Euskararen Gramatika

31.4.4.2. Izenordain erlatiboaren forma (zein-/zeina- eta non-)


31.4.4.2. Izenordain erlatiboaren forma (zein-/zeina- eta non-)

31.4.4.2a Izenordain erlatiboak galdera izenordainen bidez eratuak dira. Horretarako, haatik, ezin balia daiteke edozein galdera izenordain baina soil- soilik oinarrian zein edo non forma dutenak. Nor eta zer izenordainak, preseski, ez dira erabiltzen aurrekaria duten perpaus erlatiboetan; (korrelatuetan, ordea, bai). *Orduan agertu zen gizon bat(,) [nori beso ezkerra falta baitzitzaion]; Orduan agertu zen gizon bat(,) [zeini beso ezkerra falta baitzitzaion].

Izenordain erlatiboak anaforikoak dira, horrek esan nahi baitu gaineko perpausean izan behar dutela erreferentzia ematen dien izen sintagma bat, aurretik agertzen dena, eta hain zuzen aurrekari deitzen dena.

31.4.4.2b Zein izenordain erlatibo gisa erabilia denean bi moldetan agertzen da: edo sintagma mugagabea edo sintagma mugatua eratzen duela. Adibidez, Leizarraga alde batetik eta Haraneder eta Duvoisin beste batetik, ez datoz bat zein izenordain erlatiboa erabiltzerakoan. Leizarraga: Ezta haur Jesus, Josephen semea, zeinen aita eta ama ezagutzen baititugu? Haraneder: Ez da hori Jesus, Josephen semea, zeinaren aita eta ama ezagutzen baiditugu? Duvoisin: Hori ez da Jesus, Josepen semea, zeinaren ait-amak ezagutzen baititugu? Leizarragak mugagabean erabiltzen du izenordain erlatiboa (zeinen). Aldiz, Haranederrek eta Duvoisinek mugatu singularrean (zeinaren).

Ez du ematen formazko desberdintasun horri ezer darraikiola esanahian edo egituran, hots formazko aldaki hutsak dira bi moldeak, autoreen arabera kanbiatzen direnak gehienetan, non ez dituen autore berak bi moldeak erabiltzen. Hala ekialdean (Leizarraga, Oihenart, Tartas, Lopez, Lizarraga…) nola mendebaldean (Frai Bartolome, Añibarro, Astarloa, Mogel…), zein forma soila erabili izan da gehienik literaturan. Zeina(k), berriz, XVIII. mendetik aitzina nagusitu da bereziki erdialdeko euskalkietan. XVII. mendean, Axularrek eta Materrek zein erabiltzen zuten beti, bi formak aurkitzen dira (zein eta zeina(k)) Etxeberri Ziburukoaren eta Pouvreauren lanetan. Hortik aitzina, alde bat nagusitu da forma artikuluduna Lapurdin (Etxeberri Sarakoa, Larregi, Laphitz, Duvoisin, Elizanburu…). Gipuzkeraz ere erabili izan da aldaera artikuluduna (Larramendi, Arzak, Antia, Lardizabal…): Eliz au, zeñari eman zioen gure gurasoak ainbeste urre (Larramendi); Bestea zan Akinoan, zeñarekin pakean eta amorio onean bizi zan (Lardizabal). Leku kasuetan zeinean agertzen batzuetan singularrean, baina zeineko, zeinetik edo zeinera nekez kausi daitezke literaturan izenordain erlatibo gisa erabiliak: Franziskok […] sendatu zuen beste bat biotzezko miña egiten zizaiona bular gañean jarriaz larru-orri bat, zeñean izkribatu zuen orazio bat (Antia). Lekuzkoetan, hain zuzen, non saileko izenordainak erabiltzen dira gehien-gehienetan: larru-orri bat(,) non

31.4.4.2c Perpaus erlatiboaren aurreneko posizioan agertu behar du zein izenordainak nahitaez. Perpaus erlatiboko adizkia, berriz (menderagailua dakarrena), haren ondotik (bigarren tokian) ager daiteke, edo urrunago, perpausaren erdian edo bukaeran. Ez da, beraz, perpaus erlatiboko adizkiaren tokiari buruz gramatika lege zorrotzik, eta, euskaran askotan gertatzen den bezala, estilo hautuen arabera erabakitzen da kontu hori. Halere, seinala dezagun oro har halako joera bat badela adizkia izenordain erlatiboaren ondotik emateko. Baina bestelako bideak inola ere ez ditu itotzen joera horrek, Lardizabalen adibidean ikus daitekeen bezala.

31.4.4.2d Sintagma mugagabea eraturik ere, zein izenordainak, aurrekariak duen numeroa atxikitzen du, eta araberan egiten da aditzarekilako komunztadura perpaus erlatiboan: Adiafanotasuna bizitzaren eguerdian da Egiptoko izurri bat, zein baita sortu aitzineko eta hilondoko gauetan haien ubi eta quomodorik egokiena (Olarra).

Hegoaldeko euskalkietan zeintzuk forma erabiltzen da batzuetan aurrekariak edo aurrekariek pluraltasuna badakarte. Hona adibide pare bat Frai Bartolomeren lanetarik: San Ignacio Loijolakua ta santa Isabel Ungaijaco Erregina, zeintzuk nozbait jokuan, edo beste gauza inozenteetan dibertituten zirian; Musika, ta kanta indezente, ta odolberozailiak gaiti, zeintzuk dirian luxurijaren azogia, ta aragijaren sugarria.

Gaurko idazleen lanetan ere aurki daitezke horrelako egiturak: Ibai guztietatik eta lurretik bertatik ere lainoak eta lurrunak sortzen ikusten dugu, zeintzuk arnasa bezala honela gorantz igorriak diren (X. Amuriza); Napumocenok batzuetan bisitatzen zituen tokietako postalekin erantzuten zien gutun luze haiei, zeintzuetan Carlosek zehatz-mehatz azaltzen baitzion, nola ez, enpresa ondo zihoala (Montorio).

31.4.4.2e Esan gabe doa zeina(k) erabiliz gero agerikoa dela numero komunztadura izenordainean berean, eta ezinbestekoa dela, egiturazko kasuetan diren sintagmen kasuan, aditzarekilako numero komunztadura. Aurrekaria identifikatzeko erraztasunaren aldetik, badu abantailatxo bat forma artikuludunak, singularra eta plurala bereizten laguntzen ohi baitu hasieratik izenordain erlatiboak: Nagusiaren bazkideei, zeinarekin/zeinekin…; […] bi zizpa‑kanoien muthurrak!… zeinek, aithortzen dut, ez baininduten guti izitu, eta, gero, bi gizon bizardun, zeinek gutiago izitu baininduten, batean ezagutu nuelakotz nere anaya (J. B. Elizanburu). Bestalde, zeina(k) izenordaina erlatiboen eratzeko erabiltzen denean, ongi bereizten dira formalki zein izenordainari dagozkion erabilera desberdinak.

Galderazkoa denean, edo gradu markatzaile denean harridurazko perpausetan, mugagabean da zein; erlatiboa denean, aldiz, artikuluarekin ager daiteke: Badiat beldurra ez dakikan, behar bada, zein abilki yokatu zen behin Sarako yaun hauz’aphez bat, zeinak izena baitzuen Erremundegibehere (J. B. Elizanburu). Hitz batean, zeina(k) forma izenordain erlatiboari baizik ez dagokio. Egungo erabilera estandarrean, guztiz arrunta da erabilera hori halako erlatiboez baliatzen diren idazleen artean.

31.4.4.2f Zein(a) izenordain erlatiboak aurrekaria behar du. Ez da, beraz, aurrekaririk gabeko zein-erlatiborik.

Zein(a) izenordainak numeroari dagozkion tasunak ditu, baina gutitan agertzen da pertsonari dagozkionak bereturik. Halere ez du iduri ezintasunik baden horretan. Adibidez, Etxeberri Sarakoak bere gramatikan, ni, zeina bainaiz eta gisako formak eskaintzen ditu. Hor, zeina izenordainak lehen pertsona baitu aurrekari, araberako komunztadura du adizkian (naiz). Bere testuetan ere eskaintzen ditu horrelako adibideak: Zer erranen dut bada nik, [zeinak hartu baitut eskualdunei dagozten materiarik loriosena]?

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper