Euskararen Gramatika

34.1. Sarrera


34.1. Sarrera

34.1a Baldintzazko perpaus deituraren azpian egitura multzo zabala bildu ohi da, eta eredu modura ba- aurrizki menderatzailearekin osatzen direnak eman ohi dira (Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira; Bihar eguraldi ona egingo balu, hondartzara joango nintzateke; Gogor saiatzen bazara, emaitza onak lortuko dituzu), baina perpaus jokatugabeekin ere lor daiteke baldintzazko adiera (Gogor saiatuz gero, emaitza onak lortuko dituzu; Gogor saiatu ezik, ez duzu emaitza onik lortuko). Perpaus nagusiko ekintza gerta dadin bidea ematen duen ekintza edo egoera adierazten da mendeko perpausean, azpimarratutakoan, eta ‘baldintza’ horretatik (‘euria egitea’; ‘eguraldi ona izatea’; ‘gogor saiatzea’) abiatuta betetzen da perpaus nagusian esaten dena. Alde horretatik, elkartzen diren bi perpausen arteko nolabaiteko kausalitatea sumatzen da. Horrez gain, hipotesiak adierazteko hizkuntzak erabiltzen duen baliabide nagusia ere badira baldintzazko perpausak: Nirekin ezkonduko bazina…; Petrolioa amaituko balitz…; Alkate izendatzen banaute… Baina baldintzazko perpaus deituraren azpian mota oso desberdineko egiturak bildu ohi dira, eta atala aurrera doan eran, ikusiko dugu ñabardura asko adieraz daitezkeela, eta heterogeneotasun handia dagoela.

Terminologiari dagokionez, baldintzadun perpausek bi atal izan ohi dituzte: baldintzazko perpausa deitzen zaio lehenengo atalari, mendeko perpausari, eta ondore perpausa bigarrenari, perpaus nagusiari; protasi eta apodosi ere deitu izan dira.

Baldintzadun perpausak

Baldintzazko perpausa

Ondore perpausa

Garaiz jaikitzen banaiz,

zure etxera joango naiz

Benetan ahaleginduz gero,

emaitza onak lortuko dituzu

34.1b Mendeko perpaustzat hartu ohi dira baldintzazko perpausak, baina ezin da esan perpaus nagusiko aditzaren mendean daudenik: elkartzen diren bi perpausen arteko harremana ez da aditz predikatuen eta modifikatzaileen artekoa bezalakoa, eta bi perpausen artean nolabaiteko korrelazioa dago. Lehen esan bezala, bi atalez osatutako egiturak dira, eta baldintzadun perpausaren bidez adierazten den hipotesia ondore perpaus osoari dagokio, ez predikatuari soilik. Mendeko perpausen artean sail batek baditu adierazten duten nozioarekin lotutako galdera hitzak (noiz, nola…), edo predikatuari dagozkion adberbioez ordezka daitezke (denbora, modua… edo antzerakoak adieraziz), baina baldintzadun perpausetan ez da horrelakorik gertatzen. Eguraldi txarra egiten badu, nire alaba etxean geratuko da esaten dugunean, baldintzazko perpausaren bidez ez da geratuko da predikatua zehaztuko duen inolako xehetasunik edo ezaugarririk adierazten. Alderdi horretatik, baldintzadun perpausa ez dago ondore perpausaren barnean, baizik eta ondore perpaus osoari dagokio. Izan ere, baldintzadun perpausetan ez da protasiaren edo apodosiaren edukia baieztatzen, baizik eta bien arteko inplikazio-lotura bat egiten da. Horrela, Bart garaiz oheratu izan ez bagina, gaur ez ginen hain argi esnatuko bezalako adibide batean, oso zaila gertatuko litzateke ondore perpausari zentzua ematea edo testuinguru egokia aurkitzea, baldintzazko perpausarekiko loturan ez bada. Izan ere, baldintzadun perpauseko bi ataletako bat ezabatzean edo aldatzean (adibidez, aditzaren aldia edo modua), perpaus osoaren esanahian edo gramatikaltasunean izan dezake eragina.

Baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko inplikazio hori indartzeko, ohartzen gara batzuetan bi perpausen artean, orduan, ba edo beti bezalakoak jar daitezkeela, bereziki ahoz ari garenean: Ekaitz arriskua badago, orduan ez gara mendira joango; Bakarrik geratzen bazara, beti etor zaitezke guregana; (Ba) deitzen ez badidazu, (ba) ez dizut inoiz barkatuko.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper