Euskararen Gramatika

34.2. Menderagailuak


34.2. Menderagailuak

34.2a Adizki jokatua duten perpausekin ari garenean, ba- aditz aurrizkia da erabiliena baldintzazko perpausak egiteko: Liburu hori irakurtzen baduzu, ez zara damutuko; Garaiz oheratzen bazina, hobeto jaikiko zinateke; Garbi esan bazenit, egingo nuen. Menderagailuaren indargarri modura, batzuetan baldin lokailua azaltzen da: Liburu hori irakurtzen baldin baduzu, ez zara damutuko; Baldin garaiz oheratuko bazina, hobeto jaikiko zinateke. Lokailu hau tradizioan forma desberdinetan azaldu izan da (balin, balinetan, balinetarik…), eta kokaleku desberdinak izan ditzake, baina edozein kasutan, beti aurrizkidun aditzaren aurretik joaten da.

Aurreko ataletan ere aipatu dugu euskaraz askotan menderagailu bakoitza ez dela zehazki perpaus mota jakin bakar baterako erabiltzen. Horixe gertatzen da nagusiki baldintzazkoetan erabiltzen den ba- menderagailuarekin ere. Adibidez, ba- daramaten baldintzazko perpausak aurki ditzakegu bezala, baino eta bezain konparazio hitzen osagarri modura, alegialdiko forman: Haur txikia balitz bezala mintzatu zitzaizkion, eta horrek haserrea eragin zion; Harrera hotza egin dit, ezagutuko ez banindu baino hotzagoa; Egurrezko txirrindu hura altzairuzkoa balitz bezain gogorra zen. Bestalde, konparazio perpausetan inoiz agertu izan dira bailitzan edo bailuen bezalako esapideak ere; baina esapide horiek, oro har, aski berriak dira —nahiz eta XVIII. mendeko lekukotasunak ere agertu— eta euskara estandarrerako ez bultzatzeko aholkua ematen da (EGLU-V: 370, EGLU-VI: 13).

Beste batzuetan, perpaus osagarri modura ere azaltzen dira ba-perpausak. Horrela gertatzen da zenbait euskalkitan, bizkaieraz oroz gainetik, ez dakit joango banaiz bezalako adibideetan, zehar-galderak ba-perpausen bidez moldatzen direnean. Edo erabilera hedatuagoan, norbere balorazioa, iritzia edo erreakzio emotiboa adierazten duten predikatuekin ere (hobe izan, nahi izan, nahiago izan eta abar) aurkitzen ditugu (subjuntiboko perpaus baten ordez): Hobe zenuke garbiago jango bazenu; Nahiago nuen egia jakin izan ez banu; Ederra litzateke datorren asteko partida irabaziko bagenu. Hauek guztiak aditz izena duten egiturez ordezka daitezke (Hobe zenuke garbiago jatea; Nahiago nuen egia ez jakitea…), baina azterketa sakonago batek horrelako ba-perpausak perpaus osagarritzat ez jotzera ere eraman gaitzake.

Bestalde, hauen oso hurbileko adibide batzuk ere aurki daitezke, ezezko perpausetan bereziki: Ez da harritzeko/miresteko guztiek bizkar eman badiote. Itxura batean, subjektuaren lekua betetzen duten perpaus osagarriak izango genituzke; baina egitura hauen analisian, gauzak barnago ikertuz, seguruenaz ere ohar gintezke ageri ez den izen sintagma bat dela subjektua perpaus horietan, eta, beraz, azalean baizik ez direla perpaus osagarriak. Era honetako ba- perpausak ez ditugu atal honetan aztertuko.

Ba- duten perpausek beste balio batzuk ere har ditzakete. Adibidez, beste menderagailu batzuekin gertatzen den eran, ere diskurtso markatzailea eranstean kontzesiozko adiera hartzen dute: Saiatu bazara ere, ez duzu lortu. Helburuzko balioa izaten dute baldintzazko perpausean partizipio prospektiboa dagoenean, eta ondore perpausean beharra edo ezina adierazten duen predikatua agertzen denean: Garaiz jaikiko bagara, garaiz oheratu beharko dugu; Lantegia aurrera aterako badugu, ezingo gara beti liskarretan ibili. Balio honetan, baldintzadun perpausetako kausalitate-erlazioa nolabait aldatua azaltzen zaigu, eta ondore perpauseko ekintza edo gertakaria lehenago dator baldintzazko perpausekoa baino. Horrelakoak kontzesiozkoen eta helburuzkoen ataletan aztertuko dira (ikus 37. eta 39. kapituluak).

Adizki jokatuarekin baldintzazko perpausak eratzeko bide nagusia BA- aditz-aurrizkia da. Baina ezezko perpausetan, NON (ETA) EZ … -N erako egiturek ere baldintza adierazten dute, salbuespen zentzu oso zorrotzarekin: Kanpoan afalduko dugu, non eta ez didaten azken unean lanetik deitzen; Ez da adiskidetuko, non eta zuzenean barkamena eskatzen ez dioten.

34.2b Adizki jokatugabeekin ere eratzen dira baldintzazko perpausak. Baina ezin da esan zehazki baldintzazkoak bakarrik eratzeko menderagailurik dagoenik: hemen aipatuko ditugun guztiek lotura zuzena dute denborazkoekin, moduzkoekin, edo helburuzkoekin. Batzuetan partizipioa hartzen da oinarri modura, eta beste batzuetan aditz izena. Partizipioa oinarritzat harturik, -TUZ GERO, -TU EZIK eta -TU EZEAN dira baldintza balioan gehiena erabili izan direnak: Benetan ahaleginduz gero, emaitza onak lortuko dituzu; Ondo ikasi ezik, ez duzu etsamina gaindituko; Garaiz joan ezean, ez dugu partidarako sarrerarik lortuko. Aditz izenarekin, berriz, -T(Z)EKOTAN/-T(Z)EKOTZ eta -T(Z)ERA(T) dira baldintzazko balioarekin sarriena azaldu izan direnak: Araudia aldatzekotan/aldatzekotz, guztion adostasuna behar da; Hori guztia jakitera, bileran isilik geratuko nintzen.

Eta badira, bestalde, nagusiki beste balio bat duten menderagailuak, baina inoiz baldintzazkoen adierara hurbil daitezkeenak ere. Adibidez, -TUTA, -TURIK, -TUZ, -TUTAKOAN menderagailuak baldintzazko adierarekin ere erabil daitezke: Orain arte bezala jarraituta, garaipena hurbil izango duzu; Hainbeste janez, laster gizenduko zara; Gogo onez hasitakoan, erraz egiten da lana. Menderagailu hauek ez dute hainbeste zehazten mendeko perpausak nagusiarekin izango duen lotura semantikoa, eta tarteka baldintza (Orain arte bezala jarraitzen baduzu…; Hainbeste jaten baduzu…; Gogo onez hasten bada…) edo beste balio batzuk adieraz ditzakete; zirkunstantzia bat adierazten dute, eta zirkunstantzia hori baldintzazko modura ere interpreta daiteke. Baina menderagailu hauen azterketa beste atal batzuetan egingo da (ikus 36. eta 40. kapituluak).

34.2c Beste zenbait egituraren bidez ere lor daitezke baldintzadun perpausen pareko balioak, baina guk ez ditugu hemen aztertuko, ez baldintzazkoen barnean sartuko. Juntaduraren (bereziki aditzaren elipsia dagoenean) eta alborakuntzaren bidez eraikitzen diren irakurketa batzuk ere baldintzadun perpausetakoen parekoak izan daitezke: Bizkorregi gidatu, eta laster izango duzu istripuren bat; Lasaitasuna behar duzu? Etor zaitez Karrantzako aterpetxera. Pareko esanahia lortuko genuke baldintzadun perpausen bidez ere: Bizkorregi gidatzen baduzu…; Lasaitasuna behar baduzu… Eta gauza bera gerta daiteke zenbait postposiziorekin: Zure laguntzarekin, liga irabaziko dugu; Zure laguntzarik gabe, ez dugu lana aurrera aterako. Edo aditz izenari zenbait postposizio erantsiz: Barkamena eskatzearekin gauza asko konponduko zenituzke. Hauek ere baldintzadun perpausen pareko irakurketak izan ditzakete (Zure laguntza badugu…; Zure laguntzarik ez badugu…; Barkamena eskatzen baduzu…), baina ez ditugu hemen aztertuko307.

307 Eguneroko solasean, era batera edo bestera baldintzazko adiera eman dezaketen elementuen eta moldeen zerrenda luzea da. Adibidez, bestela adberbioak (Gehiago saiatu behar duzu. Bestela ez duzu emaitza onik lortuko), aurretik dagoena anaforikoki biltzen du, eta polaritatea aldatuz ondorengo enuntziatuaren abiapuntu modura aurkezten du, baldintzazkoen oso antzeko adierak lortuz: Gehiago saiatzen ez bazara, ez duzu emaitza onik lortuko. Edo zeharo desberdina izanik, neurri batean baldintzazko adiera lor daiteke, baita ere, mintzagai modura aurkezten diren zenbait adizlagunekin: Zure egoeran, ez nioke deituko; hor uler daiteke ‘zure egoeran banengo…’. Horrelakoak ez ditugu hemen aztertuko.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper