35.2.7a Gertakarien iraupena seinalatzen duten osagarriak mota bikoak dira: kuantitatiboak edo zedarriztatzaileak. Gertakaria zenbat luzatzen den adierazten dute kuantitatiboek (Egun osoan aritu zen lanean) eta haren mugen berri ematen zedarriztatzaileek, hasierako unea edo hondarrekoa seinalatuz —‘noizdanikoa’ edo ‘noiz artekoa’, alegia— (Goizetik ari da lanean; Bostak arte egon da gurean).
35.2.7b Muga bat seinalatzea dute xede osagarri hauek eta beste muga aipatu gabe geratzen da askotan, zehaztu gabe utzita (Bostak ezkero bakarrik ibili zen —ez da esaten noiz arte—; Bostak arte egon zen zure zain —ez da esaten noiztik—) edo testuinguruak iradokitzen duelarik (Iaztik hemen bizi da —orain arte, alegia, hortik aurrerakoa irekia utziz—; Hemen egongo naiz bostak arte —hizketa unetik aurrera bederen—). Korrelazioan jar daitezke, ordea, muga biak (Goizeko hamarretatik arratsaldeko zortziak arte irekita egongo dira dendak).