Euskararen Gramatika

35.2.9. Hasierako muga adierazten duten osagarri adberbialak


35.2.9. Hasierako muga adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.9a Hasierako muga adierazten duten osagarriak -tik atzizkiarekin edo gero postposizioarekin eginak dira (atzotik, gaurgero, igandeaz gero). «{Adberbioa ∼ IS} + -tik» egiturako postposizio sintagmak erabiltzen dira maizenik —ohiko -tik atzizkiaren lekuan -danik jasoa zenbaitetan (§ 20.2.1.4)—: noiztik, noizdanik, atzotik, atzodanik, ordutik, ordudanik, bihartik, bihardanik, bezperatik, biharamunetik, betitik, betidanik; igandetik, aurreko urtetik, iragan astetik, festaren hasieratik.

Hasierako muga iraupeneko gertakari baten abiapuntua dela azpimarratzeko aurrera, aitzina, goiti, gora edo hara adberbioak eransten dira inoiz sintagmaren ondotik: Bihartik aitzina irekita egongo da bide berria; Egun hartatik aurrera famatua egin zen; Bi orenetarik goiti hasten, zinez, merkatua (J. Etxepare); Zazpigarren urtetik gora […] erdaraz ari ginen (Iratzeder).

Hemendik deiktikoari eta handik, ordutik anaforikoei eransten zaizkie maiz horrelako adberbioak, hemendik eta handik adberbioek denbora balioa hartzen dutelarik: Bidea zabalik daukazue hemendik aurrera; Hobeko duzu hemendik goiti artalde hori libro utziz (Xalbador); Hemendik gora, heurea izango duk (Erkiaga); Handik aitzina adiskide izan nuen; Handik hara bestela jokatu zuen; Handik gerora lasaiago bizi izan ziren; Ordutik aurrera pozik bizi izan ziren; Eta ordutik geroz jende asko joaten zitzaien […] (Beobide).

Ikusten den bezala, hiru modutara erabiltzen dira handik eta hemendik erakusleak dituzten osagarri hauek: handik aurrera eta handik goiti gisakoek ‘noizdanikoa’ ematen dute aditzera, esan bezala; handik hona edo handik gaur artean gisakoek iraupen edo epearen muga biak (§ 35.2.11a); handik laster eta handik bi hilabetera edo handik bigarren egunean bezalakoek, berriz, gertakariaren kokapena (ikus § 35.2.5h).

35.2.9b Ordutik eta geroztik adberbioek ‘handik aurrera’ adierazten dute: Ordutik lasaiago bizi da; Ordutik hasi nintzen sinesten norbait banintzela (Larre); Geroztik, […] Larrunen izan da oraino ermitau bat (Zerbitzari); Lelo hori atertu gabe entzun daiteke geroztik (Mitxelena). Ondoko adberbio hauek Iparraldekoak dira: engoitik, ‘hemendik aurrera’ adierazten duena: Hi engoitik ebiliren mundu guztietarik (Etxepare); Ez naiz engoitik aldatuko. Berdin gaurgoitik ere: Hara non garen gaurgoitik betierekotz anaia! (Iratzeder). Aldiz, jagoitik ezezkako esaldietan erabiltzen da, ‘hemendik aurrera inoiz ez’ adierazteko: Ez dezazula permeti zuregandik jagoitik separa nadin (Uscara libria). Egundainotik formak ‘betidanik’ adierazten du: Lur gainean egundainotik aditu diren hitz guztiak; Munduko izaitetarik, / gaur eta egundainotik, / bildotxa da eztienik (Xalbador). Idazle klasikoek egundainoz geroz(tik) forma erabiltzen zuten adiera horrekin: Beti izan zaitu maite egundainoz geroztik (Pouvreau).

35.2.9c Hasierako muga adieraz dezakete, halaber, -z gero / ezkero (-z geroz, -z geroztik) postposizio konplexuek, adberbioekin (atzoz gero, atzo ezkero, orduz gero, ordu ezkero —baina gutxitan beti ezkero eta bihar ezkero—), zein izen sintagmekin, bai denbora izena dutenekin (igandeaz gero, udaberriaz gero, bostak ezkero) bai gertakaria adierazten dutenekin (ezkontzaz gero, gerla handiaz gero). Gorago esan den bezala, forma hauek predikatu nagusia iraupenekoa denean adieraz dezakete noizdanikoa: Udaberriaz gero da hemen. Hura unekoa denean ondokotasuna adierazten dute: Udaberriaz gero etxera itzuli zen.

Harrezkero adberbioak ‘handik aurrera’ adierazten du: Haren oroitzapenak alaitu omen zion harrezkero bizia (Mitxelena); Jauntxo egin ziren eta harrezkero langileen lepotik polito bizi dira (Eguzkitza).

Gaurgero (gaurgeroz, gaurgeroztik) adberbioak erabilera biak ditu; deiktikoa da, batez ere, eta ‘hemendik aurrera’ esan nahi du (eta ‘dagoeneko’ ere, ikus § 35.2.13e): Gaurgero, Theresa, ni izanen naun hire aita eta ama (Mirande). Anaforikoa ere izan daiteke, ‘ordutik aurrera’ adieraziz: Gaurgero ez zituzten beren maitakeriazko lokarriak urratuko (Etxaide).

Honezkero, gaurgero eta gaurgoitik adberbioek fasea adierazteko ere erabiltzen dira (ikus § 35.2.13e).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper