Euskararen Gramatika

34.4. Baldintzazko perpausen nolakotasuna


34.4. Baldintzazko perpausen nolakotasuna

34.4a Baldintzazko perpausak gehienetan mintzagai gisa agertzen dira, anitzetan perpaus nagusiaren ezkerrean (Baimena ematen badiozu, Pello bihar joango da), eta hortik heldu zaie protasi deitura (ondore perpausaren aitzinean agertzen ohi direlako). Ez da, halere, ezinbesteko kontua, eta honen eskuinean ere inolako arazorik gabe erabil daitezke (Pello bihar joango da, baimena ematen badiozu), nahiz ahozkoan intonazio modu berezia ohi dagokion egitura honi.

Mintzagai izateko joera dutelarik, errazki erabil daitezke mintzagaien bereizkuntza bideratzen duten aditzekin: Pello laguntzera joaten bazaizu, badakit lanak ondo egingo dituzuela. Adibide horretan badakit aditzaren ezkerraldean agertzen den baldintzazko perpausa perpaus osagarriari dagokio: Pello laguntzera joaten bazaizu, lanak ondo eginen dituzu. Adizki jokatugabeekin ere jokabide bera agertzen da; adibidez, -TUZ GERO menderagailua erabiliz: Benetan saiatuz gero, badakit lortuko duzula.

Munduko hizkuntzetan ere ohiko jokabidea baldintzazko perpausa ondore perpausaren aurretik joatea da, eta Greenberg-en unibertsaletan jasota dago (14. unibertsala). Baldintzazko perpausaren eginkizuna suposizioak ematea da, testuingurua eskaintzea, mundu posibleak aurkeztea, horietatik abiatuta ondore perpausa interpretatu ahal izateko. Hortik datorkio baldintzazko perpausari ohiko mintzagai izaera: aurretik ‘jakina edo emana’ den informazioa izango genuke, eta ondore perpausa baino lehen emango genuke. Askotan, aurreko berbaldia biltzeko, edo aukera posibleak eta ondorioak aztertzeko erabiltzen dira.

Baldintzazko perpausa ondore perpausaren atzetik datorrenean, ordea, gauzak gehienetan aldatu egiten dira, eta askotan perpaus nagusian adierazten dena zehazteko, murrizteko (Isun hau kenduko dizut, barkamena eskatzen badidazu; Alkate izatea onartuko dut, soldata igotzen badidazue), mailakatzeko edo xehetasunak azaltzeko (Gauetan buruko mina izaten dut, bereziki arratsaldean kafea hartzen badut310) erabiltzen da. Edo, Oporretan Italiara joango naiz, oporrik badut behintzat bezalako adibide batean, ondore perpausean presuposizio bat dago (oporrak izango dituela), eta baldintzadun perpaus osoak hutsik egin ez dezan, badaezpada, esaleak baldintzazko perpausa ematen du presuposizioa okerra gertatuta ere. Eta orokorrean, adierazten dena gauzatzeko aukera gutxiko egoerak ditugunean errazago ematen dira baldintzazko perpausak ondore perpausaren atzetik: Aurten oporrik gabe? Beno, joango gara, dirurik badut eta opor-egunak lortzen baditut.

Nolanahi ere, euskaraz baldintzazko perpausak galdegai modura azaltzea ez dago guztiz debekatua, eta ondotik galdegaiak bideratzen dituzten bakarrik bezalako adberbioak dituela, eta kontraste nabarmena bideratuz, horrelako adibideak lor daitezke: Alabaren borreroa hilda ikusten bazuen bakarrik lor zezakeen atsedena, ez bestela. Hori gertatzen denean, baldintza askikoa eta ezinbestekoa izaten da.

34.4b Baldintzazko perpausen barneko osagaien ordena ere franko libre da. Aditza perpausaren aitzinean, erdian edo bukaeran izan daiteke: Gertatzen bazaizkio ustekabeko batzuk, urduritu egiten da; Ustekabeko batzuk gertatzen bazaizkio egunaren bukaeran, loa galtzen du; Ustekabeko batzuk etortzen bazaizkio, urduritu egiten da. Baldintzazko perpausen barnean mendeko beste perpaus batzuk ere ager daitezke, eta orduan ere ordena-askatasunak jarraitzen du, baina mendeko perpaus hauek luzeak direnean, maizenik ba- menderagailua dakarren aditz gobernatzailearen eskuinaldean izaten dira: Norbaitek esan baligu krisialdiak hainbeste iraungo zuela eta hain ondorio larriak izango zituela, ez genuen sinetsiko.

Bestalde, seinalatzekoa da, beste mendeko perpaus mota askotan bezala, ezezkako baldintzazko perpausetan aise azaltzen dela adizki jokatua bukaeran, adizki nagusiaren eskuinaldean: Bihar Pirinioetan euririk egingo ez balu, mendira aterako ginateke, perpaus menderatugabeetan guztiz markatua den ordena erabiliz. Nolanahi ere, kokaleku hau ez da nahitaezkoa: Bihar Pirinioetan ez balu euririk egingo, mendira aterako ginateke.

34.4c Baldintzadun perpausak mendeko perpausak ere izan daitezke. Ikusi dugu perpaus osagarri izan daitezkeela: Esan didate, berandu joanez gero ez dugula tokirik izango; Amore ematen ez badugu zer gertatuko zaigun galdetu digute. Baina beste perpaus mota batzuetarako aukera ere badago, adibidez, perpaus erlatiboa izateko: Zurekin lan egingo banu irabaziko nukeen diruaz Australiarako bidaia egingo nuke. Kausazko: Liburua ez dizut emanen zeren lagunek jakiten balute gaizki hartuko bailukete. Edo helburuzko perpaus izateko: Liburu hau eskainiko dizut, irakurtzeko astia baduzu zerbait ikas dezazun. Baina baldintzadun perpausek ez dezakete edozein mendeko perpausa osa: denborazko perpausak, bereziki, ezin izan daitezke baldintzadun perpausak (*Zure nagusia ikusten badut salatzen zaitudanean dolutuko zaizu).

34.4d Baldintzazko perpausak normalean adierazpen perpausak izan ohi dira, eta ezin izan daitezke galde perpausak. Eta horren ondorioz, ote edo al bezalako galderetako partikulak ezin erabil daitezke haietan; ezta zeharkako solasa adierazten duen omen partikula ere: *Laguna bihar etortzen omen bazaizu, hari konta zure arrangura. Halere, haien barneko osagai baten gainean galdera egin daiteke, eta orduan baldintzadun perpaus osoa galderazkoa izan daiteke: Nor etortzen balitz poztuko zinateke? Harridurazko perpausak, ordea, molda daitezke baldintzazkoen bidez, askotan egiantza moduan emanak: Gezur hori egia balitz! (ikus § 26.6.3.2b).

34.4e Gainerako mendeko perpausekin gertatzen den eran, euskalki gehienetako literatura tradizioan adizkera alokutiboa ez da agertzen baldintzazko perpausetan (Hire anaia etortzen bada/*baduk, gozoa jarriko duk!), hain zuzen ere, haietako adizkerak menderagailua baitakar. Joera nagusia hori bada ere, batzuetan, mendebaldeko zenbait erabileratan, aurkitzen dira adizkera alokutiboen adibideak baldintzazko perpausetan.

34.4f Baldintzadun perpausetan elipsiak ere ager daitezke, mendeko beste zenbait perpaus motarekin gertatzen den bezala. Alde batetik, baldintzadun perpausak juntaturik edo testuan bata bestearen oso jarraian badoaz, eta egitura paraleloa badute, bigarrenean isilean geratzen diren elementuak lehenengotik berreskuratzen ditugu: Elurra egiten badu, eskiatzera joango gara; ez badu, museo berria ikusiko dugu. Aukera hau bereziki baldintza errealekin azaltzen zaigu, eta hauen artean ere, balio generikoa dutenekin zailtasunak izaten dira (adizki jokatugabeekin ere elipsiak nekezago gertatzen dira).

Beste alde batetik, batzuetan ondore perpausean gerta daitezke elipsiak, esanahia baldintzazko perpausetik hartzen duelarik: Zu ados bazaude, ni ere bai; Zu ez bazoaz, ni ere ez. Baina berriro ere paralelismo oso estua behar du, eta bereziki baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren inguruan eratzen dira. Hortik irtendakoan, polaritatea aldatzen edo perpausen artean kontraste nabarmena egiten saiatuta ere, aurkaritzako edo kontzesiozko irakurketara bideratzen da: Zu ados bazaude, ni ez; Emazteari Chopin gustatzen bazaio, niri Mozart.

Badira, azkenik, ondore gabe uzten diren baldintzadun perpausak ere (Zu ados bazaude…), baina horrelakoetan esanahia ez da aurreko berbalditik eskuratzen, baizik eta une bakoitzeko testuinguruak iradokitzen du. Zu ados bazaude… baldintzazko perpausaren ondore izan daitezke ni ere bai, horrela izango da, edo kontu hori aurrera aterako da. Beste batzuetan, egindako esaerak izaten dira ondorerik gabe uzten diren baldintzazkoak (Bazeneki…; Zure adina izango banu…), askotan alegialdiko adizkiekin. Edota, mehatxua (Bazkarian zintzo portatzen ez bazara…), kezka (Hainbeste kutsatzen jarraitzen badugu…) edo desioa (Gehixeago zaintzen hasiko bazina…) adierazteko erabiltzen ditugu. Kasu desberdina dira, aldiz, eta juntagailuarekin hasitako galderak: Eta oker bageunde? bezalakoak, agian egia izan daitekeen aukera edo egoera posible bat hizpidera ekartzeko erabiltzen dira; baina proposamenak egiteko ere erabil daitezke: Eta Isturitzeko kobazuloetara joango bagina?

310 Horrelako adibideetan, ondore perpausa bideratu zezaketen baldintza posible guztien artetik bat hautatzen da, eta maila gorenean jartzen da. ‘Gauetan buruko mina izatea’ eragiten duten egoera edo baldintza ugari izan zitezkeen, baina horien artetik bat hautatzen du, eta besteen gainetik jarri, enfasia emanez. ‘Mailakatze baldintzazkoak’ ere deitu izan zaie.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper