Euskararen Gramatika

31.4.3. Perpaus erlatibo jokatu arruntak


31.4.3. Perpaus erlatibo jokatu arruntak

Ikusi dugu zer diren perpaus erlatibo arruntak. Orain, perpaus horien egiturari dagozkion beste zenbait ezaugarri ikertuko ditugu, eta, denbora berean, baliatuko dugun hiztegia ere finkatuko dugu.

31.4.3.1. Izen sintagma erlatibatua: perpaus erlatiboan isildua dena

31.4.3.1a Perpaus erlatiboa eraikitzean isildu den elementua ez da izen soil bat, baizik eta izen sintagma bat osoa, harekin batean ezabatu delarik kasu marka ere (ergatiboarena, hasierako gure adibidean). Modu berean, segidako adibide hauetan, izen sintagma ergatiboa eta inesiboa datoz isildurik, hurrenez hurren: [Ø jo nauen] gizona ezagutzen duzu; Egun batez [Ø sortu nintzen] herrira itzuliko naiz. Hemendik aitzina, izen ardatzarekin erreferentziakide den perpaus erlatiboko izen sintagma isilduari izen sintagma erlatibatua erranen diogu. Kontuan har anbiguotasunak ager daitezkeela isiltze horrengatik: Zer gertatu zaio [Ø Ø ikusi duen] gizonari?

31.4.3.1b Halako perpaus erlatiboaren interpretazioa testuinguruak baizik ezin argi dezake. Izen sintagma erlatibatuari isildurik dagoen sintagma ergatiboa badagokio, ulertuko dugu ikuslea dela gizona (zer gertatu zaio istripua ikusi duen gizonari? adibidearen pareko egitura genuke orduan). Aldiz, sintagma absolutiboa badagokio, ulertuko dugu beste norbaitek ikusi duen gizona dela (zer gertatu zaio Jonek ikusi duen gizonari? egituraren parekoa luke orduan).

31.4.3.2. Perpaus erlatiboetako menderagailua

31.4.3.2a Perpaus erlatiboak perpaus menderatuak izanik, menderagailua lotu behar zaio haien barneko aditz jokatuari. Menderagailu hori -(e)n da beti hemen aurkezten ditugun perpaus erlatibo arruntetan. Beste zenbait perpaus menderatutan ere baliatzen da atzizki hori, hala nola zehar-galderetan; berdinak dira kasu guztietan menderagailua lotzerakoan gertatzen diren egokitzapenak (§ 29.3).

31.4.3.2b Perpaus erlatibo arrunten berezitasuna da halakoetan azken tokian agertu behar duela menderagailuak nahitaez, eta, beraz, adizki jokatua beti hondarrean behar dutela: [Inoiz ikustera joaten ez naizen] lagunak. Perpaus erlatiboa lagun izen ardatzaren aurrean da, eta aditz jokatua da hartan azken tokian agertzen dena, -(e)n menderagailua duela. Ez da hor ezezkako perpausetan usaian kausitzen den ordena, zeren guziz ohiz kanpokoa baita horrelako ordena modu horretako perpaus beregainetan: ??Inoiz ikustera joaten ez naiz. Perpaus beregainetan bitxia edo ohiz kanpokoa den ordena hori, ez soilik ohikoa eta zilegi (beste zenbait perpaus menderatutan gerta daitekeen bezala), baina ezinbestekoa da perpaus erlatiboetan, laguntzen duten izen ardatza agerikoa denean behintzat.

31.4.3.3. Perpaus erlatiboaren tokia ardatzari buruz

31.4.3.3a Ikusi dugu perpaus erlatibo arruntak izenlagunen moduan agertzen diren perpaus menderatuak direla. Izenlagunak, dakigunaz, ardatzaren ezkerrean ematen ohi dira euskaraz, eta hala agertzen dira komunzki perpaus erlatibo arruntak ere. [Inork irakurtzen ez dituen] liburuak. Horrek, haatik, ez du erran nahi ardatz horrek ez dezakeela beste inguratzailerik izan, hala nola izenlagun bat edo zenbatzaile bat: [Aspaldi irakurri ez nituen] euskarazko hiru liburu hartu nituen. Adibide horretan, liburu da perpaus erlatiboa dagokion izen ardatza; erlatiboaren eta ardatzaren artean, euskarazko izenlaguna eta hiru zenbatzailea agertzen dira. Ardatzak ezkerrean mota desberdineko lagun bat baino gehiago duenean, erlatiboa da komunzki ezkerrean urrunenik izaten dena, hor bezala. Batzuetan halere genitibo edutezkoan den izenlaguna perpaus erlatiboaren ezkerrean agertzen da, testu zahar zenbaitetan bereziki: Itzuliren naiz [neure [ilkhi naizen] etxe]ra (Leizarraga). Gaur egun ere gertatzen da batzuetan izenlaguna perpaus erlatiboaren ezkerrean agertzen baita, zenbait esapidetan batez ere: [Harako [aipatu nizun] gizon] hura.

31.4.3.3b Perpaus erlatiboak, beste izenlagunak bezala, ezkerrean izaten ditu izen ardatzak, eta horregatik euskaraz erlatiboak ezkerretik txertatzen direla esaten da, eta ez hurbileko erdaretan bezala eskuinetik. Hargatik, gauza ezaguna da batzuetan izenlagunak ardatzaren eskuinean ere ager daitezkeela, determinatzailearen aurretik, izenondoen tokian. Gauza bera gertatzen da erlatiboekin ere, ondoko adibidean bezala: Gizon [aspaldi ikusi ez nituen]ak aurkitu nituen han. Hor, perpaus erlatiboa ez da aposatua, baizik izen sintagmaren barneko osagarria, izenondoen lekuan doana. Izen ardatzak (gizon) ez du, beraz, hondarkirik, sintagmaren bukaeran erlatiboaren ondoren agertzen baita hondarkia (-ak). Eskuineko perpaus erlatiboak izenondo baten ondoan eta atzetik beste elementu bat dutela ager daitezke izen sintagmaren barnean: Gizon gaizto, [herrian orok hastio zuten] bat; Apez eskualdun arrotz [gu hainbertze maite gaituen] hari. Halere, izenondoak, eskuinaldeko erlatiboaren atzean ere izan daitezke, nahiz ez den hori haien usaiako tokia: Holako gezur [xutik doatzin] izigarriek.

Badirudi euskalki guzietan erabili direla eskuineko erlatiboak. Gaur egun, ordea, gutiagotan erabiltzen dira, bereziki erdialdeko eta mendebaldeko euskalkietan. Eztabil zu legez basatzarik basatza oñetako meiakaz, ta bai zaldi [berak beste urte ditu] (b)anian (Mogel); Artu egizu beiñ onako trapu [ikusleak ekarri dituz]anak (Mikoleta); Zeren ezpaitituk sinhetsi ene hitz [bere denboran konplituren dirade]nak (Leizarraga). Eskuineko eta ezkerreko tokiak zilegi izanik, ardatz berak perpaus erlatiboak izan ditzake bi aldeetarik, ezkerrean eta eskuinean: [Aipatu zenidan] haur gaizto, bihurri, [inork jasan ez dezakeen] hark egin omen du; [S. Joanek sardonix deitzen dion] arri [zuri gorritara ematen duan] bat (Agirre Asteasukoa). Izen berezien eskuinean ere erabil daitezke erlatiboak: Neskatxa hori aitaso Kinh [ongi ezagutzen duzuen]arena baita, errazue zer gaizki egin dautzuen (Zerbitzari).

31.4.3.4. Sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko beste perpaus menderatu batekoa denean

31.4.3.4a Perpaus erlatiboak menderatuak izanagatik, berek ere barnean perpaus menderatuak izan ditzakete. Zer gertatzen da, beraz, horrelako perpaus batean agertzen bada izen sintagma erlatibatua? Zilegi al da horrelakorik egitea? Bada, bai; bereziki, -(e)n menderagailua hartzen duen aditzaren perpaus osagarri bati badagokio perpaus menderatu hori: [Inoiz [Ø ikustera] joaten ez naizen] lagunak. Isildurik dagoen izen sintagma erlatibatua adlatiboan den perpaus osagarri jokatugabean sartua da. Aurreko adibidean perpaus osagarri jokatugabe batean sartua zen izen sintagma erlatibatua, baina perpaus osagarri hori jokatua ere izan daiteke: [[Ø laguntza emanen dizula] uste duzun] gizona; [[Ø salatuko ote zaituen] beldur zaren] gizona. Joko hori perpausak horrela metatuz eta barnago joanik errepika daiteke; hots, perpaus osagarriko aditzari dagokion beste perpaus osagarri batekoa ere izan daiteke izen sintagma erlatibatua. Haatik, orduan, gramatikak eskaintzen duen ahal hori ezin baliatuzkoa gertatzen zaie hiztunei, gramatikaren legeak kolpatzen ez diren arren, menderatze segida horretan galtzen baitira: [[[Ø ikusiko duzula] pentsatzen duzula] erran didazun] gizona. Usaian, beraz, idazleak ez dira lehenbiziko perpaus osagarria baino barrenago joaten: [[Gero eginen dugula] diogun] ontasuna (Axular); Zeruan deitzen dioten tokian [[badirela] dioten] saindu edo aingeru hetarik bat? (J. Etxepare). Ikusiko ditugu geroxeago horrelako perpausetan gertatzen diren zenbait komunztadura arazo.

31.4.3.4b Berdin erlatibatzen ahal ote dira gobernatzaile baten pean ez dauden mendeko perpaus bateko izen sintagmak (perpaus adjuntuak, alegia). Ez hain errazki behintzat. Alabaina, izen sintagma erlatibatua horrelako perpaus adjuntu batean sartua denean, denborazko perpaus batean adibidez, edo baldintzazko batean, edo kausazko batean, erdipurdikoak-edo dira ondorioak, inguru egokietan agertzen ez badira bereziki, dudazkoak edo traketsak, gutiago edo gehiago, nork esan edo entzuten dituen: ?[Ø hil berria baitzen denak arras penatuak ginen] haur gaixo haren ama altxatu zen; ??Badira [Ø eskolan falta direnean haurrak pozten diren] irakasleak.

Adibide horietan, izen sintagma erlatibatua objektua edo subjektua izanik, ez da erlatibatze eskalari dagokion oztoporik. Hargatik, ikus daitekeen bezala, ondorio hala-holakoak ditu erlatibakuntzak adibideotan, nahiz interpretazio erraza izateko eratuak izan diren. Arrazoia argi da: kausazko perpaus batean eta denborazko batean sartua da sintagma erlatibatua, hitz batez, perpaus adjuntu batean, eta ez perpaus osagarri batean. Ikus kontrastea, berdin, erlatibo jokatugabe hauetan: [[telebistan Ø ikusteko] etxean gelditu ginen] filma; [[bart Ø ikustera] joan ginen] filma. Lehen adibidean, izen sintagma erlatibatua helburuzko perpaus jokatugabe adjuntu batean sartua da (erlatibatzerik gabe, honelako zerbait izan daiteke perpausa: Etxean gelditu ginen, filma ikusteko). Bigarren adibidean, berriz, izen sintagma erlatibatua joan ginen aditzaren osagarri den perpaus jokatugabean sartua da (Bart filma ikustera joan ginen). Bi adibideetan perpaus menderatuak formaz berdintsu izanagatik, anitzez naturalago gertatzen da erlatibatzea bigarrenean.

31.4.3.5. Perpaus erlatiboen barneko osagaien tokia

Ardatza agerian duten perpaus erlatiboetan aditz jokatua bukaeran agertzen ohi dela ikusi dugu gorago. Horregatik, haien barneko izen sintagma guztiak aditzaren ezkerrean ohi dira: [goizean kalean ikusi ditudan] haurrak. Hor, perpaus erlatibotik ateratzen badugu, moldegaizki eratua da kalean sintagma: *[goizean ikusi ditugun] haurrak kalean. Geroago ikusiko dugunaz, bestela ageri dira gauzak izen ardatza isildua daukaten sintagmetan (§ 31.4.3.13).

31.4.3.6. Zein diren erlatiba daitezkeen izen sintagmak: erlatibatze eskala

31.4.3.6a Gorago erran dugun bezala, izen sintagma erlatibatuari dagokion kasu marka ere isildurik gelditzen da perpaus erlatibo arruntetan. Horrenbestez, hiztunek ez dute informaziorik, ez informazio zuzenik behintzat, izen sintagma horrek perpaus erlatiboan duen funtzioaz, edo dagokion kasuaz, eta ingurumen sintaktikoaren eta diskurtsiboaren arabera aurkitu behar dute dena delako funtzio edo kasu marka. Halatan, ez da harritzeko sintagmen eginkizunen araberako erlatibatzeko eskala bat agertzen baita euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, izen ardatzaren kasua eta izen sintagma erlatibatuarena desberdinak direnean batez ere, gero ikusiko dugunaz (§ 31.4.3.13).

Kontu horietan gehienetan zirt-edo-zarteko legerik ematerik ez den arren, oro har, esan daiteke eskala horretan hiru maila bereiz daitezkeela, erlatibatzeko erraz diren sintagmetatik nekezenetaraino: a) egiturazko kasua duten osagarriak, b) egiturazko kasua ez dutenak, c) adjuntuak. Mailakatze horretan, kontuan hartzekoak dira faktore sintaktikoak eta morfologikoak, bai eta semantikoak ere.

31.4.3.6b Lehen mailan, errazkienik, arazorik gabe, erlatiba daitezkeen izen sintagmak ditugu: subjektuak eta objektu zuzenak, erran nahi baitu kasu ergatiboa eta absolutiboa dakartenak. Sintagma datiboak doi bat zailago dira erlatibatzeko, baina halere sail berean ezar daitezke kasu gehienetan. Beraz arazorik gabe erlatiba daitezkeen sintagmak dira absolutiboan, ergatiboan edo datiboan direnak. Ergatiboa: [Gero idatzi zuen] idazlea Urdazubin jaio zen. Absolutiboa: [Bihar mintzatuko den] hizlariak jorratuko du gai hori; [Erosi duzun] liburuak izenburu bitxia du. Datiboa: [Liburu bana eskaini diezun] lagunak pozik daude. Predikatu osagarri diren izenak ere modu berean erlatiba daitezke: [Naizen] euskaldun kaxkarrari ez horrelakorik galda!

31.4.3.6c Bigarren mailan, aditzaren argumentu edo osagarriei dagozkien sintagma adberbialak ditugu, solas ingurumen egokietan bereziki aski erraz erlatibatzen direnak, baina testuingururik gabe hiztun anitzi franko bitxi iruditzen zaizkienak. Gutiz gehienetan, izen sintagma hauen kasu markak morfologikoki bakunak edo arinak dira: instrumentala, eta, bizigabeekin, inesiboa, adlatiboa eta ablatiboa. Halakoak, interpretazioaren eraikitzeko aukera eskaintzen duten perpausetan erabiliz gero, aise erabil daitezke izen sintagma erlatibatuetan: Aurkitu ote dute [akusatu ninduten] krimenaren egilea? Artikulu bat idatzi nahi dut [orain bizi naizen] herriaz. Sail berean eman daitezke genitibozko zenbait lokuzioren osagarriak (bila ibili, zain egon, galdez egon…), objektu bati dagozkiolarik: Azkenean agertu ziren [oihanean bila ibili ginen] haurrak.

31.4.3.6d Hirugarren mailan, erlatibagaitzak diren sintagmak ditugu, esan nahi baitu aditzaren argumentu edo osagarri hurbil bati ez dagozkion sintagma adberbialak, adjuntuak. Halakoak izaten dira, maizenik, postposizio bat barneraturik daukaten marka konplexu edo pisuak: -ekin, -(en)gan/-(en)gana/ -(en)gandik, -entzat, -engatik. Salbuespenak salbuespen, halako izen sintagmak, aurrerago aipatu diren ingurumenetarik kanpo, nekez erlatibatzen dira: *[Laster joan beharko duzun] lagunek esango dizute (Laster lagunengana joan beharko duzu); *[Laster mendira joan beharko duzun] lagunek esango dizute (Laster mendira lagunekin joan beharko duzu); *[Egia jakin dudan] adiskideari eskerrak bihurtu dizkiot (Adiskide batenganik jakin nuen egia). Halere, aditzaren argumentu edo osagarri hurbil gisa agertzen direnean, errazkiago egiten ahal dira erlatibatzeak horrelako kasu markak dituzten sintagmekin: [Goiz honetan hain luzaz solas egin duzun] lagunak kontatu bide dizu hori; *[Goiz honetan gosaldu duzun] lagunak kontatu bide dizu hori; [Konfiantza duzun] norbaiti galdatu behar zenioke; *[Lehenago ere egia jakin zenuen] norbaiti galdatu behar zenioke.

Solas egin aditzak osagarri hurbil bat badu kasu soziatiboa hartzen duena; ez, ordea, gosaldu aditzak. Ondorioz, sintagma soziatiboaren erlatibazioa ez da baldintza beretan egiten bi aditzekin. Halaber konfiantza izan lokuzioak badu osagarri bat [+bizidun] ezaugarria duena eta inesiboa eskatzen duena; ondorioz, osagarri horren erlatibazioa ez da hain gogorra nola baita, adibidez, jakin aditzarekin ager daitekeen sintagma ablatiboarena (*[Lehenago ere egia jakin zenuen] norbaiti). Sail berean eman daitezke izenlagunak, testuinguru egokietan baizik ez baitaitezke erlatiba arrakastaz: [Izena ahantzi dudan] norbaitek esan dit; *[Etxeraino joan naizen] norbaitek esan dit. Lehen adibidean, izen ardatzari dagokion izenlaguna (haren) aski errazki erlatibatzen dela. Alderantziz, bigarren adibidean zail da, oso, etxe ardatzari dagokion izenlagun bera sintagma erlatibatu gisa interpretatzea.

31.4.3.7. Testuinguruaren garrantzia

31.4.3.7a Berebiziko garrantzia du solas ingurumenak erlatibazioan. Testuinguru egokirik gabe, gramatikaren aldetik ongi eratuak diren perpaus erlatibo batzuk, halaz guztiz, ilun samar zaizkigu batzuetan: bazkaldu dugun etxea; natorren eliza; ahalke naizen liburua.

31.4.3.7b Bizkitartean, guziz jatorrak dira behar bezalako solas ingurumenean baliatzen badira. Hona autore zaharretarik atera zenbait adibide: Zertako sartzen naiz ni […] ezin athera naitekeien oihanean (Axular); Nekhazalerik baizen ezten herria (Axular); Hi aizen lekhua lur saindua duk (Leizarraga). Idazle modernoagoetan ere kausitzen dira halakoak: Petirik […] morroi zegoen ugazabari erantzunik erregarrienak botatzen zizkien (Etxaide); Arte hortan, jabe ziren urreak zer eman deien, habil hi! (J. Etxepare); Ez baitute erditan deusik, edo bederen zinkurinaz dauden mina ttipienetarik baita (J. Etxepare); Zeren Lille-n haizea baizik ez dagoen tren geltoki batean niri itxaroteko kasketa berri bat baitzeraman jantzia (J. Zabaleta); Erantzi oinetakoak, zu zauden lekua lur santua baita (Elizen arteko Biblia).

31.4.3.8. Erlatibatzea errazteko bideak

31.4.3.8a Bide bat baino gehiago du euskarak erlatibatzeko zailtasunen gainditzeko, erlatibo arrunten eskema hautsiz bereziki. Halere, erlatibo arrunten eskematik atera gabe ere, izaten da moduren izen sintagma erlatibatuari dagokion kasu edo funtzioa zein den erakusteko.

Baldin izen sintagma erlatibatuari dagokion atzizkia izen ardatzari dagokionarena bada, nabarmenki arintzen da erlatibatzeko nekezia: [Joseba kalean dabilen] neskarekin ezkondu nahi luke Patxik. Hor, ulertzen da Joseba neska batekin dabilela, eta Patxik neska harekin ezkondu nahi lukeela. Perpaus erlatibatuan, izen sintagma erlatibatuari dagokiona soziatiboa da, eta hori ez da ibili aditzak berez dakarren osagarri hurbil horietarik. Perpausa, halere, ez da ulertzeko zaila, postposizio bera baitakar (kasu paraleloak dira, beste hitzetan) perpaus erlatibatua sarturik dagoen izen sintagmak ere (soziatiboa: neskarekin). Paralelismo horren garrantziari ohartzeko, konpara dezagun aurreko perpausa beste honekin, non ez baitago soziatiborik agerian: [Joseba kalean dabilen] neskak ez du senargairik.

31.4.3.8b Izenordain erresunptiboetara jotzea. Konpara ditzagun bi adibide hauek: a) *Ez da [bizia eman nezakeen] gizonik; b) Ez da [har(en)gatik/bera(ren)gatik bizia eman nezakeen] gizonik.

Lehen adibideko erlatiboa, perpaus erlatibo arrunten araberakoa da, baina, solas ingurumen berezi batean ez bada, ez da ulertzen. Izan ere, izen sintagma erlatibatua ez da aditzaren osagarria, eta hari dagokion postposizioa konplexua da (-(en)gatik). Kasu paralelismorik ez denaz gero adibidean, neke zaio hiztunari sintagma erlatibatuari bere funtzioaren ematea.

Bigarren adibidean, aldiz, izen sintagma erlatibatuaren lekuan, izenordain esplizitua dator (har(en(gatik/bera(ren)gatik). Hiztunak badu oraingoan sintagma erlatibatuaren kasua jakiteko bidea, eta perpausaren interpretazioak ez du dudarik uzten. Hala baliatzen diren izenordainez esaten da funtzio erresunptiboa dutela, eta hizkuntza askotan erabiltzen da halako prozedura. Euskararen literatura tradizioak ez die toki handirik eman horrelako izenordain erresunptiboei. Kontuan har erlatibatzeko modu arrunta nekez balia daitekeela zenbait kasutan, eta erresunptiboa baztertuz gero, arras bestela adierazi behar direla gauzak. Nolanahi ere, ohiko bidea ere erabil daiteke askotan izenlagunak erlatibatzean: Berau aren atzean ibili zan gizona (erresunptiboa, Altube) / Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilar-estalgiarekilako liburu handia (erresunptiborik ez, J. Etxepare).

31.4.3.8c Izen sintagma ergatiboek, absolutiboek edo datiboek aditz komunztadura ekartzen baitute, erlatibatzen direnean ere, haien oihartzuna nabari da perpaus erlatiboan: ikusi ditugun haurrak.

Adibide horretan sintagma erlatibatua absolutiboan da. Nahiz isildua den, hari dagokion pluralaren marka ageri du aditzak. Guziz erregularra da jokabide hori, eta oso baliagarria erlatibatzeko zailtasunei aurre egiteko. Konpara ditzagun guraso berak edo idazle bera izendatzeko balia daitezkeen adibide hauek: ?[Semeak gerlara joanak diren] gurasoak; [Semeak gerlara joanak dituzten] gurasoak.

Lehen adibidean, izen sintagma erlatibatua seme izenaren izenlagunari dagokio, eta ez da oso ulerterraza sintagma. Bigarrenean, izen sintagma erlatibatua izen sintagma ergatiboari dagokio, eta guziz naturala da perpaus erlatiboa: ?[Hitz egin dizudan] idazleek / [Aipatu dizkizudan] idazleak. Oso garrantzi handia du puntu honek euskaran. Zenbait kasutan, gainera, numero komunztadurako marka modu irregularrean erabiltzen da izen sintagma erlatibatua aditzean agerrarazteko: Auzokoak direla esan duzun haurrek / Auzokoak direla esan dituzun haurrek. Lehen adibidea eraikuntza erregularrari darraikio; bigarrena, berriz, ez: dituzun aditzean, pluralaren marka sarturik dago, izen sintagma erlatibatuarekin komunztadura eginez.

Komunztadura hori ez da erregularra, esan aditzak dakarren perpaus konpletiboan baita izen sintagma erlatibatua. Erlatibaziorik ez balitz, guziz ezinezkoa litzateke komunztadura horren jokaraztea: *Auzo herrikoak direla esan dituzu. Ordea, irregularra izanagatik, ez da zaila kausitzen halako joskera perpaus erlatibo konplexuetan; besteak beste, sintagma erlatibatua perpaus erlatiboaren barneko perpaus osagarri batean denean: Hartu al dituzu eramateko esan nizun liburuak? / Hartu al dituzu eramateko esan nizkizun liburuak? Kontuan harturik maiztasun ttipikoa dela eraikuntza hori, hobe litzateke zuhurki jokatzea puntu horretan, eta, erregistro jasoan behintzat, adizki erregularrak baliatzea.

31.4.3.8d Izen sintagma erlatibatua leku-denborazko kasu batean denean, zenbait idazlek -(e)ko atzizkia lotzen diote perpaus erlatiboari, nolabait sintagma erlatibatuaren funtzioa eta eremu semantikoa seinalatuz. Lekuari edo —batez ere— denborari dagokionean erabiltzen da bereziki jokabide hau; Zure izanen dela, eta ez eroririk datzaneko lurraren jabearen (Axular). Gaur egun, mendebaldeko eta erdialdeko idazleek bereziki baliatzen dute jokabide hau: Bitarte horretan, Cesar, Veronica egon zeneko mahaira zuzendu eta emakumeak hautsontzian utzitako argazkia hartu zuen (Cano); Ontzia egin zeneko eguneko argazkia delakoan nago (Jimenez).

31.4.3.9. Ardatzaren nolakotasuna

31.4.3.9a Izenordain asko edo gehienak izan daitezke, izenak bezalatsu, perpaus erlatiboen izen sintagmaren ardatz: ekarri duten hori/horiek/norbaitzuek/zerbait/edozer… Pertsona izenordainak, aldiz, ez dira arruntean perpaus erlatibo baten ardatz izaten ahal: *[Maite zaitudan] zuri emanen dizut. Pertsona izenordainak erlatibatzeko, erakusleak baliatzen dira, pertsona komunztadura atxikiz: Maite zaitudan (lagun jator) horri emanen dizut; Nire begiz ikusi dudan (lekuko xalo) honek esaten dizut. Gaur egun, aposizioan erabiltzen dira usuago halakoak, molde honetan: Zuk, hainbeste gauza dakizun (irakurle fin) horrek, egin behar zenuke.

Hala ere, testuingururen batean, ez da ezinezkoa pertsona izenordaina ere —izen bereziak bezalatsu— erreferente aukera baten arteko bat-tzat harturik jokatzea (bidenabar, ia izen arrunt bihurturik orduan): Nitaz, baina zein nitaz? Ni asko ditut eta. [] Lehengo niaz. Hor, bestelako izenlagunak ageri dira, baina garbi dago erlatiboak ere berdin lihoazkeela: Orain arte bizi izan nauten askotariko niez.

31.4.3.9b Hegoaldeko euskalkietan, ahozko mintzairan bereziki, ardatz gisa izenondo bat izanik ere erabiltzen dira erlatiboak. Ohiz kanpoko itzuli markatua da, eredu mailegatu bati jarraikiz, izenondoaren goi maila adierazten duena: Etxea den garestiarekin, ezin izango dut erosi; Zu zaren argia izanda, ulertu egin behar zenuke. Beste itzuli bat erabil daiteke gauza bera adierazteko: Etxea hain garestia izanik…; Zu hain argia izanda

31.4.3.10. Erlatibatzea gertatzen den perpausak zer motatakoak izan daitezkeen

31.4.3.10a Perpaus erlatiboak adierazpenekoak dira beti, baiezkoak edo ezezkoak; ezin izan daitezke galde perpausak, ez eta harridura edo aginte perpausak ere. Halere, zati galderak eraiki daitezke perpaus erlatibo baten osagarri batean oinarriturik: Nor bizi den etxean sartu da polizia? Noiz ikusi duzun filmaz mintzo zara? Nork eman zizun liburua galdu duzu? Hiru adibide horietan galdera izenordaina perpaus erlatiboaren barneko osagarri bati dagokio. Hargatik, perpaus erlatiboa bera ez da galderazkoa, perpaus osoa estaltzen baitu galderak. Hots, orokorki izenlagunei dagokien jokabidea kausitzen dugu orduan: Zenbat etxetako jendeekin mintzatu zara?

31.4.3.10b Gaur egun euskalki gehienetan adizkera sintetikoen ondoan izan edo *edun aditz laguntzaileak aurkitzen ditugu perpaus erlatiboetan, bai eta *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere ahalezkoak edo baldintzazko ondoriozkoak direlarik. Halere, mendebaleko euskalkietan (eta bestetan ere lehenago) perpaus erlatiboko adizkera jokatua *edin edo *ezan izan daiteke ahalezkoa edo baldintzazkoa izan gabe: Eztio bat ere [gertha dakion] egitekok kalterik eginen batere bekhaturik ez duenari (Axular); [Emakume hari pozgarri ekiozan] berbak esaten (Erkiaga); [Entzun dagian]ari dantzan eragiteko txilibitua (Azkue). Erlatibo subjuntiboak, halere, aski markatuak dira gaurko euskaran, mendebaldeko testuetan ere. Hori besterik izan arren, lehenago erran dugun bezala, ez da arazorik, berriz, perpaus subjuntiboak osagarri direnean haien barneko izen sintagma baten erlatibatzeko; kasu horretan, gaineko aditzak dio erlatiboari abiapuntua ematen, eta bestelakoa da egitura: [[Lehen baino lehen buka dezazun] nahi nukeen] lana.

31.4.3.11. Perpaus erlatiboen metatzea

31.4.3.11a Izen ardatz batek perpaus erlatibo bat baino gehiago har dezake izenlagun gisa. Hori perpaus erlatiboak juntatuz gerta daiteke, noski, beste izenlagunak bezala juntatzen ahal baitira perpaus erlatiboak: [S. Joanek Sardonix deitzen dion] arri [zuri gorritara ematen duan] bat (Agirre Asteasukoa). Alde bakarrean emanez ere meta daitezke perpaus erlatiboak juntadurarik gabe: [Orok maite dugun] [mesede handiak egin dizkigun] lagun batek esan du.

Halere, aski pisuak gertatzen dira horrelako eraikuntzak, eta gutitan kausitzen dugu, juntadurarik gabe bereziki, bizpahiru perpaus erlatibok baino gehiagok laguntzen duen ardatzik. [Sortzerik ukan ez duen] [ezeztatzerik onets ez dezokegun], bere baitharikako norbeit (J. Etxepare); [Eskualduna derizan] [orok dakiten] berrikarian (J. Etxepare). Erlatiboak ardatzaren eskuinean direnean ere egin daitezke metatzeak: […] izei luze mehar, [osto ala adarrak hain usu dituzten], [frantsesez cyprès deitzen dituzten]ak (J. Etxepare).

31.4.3.11b Perpaus erlatiboen barneko izen sintagmek berek ere izan ditzakete erlatiboak beren barnean, modu horretan erlatiboak pilatzen direlarik, hala nola ondoko adibidean: [[Roland zenaren lagun hoberenetarik zonbait ehortziak izan ziren] tokiaren gainean eraikirik dagon] kapera komentuari (J. Etxepare); [[Gainean jartzen zitzaizkion] emaztekiak amageitzen zituen] harri aipatua (J. Etxepare).

Haatik, esan beharra dago hemen ere, gramatikak eskaintzen dituen ahalen eta hiztunek egiazki beren jardunbide arruntean dituztenen artean alde handia badela, eta literaturan gutitan aurkitzen direla molde horretan bi erlatibo baino gehiago pilatzen dituzten sintagmak, non ez den hizkuntzaren joko gisa hain zuzen. Halako jokoetarik kanpo gertatzen denean, oso itzuli markatuetan kausitzen da: O! Jesus inozentia! [[[Pensa daitezken] nekerik andienekin ekarri duzun] gurutzian kruzifikaturik arkitzen zaren] gure Jaun soberanoa! (Calvariotaco Estacioac). Idazleek, eta itzultzaileek bereziki, gogoan izan behar dituzte perpaus erlatiboen pilatzean gertatzen diren zailtasun horiek, bestelako hizkuntzetan, erlatiboak eskuinetik txertatzen dituztenetan bereziki, ez baitira modu berean antolatzen eta irakurtzen aditzaren ondotik datozenean.

31.4.3.12. Perpaus erlatibo subjektiboak (-lako)

31.4.3.12a Ekialdeko zenbait euskalkitan perpaus erlatibo subjektiboak deitu izan diren perpausak ere baliatzen dira. Hona adibide bat (perpaus erlatibo subjektiboa azpimarratua da): Ez da egundaino izan, ez eta izanen etsairik gabeko gizonik. Ezen etsairik ez duelako hura ez da gizona. Oilo busti bat da hura (Hiriart-Urruti). Ohiko moduan emanez, honela geldi liteke aurreko adibidea: Etsairik ez duela dioen gizona.

31.4.3.12b Perpaus erlatibo subjektiboetan sintagma erlatibatua adierazpenezko perpaus osagarri batean sartua da, eta horregatik agertzen da -ela atzizkia perpaus horri dagokion aditzaren hondarrean. Maizenik, horrelakoetan perpaus osagarria ekarri duen aditza agerian da, eta hari lotzen zaio -(e)n menderagailua, gorago ikusi bezala; ordea, aditz hura isiltzen bada, -ko lotu behar zaio perpaus osagarriari, ardatzaren izenlagun izan ahal dadin. Hona Hiriart-Urrutiren idatzietan bildu beste adibide bat: Gure herriaren ikhustera bere begiz; eta bere beharriz aditzera bertze nihon ez delako mintzaire hura.

31.4.3.13. Izen ardatza isildurik daukaten perpaus erlatiboak

31.4.3.13a Perpaus erlatiboak izen ardatzik gabe agertzen dira batzuetan, hala nola ondoko adibidean: Patxiren liburuak, eta [zuk idatzi dituzun]ak, ez zaizkio gustatzen [umorerik ez duen]ari. Perpaus horretan bi erlatibo dira ardatzik (agerian bederen) ez dutenak beren ondotik. Batean, izen ardatza liburu da, baina izen hori aurretik aipatua baita, ezabaturik gelditu da perpaus erlatiboaren ondoren.

31.4.3.13b Beste erlatiboaren ondoren, berriz ([umorerik ez duen]ari), ez dirudi ingurumenak ekarritako izen ezabaketarik izan den. Ikus dezakegu, beraz, ardatzik eza bi modutan agertzen dela perpaus erlatiboen ondoren; batzuetan, ingurumenak ekartzen du; beste batzuetan, aldiz, ez. Bestalde, perpaus erlatiboak, beste sintagma adjektibalak bezala, predikatu osagarri gisa eta aposizioan ere erabiltzen baitira, behako bat emanen diegu mota horretako ardatzik gabeko erlatiboei ere.

31.4.3.13c Esana dugu perpaus erlatiboak sintagma adjektibalak direla. Sintagma horien ezaugarria da izen baten ez errepikatzeko ardatza ezabatzen denean ere sintagmak osa daitezkeela: Baionako etxeak ttipiago dira [Bilbokoak] baino; Haur prestuek nota hobeak dituzte [bihurriek] baino. Adibide horietan, izenlaguna (Bilbokoak) eta izenondoa (bihurriek) ardatzik gabe agertzen zaizkigu; inguruan den izen batek esaten digu zein den ardatz hori: etxe eta haur, hurrenez hurren. Erlatiboetan ere gauza bera dugu: Gutxi ikasten duten ikasleek nota txarragoak dituzte [asko ikasten dutenek] baino. Isildutako izen ardatzari erreferentzia ematen dion izenari aurrekaria esanen diogu hemendik goiti. Esan gabe doa, testuinguru zabalagoetan ere gerta daitezke halako isiltzeak, eta aurrekariak ez duela zertan perpaus berean ager: Istorio tristeak kontatzen dituzten liburuak ez zaizkit gustatzen. Zuk zer diozu izutzeko ipuinak kontatzen dituztenez? Adibide horretan, ezabaturik dagoen liburu izena da izutzeko ipuinak kontatzen dituztenez sintagmaren ardatza, aurreko perpausean dago haren aurrekaria. Halako perpausetan erlatiboari lotzen zaion determinatzailea, artikulua ez ezik, erakuslea edo bat edo batzuk bezalako bat izan daiteke, bai eta zenbatzaile bat ere: Nik erosi ditudan bi liburu, eta [[zuk ekarri dituzun] beste hiru] hartu dituzte; Patxiren liburua, eta [[zuk ekarri didazun] hura] ere hartu ditut. Halako perpaus erlatiboek ez dute gramatikaren aldetik arazorik sortzen, ardatza dutenen ezaugarri berak baitituzte.

31.4.3.13d Aurreko atalean ikusi perpaus erlatiboetan interpretazioa testu ingurumenak ematen zuen, aurrekari bat baitzuen ardatz ezabatuak lehenagotik aipatua. Ardatzik gabe agertzen diren perpaus erlatibo guztiak ez dira halakoak: Ahal duenak jaten du. Adibide horretan, ezin esan dezakegu aurrean dagoen edo testuinguruan aipaturik dagoen aurrekari batek gorputz eman diezaiokeela perpaus erlatiboaren ardatz isilduari. Hargatik, ez dugu arazorik perpaus hau ulertzeko, batere solas edo testu ingurumenik gabe ere. Interpretatzerakoan, ingurumen lexikalaren eta sintaktikoaren arabera, ohiko balio eta ezaugarriak ematen zaizkio isildurik dagoen ardatzari, balio kanoniko bat. Guk erlatibo generikoak esanen diegu gisa horretako izen sintagma bati gorputz ematen dioten perpausei. Halakoek berebiziko garrantzia dute euskaran, maiz eta maiz erabiltzen baititugu. Dakienak esan beza!; A, dakizkizunak banekizki! Gutiz gehienetan artikuluarekin agertzen badira, bestelako determinatzaileak ere onar ditzakete erlatibo generikoek (bat, batzuk, oro…): Dakien batek esan dezala!; Izena duen orok ba omen du izana; Bizirik utzi zuen orduan, bainan soinekoetaraino zituen guziak ebatsi (Zerbitzari). Partitiboa ere maiz erabiltzen da halako erlatiboetan: Gertatzen ez denik ez da; Zerorrek zure begiz ikusi ez duzunik ez aipa.

Superlatibo erlatiboa deitu ohi den -(e)n atzizki graduatzailea partitiboan den izen sintagma batekin erabiltzen denean, izan edo gisako izate-aditza duen perpaus erlatibo batek lagun dezake hura: (Den) gizonik handiena; Inon den urik handiena itsasoa da. Batzuetan, zuzenean lotzen zaio partitiboa perpaus erlatiboari, esapide berezia osaturik: Denik (eta) ederrena.

Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatibo generikoek badute ardatza agerian dutenek ez duten berezitasun formal bat: artikuluarekin agertzen direnean, haien barneko osagairen bat artikuluaren eskuinean ager daiteke, haren segidan: [Andaluztarrak ixil-mixil esan dautsona markiñarrari] (Agirre); [Haurreki dena eziten], ezta bere mantarra xahurik ieikiten (Oihenart); Zuk esan biar etzenduban, ondo azija bazengoz, [esan deustazuna aurkez aurke, edo neure musu garbijetan] (Mogel). Halako joskera, hala ere, ahozko hizketa bizian edo neurtitzen bortxaz ageri da gehienbat, eta ez da gomendagarri oro har.

31.4.3.13e Ardatzik gabeko perpaus erlatibo generikoetan are gogorrago gertatzen dira erlatibatze eskalari dagozkion zailtasunak: esan daiteke egiturazko kasuetan doazen sintagmak bereziki erlatiba daitezkeela, eta oroz gainetik subjektuak, objektu zuzenak, eta osagarri datiboak: Behin ebatsi duenak bitan ebats dezake; Biziko denak ikusiko du; Ikusten dudanaz mintzo naiz; Sagarrak gustatzen ez zaizkionik ez da. Barka biezadate gezurra erran diedanek. Beste kasuetan, ordea, erlatibakuntza ezinezkoa da: *Bizi naizena ederra da; *Joaten naizena urrun da. Gisa horretako aurrekaririk gabeko perpaus adberbial generikorik ez daiteke era. Halako tokizko adizlagunak modu horretan erlatibatzean gertatzen den ezintasunaren gainditzeko, izen generiko bat ematen da ardatz gisa. Toki-kasuetan leku hitza erabiltzen da maiz ardatz gisa: Bada kastitatea begiratu nahi duenak eztu dantzatu ere behar, eta ez [soiñuak diren] lekhura joan (Axular); [Arnoa den] lekhuan da haragiaren desira desordenatua (Axular); Ura da [neke eta pena guziak onaren kutsurik gabe arkitzen diren] lekua (Agirre Asteasukoa). Gauza bera gertatzen da perpaus adberbiala moduari dagokionean. Ardatzik gabe perpausa gaizki eratua da; ardatz gisa, berriz, kontzeptua adierazten duen izen bat baliatzen da, hala nola modu: *Hitz egiten duzunak harritzen nau; [Hitz egiten duzun] moduak harritzen nau. Denbora adierazten duten perpausak salbuespen dira alde horretarik izen ardatz agerikorik gabe ere beren balioa hartzen baitute: Lagunak etorri zirenean gertatu zen. Hori dela eta, aparte aztertuko ditugu gramatika honetan (ikus 35. eta 36. kapituluak).

31.4.3.13f Perpaus erlatiboak, beste sintagma adjektibalak bezalaxe, predikatu osagarri izan daitezke: Haur horiek [ondoko eskolakoak] dira; Langile hauek [aipatu nizkizunak] dira. Kontuan har bedi perpaus erlatiboan subjektua (langile hauek) nahitaez perpaus erlatiboaren izen sintagma erlatibatuari dagokiola.

Zenbaitetan galdegai baten seinalatzeko baliatzen da egitura hori: Hango mintzaira da hobekienik dakidana; Maddalen da lan hori egin behar lukeena. Adibide horien pareko lirateke hauek erlatibakuntzarik gabeko direnak: Maddalenek egin behar luke lan hori / Maddalenek luke lan hori egin behar; Hango mintzaira dakit hobekienik. Badirudi halako itzulietan markatuago dela erlatibatze eskala. Halere, zailago izanagatik ere haietan izen sintagma erlatibatua kasu adberbial batean izatea, ezin esan predikatu osagarri diren molde horretako erlatiboak alde bat ezin onartuzkoak direla: Hau da ni bizi naizen etxea; Hango etxea da ni bizi naizena. Hura omen da datorren urtean joango zaren herria / (?)Herri hura omen da datorren urtean joango zarena.

Izen sintagma subjektua galdera izenordaina denean, predikatu osagarria den perpaus erlatiboa partitiboan joan daiteke: Nor da […] zordun eta obligatu ez zaizunik, behartu eta enplegatu ez zaituenik? Eta baliatu ez zaitzanik (Axular); Nor da, eskolarik gabe liburu bat eginen duenik? (J. Etxepare).

Predikatu osagarriari dagokion subjektua lehen edo bigarren pertsonakoa denean, zilegi da perpaus erlatiboko adizkian araberako komunztadura agerraraztea: Ni naiz lan hori egin behar nukeena; Zu zara zere buruba ezin erremediatu zenezakena; Baña ni naz gizon baketsuba, eruapen andikua, dongaro enzun arren ez dakidana dongaric egiten (Mogel). Halako komunztadura hau ardatza agerian duten predikatu osagarrietan ere gertatzen ahal da: Ni naiz zurekin konfesatu naizen emakume ura (Agirre Asteasukoa).

31.4.3.14. Perpaus erlatibo arruntak aposizioan

31.4.3.14a Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatiboak aposizioan ere erabil daitezke. Aposizioan diren sintagmek ez ohi dute ageriko ardatzik, baina aurretik aipatua den izen sintagma bati buruz zuzenduak dira, eta, alde horretarik, aurretik kanpoko ardatza badutela esan daiteke. Horregatik horrela (kanpoko ardatza) esanen diogu hemen perpaus apositiboaren ezkerrean agertzen den izen sintagmari.

Garrantzi handia dute gisa horretako aposizioko perpaus erlatiboek, euskaran maiz eta maiz erabiltzen baitituzte idazleek: Gizon hura, askotan gure aitarekin mintzatzen zena, oso handia zen. Adibide horretan, aposizioan den perpaus erlatiboak ez du ardatzik, baina ezkerrean den gizon hura sintagma kanpoko ardatzari dagokio, eta erreferente bera adierazten dute aurrekariak eta aposizioak (gizon hura = askotan gure aitarekin mintzatzen zena). Aposizioan den halako perpaus erlatiboa hurbiletik darraikio kanpoko ardatzari, eta kasu komunztadura jokarazten da orduan bi sintagmen artean (EGLU-I: 312): Zuhaitz ttipiak, [oraiño errorik eztutenak], ezin athera ditzakezu (Axular); Bake handia du konzientzia onak, [Iainkoaren lege sainduari darraikanak] (Axular); Zoazte […] su eternalera, [akhabatuko ez denera] (Axular). Halako aposizio motan, kasu marka nahiz postposizio bera daramate aurrekariak eta aposizioak. Izenlagunek ere har ditzakete aposiziozko erlatiboak: Jende gazte arinen, [zentzuz baino zangoz fidago direnen] ofizioa da dantza (Axular). Zenbaitetan, ahozko euskaran bereziki, absolutiboaren hondarkia ageri da aposiziozko perpaus erlatiboan, kanpoko ardatza beste kasu batean delarik: Zure lagunarekin mintzatu naiz, [*hain atsegin dena]. Jokabide hori, tradizioaren eta erabilera guztiz nagusiaren aurka baitoa, ez da gomendatzekoa.

31.4.3.14b Batzuetan, kanpoko ardatza zehaztugabea denean bereziki, eta absolutiboan betiere, aposizioan den perpaus erlatiboa kanpoko ardatzetik bereiz ager daiteke, perpaus matrizearen bukaeran. Horrelakoetan, aditza ager daiteke kanpoko ardatzaren eta perpaus bukaeran den perpaus erlatibo apositiboaren artean. Gizon batzuk etorri ziren [aspaldi ikusi ez nituenak]. Adibide horretan, gizon batzuk da kanpoko ardatza, baina aposiziozko erlatiboa ez da haren ondo-ondoan agertzen, baizik eta perpausaren bukaeran, kanpoko ardatzaren ondotik aditza kausitzen delarik. Perpaus horiei aposiziozko perpaus erlatibo gibeleratuak erranen diegu hemen. Egitura horretako perpausak aposiziozko perpaus erlatiboak izanki, artikulua hartzen dute hondarkian, edo partitiboa: Debru franko badela [saindu itxura hartzen duenik] (J. B. Elizanburu); Hainbertze lan mota baitauka lurrak, [begi ala eskuak hain xuxen jarraikitzea galdatzen dutenak] (J. Etxepare).

Gaurko euskara mintzatuan, ordea, honako entzuten da zenbaitetan: *Lagun batzuk etorri ziren [ez nituela aspaldi ikusi]. Hor, bukaerako perpausa ez da perpaus erlatiboa, baina -(e)la perpausa; horrelako erabilerarik ez du atzizki horrek euskal literaturaren tradizioan, eta horregatik gaitzesten dugu. Halakoen ordez, aposiziozko perpaus erlatiboak erabil daitezke, edota, Iparraldean bezala, bait- aurrizkia duten perpausak (§ 31.4.5): Lagun batzuk etorri ziren(,) [aspaldi ikusi ez nituenak]; Lagun batzuk etorri ziren(,) [(zeinak) ez bainituen aspaldi ikusi].

Perpaus erlatibo gibeleratua ez da erabiltzen ahal absolutiboaz beste kasuetan edo postposizioekin: *Gizon batek hitz egin zidan ongi ezagutzen duzunak; *Gizon bati mintzatu nintzaion ongi ezagutzen duzunari; *Etxe batean bizi zen, leihorik ez zuenean.

31.4.3.14c Aurreko lerroaldian adieraziak kontuan hartuz, esan dezakegu kanpoko ardatz batek aposiziozko erlatibo perpaus gibeleratu bat hartzeko, edo absolutiboan edo partitiboan izan behar duela.

Euskara mintzatuan, halere, gertatzen da batzuetan bestelakorik. Orduan, kanpoko ardatzaren eta aposizioaren arteko kasu konkordantzia hautsirik gelditzen da: [Gizon batekin] hitz eginen dut [kontu horiek ongi ezagutzen dituena]; [Herri batera] heldu nintzen [batere ezagutzen ez nuena]. Jokabide hori ez darraio tradizioari, eta ez dugu gomendatzen.

31.4.3.14d Aposizioan diren perpaus erlatiboetan, ardatzik gabeko beste perpaus erlatiboetan gertatzen den bezala, gogortzenago dira zailtasunak erlatibatze eskalan. Halere, kanpoko ardatzik gabeko perpaus erlatibo generikoei konparatuz, murrizketa ez da hain gogorra: Ba ote da bazter bat ez naizena izan? (Villasante); Ethorriko da denbora (= denbora bat), deabruak laguntzarik eginen ezterakuna (Axular). Adibideak adibide, aski zail da horrelako erlatibo aposatuen erabiltzea, zenbait hiztunentzat bereziki. Horregatik menturaz, erresunptiboen (ikus § 31.4.3.8b) baliatzeko joera handiagoa izaten da aposizioan diren erlatiboetan, izen sintagma erlatibatua adizlaguna denean bereziki: Barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok arekin jayotzen gerana] (Agirre Asteasukoa). Erresunptiborik gabe ezin ulertuzkoa litzateke perpaus erlatibo aposatua: *Barkatu zizun bekatu jatorrizko, edo originala, [guziok jaiotzen gerana].

31.4.3.15. Ardatz agerikorik gabeko perpaus erlatibo subjektiboak

Perpaus erlatibo subjektiboak (§ 31.4.3.12) ere ager daitezke ondotik ardatz agerikorik izan gabe: edo ardatz horren erreferentzia testuinguruak emanik, edo kanonikoa izanik. Maizenik izan loturazkoa da aditza eta izen sintagma subjektua erlatibatua: Hila zelakoari laguna heldu zaio (Zaldubi); Orzaizen, ez nehon, ez da bat, haren etsai zirelakoetan, gizon agertzeko on denik (Hiriart-Urruti).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper