Euskararen Gramatika

35.2.2. Kokapena adierazten duten osagarri adberbialak


35.2.2. Kokapena adierazten duten osagarri adberbialak

35.2.2a Kokapenezko osagarriek denbora bat seinalatzen dute, zeinetan gertatzen den perpausak adierazten duena. Bat datoz, bada, osagarriak seinalatzen duen denbora eta gertakariari dagokiona. Bat etortze hori, ordea, mota desberdinetakoa izan daiteke, osagarriak eta gertakariak nolako denbora adierazten duten. Zenbaitetan guztiz bat datoz denbora biak: Atzo bero handia egin zuen, ‘egun osoan’ izan zen bero. Beste zenbaitetan, seinalatutako denboraren barruko une bati dagokio gertakariarena: Atzo nekatuta oheratu nintzen, ‘atzoko egunaren une batean’ oheratu nintzen. Izan ere, kontuan izan behar da osagarriak seinalatzen duen denbora eta baita gertakariarena ere unekoak nahiz epekoak izan daitezkeela, eta, hortaz, konbinazioak desberdinak izan daitezkeela.

35.2.2b Osagarri batzuek unea seinalatzen dute (orain, duela bi ordu, hiruretan, hiru orenetan, eguerdian, une honetan, une hartan, arestian), beste batzuek epea (gaur, atzo, herenegun, bihar, etzi, iaz, aurten, goizean, bezperan, biharamunean, joan den urtean, aste honetan, udaberrian, igandean, egun hauetan, garai batean) eta beste batzuek unea nahiz epea (antzina, behiala, aspaldi, lehen, gero, ondoren, berehala, berriki, aurki, laster). Eta gertakariei dagokienez, berriz, aspektu lexikoak bereizten ditu uneko eta epeko predikatuak. Vendler-en ohiko sailkapena erabiliz (1967), honako lau aspektu hauek bereiziko ditugu hemen, zehaztasun gehiagotan sartu gabe: unekoa bat, lorpena edo erdiespena adierazten duena (etxean sartzea), eta iraupenekoak beste hirurak, gauzatzea (etxea garbitzea), jarduera (autoan ibiltzea) edo egoera (zerbaiten jakitun izatea) adierazten dituztenak (§ 23.2.1, § 26.1.4).

35.2.2c Osagarriaren eta gertakariaren arteko ‘bat etortzea’ guztizkoa da, osagarria unekoa izanik gertakaria ere halakoa denean (Hiruretan iritsi da) edo, hura epekoa izanik, gertakariak hark adierazitako epea osorik betetzen duenean (Atzo bero handia egin zuen); inklusiboa, berriz —partziala—, osagarria epekoa eta gertakaria unekoa izanik, hau haren barnean kokatzen denean (Atzo nekatuta oheratu nintzen), edota gertakaria osagarriak markatzen duena baino epe laburragokoa denean (Atzo bi ordu egon nintzen zure zain).

35.2.2d Uneko osagarria gauzatzea edo jarduera adierazten duten aditzekin doanean, bat etortzea inkoatiboa edo ingresiboa da. Prozesuaren hasierako unea seinalatzen du horrelakoetan osagarriak: Eguerdian irakurri ditut egunkariak eta Gaueko hamarretan hitz egin nuen telefonoz lagunarekin esaldiek irakurketaren eta hizketaren hasierako unea ematen dute aditzera, hurrenez hurren. Hori bai, adiera inkoatiboa iraupen laburreko prozesuekin bideratzen da, ez iraupen luzekoekin (#Goizeko zortzietan egin zuten autobidea). Eta osagarriak hizketa unea seinalatzen duenean ere aspektu burutuko adizkiak ez du balio ingresiboa, gauzatze edo jarduera bururatua adierazten baitu: Oraintxe garbitu dut etxea; Arestian irakurri ditut egunkariak; Une honetan hitz egin dut lagunarekin.

35.2.2e Epeko osagarriek, berriz, prozesu osoa ematen dute aditzera gauzatzea edo jarduera adierazten duten aditz hauekin (Joan den astean etxea margotu nuen; Atzo mendian ibili nintzen); osagarriak epea osorik seinalatzen duenez (‘joan den aste osoa’ eta ‘atzoko egun osoa’, adibideetan), haren barruan gauzatu den gertakaria ere osorik, bururaturik, hautematen da. Ondoko perpaus biak alderatuz ikus daiteke osagarri mota bien arteko aldea: Goizeko zortzietan hitz egin dut lagunarekin eta Goizean hitz egin dut lagunarekin; uneko osagarriak (goizeko zortzietan) hizketaren hasierako unea seinalatzen du; epekoak, berriz, (goizean) hizketaren prozesu osoa ematen du aditzera.

35.2.2f Gertakariaren denbora seinalatzea dutenez zeregin, erraz uler daiteke kokapen osagarri desberdin bi ez direla perpaus batean metatzen, ez une bi (*Eguerdian etorri zen goizeko zortzietan), ezta epe desberdin bi ere (*Atzo etorri zen orain bi egun). Osagarri bi meta daitezke, hori bai, bat bestearen azalpen aposizioa denean: Irailaren 12an, estropada egunean, jendez gainezka egon zen Donostiako Alde Zaharra; Orain, neguan, hotz handia egiten du. Eta onartzen da, halaber, epeko osagarriari une zehatza adierazten duen osagarri puntuala eranstea (Gaur emango zaie hasiera herriko festei, arratsaldeko zazpietan), edo epeko kokapena areago zehazten duen epe laburragoa seinalatzen duen osagarri bat eranstea (atzo arratsaldean, gaur goizean, gaur eguerdian). ‘Urtea’ adierazten duten adberbioekin ez da horrelako elkarketarik egiten; horren lekuan egitura adnominala erabiltzen da (iazko neguan, aurtengo udan).

Egoera adierazten duten predikatu batzuek subjektuaren propietateak ematen dituzte aditzera, eta, hortaz, egoera iraunkor eta etengabeak seinalatzen dituzte (zuria izatea); ‘betikoak’ direnez, ez du zentzurik horiek denboran kokatzea, ez une batean ez eta epe batean ere, ohiko erabileran bederen (#Hiruretan zuria zen edo #Atzo goizean zuria zen).

35.2.2g Kokapenezko osagarriek erreferentziazko une edo epe jakin batetik seinalatzen dute gertakariari dagokion denbora. Atzo dioenak ‘hizketan ari den eguna’ du erreferentzia, eta haren aurreko eguna seinalatzen du; bezperan dioenak, berriz, aldez aurretik ‘aipatutako egun bat’ du erreferentzia, eta haren aurreko eguna seinalatzen. Hala, Atzo zinean izan nintzen perpauseko atzo adberbioari esaldia esandako egunak ematen dio balioa; eta Handizki ospatzen dugu urtero San Sebastian eguna; bezperan hasten dira ospakizunak esaldiko bezperan sintagmari San Sebastian egunak ematen dio erreferentzia.

35.2.2h Deixia hizketa unean finkatua duten osagarriak ‘osagarri deiktikoak’ deituko ditugu (atzo, gaur, aurten, bihar, joan den astean, datorren udan, duela bi egun). Erreferentzia hizketa uneaz bestelako une edo epe batean dutenak, berriz, ‘anaforikoak’ dira (orduan; bezperan, aurreko egunean, aurreko astean; biharamunean, hurrengo astean, handik pixka batera); perpausean berean edo haren testuinguruan eman dezake hiztunak osagarrioi balioa emango dion erreferentzia puntua (Azken partidaren bezperan min hartu zuen pilotariak; Zein inozoak ginen orduan!). Badira, azkenik, kontu horretan irekiak diren osagarriak, hizketa unean edo besteren batean erreferentzia izan dezaketenak, lehen, gero, goizeko seietan, edo bi ordutan bezalakoak (Zinera joango naiz gero eta Atzo arratsaldean zinean izan ginen, eta gero afaltzera joan ginen, hurrenez hurren; Goizeko seietan jaiki naiz [gaur] eta Goizeko seietan jaiki nintzen [egun hartan]).

Erreferentziako une edo epe horren arabera, gertakariaren kokapena desberdina izan daiteke: une edo epe harekin bat datorrenean, aldiberekotasuna dugu; hura baino lehenagoko une edo eperen bat seinalatzen duenean, aurrekotasuna; eta geroagokoa adierazten duenean, ondokotasuna.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper