Euskararen Gramatika

34.3. Baldintzazko perpausak zer diren


34.3. Baldintzazko perpausak zer diren

34.3.1. Baldintza kontzeptua, definigaitza

34.3.1a Atal honen sarreran aipatu dugu baldintzadun perpausen barnean mota oso desberdineko egiturak bildu ohi direla, eta heterogeneotasun handia dagoela. Ohartzen gara baldintza hitza erabiltzen dugula perpaus mota baten zedarritzeko. Baina baldintzaren kontzeptu hori, ororen gainetik logikakoa eta filosofiakoa dena, ez da alor horietan ere definitzen errazenetarikoa.

Nolanahi ere, baldintzadun perpausen izaera eta ezaugarriak hobeto zedarritzeko, badira zenbait kontzeptu eta nozio kontuan izan beharrekoak. Lehenik, kausa-ondorio erlazioa dago. Mendeko beste perpaus mota batzuetan ere (kausazkoak, helburuzkoak) badu garrantzia erlazio horrek, eta baldintzazkoen kasuan erlazio horrek agertzen dituen ezaugarrietara jo izan da sarritan perpaus mota hau definitzeko unean. Bigarrenik, hipotesiaren kontzeptua: baldintzazkoak dira hizkuntzan hipotesiak egiteko bide nagusia, eta adierazten duten hipotesi motaren arabera sailkatu ohi dira baldintzazko perpausak. Horien alboan, aldiberekotasunaren kontzeptua ere kontuan izan behar da, batzuetan baldintzazkoen eta denborazkoen eremuak hurbil izaten baitira. Eta azkenik, arreta berezia jarri behar zaie baldintzadun perpausetan aurkitzen diren semantika/pragmatika jokoei, hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausek era askotako erlazioak eta nozioak adierazten baitituzte.

34.3.1b Batzuetan, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko erlazioetatik abiatuta, bi motatako baldintzaz hitz egiten da: enuntziatuaren baldintza, eta enuntziatzearen baldintza. Enuntziatuaren baldintzetan, baldintzazko perpausaren edukiak, kausa hipotetiko gisa, ondore perpausean esaten dena bideratzen du. Hori gertatzen da, adibidez, Euria egiten badu errekak hazi egiten dira esaten denean; lehendabizi ‘euria egiten du’, eta ondorio modura ‘errekak haztea’ datorkigu. Aditzen aldiak besterik adierazten ez badu, interpretatzen da baldintzazko perpausean adierazia lehenago gertatzen dela ondore perpausekoa baino. Horrelakoei edukiaren baldintza edo kausa-ondorio baldintza ere deitu izan zaie. Baina enuntziatzearen baldintzetan gauzak ez dira horrela: Errekak hazi badira, euria egingo zuen ere esan dezakegu, eta hor, baldintzazko perpausaren edukia ez da ondore perpausaren kausa, baizik eta ondore perpausean egiten den baieztapena arrazoitzeko, edo ondore perpausa adierazteko abiapuntu bezala hartzen da. ‘Euria egingo zuela’ adierazten dut, edo ondorio hori ateratzen dut, ohartzen bainaiz edo esan baitidate ‘errekak hazi direla’. Protasitik abiatuta, arrazoitze, inferentzia edo ondorioztatze ariketa bat egiten du esaleak (isilean inferentziak bideratzen dituen predikatu abstraktu bat egon daitekeela ere proposatu izan da, adibidez, ‘pentsa daiteke’, edo ‘esan daiteke’ moduko bat), eta askotan ondore perpausean adierazten dena lehenago dator denboran baldintzazko perpausean esaten dena baino, denbora korrelazioa askeagoa baita.

Hurrengo lerroetan, baldintzadun perpausen izaera hobeto ezagutzeko eta zedarritzeko aipatu izan diren nozioak eta erlazioak aztertuko ditugu.

34.3.2. Baldintza eta kausa

34.3.2a Kausa eta kausa-ondorio erlazioa bereziki aipatu dira baldintzaren izaera semantikoa argitzeko. Konpara ditzagun ondorengo bi adibideak: a) Gaizki ikusten baduzu, ez duzu irakurtzen ahalko; b) Ez duzu irakurtzen ahalko, gaizki ikusten baituzu. Ikus daitekeenez, franko hurbil dira bi perpausak, baina batak baldintza eta besteak kausa adierazten dute. Alderik handiena, esaleak mendeko perpausean adierazten duenaz erakusten duen jarreran datza: baldintzan esana (zuk gaizki ikustea) egia izan daitekeela dio, hala dela segurtasunik erakutsi gabe; kausazkoan, berriz, ez du dudarik agertzen. Horregatik, maiz, baldintzaren eta kausaren arteko desberdintasuna modalitate kontu horretara mugatua izan da, baldintza kausa modal gisa definitzen zelarik. Gramatika terminologian ere gelditu da kausa nozioari darraion zerbait, zeren gorago ikusi dugun bezala, baldintzazko perpausari dagokion apodosia ondore perpausa ere deitu ohi baita, esan nahi baitu kausatasunari dagokion kontzeptu bat erabiliz.

Kausaren nozioaren arabera ikusten delarik baldintza, askotan kausa-ondorio erlazioaren edukia ere aipatzen da. Ezaguna da bi eratan bereziki mugatu ohi dela erlazio hori: kausak ondorioa nahitaez ekartzen duenean, askikoa dela esan ohi da; eta kausa gertatu gabe, ondoriorik ezin izan daitekeela adierazten denean, aldiz, esaten da ezinbesteko kausa dela. Filosofoek eta logikariek askiko kausa gisa mugatu ohi dute hizkuntzako baldintza, eta hala gertatzen da usaian, hala nola adibide honetan: Euria egiten badu, Pello etxean egongo da. Adibide honetan, esaleak dio baldintza (euria egitea) betetzea aski izanen dela Pello etxean egoteko.

34.3.2b Nolanahi ere, logikan gauzak hala izanik, hizkuntzaren erabilera arruntean kontu horiek aski errazki itzulipurdika daitezke, bereziki ezetza baliatuz. Adibidez, aurreko adibidean ezetza erabiltzen badugu: Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo. Nahiz formalki itxura berekoa den, hiztunek beste irakurketa bat eman diezaiokete ezezkotasuna duen adibideari, inferentziak eginez: hiztunak ez du esaten euria egiteak nahitaez ekarriko duela Pello etxean egotea; alderantziz, adierazten du, Pello etxetik ateratzea gertakor datekeela, baina ez gertakari segura. Beraz, solasaren haria hautsi gabe jarraipen hau ematen ahalko zaio adibideari: (Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo); egiten badu, aldiz, beharbada egonen da, nahiz ez den segur; ikusiko dugu orduan zer eginen duen.

Gisa horretako perpausak maiz aurkitzen ditugu salbuespena adierazten duten baldintza bereziekin: Etxe hau ez dut erosiko, non ez dioten aurretik teilatua berriztatzen. Adibide horretan esaleak ez du segurtatzen etxeko teilatua berriztatzen balitz etxe hura erosiko lukeela, ondorio hori ez baita nahitaez haren esanetik ateratzen. Azpimarratzen du, haatik, berriztatze hori ezinbesteko baldintza dela harentzat etxe hura erosteko. Baldintza gisa horretan hanpaturik erabiltzen denean, adibidez, bakarrik adberbioaz lagundua izanik, baldintza ber denboran askikoa eta ezinbestekoa izaten da: Zu nirekin etortzen bazara bakarrik, joanen naiz.

34.3.3. Baldintza eta hipotesia

34.3.3a Hipotesiaren nozioa ere oso garrantzitsua da baldintzazko perpausen berri emateko. Hipotesiak egiteko hizkuntzek duten modu nagusietarik bat da baldintza. Hipotesia, gerta zitekeenari edo daitekeenari buruz egiten den proposizio aukera bat da, eta baldintzazko perpausak hura mamitzen du. Are gehiago, anitz hizkuntzatan, eta euskaran ere hala da, esaleak hipotesiei ematen dien gertakortasun mailaren arabera, adizki jokatuaren aldia desberdina izan ohi da (+/-alegialdia). Esaleak hipotesiak gertakortzat jotzen dituenean, oraineko edo iraganeko adizkerak erabiltzen ditu: Bihar Donostiara joaten bagara… (-alegialdia; gertakorra). Horrelakoei baldintza errealak deitu izan zaie gramatiketan. Eta adizkia (+alegialdia) motakoa bada, baldintza irrealaz hitz egiten da: Bihar Donostiara joango bagina… (+alegialdia; gertagaitza); Iaz Donostiara joan izan bagina… (+alegialdia; ez da gertatu). Aurreko adibide horietan, adizkeraren aldaketak adierazten du esaleak nola ikusten duen solaskidea eta haren lagunak Donostiara joateko aukera: lehenean, gertakorrago dela gertagaitza baino; bigarrenean gertagaitzago dela gertakorra baino; eta hirugarrenean, iraganaldira begira, Donostiara ez zirela joan, ez dela gertatu (baldintza kontrafaktualak ere deitu izan dira horrelakoak). Azken honen gisako adibideekin, adierazten dena da, baldintzadun perpauseko bi ataletan aipatzen dena ez dela egiatan gertatu. Kontzertura joateko deitu bazenit, joango nintzen esaten badugu, aipatzen diren bi gertakariak ez direla jazo adierazten da: kontzertura joateko ez ziola deitu, eta kontzertura ez zela joan. Hauetan, bada, ez dago egiazko hipotesirik: hipotesiak etorkizunean bakarrik egiazta daitezke, eta etorkizunera begira dauden adibideak bakarrik izan daitezke benetako baldintza hipotetikoak.

34.3.3b Hipotesiari esaleak ematen dion gertakortasuna maila, beraz, erabiltzen diren adizkiei lotua dago, eta horretatik abiatzen dira sarri gramatikariak baldintzazko perpausen sailkapena egiteko. Baina puntu honetan, kontuan izan behar da adizki jokatugabeekin ere osatzen direla baldintzazko perpausak, eta adizki jokatugabeek adizki laguntzailerik ez dutenez, sailkapen horretarako irizpide nagusia, adizkia (+/-alegialdia) izatearen irizpide formala, ez da agertzen mendeko perpausean: Donostiara joanez gero, hondartzara joango naiz/nintzateke/nintzen. Ondore perpauserako hautatzen den aditzaren arabera, nabarmena da esaleak gertakortasun-maila desberdinak dituela buruan, baina hala ere baldintzazko perpausa guztietan bera da (Donostiara joanez gero): baldintzazko perpaus jokatugabeetan (+/-alegialdia) izatearen edo oraina/iragana den informaziorik ez dugu mendeko perpausean, eta aspektu markarik ere ez zaigu azaltzen.

34.3.3c Azkenik, hipotesien gertakortasun mailaren gainean ari garelarik, nabarmendu behar da testuinguruak ere garrantzi handia izan dezakeela. Begira ondorengo adibideari: Bihar eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara; baina ez diot itxura handirik ikusten, eta ziurrenera beste zerbait pentsatu beharko dugu. Adibide honetan orainaldiko adizkiak erabiltzen dira baldintzazko perpausean, eta hipotesia nahiko gertakorra izan zitekeen, baina perpausari ematen zaion jarraipenean, gertakortasunari buruzko itxaropenak erraz aldatzen dira.

34.3.4. Aldiberekotasuna

34.3.4a Denborazko aldiberekotasunaren kontzeptua ere maiz aipatu izan da baldintzaren gainean hitz egiten denean, eta zeharka bada ere, garrantzia izaten du. Solas egoera askotan denborazkoak eta baldintzazko perpausak sinonimo edo baliokide izan daitezke, eta testuinguru anitzetan bata bestearen orde balia daitezke; baita juntaduraren bidez lotu ere. Euria egiten duenean, kaleak busti egiten dira, denborazko mendeko perpausarekin, edo Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira, baldintzazko perpausarekin, zenbait egoeratan, baliokideak izan daitezke.

Adibide horietan errepikatzen diren bi gertakariz hitz egiten da (euria egin eta kaleak busti), eta elkarren artean erlazio bat moldatzen da, ikuspegien arabera baldintzazko edo denborazko perpausa eratuz. Izan ere, errepikapena adierazten duten denborazkoetan, baldin gertakari edo egoera bat noiz gertatu den edo gertatzen den adierazteko beste egoera edo gertaera bat aipatzen badugu, inplizituki adieraz dezakegu denborazko edo kausazko erlazioa ere badela gertakari horien artean308. Era honetako adibideetan, gertakortasun maila ez dago auzitan, eta horrek baliokidetasuna errazten du.

34.3.4b Denborazkoen eta baldintzazkoen arteko baliokidetasuna iteratiboak edo errepikatuak diren egoeretan gertatzen da errazena: Etxean bazkaltzen badu/duenean, berandu itzultzen da lanera. Adizkiak (-alegialdia) motakoa behar du, baldintza errealekoa. Horrelakoetan juntaturik ere erraz ager daitezke: Lantokiko jangelan gelditu ordez, emaztearekin bazkaltzen duenean, edo amarenera joaten bada, berandu itzultzen da lanera. Aldiz, iteratiboak ez diren egoeretan nekezago aurkituko dugu, nahiz orduan ere antz zerbait aurki daitekeen batzuetan denborazko eta baldintzazko perpausen artean: Maddi ikusten duzunean, goraintziak emazkiozu; Maddi ikusten baduzu, goraintziak emazkiozu. Bi adibide hauek solas ingurumen askotan esanahi hurbilekoak izanen dira. Halere, hemen desberdintasun bat nabaritu daiteke. Denborazko perpausa erabiliz, esaleak ez du dudarik erakusten aipatzen den gertakaria egiazki gertatuko den ala ez. Baldintzazkoa erabiliz, aldiz, halako segurtamenik eza adierazten du bere solasean. Desberdintasun horren indarra solas ingurumenak mugatuko du; adibidez, zuk Maddi noiz ikusiko duzun batere argi ez bada (bihar, etzi, edo urte baten, edo bizpahiruren buruan), orduan baliokidetasun pragmatiko handiagoa hartuko dute bi perpausek.

34.3.4c Adizki jokatugabearekin ere agerian gelditzen da denboraren eta baldintzaren arteko lotura hori. -TUZ GERO menderagailuaren bidez denborazko mendeko perpausak egiten dira, baina baldintzazkoak ere osa daitezke, eta sarritan bi adieretatik edozein uler daiteke. Pertsona bat bistatik galduz gero, galtzen da halaber oroitzapenetik adibidea, uler daiteke denborazko modura, pertsona bat bistatik galtzen denean/galdu ondoren, edo baldintzazko modura, pertsona bat bistatik galtzen bada. Kasu honetan, ondokotasuna baldintza modura ulertzen da. Baldintzazko adiera erraz lortzen da, baita ere, balio generikoa duten adibideekin (Osasuna galduz gero, gertu izaten dira pentsamendu ilunak; Artzain artean ibiliz gero, gazta jan behar!), edo denbora- unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten denean (ahal izanez gero, nahi izanez gero…).

34.3.5. Solas jokoak eta inferentzia bidezko erabilerak

34.3.5a Baldintzaren nozioa kausalitatearen arabera aztertua izan bada, inola ere ez daiteke baldintzazko perpausen erabilera horretara muga, zeren hizkuntza erabileran logikan ez bezalako ezaugarriak izan baititzakete baldintzadun perpausek, eta kausa-ondorio erlazioak huts egiten baitu batzuetan mintzaira errealeko baldintzadun perpausen erabilerak argitzeko. Aurretik ere aipatu dugu, enuntziatuaren baldintzak eta enuntziatzearen baldintzak bereizi izan direla. Azken hauetan jarriko dugu arreta hemen.

Esate baterako, Egarri bazara, goizean sagardoa eman dut hozkailuan bezalako adibide batean, elkartzen diren bi perpausen arteko erlazioa ez da kausazkoa, eta nekez aurkez daiteke perpaus nagusia mendekoaren ondorio gisa, logika ikuspegian egiten den bezala, besteak beste, kasu horretan ondorioan aipatzen den gertakaria, baldintzazko perpausean adierazia dena jazo baino lehenago gertatu baitzen. Horrelako kasuetan, solasaren erregelen bidez azal daiteke baldintzaren erabilera, eta gure adibidean inplizituki adieraziak direnak agerian eman behar bagenitu, horrelako zerbait esan behar genuke: goizean sagardoa hozkailuan ezarria dudala esanez jakinarazten dizut edatekoa badela etxe honetan; edari freskoa gainera eta ez edozein: sagardoa, edo gure arteko harremanak diren bezalakoak izanik, badakizu engoitik edatekoa izateko aski duzula eskatzea, edo zerorrek hozkailutik hartzea, edo egoerari dagokion besteren bat. Solaskideen arteko solas konbentzio isiletan eta ageriko esanek inferentziaz inplikatzen dituzten azpiko adierazietan finkaturik daude gisa horretako baldintzazko perpausak, eta maiz agertzen dira hizkuntza erabileran.

34.3.5b Enuntziatzearen baldintzen bidekoak izaten dira hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausetako asko: baldintzazko perpausean ez da adierazten kausa bat, baizik eta perpaus nagusia enuntziatzeari zentzua emango dion, edo enuntziazio hori bideratuko duen ‘baldintza’ bat. Nekez aurki daiteke haietan kausa logiko baten itxurarik. Ikus ditzagun beste adibide batzuk, baldintzazko perpausez ari garenean zertaz ari garen hobeto jabetzeko: Hotz bazara, berogailua pizten ahal dut.

Esaleak solaskideari esaten balio: Hotz bazara, berogailua piztuko dut, baldintza arrunta genuke; ordea, ondore perpausean ahalezko modalitateari doakion forma bat erabiliz galtzen da logika lotura, berogailuaren pizteko ‘ahala’ ez baitaiteke solaskidea hotz egotearen ondorioa izan. Halere, ondorioak seinalatzen duenarekin solaskideak badaki, nahiz ez den hitzetan agerian adierazia, berak beharra badu edo eskatzen badio, esalea prest dagoela berogailua pizteko. Beraz, hemen ere, solasak bideratzeko diren kooperazio eta solaskidetza printzipioetan oinarritua da lotura.

34.3.5c Ikus dezagun beste adibide bat: Pello bilkurara etorri ez bada, eri da. Adibide honetan, dedukzio bat adierazten du esaleak. Izan ere, adibide horretan ere, Pello eri izatea ez daiteke Pello bilkurara ez etortzearen ondorioa izan. Alderantziz, izatekotz, kausa da, ez ondorioa. Hain zuzen ere, perpaus nagusian adierazia (Pello eri izatea) baldintzazko perpausean esanaren (bilkurara ez etortzea) kausa izan daitekeelako bideratzen da dedukzioa.

Eta hurrengo adibidea: Nekatuta egonez gero, denboraz lasai gabiltza. Hemen ere ez dago kausa-erlazio logikorik: solaskideek eraiki behar dute lotura, egoeran oinarrituta. Denboraz lasai dabiltzala adierazi du hiztunak, eta esan duena esateari nolabaiteko zentzua ematen dio baldintzazko perpausak: alegia, denboraz lasai dabiltzala esan du, norbait nekatuta egonez gero, eta beharbada esaleak norbait nekatuta egoteko aukera ikusten duelako, nolabaiteko zeharkako gonbita eginez, atseden hartzeko arazorik ez dela izango iradoki nahian.

34.3.5d Ikus dezagun orain beste hau: Axularrek ‘Gero’ idatzi bazuen, orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan egin zuen.

Adibide honetan, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz hartzen du (egin zuen = ‘Gero’ idatzi zuen), eta galdegai gisa agertzen den informazio bat gaineratzen du, kausazko perpaus gisa agerrarazirik (orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan). Kasu horretan esaleak, bai eta haren solaskideek ere, baitakite Axularrek Gero idatzi zuela, ez da hipotesirik egiten baldintzazko perpausean, eta ez da perpaus nagusian esana denari buruz kausarik adierazten. Alderantziz, usaiako loturak aldatuz, ohiko kausa-erlazioa aldez kontra emana da: hemen baldintzazko perpausari dagokion kausa perpaus nagusian adierazia da, kausazko perpaus hori galdegai gisa hanpatua izanik.

34.3.5e Aldiz, Miren etortzen bada, berandu etorriko da adibidean, aurreko adibidean bezala, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz errepikatzen du, eta galdegaia (berandu) gaineratzen. Kasu honetan, ordea, aurrekoan ez bezala, baldintzazko perpausa ez dagokio solaskideek aitzinetik jakintzat daukaten zerbaiti, eta hipotesi gisa agertzen da. Hain zuzen, esaleak adierazten du hipotesi hori betetzekotan haren ustez zer gisatan gertatuko den. Hemen ere, beraz, ondore perpausa ez da gertakarien logikako ondorioa.

34.3.5f Segi dezagun beste adibide batzuekin: Aterkia hartuko dut, euria egiten badu (ere); Inoiz behartzen bazara (ere), hartu nire telefonoa.

Adibide hauetan hipotesi bat ematen da (euria egitea; nire laguntzaren beharra izatea), etorkizunean kokatuz, menturazko modura, eta hipotesi horri nolabaiteko gertakortasun-mailaren bat aitortzen zaionez, une honetan egiten duen ekintzaren kausa modura azaltzen da: gerta daiteke euria egitea, eta horregatik, badaezpada ere, aterkia hartuko dut. Alde horretatik, kausazkoekin parekotasuna dute (Aterkia hartuko dut, euria ari duelako); baina euria egitearen gertakortasuna oso desberdina da bi adibideetan.

34.3.5g Hobe dugu hemendik joatea, norbait etortzen bada ere perpausa ere baldintzazkoa da eta gerta daitekeen zerbait aipatzen du, arrisku bat balitz bezala. Esalearen ikuspegian mentura hori aski da ondore perpausean dioenaren funtsatzeko, aurreko kasuan gertatzen zen bezala. Baldintzadun perpaus ohiko edo kanonikoetan esaleak dio ‘norbait etortzeko baldintza bete ondoan’ gertatuko dela perpaus nagusian adierazten den ondorioa; ez da horrela, hemengo erabileran, non esaleak baitio inor etorri gabe ere, ‘norbait etor daitekeelako soilik’, hobe dela joatea, badaezpada ere.

34.3.5h Enfasia emateko erabiltzen dira Entrenatzaileari zerbait eskertzen bazion, berarekin izan zuen pazientzia zen gisako perpausak.

Ondore perpausean izan aditza azaltzen da, eta baldintzazko perpausean izenordain zehaztugaberen bat (zerbait, norbait…). Adibideek ez dute benetako hipotesirik agertzen: ziurtzat hartzen da baldintzazko perpausak dioena (entrenatzaileari zerbait eskertzen ziola), eta ondore perpausean izenordain horren edukia zein den zehazten da (zerbait = berarekin izan zuen pazientzia). Baliokide izango luke, ‘Berarekin izan zuen pazientzia eskertzen zuen gehiena’.

34.3.5i Beste kasu honetan, Ondo pentsatzen jarriz gero, bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez dira adibidean baldintzazko perpausa hizpidea emateko bezala baliatzen da, ondore perpausaren bideratzaile modura: ondore perpausean baieztapen bat egin nahi da (bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez direla), eta baldintzazkoak ez du benetan inolako kausarik agertzen. Antzerakoak dira, baita ere, Oker ez banago, Josuk zuzendaritzaren alde hitz egingo du, edo, Nire datuak zehatzak badira, aurtengoan gaindituko dugu krisia bezalakoak. Hauek iradokitzen dute ‘ondorengo baieztapena egia da’, edo elkarrizketetan gure baieztapenak goxatzeko erabili ohi dira, kortesia modura309.

34.3.5j Batzuetan ondore perpausean galderak, aginduak edo (+ahal) adizkia daramaten adibideak izaten dira: Hain ziur bazaude, zertarako egin duzu? / jarraitu aurrera zure asmoarekin / joan zaitezke.

Horrelakoetan ere ez dago kausa-ondorio lotura logikorik, edo benetako hipotesirik. Elkartzen diren bi perpausen artean askatasun handiagoa dago (aldi komunztadura ere askeagoa da), eta sarritan aholkuak, baimenak, aginduak edo gaitzespenak emateko erabiltzen dira. Nolabait esateko, baldintzazko perpausak ondore perpausa enuntziatzeko justifikazioa ematen du.

34.3.5k Hona hemen beste egoera bat: Euskara hizkuntza erromanikoa bada, ingelesa bantu hizkuntza da.

Esan gabe doa euskara hizkuntza erromanikoa izatea ezin izan daitekeela ingelesa bantu hizkuntza izatearen kausa. Berez, proposizio batak ez du bestearekin zer ikusirik. Halere, solasaldi batean, lokarri analogiko bat izan daiteke bi proposizioen artean, hiztunak solaskideari esaten balio bezala: biek badakigu ondorio perpausean esana kirtenkeria dela; bada, jakin ezazu baldintzazko perpausean esana ere kirtenkeria galanta dela. Mota honetako adibideetan, ondore perpausa nabarmenki okerra delarik, baldintzadun perpaus osoa enuntziatzeari ‘zentzua’ emateko bidea, baldintzazko perpausa ere nabarmen okerra izatea da. Horregatik, zenbait testuinguru argumentatibotan egoki erabilia gerta daiteke aipatu perpausa. Ordenari dagokionez ere, ia beti baldintzazkoa ondore perpausaren aurretik joan ohi da.

34.3.5l Beste batzuetan aurkaritza adierazten da egitura horrekin: Lehen beti elkarrekin ibiltzen baziren, orain haserre daudela dirudi.

Protasian adierazia egiatzat ematen da, baina aurkaritza adierazi nahian erabiltzen dira horrelakoak, elementuren baten kontrastea izaten da (lehen/orain), eta kontzesiozko interpretazioa gailentzen da (nahiz eta lehen beti elkarrekin ibiltzen ziren). Inguruko hizkuntza erromanikoetan era honetako aukera estilistikoak erabiltzeko joera handia da.

34.3.5m Azkenik, badira kontzesiozko interpretazioa dutenak ere: Euskal Herria ederra bada, munduan txoko polit harrigarri ugari aurkituko ditugu.

Kasu honetan ere kontzesiozko interpretazioa ematen zaio adibideari. Hiztunak ondore perpausean dioena kontrajartzen zaio inferentziaz baldintzazko perpausean esanetik atera daitekeen ondorioari. Alegia, baldintzazko perpausean esanak pentsaraz dezake Euskal Herria toki ederra dela, eta munduko toki ederren artean leku nabarmen bat merezi duela; baina perpaus nagusiak argitzen du munduan toki polit berezi asko direla, eta Euskal Herria ez dela hainbeste nabarmentzen.

34.3.5n Beraz, aurreko adibide horiekin guztiekin garbi ikusten den bezala, hizkuntza errealean solaskideen arteko inferentzia jokoetan oinarritutako erabilerak mota askotakoak eta guztiz ugariak dira, eta baldintzazko perpausen berri izateko ezinbestekoa da horrelakoak kontuan izatea. Batzuetan ohiko kausa- ondorio erlazioari jarraituko diote, baina beste batzuk enuntziatzearen baldintza izango dira, era oso desberdineko erlazioekin. Esan daiteke hiztunak baldintzadun egiturak erabiltzen dituenean, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren artean ‘inplikazio pragmatiko’ bat badagoela adierazi nahi duela, eta protasian esaten denak bide ematen duela apodosia adierazteko; nolabait esateko, ‘pentsa ezazu p protasia, q apodosia enuntziatzeak zentzua izan dezan’.

308 Gaia berez zabalagoa da. Denbora, kausa, baldintza eta kontzesioa elkarrekin zerikusia izan dezaketen nozioak dira, eta batzuetan, bat non amaitzen den eta hurrengoa non hasten den garbi zedarritzea ez da erraza gertatzen. Bi gertakari (buruko mina izanpilulak hartu) denboran bata bestearen jarraian doazelako ideiatik (Buruko mina dudanean, pilulak hartzen ditut; denborazko perpausa), gertu egon daiteke lehena bigarrena eragiten duen kausa delako ideia (Buruko mina dudalako, pilulak hartuko ditut; kausazko perpausa); eta hortik, kasu batzuetan, kausa hori hipotetikoa izan daitekeelako ideia (Buruko mina badut, pilulak hartuko ditut; baldintzazko perpausa). Azkeneko urratsa litzateke, pentsatzea kausa hipotetiko batek eragin dezakeela gertakari bat betetzea, baina azkenean ez dela hala gertatzen (Buruko mina badut ere, ez dut pilularik hartuko; kontzesiozko perpausa); nolabait esateko, alderantzizko bidea, kausalitatea ukatzea. Edo, adibidea apur bat aldatuz, gerta daiteke baita kausa hipotetiko hori etorkizunean kokatzea, adierazi nahi den enuntziatua baino geroago (Buruko mina kenduko badut, pilulak hartu beharko ditut), helburuzko irakurketa eraginez.

309 Era honetako baldintzazkoek, neurri batean, perpaus nagusi osoa modalizatzen dute, eta egitura sintaktikoan toki desberdina dutela proposatzeko datuak badira. Adibidez, Oker ez banago, eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara bezalako adibide batean, lehenengo baldintzazko perpausa (oker ez banago), jarraian datorren baldintzadun perpaus osoari dagokio. Alegia, baldintzazko bi perpausek (oker ez banago // eguraldi ona egiten badu) izaera desberdina erakutsiko lukete. Era honetako baldintzazkoak askotan kortesiazko helburuarekin erabiltzen dira, ondorengo baieztapena goxatzeko (Niri iritzia eman behar badut…; Egia esatea nahi baduzu…).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper