Euskararen Gramatika

32.10. Egitura superlatiboak eta gehiegizkoa adierazten dutenak


32.10. Egitura superlatiboak eta gehiegizkoa adierazten dutenak

32.10.1. Egitura superlatiboak

32.10.1.1. Zer alderatzen duten superlatiboek

32.10.1.1a Elementu biren maila edo zenbatekoa alderatzen dituzten konparazio perpausak aztertu dira aurreko ataletan. Multzo batean mailarik edo zenbatekorik handiena duen elementua seinalatzeko erabiltzen den egitura superlatiboa aztertuko da atal honetan, adjektibo-adberbioei edo gehi/gutxi zenbatzaileei -en mailakatzailea erantsita eratzen dena: Hiru Erregeen Mahaia da Euskal Herriko mendirik altuena; Messi izan da aurten golik gehien sartu duen futbolaria. Multzoko beste elementu guztiekin konparatuta eratzen da, bada, superlatiboa. ‘Hiru Erregeen Mahaia Euskal Herriko beste mendi guztiak baino altuagoa da’, horra zer dioen lehen adibideko esaldiak; eta ‘beste futbolari guztiek baino gol gehiago sartu ditu Messik’, bigarrenekoak.

Superlatibo erlatibo deitzen dira horrelako sintagmak, multzo edo esparru jakin bateko elementuei erreferentzia egin eta haiekin alderatuz eratzen direlako, esan den bezala. Superlatibo absolutu deitu izan dira, berriz, oso, hagitz, izugarri, biziki eta horrelako mailakatzaileekin egindako adjektibo edo adberbio sintagmak, goi maila seinalatu bai, baina erreferentzia zehatzik ez dutelako, hau da, konparazio zehatzik adierazten ez dutelako (oso handia, hagitz ongi, izugarri zaila); gauza bera esan daiteke adjektiboa edo adberbioa errepikatuz egiten diren sintagmez ere (garbi-garbia, urrun-urrun). Erreferentziazko multzoa edo esparrua mugatzen duten sintagmak onartzen dituzte superlatibo erlatiboek (denetan handiena, aurtengo filmik politena); ez, ordea, absolutuek (*denetan oso handia, *aurtengo film oso polita) (§14.10.5.8a).

Superlatibo absolutuan erabiltzen diren oso, hagitz eta horrelakoak mailakatzaile edo adberbioen sailean aztertu dira (§ 22.7). Kapitulu honetan, konparazioan oinarritzen den superlatibo erlatiboa aztertuko da.

32.10.1.1b Honako osagai hauek ditu egitura superlatiboak: a) lehen terminoa, zeinetaz predikatzen den sintagma superlatiboak adierazten duen ezaugarri gorena (libururik merkeena; gehien gustatzen zaizun kirola; argienik mintzatu den hizlaria; ondoen bizi dena (den ‘pertsona’); b) -en morfemarekin eratzen den sintagma kuantitatiboa, ezaugarri gorena aipatzen duena (merkeena; argienik; gehien), eta c) aukeran, lehen terminoaren esparrua zehazten duen konplementu mugatzailea (aurten argitaratutako libururik onena).

Osagai horiekin eratzen diren egiturak, berriz, mota bikoak dira. Sinpleak izan daitezke, hau da, sintagma kuantitatiboa eta honek modifikatzen duen terminoa perpaus bakarrean dituztenak: Libururik merkeena erosi dut. Beste batzuek, berriz, egitura konplexuagoa dute: sintagma kuantitatiboa perpaus erlatibo baten barnean dute, eta hari dagokion terminoa, berriz, erlatibotik kanpoan da, haren izen ardatz: [Merkeen eskaini didaten] liburua erosi dut; [Argienik mintzatu den] hizlaria oso txalotua izan da; [Gehien gustatzen zaien] kirola aukeratu dezakete gazteek; Erregea da [ondoen bizi den]a (den ‘pertsona’). Desberdinak dira egitura konplexu hau eta egitura sinplea erlatibotik kanpoan duena, hau da, lehen terminoa ez ezik, sintagma kuantitatiboa bera ere hala duena: [Eskaini didaten] libururik merkeena erosi dut.

32.10.1.2. Egitura superlatiboa izenarekin eta adjektiboarekin

32.10.1.2a Adjektibo superlatiboa izenarekin doanean, egitura sinpleko esaldia eratzen da maizenik, eta izena da lehen terminoa. Partitiboan emana da hau eskuarki: Zurea da libururik onena. Baina forma soila ere erabiltzen da zenbaitetan: Zurea da liburu onena. Forma soilean ematen dira, hain zuzen ere, ahaide izenak, gazteen, zaharren eta horrelako adjektiboek modifikatzen dituztenean: Seme zaharrena joan zaigu Ameriketara; Alaba gazteena ezkondu da14.10.5.2). Definitua denean, ordea, ablatiboan edo inesiboan ematen da izena: Mikel da nire lagunetan leialena; Edurne da zuetan argiena; Liburuetatik/liburuetarik politena erosi dute. Lotura lasaiagoa dute forma hauek superlatiboarekin, partitiboak edo forma soilak baino (Semeetan, Mikel da zaharrena; Zuetan, Edurne da argiena; Aurtengo liburuetatik, hori da interesgarriena, baina *Seme, Mikel da zaharrena; *Aurtengo libururik, hori da interesgarriena).

Isilpean gera daiteke terminoa, testuinguruak hura eskuratzeko modua eskaintzen duenean. Mikel da gazteena esan daiteke zein taldetaz ari garen ezaguna denean (‘seme-alabetan’, ‘lagunetan’, ‘ikaskideetan’… gazteena, alegia). Orobat, terminoa generikoa denean (Isilik egotea da onena —hots, ‘gauzarik’ onena—).

Izenarekin doana zenbatzaile superlatiboa denean, berriz, egitura konplexuko esaldia eratzen da maiz, eta erlatiboaren izen ardatza da, esan bezala, lehen terminoa: golik gehien egin duen futbolaria; jende gehien dagoen tokia. Izena isilpean utzita, artikulua da lehen terminotik agerian geratzen dena: liburu gehien idatzi duena (idatzi duen ‘idazlea’, ‘pertsona’…). Ikusten den moduan, sintagma kuantitatiboko izena forma soilean eman daiteke (Kristinau gehien infernura daroazena, Astarloa), baina baita partitiboan ere (Gizonik gehien dagoen tokira, Agirre)294.

Superlatiboa adberbioa denean ere egitura konplexua eratzen da zenbaitetan: Gehien prezatzen nituen gauzak […]; Gehiena gustatzen zaidana (Villasante); Ondoen prestatzen den hautagaiak irabazten du; Herrian ondoena bizi den gizona zara (Labaien); Maizegi, ordea, ongien dakizkigun erantzunak ez dira izaten ez osoak ez zehatzak (Mitxelena); Labayen baita hobekienik ezagutzen duena euskal teatroa (Mitxelena).

32.10.1.2b Esan den bezala, -en da egitura superlatiboko sintagma kuantitatiboak duen atzizki mailakatzailea. Adjektiboari zein adberbioari erants dakieke, adjektibo sintagma superlatiboa (handiena) edo adberbio sintagma superlatiboa (ongien) eratuz; gehi / gutxi zenbatzaileei ere erants dakieke, izenarekin doan zenbatzailea (golik gehien) edo aditzarekin doan adberbioa (gehien gustatu) eratuz.

32.10.1.2c Adjektiboarekin doanean, predikatiboa zein izenondoa izan, forma mugatuan ematen da sintagma: Hiriko auzorik politena hautatu dute bizitzeko; Haurrak dira zintzoenak; partizipioarekin: libururik salduena; lagunik maitatuena. Adberbioarekin doanean, berriz, -en, -ena nahiz -enik formetan eman daiteke: Zuen etxea dago {hurbilen ∼ hurbilena ∼ hurbilenik}; Zu aritu zara {ongien ∼ ongiena ∼ ongienik}. Egitura hauetan ere, bistan da, mailakatzea onartzen duten adjektiboak eta adberbioak erabiltzen dira, ez bestelakoak.

32.10.1.2d Iparraldean eta goi-nafarreran —eta baita maila jasoan ere, zenbaitetan—, hoberen da on adjektiboari dagokion superlatiboa, eta hobekien forma ongi adberbioari dagokiona: Uste dut hamaikak aldera izanen dela ordurik hoberena (Izeta); Pierre zen hobekien zekiena haren kontuez (Izeta). Hegoaldean, onen eta ondoen/ongien forma erregularrak erabiltzen dira: Ordurik onena; Ondoen/ongien zekiena.

Nahien, beharren eta maiteen superlatiboak *edun aditzaren objektu izan daitezke: Kendu beharko da maiteen duguna ere (Mitxelena); Horixe dut nahien (Azkue); Zer da nik egin beharren nukeena? (Duvoisin).

Hurren, aurren, lehen, azken, goren eta behinen adjektiboak lexikalizatuak dira superlatiboko adieran, haien erabileretako batean: Hebrearren artean ahaide hurrenei anai-arrebak deitzen zitzaien (Lardizabal); Ontziko mutila jaikitzen zen aurrena (Anabitarte); Beti hemen egotea azkena duk, mutil (F. Bilbao); Epaitegi Gorena; Dabidek bildu zituen berriro Israelgo gizon behinenak oro (Kerexeta).

Nagusi adjektiboa superlatiboa da bere horretan zenbaitetan, ‘inportanteena’, ‘handiena’ edo ‘zaharrena’ gisako esanahia duenean: Liburu honetan doazen gertaera nagusi guztiak (Etxaniz); Ateraino lagundu dio etxeko mutil nagusiak (Erkiaga); Kain, Adanen seme nagusia (Agirre Asteasukoa); Athletic, Athletic, zu zara nagusia! Hala ere, -en atzizki erredundantea erantsita erabiltzen da inoiz, izena partitiboan dela maiz295: Baina arrazoirik nagusiena ez dute berek ezagutzen (Villasante); Horiek izan dira nire lanik nagusienak (Etxaniz); Badakizki […] jakin behar dituen gauzarik nagusienak (Mitxelena); Seme-alaba nagusienak, ez daude eskolarako (Etxaniz); Kain, Adanen seme nagusienak (Gerriko).

32.10.1.2e Izenekin ere egiten dira egitura superlatiboak, honako esapide hauen modukoetan: agurerik agureena, gizonik gizonena, lagunik lagunena, hondarrik hondarrenean. Adjektibo gisa emanak daude atzizki superlatiboa duten izen horiek, mailakatzailearekin doazen gainerako kasuetan bezala.

Balio orokorra izan dezakete zenbaitetan superlatiboek. Maila goreneko elementua aipatuta, multzoko elementu guztiak besarkatzen ditu halakoetan adierazpenak. Hala, Eragozpenik zailenak gainditzeko gai da gazte hori esaldiak ‘eragozpen zailenak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, eta gaztea eragozpen horiek gainditzeko gai dela adieraziko luke; horiexek bakarrik, hain zuzen ere. Esaldiak, ordea, balio orokorra du gehienetan: gazteak eragozpen ‘guztiak’, baita zailenak ere, gainditzeko gai dela adierazten du. Era berean, Eragozpenik txikienek aztoratzen dute beldurtia esaldiak ‘elementu txikienak’ izango lituzke aipagai, hitzez hitz hartuz gero, horiexek bakarrik. Aditzera ematen dena, ordea, da, gehienetan bederen, eragozpen ‘guztiek’, baita txikienek ere, aztoratzen dutela beldurtia. Are argiago ikusten da balio orokorra superlatiboari ere adberbioa eransten zaionean: Eragozpenik zailenak ere gainditzeko gai da; Den gauzarik xumeenak ere altaratzen zaitu (Xurio).

32.10.1.3. Zenbatekoarekin

32.10.1.3a Zenbatekoaren adierazpenean, berriz, gehien da asko zenbatzaileari dagokion superlatiboa. Bi erabilera ditu forma honek: egitura superlatiboa eratzen du zenbaitetan (Uda da sagardo gehien saltzen den sasoia —hau da, ‘beste sasoietan baino sagardo gehiago saltzen da udan’—), eta zatiki-zenbatzailea da beste batzuetan, elementu baten zatirik handiena seinalatzen duena (Saldua dugu aurtengo sagardo gehiena —hau da, ‘saldua dugu aurtengo sagardo guztiaren parterik handiena’—; ‘sagardoaren erdia’, ‘sagardoaren hiru laurdenak’ eta horrelako zatiki-zenbatzaileen parekoa da gehiena, erabilera horretan.

Adberbio denean, aditzak adierazten duenaren maila edo zenbatekorik handiena seinalatzen du gehien zenbatzaileak, eta, hortaz, superlatiboa da beti; artikulurik gabeko forman ematen da maizenik, -a artikulua duela zenbaitetan, eta -ik atzizkiarekin inoiz: Horrek harritu nau gehien; Gehiena atsegin zaiona oparitu diot; Gehienik biztu gaituen Poesia (Mitxelena).

Izen sintagmaren osagai denean, ordea, hau da, izenarekin doanean edo izenordainaren funtzioa betetzen duenean, superlatiboa da batzuetan eta zatiki-zenbatzailea beste batzuetan. Gehien forma soila superlatiboa da beti (Otsailean egin du euririk gehien; Zein da liburu gehien saltzen duen argitaletxea?). Gehiena, berriz, anbiguoa da, erabilera biak baititu. Hala gertatzen da izen zenbakaitzekin (Txapeldunak irabazi du diru gehiena —hau da, ‘besteek baino diru gehiago irabazi du’ nahiz ‘diruaren zati handiena irabazi du’—) eta baita zenbakarriekin ere (Han harrapatu dute arrainik gehiena —hau da, ‘beste lekuetan baino gehiago’ nahiz ‘hartu duten arrain kopuruaren parte handiena’—).

32.10.1.3b Kasu atzizkia edo pluraleko marka daramanean, azkenik, zatiki-zenbatzailea da. Izen zenbakarriekin denean, pluraleko markak hartzen ditu: Gazterik gehienak kirolzaleak dira; Gehienek ezagutzen naute; Arazo hau dute herri gehienetan. Zenbakaitzekin, berriz, singularreko kasu atzizkiak hartzen ditu: Jende gehienari gustatzen zaio musika hori; Alferkerian egon da denbora gehienean.

Gehientsu forma bai superlatibo gisa (Gehientsu edaten den edaria (EH)), bai zatiki-zenbatzaile gisa erabil daiteke (Ikusle gehientsuen gogoko izan da; Itsu-itsuan ezkontzen dira gehientsuak (EH)). Gehientxo, berriz, zatiki-zenbatzaile gisa erabiltzen da (Dena ez bada ere, egiteko dago gehientxoa (EH)).

Adjektibo gisa ere erabiltzen da, bestalde, gehien, ‘nagusi’296, ‘zaharren’ edo ‘premu/prima’ adieran: Mesiasen Erreinuan nor gehiena izango ote zen (Lardizabal); Banekien nik segurik joan beharko nuela, gehiena izanez (J. B. Etxepare); Hor daukat beti Amedee, ene lehen kusietan gehiena, adinez (Larre).

Haboroen forma ere erabil daiteke superlatibo gisa, baina haboroenak mugatua da maizenik erabiltzen dena, zatiki-zenbatzaile gisa.

Gutxien formak ere gehien formaren erabilera bertsuak ditu. Adberbioa denean, superlatiboa da eta hiru formetan erabil daiteke: Gutxien uste denean azaltzen da erbia (Inza); Gutxiena uste zezaketen lekutik (Lardizabal); Gutxienik uste zenukeen lekuan (J. Etxepare). Izenarekin doanean ere superlatiboa da, -en edo -ena atzizkia duelarik: Huts gutxien egin duenari eman diote saria; Ahalik denborarik gutxiena hartzen zuelarik (Joanategi). Mugatu plurala, izen zenbakarriekin, zatiki-zenbatzailea da: Besteak, gutxienak, kolorezko jantzi ederrekin (Anabitarte).

Den gutxien / gutxiena / gutxienik (ere) formako esaldiek ‘batere ez’ esanahia dute ezezka emanak direnean: Ez dudala den gutien lotsarik izanen (Mirande); Berak asmatutako lege hala-holako bat ez zuten den gutxiena ere hautsi nahi (Iraizoz); Gaingiroak, horratik, ez zuen den gutxienik harrotu (J. Mokoroa); Ez duela herrarik den gutiena egundaino izan (Hiriart-Urruti).

Iparraldean mendre adjektiboaren mendren superlatiboa erabiltzen da (den mendren(a) lotsatu; den mendreneko lotsarik gabe; den mendrenik kezkatu gabe).

32.10.1.4. Konplementu mugatzailea

32.10.1.4a Aukerakoa da egitura superlatiboaren lehen terminoaren esparrua zehazten duen konplementu mugatzailea eranstea. Terminoari dagokion multzoa non kokatzen den adieraz dezake konplementu horrek, zein leku edo denbora esparruri dagokion mugatu, edo haren esparruaren mugagarri den beste edozein adierazpen aipatu. Beraz, mota askotakoa izan daiteke.

Hasteko, -ko atzizkiarekin eginiko sintagma izaten da maiz konplementu mugatzailea (mende honetako gerrarik odoltsuena; haurtzaroko lagunik onena; Italiako hiririk handiena; munduko mendirik garaiena); baita perpaus erlatiboa ere (ikusi dudan filmik onena; ezagutzen dudan hiririk politena). Denbora edo leku esparru osoari erreferentzia egiten diote inon eta inoiz adberbioekin eginiko sintagmak: Inon den hondartzarik arriskutsuena da hori; Inoiz egin den filmik onena da ‘Casablanca’; Inoizko ipuinik politena entzun dugu gaur (F. Bilbao). Inoizkorik forma erabiltzen da, bizkaieraz batez ere: Inoizkorik alaien abiatu zen (F. Bilbao).

Den …-ena egiturako esaldiek terminoaren esparru osoa besarkatzen dute, esparru hartako gorena aipatzeko: Den ezjakinenak ere erraz txit egin ditzake […] (Agirre Asteasukoa); Den itsuenak ikus dezake (J. Etxepare); Zen ederrena egin zen itsusienik (Axular). Berdin denik (eta) …-ena gisakoek ere: Denik aberats eta ahaltsuena izan arren bere (Otxolua); Pentsamentu niretzat denik tristeena (Bilintx); Mundu honetan denik sororik onena (Uztapide); Denik eta berorik handienarekin ere hantxe ibiltzen dituzu (Anabitarte). Den adizki laguntzaile dela: Herri honetan saltzen denik onena (Erkiaga).

Multzoko elementu guztiei egiten zaie erreferentzia konplementu mugatzailerik ez denean ere: Azkarrena zara —‘denetan azkarrena’, alegia—; Lanbiderik onena aukeratu duzu —‘lanbide denetan onena’—.

32.10.1.4b ‘Ahal den’ mailarik gorena edo zenbatekorik handiena seinalatzen dute adjektibo-adberbioen aurrean kokaturiko ahalik (eta), ahal den, albait edo, bizkaieraz, hainbat formek; ‘ahal diren maila edo zenbatekoetan’ gorena, alegia.

Ahalik (eta) forma da sintagma hauetan maizenik erabiltzen dena. Modifikatzen duen adjektiboa -ena atzizkiarekin emana izan da eskuarki: Ahalik deiadar handiena eginaz (G. Arrue); Bertsuak egitea izarietan ahalik justuenak (Goihetxe); Ahalik denborarik gutxiena hartzen zuelarik (Joanategi); Ahalik atentzio gehienarekin (Haraneder); ahalik morfema izenaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke (Ahalik deiadar handiena eginaz, G. Arrue; Konfesore ahalik onena bilatuz gero, Mogel). Adberbioarekin doanean, berriz, -ena nahiz -enik formak erabiltzen dira: Jabetu ziren hartaz, eta estekatu zuten ahalik hobekiena (Larregi); Joan zen elizara ahalik eta lasterrena (Lafitte); Guri dihoakigu ahalik hobekienik egitea (Duvoisin); Ikasi behar dira erdarak, eta ikasi ahalik eta hobekienik (J. P. Arbelbide). XIX. mendearen azken aldeko testuetan eta XX. mendekoetan -en forma soila agertzen da, bizkaieraz eta gipuzkeraz batez ere: Ahalik arinen ezkontzeko (Etxeita); Ahalik ondoen egiten saiatu banaiz ere (Etxaide); Alaba, ahalik eta ezkutuen egon dadila (Etxaniz)297. Euskaltzaindiaren Hiztegiak -ena forma ematen du adibide guztietan eta forma hori erabiltzea gomendatzen du298. Azken aldiko idazle batzuek hala erabiltzen dute: Igaro ezak denbora ahalik goxoena (Garate); Ahalik eta ondoena itzultzen saiatu naiz (Atxaga).

[Ahal + erlatiboa] forma -ena atzizkia daraman superlatiboarekin erabiltzen da eskuarki: Ahal den kutsurik gutxiena (Ugalde); Ahal den maizena etorri zaitez (Txirrita); Mendeen erreskadan ahal daitekeen urrutiena eta gorena igotzen garelarik (Villasante); Ahal den ongiena apaindu behar da (Agirre Asteasukoa); baina Berbaz ahal den ondoen eginaz berari (Arrese Beitia); Ahal zenik azkarren ibilita (S. Salaberria).

32.10.1.4c Hegoaldean erabiltzen den albait formak modifikatzen duen adjektiboak -ena atzizkia darama eskuarki: Albait deboziorik handienagaz (Añibarro); Ardurarik albait handiena ipiniko duzu (Añibarro). Adberbioek, berriz, -en nahiz -ena atzikiekin ematen dira: Nahi nuelako albait lasterren bihurtzea etxera (Arrese Beitia); Zoaz albait lasterrena (Mendiburu); Albait ondoen igarotzeko euren bizi nekatua (Azkue); Biak bizi daitezen albait ondoena (Etxegarai); Batzen da albait jenderik geihen (J. J. Mogel); Eta albait gutxiena bota behar dira larrera [abereak] (A. P. Iturriaga).

Bizkaieraz hainbat …-en forma ere erabiltzen da: Joan-etorria hainbat arinen egitea erabaki zuen (F. Bilbao); Etxera ekarri behar duzu hainbat arinen (Etxeita).

32.10.1.4d Goiko adibideetan ikusi den bezala, zenbatekorik handiena gehien formak adierazten du (huts gehien), eta apalena, berriz, gutxien formak, besteak beste (huts gutxien). Mailaren adierazpenari dagokionez, ordea, bestela dira gauzak. Mailarik gorena -en atzizkiak ematen du aditzera (politena), baina mailarik apalena adierazten duen formarik ez du euskarak (‘gutxien polita’ gisakoak adierazteko formarik, alegia)299. Konparaziozkoen pareko dira horretan superlatiboak (§ 14.10.5.2). Adjektibo-adberbioen ‘gutxientasuna’ seinalatzeko, antonimoaren ‘gehientasuna’ ematen da inoiz aditzera (itsusiena = ‘gutxien polita’). Aukera hori ez da, ordea, beti egokia. Hala, esate baterako, aberats handien artean aberastasun gutxien duena aipatzeko ez da egokia ‘pobreena’ dela esatea. Bestelako perifrasi batzuk erabiltzen dira hori adierazteko.

Testu zaharretan aurkitzen dira, hala ere, [gutxien/gutxienik + adjektiboa] egiturako adibide bakar batzuk: […] prenda orotarik ez da gutien beharrena (Goihetxe); Gutxien on dena beti hautatzea (Pouvreau); Populu eta jende guztiek, salbaienek eta gutxienik argituek, egia hori sinetsi izan dute (Lapeire). Zehaztasunaren izenean ere erabiltzen dira, inoiz, horrelakoak, zientzia gaietan batez ere: gutxienik beroa. Eta baita bestelako testuetan ere: Irtenbide gutxienik txarrena izan daiteke hori (Sarasola). Ikus, hala ere, § 14.10.5.2c.

Konparaziozkoetan esan den bezala, modu mugatuan erabiltzekoak dira horrelakoak, zehaztasuna beste bide batetik nekez salba daitekeenean baizik ez, alegia.

32.10.1.4e Goiko azalpenek erakusten dutenez, esanahi desberdina dute konparazioko -ago morfemarekin eta -en superlatiboarekin eginiko sintagmek. Bi gauza dira, esate baterako, Urrutiago dagoen hondartzara joan da eta Urrutien dagoen hondartzara joan da. Lehenak konparazioaren bigarren terminoa eskatzen du (kaia baino urrutiago edo mendi hura baino urrutiago, adibidez); superlatiboak, berriz, esparruko elementu guztiak besarkatzen ditu (hondartza guztietan urrutien dagoena; baina *hondartza guztietan urrutiago dagoena). Esanahi desberdina dute, halaber, Lagun gazteagoekin ibiltzen da beti Idoia eta Lagunik gazteenekin ibiltzen da beti Idoia esaldiek. Lehenak lagunak Idoia baino gazteagoak direla esaten du, besterik gabe; superlatiboak, berriz, gainerako lagun guztiak baino gazteagoak direla lagun horiek. Zenbaitetan esanahi bertsua izan dezakete forma bietako esaldiek, egitura desberdina izanda ere. Hala, gauza biren arteko aukeraren aurrean, Hau gustatzen zait gehiago esan daiteke —‘bestea baino gehiago’, alegia—, nahiz Hau da gehien gustatzen zaidana. Aukera anitzen aurrean, ordea, ez da egoki Har ezazu gehiago gustatzen zaizuna esatea Har ezazu gehien gustatzen zaizuna esaldiaren lekuan300.

32.10.2. Gehiegizkoa adierazten duten egiturak

32.10.2.1a Elementu baten maila edo zenbatekoa neurrizkotik goragokoak direla adierazteko -egi atzizkia erabiltzen da nagusiki, adjektibo-adberbioei edo gehi/gutxi zenbatzaileei erantsia, baina baita sobera adberbioa ere, Iparraldean batik bat, eta lar(regi) adberbioa bizkaieraz. Forma horiekin eraturiko sintagmek dagokien elementuaren gehiegizkoa adierazten dute, eta konparazioa dago adierazpen horren oinarrian ere: ohikoarekin, arauzkoarekin, espero denarekin edo zertarako jakin baterako egokia den neurriarekin egiten da konparazioa, neurri hori gainditua dela seinalatuz. Ebaluazio gisako konparazioa da: Gazteegia zara autoa gidatzeko; Handiegia da ohe hori gela txiki honetarako; Urrunegi dago zure etxea bisitan maiz joateko.

Gehiegizkoa adierazten duten sintagma horiek ez dute mendeko perpausa eratzen, eta perpaus bakuneko osagai izan daitezke. Hori bai, ‘zertarakoa’ adierazten duen osagarria eskatzen dute. Zerbait handiegia dela esaten badugu, adibidez, ‘zerbaitetarako’ dela handiegia ematen dugu aditzera. Osagarri hori agerian eman gabe uzten da zenbaitetan, baina inplizituki hor da. Jende gehiegi dabil kalean esan daiteke, zertarako den gehiegi esan gabe, baina, oro har egokia den egoerarako edo jardunerako dela gehiegi ulertzen da. Osagarria sintagma destinatiboa izan daiteke: Jantzi hori arinegia da negurako; oinarrian aditz izena badago, berriz, -tzeko forma hartzen du sintagmak eta mendeko perpausa eratzen du: Ahulegia zara lan hori egiteko; subjuntiboa ere erabil daiteke mendeko perpausean, batez ere subjektuak erreferentziakideak ez direnean: Txikiegia zara Ertzaintzan har zaitzaten. (Ikus 37. kapitulua).

32.10.2.1b Gehiegizkoa mailari dagokionean, adjektiboarekin edo adberbioarekin doaz -egi, sobera edo lar(regi) morfemak. [Adjektibo + -egi] sintagma izenarekin joan daiteke, izena partitiboan ez dela: Auto azkarregia erosi duzu, baina *Autorik azkarregia erosi duzu; predikatua ere izan daiteke, askotan mugatua: Zu beti hola izanen zara, beti onegia (Joanategi), baina inoiz mugagabea: Behin onegi izatea, paso; bigarren aldian astoak ginateke (Lafitte). Beste bi formak ere erabiltzen dira predikatuan: Sobera alferrak ziren mendiari gora abiatzeko (Etxebarne); Nire burutasunak lar ilunak izan dira (Erkiaga). Adberbioarekin ere joan daitezke forma horiek, larregi ez besteak, sintagma adberbialak eratuz: Mantsoegi zoaz; Sobera ontsa; Eta lar ondo bere jakingo dut nik zer erantzun (F. Bilbao).

32.10.2.1c Zenbatekoaren gehiegizkoa adierazteko, gehiegi eta gutxiegi formak erabiltzen dira, eta baita sobera eta lar(regi) adberbioak ere —gehiegi forma asko zenbatzaileari dagokio—. Izenarekin doan zenbatzailea izan daitezke forma horiek (Lan gehiegi egiten duzu, baina *Lanik gehiegi egiten duzu); sobera forma izenaren aurrean nahiz ondoan eman daiteke: Landu gabe utzirik sobera denbora, baratzerik onena ez bailiteke lora (Xalbador); Ez baitu haurrak leunkeria sobera beharrik bere etxekoen aldetik (Larre). Berdin, lar forma ere: Batzuek diru lar eta besteek gutxi dute (Aiesta); Lar belozidade zekarren aurretik zetorren horrek (Gerrikagoitia). Aldiz, larregi, izenaren ondoan ematen da: Eskale larregi ezagutzen dituen herria (Erkiaga).

Halaber, izenordainaren funtzioa bete dezakete: Gatza behar du janariak, baina ez bota gehiegi —‘gatz gehiegi’, alegia—; Adar sobera uztea hobe da, ezen ez gutiegi (Duvoisin) —‘adar gutxiegi’—; Ez daitezke konta Jesusek egin mirakulu guztiak: sobera bada (Zerbitzari); Hona beste tranpa […] larregik egin daroena (Mogel).

Adberbio ere izan daitezke: Ez gaitezen gehiegi poztu (Xalbador); Sobera fidaturik izar faltsuari (Xalbador); Ez dio geroari lar begiratu behar (Erkiaga); Larregi opa baikenion politikari (Mitxelena).

Adjektibo gisa ere erabiltzen dira gehiegi eta (lar)regi, izenlagun: Konfiantza gehiegia sortzen baitigu (Mitxelena); Den azkarrenari buru hauste soberak azkenean kalte egiten dio (Hiriart-Urruti); Munduko ondasunen desio lar bat (Uriarte); Neke larregi edo gogorregiak (B. Mogel). Edo predikatu: Bizimodua eroateko hori ez da gehiegia (F. Etxebarria). Bai eta izen bezala: Arrazoia da beti aurkitzen erdian, ez gehiegian eta ez gutxiegian (A. P. Iturriaga); Gehiegia beti da txarra (Azkue); Pozaren gehiegia nonahitik dario (Azurmendi); Eta hutsak betetzea, eta sobrak kentzea asko kosta zitzaien (Kardaberaz); Larrak gutxia ekartzen du; Larregia eta urriegia, guztia da kaltegarria (J. J. Mogel).

Gehiegi(z)ko eta larregi(z)ko formak ere izenlagun edo predikatu izan daitezke: Geihegizko amore horrek bihotza erdiratu (Kardaberaz); Gehiegiko laztasun bage (Iztueta); Hori gehiegizkoa zen (Villasante); Gehiegizko baderitza norbaitek esan dudanari (Mitxelena); Larregiko lana eta nekea (J. J. Kortazar); Larregizko berritsukerietan (Agirre); Hemen ikusten duguna larregizkoa da (Otxolua)301.

32.10.2.1d Atzizki txikigarria erantsita gehiegitxo (gehitxo, aldaera) eta gehiegixko formak eratzen dira: Gehiegitxo hitz egin zuen (EH). Bai eta lartxo: Lartxo edan duelako (EH). Eta soberaxe, soberaxko formak ere: Soberaxko edaten ere du (EH). Goi-nafarreraz, berriz, aise adberbioa erabil daiteke -egi atzizkia duten formekin: New York aise handiegia da (EGPB, EGLU Laburra: 461).

Adjektiboari edo adberbioari erantsitako atzizki txikigarriek berek ere adieraz dezakete gehiegizkoa, modu leunean, ekialdean batez ere: Urrunxko da etxea; [Bidea] egunean lau aldiz egiteko handixkoa zela jujatu zuten aitak eta amak (Larre); Gaurkoa askatasun handitxoa da […] (Uztapide); Kantua goraxe hartu du (Lafitte). Azkuek gazixe, handixe eta ttipixe adibideak ematen ditu.

32.10.2.1e Ezezkako esaldietan ‘gutxi’ edo ‘batere ez’ adieraz dezake gehiegi-k, ironiazko esanahian, bai eta sobera edo larr(egi) formek ere: Etxean egotea ez zaizue gehiegi gustatzen (Aresti); Ez gaitu gehiegi maite euskaldunok (Mitxelena); Ez baita bestetan gehiegizko batasunik gure artean (Mitxelena); Ez da sobera ontsa jiten, dioenaz, Venezuelako euskaldunekin (Mirande); Ez dugu larregi aurreratu bide horretarik (Mitxelena).

294 OEH s. v. gehien: “El sust. precedente aparece algo más frecuentemente en caso absoluto indet., aunque su uso con partitivo va creciendo desde finales del s. XIX”.

295 OEH s. v. nagusi, ‘nagusien’ formaren mayor edo superior adieraz: “Documentado en autores meridionales desde finales del s. XVIII. Al Norte sólo lo hallamos en Haraneder y Lafitte”. Konparaziozko nagusiago ere erabiltzen da inoiz.

296 OEH s. v. gehien, ‘nagusi’ adieraz: “Usado, además de por suletinos y mixanos, por Leiçarraga, Etcheberri de Ziburu y algún otro autor septentrional más moderno; al Sur lo hallamos en Lardizabal. Apenas se encuentra en el s. XX”.

297 OEH s. v. ahalik: “Documentado desde Leiçarraga tanto al Norte como al Sur. En textos vizcaínos y guipuzcoanos la forma tradicional del adv. en -ena pierde terreno en el s. XX en favor de -en (que antes sólo se encuentra en Añibarro y Arrue). Hay sin embargo -ena en KIkG, Orixe, Labayen, Etxaide y Anabitarte”.

298 EH s. v. ahalik: “Oharra: Adizlagunekin, ahalik maizen, sarrien etab. baino hobeto, ahalik maizena, ahalik sarriena etab.”.

299 Lafitte: “Des formes comme le moins grand sont directament intraduisibles en basque” (1962: 146).

300 Nahasketarako bidea eman dezake inguruko erdaren eraginak, zeinetan forma bera erabiltzen den konparaziozkoetan eta superlatiboetan (más gaztelaniaz, plus frantsesez).

301 EHk larregizko forma aipatzen du; larregiko forma, ez.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper