Euskararen Gramatika

32.10.1.2. Egitura superlatiboa izenarekin eta adjektiboarekin


32.10.1.2. Egitura superlatiboa izenarekin eta adjektiboarekin

32.10.1.2a Adjektibo superlatiboa izenarekin doanean, egitura sinpleko esaldia eratzen da maizenik, eta izena da lehen terminoa. Partitiboan emana da hau eskuarki: Zurea da libururik onena. Baina forma soila ere erabiltzen da zenbaitetan: Zurea da liburu onena. Forma soilean ematen dira, hain zuzen ere, ahaide izenak, gazteen, zaharren eta horrelako adjektiboek modifikatzen dituztenean: Seme zaharrena joan zaigu Ameriketara; Alaba gazteena ezkondu da14.10.5.2). Definitua denean, ordea, ablatiboan edo inesiboan ematen da izena: Mikel da nire lagunetan leialena; Edurne da zuetan argiena; Liburuetatik/liburuetarik politena erosi dute. Lotura lasaiagoa dute forma hauek superlatiboarekin, partitiboak edo forma soilak baino (Semeetan, Mikel da zaharrena; Zuetan, Edurne da argiena; Aurtengo liburuetatik, hori da interesgarriena, baina *Seme, Mikel da zaharrena; *Aurtengo libururik, hori da interesgarriena).

Isilpean gera daiteke terminoa, testuinguruak hura eskuratzeko modua eskaintzen duenean. Mikel da gazteena esan daiteke zein taldetaz ari garen ezaguna denean (‘seme-alabetan’, ‘lagunetan’, ‘ikaskideetan’… gazteena, alegia). Orobat, terminoa generikoa denean (Isilik egotea da onena —hots, ‘gauzarik’ onena—).

Izenarekin doana zenbatzaile superlatiboa denean, berriz, egitura konplexuko esaldia eratzen da maiz, eta erlatiboaren izen ardatza da, esan bezala, lehen terminoa: golik gehien egin duen futbolaria; jende gehien dagoen tokia. Izena isilpean utzita, artikulua da lehen terminotik agerian geratzen dena: liburu gehien idatzi duena (idatzi duen ‘idazlea’, ‘pertsona’…). Ikusten den moduan, sintagma kuantitatiboko izena forma soilean eman daiteke (Kristinau gehien infernura daroazena, Astarloa), baina baita partitiboan ere (Gizonik gehien dagoen tokira, Agirre)294.

Superlatiboa adberbioa denean ere egitura konplexua eratzen da zenbaitetan: Gehien prezatzen nituen gauzak […]; Gehiena gustatzen zaidana (Villasante); Ondoen prestatzen den hautagaiak irabazten du; Herrian ondoena bizi den gizona zara (Labaien); Maizegi, ordea, ongien dakizkigun erantzunak ez dira izaten ez osoak ez zehatzak (Mitxelena); Labayen baita hobekienik ezagutzen duena euskal teatroa (Mitxelena).

32.10.1.2b Esan den bezala, -en da egitura superlatiboko sintagma kuantitatiboak duen atzizki mailakatzailea. Adjektiboari zein adberbioari erants dakieke, adjektibo sintagma superlatiboa (handiena) edo adberbio sintagma superlatiboa (ongien) eratuz; gehi / gutxi zenbatzaileei ere erants dakieke, izenarekin doan zenbatzailea (golik gehien) edo aditzarekin doan adberbioa (gehien gustatu) eratuz.

32.10.1.2c Adjektiboarekin doanean, predikatiboa zein izenondoa izan, forma mugatuan ematen da sintagma: Hiriko auzorik politena hautatu dute bizitzeko; Haurrak dira zintzoenak; partizipioarekin: libururik salduena; lagunik maitatuena. Adberbioarekin doanean, berriz, -en, -ena nahiz -enik formetan eman daiteke: Zuen etxea dago {hurbilen ∼ hurbilena ∼ hurbilenik}; Zu aritu zara {ongien ∼ ongiena ∼ ongienik}. Egitura hauetan ere, bistan da, mailakatzea onartzen duten adjektiboak eta adberbioak erabiltzen dira, ez bestelakoak.

32.10.1.2d Iparraldean eta goi-nafarreran —eta baita maila jasoan ere, zenbaitetan—, hoberen da on adjektiboari dagokion superlatiboa, eta hobekien forma ongi adberbioari dagokiona: Uste dut hamaikak aldera izanen dela ordurik hoberena (Izeta); Pierre zen hobekien zekiena haren kontuez (Izeta). Hegoaldean, onen eta ondoen/ongien forma erregularrak erabiltzen dira: Ordurik onena; Ondoen/ongien zekiena.

Nahien, beharren eta maiteen superlatiboak *edun aditzaren objektu izan daitezke: Kendu beharko da maiteen duguna ere (Mitxelena); Horixe dut nahien (Azkue); Zer da nik egin beharren nukeena? (Duvoisin).

Hurren, aurren, lehen, azken, goren eta behinen adjektiboak lexikalizatuak dira superlatiboko adieran, haien erabileretako batean: Hebrearren artean ahaide hurrenei anai-arrebak deitzen zitzaien (Lardizabal); Ontziko mutila jaikitzen zen aurrena (Anabitarte); Beti hemen egotea azkena duk, mutil (F. Bilbao); Epaitegi Gorena; Dabidek bildu zituen berriro Israelgo gizon behinenak oro (Kerexeta).

Nagusi adjektiboa superlatiboa da bere horretan zenbaitetan, ‘inportanteena’, ‘handiena’ edo ‘zaharrena’ gisako esanahia duenean: Liburu honetan doazen gertaera nagusi guztiak (Etxaniz); Ateraino lagundu dio etxeko mutil nagusiak (Erkiaga); Kain, Adanen seme nagusia (Agirre Asteasukoa); Athletic, Athletic, zu zara nagusia! Hala ere, -en atzizki erredundantea erantsita erabiltzen da inoiz, izena partitiboan dela maiz295: Baina arrazoirik nagusiena ez dute berek ezagutzen (Villasante); Horiek izan dira nire lanik nagusienak (Etxaniz); Badakizki […] jakin behar dituen gauzarik nagusienak (Mitxelena); Seme-alaba nagusienak, ez daude eskolarako (Etxaniz); Kain, Adanen seme nagusienak (Gerriko).

32.10.1.2e Izenekin ere egiten dira egitura superlatiboak, honako esapide hauen modukoetan: agurerik agureena, gizonik gizonena, lagunik lagunena, hondarrik hondarrenean. Adjektibo gisa emanak daude atzizki superlatiboa duten izen horiek, mailakatzailearekin doazen gainerako kasuetan bezala.

Balio orokorra izan dezakete zenbaitetan superlatiboek. Maila goreneko elementua aipatuta, multzoko elementu guztiak besarkatzen ditu halakoetan adierazpenak. Hala, Eragozpenik zailenak gainditzeko gai da gazte hori esaldiak ‘eragozpen zailenak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, eta gaztea eragozpen horiek gainditzeko gai dela adieraziko luke; horiexek bakarrik, hain zuzen ere. Esaldiak, ordea, balio orokorra du gehienetan: gazteak eragozpen ‘guztiak’, baita zailenak ere, gainditzeko gai dela adierazten du. Era berean, Eragozpenik txikienek aztoratzen dute beldurtia esaldiak ‘elementu txikienak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, horiexek bakarrik. Aditzera ematen dena, ordea, da, gehienetan bederen, eragozpen ‘guztiek’, baita txikienek ere, aztoratzen dutela beldurtia. Are argiago ikusten da balio orokorra superlatiboari ere adberbioa eransten zaionean: Eragozpenik zailenak ere gainditzeko gai da; Den gauzarik xumeenak ere altaratzen zaitu (Xurio).

294 OEH s. v. gehien: “El sust. precedente aparece algo más frecuentemente en caso absoluto indet., aunque su uso con partitivo va creciendo desde finales del s. XIX”.

295 OEH s. v. nagusi, ‘nagusien’ formaren mayor edo superior adieraz: “Documentado en autores meridionales desde finales del s. XVIII. Al Norte sólo lo hallamos en Haraneder y Lafitte”. Konparaziozko nagusiago ere erabiltzen da inoiz.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper