Euskararen Gramatika

35.2.13. Fasea adierazten duten osagarri adberbialak


35.2.13. Fasea adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.13a Faseko adberbioek aurreko egoerari erreferentzia eginez kokatzen dute gertakaria. Hala, esate baterako, Oraindik itxita daude dendak perpauseko oraindik adberbioak aurreko egoera batek orain ere bere horretan jarraitzen duela ematen du aditzera, eta, hain zuzen, ‘dendek itxita jarraitzen dute’ parafrasia onartzen du perpaus horrek. Alderantziz, Dendak jadanik itxita daude perpauseko jadanik adberbioak iragan hurbilean dendak irekita zeudela ematen du aditzera, eta egoera hori aldatu egin dela. Aurreko denborari ez ezik, gainera, ondokoari ere egiten diote erreferentzia adberbio hauek. Oraindik itxita daude esaldiak ondoko irekitzearen suposizioa darama berarekin; eta Jadanik itxita daude esaldiak denbora batean horrela jarraituko dutelako suposizioa. Prozesu baten barnean kokatzen dute, bada, gertakaria horrelako perpausek, haren aurreko egoera kontuan hartuta batetik, eta ondoko egoeraren berri iradokiz, bestetik333. Oraindik gisakoek egoeraren edo jardueraren ‘jarraipena’ ematen dute aditzera; jadanik gisakoek aldaketa iradokitzen dute.

35.2.13b Oraindik forma Hegoaldean erabiltzen da batez ere —oraindino (bizkaieraz) eta oraino forma Iparraldean —orainik (goi nafarreraz)—. Iparraldeko forma bai orainaldirako bai iraganerako erabiltzen da (Oraino {hor dago ∼ han zegoen}). Hegoaldeko oraindik, berriz, batez ere orainaldirako erabiltzen da (Oraindik hor dago), eta iraganerako artean hobesten da (Artean han zegoen); idazle batzuek, hala ere, iraganerako ere erabiltzen dute oraindik: Ez zuela oraindik ezkondu nahi (Berrondo); Oraindik emakume itxurazkoa ta gordina zegoen (Etxaide)334.

Jarraitzen duen jarduera edo egoera adierazten duen aditza da adberbio honekin doana (oraindik ari da; oraindik badago). Uneko aditzak ez du hor lekurik (*oraindik iritsi da); ezezka emanda, ordea, iraupeneko bilakatzen da, erdiespenaren aurreko egoera adierazten baitu, eta orduan onargarria gertatzen da (ez da iritsi oraindik). Oraindik eskolara joaten da perpausean, berriz, gertakariaren errepikatzeak ematen dio aditzari, ohi bezala, iraupen adiera. Gerora aldaketa gertakizun dela ere iradokitzen du adberbioak, esan den bezala, eta, hortaz, ez da egoera iraunkorra adierazten duten aditzekin erabiltzen (larru zuriko pertsona bati buruz ez du zentzurik oraindik zuria da esatea). Aldaketaren gertakizunak eragiten du, hain zuzen ere, gorago aipatu dugun parafrasia guztizkoa ez izatea: Ez da ezkondu oraindik perpausak Ezkongai jarraitzen du perpausak baino areago iradokitzen du ezkontzaren gertakizuna.

35.2.13c Aurreko egoerarena zeharka adierazia da hamabost urte ditu oraindik bezalako esaldietan: ez da esaten lehen ere hamabost urte zituela, lehen bezala ‘gazte’ izaten jarraitzen duela baizik, hamabost urte izateak horixe esan nahi baitu, ‘gazte’ izatea. Zenbatzailearekin doanean, berriz, neurri bati beste bat eransten zaiola adieraz dezake: Pixka batean egon da oraindik ohean; Beste hamabost egun egingo ditut oraindik zuenean.

Denborako edo faseko erabileraz gain, bestalde, -ago konparazioarekin ere erabiltzen da oraindik, are formaren pare (oraindik (ere) alaiago = are alaiago); lekuz aldatuta (alaiago oraindik), § 32.3.1.2. Eta balio eskalarrarekin ere erabiltzen da: Parrandan gastatu du diru guztia, eta gehiago ematea nahi du oraindik (= ‘gainera’).

Beti adberbioak ere egoeraren jarraipena adierazten du zenbaitetan, Iparraldeko euskalkietan: Joan den mendeko harresi eta murru ederrak beti han baitaude xut eta tente (Larre).

35.2.13d Jadanik gisako adberbioak aurreko atalean aipatu direnen ifrentzua dira; hauekin aurreko egoera aldatu dela iradokitzen da, eta egoera berria etorkizun hurbilean luzatuko dela suposatzen. Jadanik irekita daude dendak esaten da, lehen itxita zeudelako eta hemendik aurrera irekita egongo direla suposatzen delako. Hauek egoera edo jarduera adierazten duten aditzekin ez ezik unekoekin ere erabil daitezke, baina ez dute unekoen ezezkorik onartzen: Jadanik iritsi da / *Jadanik ez da iritsi. Iraupenekoekin balio inkoatiboa dute: Jadanik badut maisu titulua dioenak titulua eskuratu duela esaten du, lortu zaharra ez duela iradokiz.

Jadanik adberbioa Iparraldekoa da, baina erabilera zabalagoa du gaur egun; ja aldaera euskalki guztietan erabiltzen da, eta jada Iparraldeko euskalkietan. Hirurak erabiltzen dira orainaldirako (Hemen dira jadanik) nahiz iraganerako (Han ziren jadanik). Engoitik eta gaurgoitik adberbioak ere erabiltzen dira Iparraldean: Engoitik apailuak eginxeak zituzten (Lafitte); Hainbertze esne edan balu, zurituko zen gaurgoitik (Mattin) —iraupenaren hasierako mugako adieraz, § 35.2.9b—.

35.2.13e Hegoaldeko dagoeneko forma orainaldiarekin erabiltzen da batez ere: Hemen dira dagoeneko. Iraganean ez da *zegoeneko erabiltzen, ordu(ra)ko edo orainaldiko dagoeneko baizik: {Orduko ∼ dagoeneko} han ziren lagunak (EGLU-I: 386). Bizkaierazkoa da daborduko forma, orainaldirako erabilia: Daborduko hasi da lanean.

Honezkero adberbioa, Hegoaldekoa, ustea adierazteko erabiltzen da: Hamaikak izango dira honezkero (EGLU-I: 387). Orainaldiarekin da ohikoena, baina iragana ez du debeku: Bazekiten honezkero zer gertatu zen. Geroak ustearekin duen loturaren bidetik geroaldiarekin erabiltzen da maiz: Honezkero ez da etorriko. ‘Ustea’ adierazten duen forma hau ez da zerbait jadanik gertatua dela adierazten duen dagoeneko adberbioarekin nahasi behar: Honezkero hemen izango dira lagunak, baina Dagoeneko hemen dira lagunak. Erdialdean erabiltzen den gaurgero adberbioak, berriz, baieztapena nahiz ustea adieraz dezake: Etsaia dut gaurgero; Gaurgero hemen izanen da.

35.2.13f Gertakariaren aurreko eta ondoko egoerei buruzko iradokizuna egiteko gai ez diren predikatuak desegokiak dira faseko adberbioak hartzeko. #Gure irakaslea oraindik zaharra da perpausa, esate baterako, desegokia da, irakasleak gerora zahar izateari utzi egingo diola iradokitzen baitu; ondoko egoeraz egiten duen iradokizunak huts egiten du, horrenbestez. Aldiz, Gure irakaslea jadanik zaharra da perpausa egokia da, lehen zaharra ez zela iradokitzen baitu. Era berean, Gure irakaslea oraindik gaztea da perpausa egokia da, lehendik ere gazte izanik gazte izaten jarraitzen duela eta gerora zahartzen joango dela suposatzen duelako, baina #Gure irakaslea jadanik gaztea da perpausa desegokia da, irakaslea lehen gaztea ez zela iradokitzen baitu, hau da, lehen zaharra izanik gazte izatera iritsi dela; aurreko egoeraz egiten duen iradokizunak huts egiten du. Eta, berdin, Oraindik goiz da egokia da, baina ez #Jadanik goiz da; eta Jadanik berandu da egokia da, baina #Oraindik berandu da ez.

Oraindik gisako adberbioen eta jadanik gisakoen erreferentzia eta suposizioak elkarren alderantzizkoak direnez, konplementazio erlazioan daude baiezko- ezezko perpausei dagokienez. Oraindik gaztea da perpausaren kontrakoa ez da Oraindik ez da gaztea, Jadanik ez da gaztea baizik; eta Jadanik zaharra da perpausaren kontrakoa Oraindik ez da zaharra da.

333 Horregatik adberbio hauek denborazkoen multzoan baino areago aspektua adierazten dutenetan sar daitezke.

334 Garateren iritziz erdarakada da hori (1988: 243); haren ustez bai iraganaldiko bai geroaldiko artean erabili behar da (Gaztea zen artean; Artean hemen izango gaituzu).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper