horiek esateko, esan ez duelako, egin ez badu ere eta bildu denez gero bezalakoak, esate baterako.

Eskerrak predikatuaren osagarri gisa erabili izan dute idazle gipuzkoar batzuek -nean formako perpausa: Eskerrak, hala ere, garaiz ohartu zirenean (Agirre); Jainkoari eskerrak honetan naizenean (M. Lekuona).

36.4.2c Aipa daitezke, azkenik, denborazkoak ez diren esapide batzuk. Hala, dagoen-dagoenean eta agidanean adberbialak, azkena agidanez-en parekoa. Modua adierazten duten gisa horretako esapide adberbialak -z atzizkiarekin eratzen dira gehienetan (esaten dutenez, jakina denez…), eta halakoa da honi dagokionez esapidea ere. Honi dagokionean esapidea erabiltzen dute batzuek haren lekuan; dagokionean, ordea, denbora balioarekin lotua da, testuinguruak besterik esaten ez duenean, eta, hortaz, moduzkoa denean egokiago da dagokionez erabiltzea. Horrela du erabakia Euskaltzaindiak Hiztegian, s. v. egon: “dagokionean [denborazko esaldietan bakarrik]: dagokionean egiten du lan (*honi dagokionean e. honi dagokionez)”.

36.4.3. -tzean morfema

36.4.3a Aditz izenarekin eginiko -tzean formak -nean formaren antzeko erabilera du. Uneko predikatuarekin doanean aldiberekotasun ‘sekuentziala’ adierazten du nagusikoa ere halakoa bada (Galdutako poltsa aurkitzean, etxera itzuli naiz); gertakariak mikro-uneak dituenean hiru ñabardurak eman ditzake aditzera: ‘aurretikoa’ (Etxean sartzean, txirrina jo dut), ‘une-unekoa’ (Etxean sartzean, irrist egin dut), eta ‘sekuentziala’ (Etxean sartzean, txapinak jantzi ditut). Mendekoarena edo nagusiarena iraupenekoa denean, berriz, aldiberekotasuna guztizkoa edo partziala izan daiteke (Jendaurrean mintzatzean, urduri egon da eta Gu iristean, etxea hutsik zegoen, hurrenez hurren). Geroaldiari dagokiona ere izan daiteke (Lana amaitzean, paseatzera joango naiz), edota errepikatzea adierazten duena (Lana amaitzean, paseatzera joaten naiz).

Forma hau ez da, hala ere, -nean jokatuaren guztiz parekoa, bistan da. Pertsona, aldi eta aspektuari dagokienez markatugabea denez, forma irekia da, adizkian ‘falta’ direnak eskuratzeko testuinguruaren laguntza behar duena, perpaus nagusiarena batez ere (§ 30.6.3.2). Horrela, (hura) etxean sartzean esaldia perpaus nagusiaren arabera ulertzen da: eskua ematen zigun nagusiak ‘etxean sartzen zenean’ irakurketa eragiten du; eskua eman zigun nagusiak ‘etxean sartu zenean’ irakurketa; eskua eman digu perpausak ‘sartu denean’; eskua emango digu perpausak ‘sartzen denean / sartuko denean’…

Pertsonak ere markatzen ez dituenez, aukera-aukerakoa da forma hau -nean formarekin ere egin daitezkeen honako perpaus hauek egiteko: inpertsonalak (Bidea zeharkatzean, kontuz ibili behar da), generikoak (Helmuga igarotzean lasaitzen dira lasterkariak) edo subjektu zehaztugabekoak (Sarraila jartzean amaitu ziren arazoak).

36.4.3b Denbora ez ezik, kausa edo azalpena adieraztea ere berezko egitekoa du forma honek. Batzuetan anbiguoa izan daiteke perpausa: Ikasturtea amaitzean, oporretara joan dira irakasleak, ‘amaitu denean’ nahiz ‘amaitu denez’, alegia. Baina badira egitura batzuk perpausen irakurketa batera edo bestera bideratzen dutenak. Hala, -tzean perpausa ezezkoa denean denborazko interpretazioa baztertu eta kausazkoa nagusitzen da: Txalorik ez entzutean, harritu egin zen kantaria; eta berdin perpausak zenbatzailea edo graduatzailea duenean: {Hainbeste txalo ∼ hain txalo beroak} entzutean, pozik agertu zen kantaria. Perpaus nagusia agintera denean, aldiz, denborazko irakurketa nagusitzen da: Lana amaitzean, etorri gugana.

Atal honen sarreran azaldu den moduan, bestalde, denboraz eta kausaz gain baldintza ere adieraz dezake forma honek, -nean formak bezala: Lanpostua galtzean, babesik gabe geratzen da langilea —hots, ‘galtzen duenean’ nahiz ‘galtzen badu’—. Inplikazioa ere adieraz dezake: Hori esatean, egia esan duzu.

Erabilera horietaz gain, bestalde, zertan dagoen zerbait, zertan datzan, zertan duen atsegin eta horrelakoei erantzuten dien osagarria izaten da maiz -tzean perpausa, denborarekin zerikusirik ez duena: Bakoitzari berea ematean datza justizia; Zoriona ez dago ondasun asko izatean; […] maitatzean aurkitzen ditu atseginik bizien eta osoenak (Txillardegi).

36.4.4. -tzerakoan, -tu(k)eran, -tzearekin eta -larik

36.4.4a Aldiberekotasuna adierazten du [-tzerako] izenlagunarekin eginiko -tzerakoan formak ere, -tzean formak bezalatsu; izenlagunak ez du konplementatzen duen izen agerikorik, eta denbora-balioak hartzen du haren lekua (-tzerako [‘denbora’]n). Formaren barnean -ra- adlatiboko atzizkia duelarik, aurrera begirako adiera hartzen du erraz forma honek, gertatzera doanari dagokiona, alegia: Garbitu itzazu eskuak, jaterakoan; Errezeta egiterakoan, arkatzik ez zeukala ohartu zen (San Martin). Aukerakoa da, bada, forma hau ‘atariko’ edo ‘aurretiko’ aldiberekotasuna adierazteko: egiterakoan, hau da, ‘egitera zihoanean’. Ohikoa eta berezkoa da erabilera hori, eta hala izan da aurreko mendeetan ere —ikus, esate baterako, hiltzerakoan hitzaren maiztasuna Axularren Geron eta gainerako erlijio liburuetan, ‘hiltzera doanean’ adieran—. Gaur egun, hala ere, uneko aldiberekotasunaren beste ñabardura bietan ere erabiltzen da343. Batetik, une-unekoan: […] neskatxaren gorputzak uretara erortzerakoan atera zuen hotsa, entzun zuen gizakumeak (Etxaniz). Bestetik, segidakoan: Abestia bukatzerakoan berriro hasten dira hizketan (Etxaniz); […] dena utzi behar da, tontorrera heltzerakoan (Gaztelu). Bestalde, aldiberekotasun zehatza ere adierazten du inoiz: Ez atera horrenbeste soinu jaterakoan!; Malkoak zerizkion hori esaterakoan (Garate); Mintzatzerakoan ez dugu beti berdin ebakitzen (Mitxelena).

Erdialdean -tzekoan aldaera erabiltzen da, hau ere denbora-baliokoa izenlagunak ondoko izen agerikorik ez duenean: Ez atera horrenbeste soinu jatekoan!; [Hitz elkartze] zaharren artean hautatzekoan, bi indar ari zaizkigu beti lanean (Mitxelena).

Forma hau ez da -tzean formaren pare erabiltzen denboraz besteko adieretan; ez da, esate baterako, zertan osagarri gisa erabiltzen: *Bakoitzari berea emate(ra)koan datza justizia.

36.4.4b Mendebaldean erabiltzen den -tu(k)eran forma aipatu behar da azkenik, -tzean formaren parekoetan. Partizipioaren gainean eraikia bada ere, -(k)era atzizkia hartuta aditz izen gisa erabiltzen da, eta ondoan inesiboko -n atzizkia du344. Ondo bereizi behar dira, hori bai, amaieran eta amaitueran gisako formak: lehenak izen joskera du (afariaren amaieran) eta bigarrenak aditz joskera (afaria amaitueran). Osagarri adberbialak izan ditzake azken honek (herrian sartukeran, kortara sartueran, eskolatik urtekeran) eta objektu zuzena (lehenengo berbak egikeran); askotan erreferentziakideak izaten dira perpaus bien subjektuak, eta orduan isilpean geratzen da mendekoarena, baina hala ez denean agerian eman daiteke honen subjektua: Hamarrak ziren ni herrira heldueran. Aldiberekotasuna adierazten du forma honek ere, sekuentziala —inkoatiboa, aditzak gauzatzea edo jarduera adierazten duenean (Kortara sartueran ardiak zenbatu zituen, beti legez, Etxeita; ‘zenbatzen hasi zen’, alegia)—, zein zehatza (Itxura makala zekarten gizonok, herrian sartukeran, F. Bilbao).

36.4.4c Denbora-balio finkoa ez duen forma da -tzearekin, baina soziatiboak berekin duen ‘lotura’ nozioa denborari egokitu dakioke zenbaitetan, aldiberekotasuna adieraziz: Sukar gaixto batek eraman zuen, herrira heltzearekin. Ostera, batera postposizioa erantsita, aldiberekotasun estua adierazten duen -tzearekin batera forma eratzen du (§ 36.5.2c). Denbora eta azalpena, biak batera, adieraz ditzake beste zenbaitetan: Laguna kinka txar hartan ikustearekin, bihotza erdiratu zitzaion. Are urriagoa da -tzeari formaren erabilera denbora-balioarekin: Aita zahartzeari, semeak hartu zituen etxeko giderrak345.

36.4.4d Aurreko paragrafoetan azaldu diren formez gain, adiera zabaleko -larik forma ere aipatu behar da aldiberekotasuna adieraz dezaketen formen artean. Iraupeneko gertakaria adierazten duten perpausekin erabiltzen da forma hau, -la nahiz -larik aldaeretan. Aldiberekotasun zehatza adierazten dute aldaera biek horrelakoetan: guztizkoa, perpaus biak iraupenekoak direnean (Haurra zela(rik), alai bizi zen gurasoen etxean), eta partziala, nagusia unekoa denean (Gazte nintzela(rik) sortu zitzaidan kanturako zaletasuna). Gauzatze prozesua adierazten duten predikatuek ere adieraz dezakete aldiberekotasun zehatza, iraupenekoak direnez: […] bizikletan ikasten nuelarik, badut itzulipurdi ederrik eginik (Lafitte). Baina ohikoa da iraupena seinalatzen duen ari izan aditzarekin ematea horrelakoak (ikasten ari nintzelarik). Izan ere, ohikoa da forma hau iraupeneko adiera duten izan, egon, ibili, ari izan eta jardun bezalako aditzekin erabiltzea, adizkera sintetikoekin batez ere (gaztea zela, mendian zebilelarik…): Ondoko egunetan, Ehaltzeko bordako Piarres zaharrarekin mahats moxten ari zelarik, gogoa dena hartua zuen oraino intha hertsi hartan gerthatu zitzaionaz (Barbier); Eta mutila badoha ondotik arrañaren garbitzen ari zelarik (Webster); Jujea paperak sinatzen ari zelarik (Larzabal).

Horretaz gain, ordea, uneko gertakaria adierazten duten predikatuekin ere erabiltzen da Iparraldean -larik aldaera, aldiberekotasun sekuentziala nahiz partziala adieraziz: Partida amaitu zelarik, zutitu eta txaloka hasi ginen; Betsabe erregearekin mintzatzen ari zelarik, heldu zen Natan profeta (Elizen arteko Biblia); […] egun horretan, Eguzkitza sarrera hitzaldia irakurtzen ari zelarik, bete zituen zorioneko bost urte […] (Salaburu); partziala: Lapurrak etxean sartu zirelarik, baratzean ginen gu. Gertakari errepikatuak adieraz ditzake aldaera honek, ohi bezala, eta baita geroari dagozkionak ere: Oporretara joaten delarik, beti ekartzen digu oparitxoren bat; Goazen, ez gaituzte hemen ikusi behar, atzarriko direlarik. Uneko predikatu hauekin ez da -la soila erabiltzen, ezta bestelako aditzen adizki burutuekin ere: *Partida amaitu zela, zutitu eta txaloka hasi ginen; *Lapurrak etxean sartu zirela, baratzean ginen gu; *Mendian ibili zela, erori egin zen. Hots, -la eta -larik iraupeneko predikatuekin erabiltzen dira; -larik baita unekoekin ere, Iparraldean346.

Zirkunstantzia askotara irekia da forma hau, bistan da (§ 40.13). Denboraz bestelakoak izaten dira maiz zirkunstantzia hauek, baina, zenbaitetan, denborazkoarekin batera ematen dira aditzera: denbora eta kausa (Etxea sutan ikusi zuelarik, suhiltzaileei deitu zien berehala); denbora eta modua edo azalpena (Eskiatzen zebilela hautsi zuen zangoa); denbora baino areago, beharbada, baldintza (Zu nirekin zarela, ez naiz inoren beldur) edo modua (Atsekabea errazagoa da jasaten, partekatua delarik). Inplikazioa ere adieraz dezake (Hori esaten duzularik, egia baizik ez duzu esaten).

36.4.5. Noiz ere … bait- egitura

36.4.5a Noiz ere … bait- egiturako perpausak ere aldiberekotasuna adierazten duten denborazko perpausen multzoan sartzen ditugu, erreferentzia zehatzik ez duen noiz aurrekariak denbora-balioa hartzen baitu. Erlatibo generikoaren pareko dira, ondoko adibide hauetan ikusten den moduan: Noiz ere gazteekin ibili bainaiz, alai itzuli naiz etxera eta Gazteekin ibili naizenean, alai itzuli naiz etxera31.2.3)347.

Aurrera baino lehen esan behar da egitura desberdin bi eratzen dituztela korrelaziozko perpaus hauek, ‘zuzena’ bat, zeinetan denbora-erreferentzia mendeko perpausetik nagusira doan (Noiz ere etsia hartua baitzuen ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat), eta ‘alderantzizkoa’ bestea, zeinetan erreferentzia perpaus nagusiak ematen duen (Etsia hartua zuen ehiztariak, noiz ere aitzinean agertu baitzaio erbi eder bat)348. Lehenbizikoan, mendeko perpausa predikatu nagusiaren konplementua da; ‘erbia noiz agertu den’ adierazten du. Bigarrenean, mendekoa ez da predikatu nagusiaren konplementua, hau da, ez du adierazten ‘noiz hartua zuen etsia ehiztariak’; aitzitik, perpaus osoaren konplementua da, hari ‘segida narratiboa’ ematen diona. Honetan eta orduan adberbioa erabil daiteke, lehenbizikoan ez bezala, noiz ere formaren lekuan: Etsia hartua zuen ehiztariak, eta orduan aitzinean agertu zaio erbi eder bat, baina *Eta orduan etsia hartua zuen ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat. Lehenbizikoa, arestian esan dugun moduan, -nean perpausaz ordezka daiteke: Etsia hartua zuenean ehiztariak, aitzinean agertu zaio erbi eder bat; bigarrenaren kasuan, ordea, ez dira ohikoak horrelako perpausak, nagusiaren goranzko doinua eta perpaus bien arteko etena egiten direnean behintzat, hau da, mendekoa aditz nagusiaren konplementua ez denean: *Etsia hartua zuen ehiztariak (,) aitzinean agertu zaionean erbi eder bat.

Gaur egun baino erabiliagoa izan da forma hau aurreko mendeetan349. Merezi du, hala ere, behako bat ematea harekin eginiko perpausei, zenbait erregistrotan erabilgarriak direla kontuan izanda. Erreferentzia ‘zuzena’ dutenak aztertuko ditugu aurrena. Horrelakoak usu erabiliak izan dira ekialdeko tradizioan, XVI-XVIII. mendeetan batez ere, baina urritzen joan dira ondoko mendeetan. Aurrekaria noiz ere da maizenik XVI. eta XVII. mendeetan, idazle batzuek noiz eta hobesten badute ere; noiz eta ere forma erabiltzen dute beste batzuek. Hegoaldean, berriz, zerbait erabilia izan da XVIII. eta XIX. mendeetan, «noiz eta …-n» formarekin. Korrelatu anaforikoa isilpean uzten da gehienetan: Noiz ere apaizak erraiten baitu meza, Jainkoari ohore ematen dio (Pouvreau); Noiz eta heldu baitziren hiriaren erdira, erregek kolkotik sartzen dio ganibeta erreginari (Barbier); Noiz eta gutxiena uste duen hiltzea, aurkitzen da berehala hil behar duelako berriarekin (Agirre Asteasukoa). Baina agerian ematen da zenbaitetan: Noiz eta ere guztiek etsitua baitzuten, orduan da sendatu bet-betan (Hiriart-Urruti).

36.4.5b Egiturari dagokionez, jakina da korrelatu anaforikoa aurrekariaren eskuinean joan ohi dela («noiz ere … orduan»); hortaz, hura agerian denean perpaus nagusia mendekoaren ondoren ematen da. Mendekoa nagusiaren osagai batzuen ondotik emana denean ere, anaforikoa haren eskuinean kokatua da: Harroak eroriko dira noiz eta uste baitute maila gorenean direla, eta orduan berean. Egitura honetako perpausetan, hala ere, anaforikoa isilean uzten da askotan, esan dugun bezala, eta orduan ez da eragozpenik mendekoa guztiz eskuinean emateko: Tristura handia hartzen du, noiz eta eriak penatzen ikusten baititu.

36.4.5c Balioari dagokionez, perpaus hauek ere aldiberekotasuna adierazten dute. Mendeko predikatua iraupenekoa denean, aldiberekotasuna zehatza da, osoa edo partziala: Noiz ere eri bainintzen, hark nau artatu; Noiz eta ere guztiek etsitua baitzuten, orduan da sendatu. Unekoa ere izan daiteke, sekuentziala: Noiz ere semeaz erditu baitzen, plazer handia hartu zuen. Gertakari errepikatua edo ohikoa ere adieraz dezake, eta baita geroaldikoa ere: Noiz ere apaizak erraten baitu meza, Jainkoari ohore ematen dio; Noiz ere ikusiko baituzu nire laguna, emazkiozu goraintziak.

36.4.5d Alderantzizko erreferentzia duten perpausak ekialdeko euskalkietan erabiliak izan dira, XIX. mendetik hona. Perpaus mendekoak nagusiari ‘segida narratiboa’ ematen dionez, honen eskuinean ematen da beti: Gosaltzen ari nintzen lasai-lasai, noiz eta ere entzun baitut tok-tok leihoan.

Egitura honetako perpaus nagusia iraupenekoa da maiz, egoera edo jarduera adierazten duena, eta mendekoak hura nolabait eteten duen uneko gertakaria aipatzen du, aldiberekotasun partziala seinalatuz. Gertakariak iraganekoak direnean perpaus biak iraganaldian eman ohi dira, espero zitekeenez (Baratzean ari nintzen, noiz eta euriak bat-batean harrapatu baininduen), baina, egitura halakoa izaki, orainaldi narratiboa erabiltzen da ez gutxitan, mendekoa edo biak orainaldian emanak direlarik (Banenbilen basoan, noiz ere, bat-batean, onddo eder bat ikusten baitut eta Badoaz lasai manifestariak, noiz eta ere polizia agertzen baitzaie, hurrenez hurren). Perpaus nagusiak gertakari teliko bati ekiteko unea adierazten duenean, berriz, mendekoak orduan gertatutako beste gertakari bat aipatzen du, haren gauzatzeaz ezer esan gabe: Bidea zeharkatzera zihoan oinezkoa, noiz ere bat-batean auto bat pasatu baita ziztu bizian perpausean, esate baterako, ez zaigu esaten oinezkoak bidea zeharkatu zuenetz.

342 Gaztelaniak ere, inguruko hizkuntza erromanikoek ez bezala, ez du geroaldia erabiltzen horrelako perpausetan: “[…] el español, frente a otras lenguas románicas, no permite la aparición de las formas de futuro de indicativo en la oración que introduce cuando” (GDLE 1999: 3182).

343 De Rijkek: “In modern usage, the original meaning of -rakoan ‘when going to’ tends to get blurred into plain ‘when’, especially among speakers who lack the suffix -koan in their actives vocabularies” (2008: 523).

344 Honela dio OEHk s. v. egikeran: “Usado como sust. vbal. con ines., no como sust. pleno”. Atzizki hau hartzean, aldaketa batzuk izaten ditu partizipioak: -tu amaiera gorde egiten du (heldueran, sartu(k)eran), -n-a galdu egiten du (egikeran, urte(k)eran) eta -i amaiera inguru fonikoaren arabera gorde beharrekoa (jagieran, itxikeran) edo aukerakoa da (etorrikeran / etorkeran).

345 Lafitterena da adibide hori (1962: 459), non zahartzerat forma ere aipatzen duen.

346 Iparraldeko -larik honi buruz, honela dio de Rijkek: “[…] it has all but replaced -nean” (2008: 540).

347 Zein-erlatibo deitzen ditugunak, berriz, ohiko erlatibotzat dauzkagu, agerian baitute horrelakoek izen ardatza: Iritsiko da garaia, noiz ere ez baita gurean pobrerik izango; Etorriko da eguna, zeinetan denok alai biziko baikara.

348 Latineko cum inversum-aren parekoa da hau. Hortik ‘alderantzizko’ izena.

349 Horregatik, beharbada, ez dituzte aipatzen egungo euskara aztertzen duten gramatikari batzuek: Lafittek ez ditu aipatzen, ez “Propositions temporelles” direlakoetan (1962: 458-459), ez korrelaziozkoetan (“Les relatifs indéfinies en ere”, 1962: 105); de Rijkek ere ez ditu aipatzen, ez denborazko perpausetan (2008: 509-540), ez korrelaziozkoetan (2008: 498-499); Villasantek Axularren eta Añibarroren adibideak besterik ez ditu ematen, hau erantsiz: “[…] sigue vivo en los dialectos orientales” (1976: 104). Idazleei dagokienez, joan den mendearen hasierako J. Etxepare medikuak eta J. Barbierrek, esate baterako, maiz erabiltzen dute egitura hau.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper