34.3.1a Atal honen sarreran aipatu dugu baldintzadun perpausen barnean mota oso desberdineko egiturak bildu ohi direla, eta heterogeneotasun handia dagoela. Ohartzen gara baldintza hitza erabiltzen dugula perpaus mota baten zedarritzeko. Baina baldintzaren kontzeptu hori, ororen gainetik logikakoa eta filosofiakoa dena, ez da alor horietan ere definitzen errazenetarikoa.
Nolanahi ere, baldintzadun perpausen izaera eta ezaugarriak hobeto zedarritzeko, badira zenbait kontzeptu eta nozio kontuan izan beharrekoak. Lehenik, kausa-ondorio erlazioa dago. Mendeko beste perpaus mota batzuetan ere (kausazkoak, helburuzkoak) badu garrantzia erlazio horrek, eta baldintzazkoen kasuan erlazio horrek agertzen dituen ezaugarrietara jo izan da sarritan perpaus mota hau definitzeko unean. Bigarrenik, hipotesiaren kontzeptua: baldintzazkoak dira hizkuntzan hipotesiak egiteko bide nagusia, eta adierazten duten hipotesi motaren arabera sailkatu ohi dira baldintzazko perpausak. Horien alboan, aldiberekotasunaren kontzeptua ere kontuan izan behar da, batzuetan baldintzazkoen eta denborazkoen eremuak hurbil izaten baitira. Eta azkenik, arreta berezia jarri behar zaie baldintzadun perpausetan aurkitzen diren semantika/pragmatika jokoei, hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausek era askotako erlazioak eta nozioak adierazten baitituzte.
34.3.1b Batzuetan, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko erlazioetatik abiatuta, bi motatako baldintzaz hitz egiten da: enuntziatuaren baldintza, eta enuntziatzearen baldintza. Enuntziatuaren baldintzetan, baldintzazko perpausaren edukiak, kausa hipotetiko gisa, ondore perpausean esaten dena bideratzen du. Hori gertatzen da, adibidez, Euria egiten badu errekak hazi egiten dira esaten denean; lehendabizi ‘euria egiten du’, eta ondorio modura ‘errekak haztea’ datorkigu. Aditzen aldiak besterik adierazten ez badu, interpretatzen da baldintzazko perpausean adierazia lehenago gertatzen dela ondore perpausekoa baino. Horrelakoei edukiaren baldintza edo kausa-ondorio baldintza ere deitu izan zaie. Baina enuntziatzearen baldintzetan gauzak ez dira horrela: Errekak hazi badira, euria egingo zuen ere esan dezakegu, eta hor, baldintzazko perpausaren edukia ez da ondore perpausaren kausa, baizik eta ondore perpausean egiten den baieztapena arrazoitzeko, edo ondore perpausa adierazteko abiapuntu bezala hartzen da. ‘Euria egingo zuela’ adierazten dut, edo ondorio hori ateratzen dut, ohartzen bainaiz edo esan baitidate ‘errekak hazi direla’. Protasitik abiatuta, arrazoitze, inferentzia edo ondorioztatze ariketa bat egiten du esaleak (isilean inferentziak bideratzen dituen predikatu abstraktu bat egon daitekeela ere proposatu izan da, adibidez, ‘pentsa daiteke’, edo ‘esan daiteke’ moduko bat), eta askotan ondore perpausean adierazten dena lehenago dator denboran baldintzazko perpausean esaten dena baino, denbora korrelazioa askeagoa baita.
Hurrengo lerroetan, baldintzadun perpausen izaera hobeto ezagutzeko eta zedarritzeko aipatu izan diren nozioak eta erlazioak aztertuko ditugu.