Kokapena:
Sintagma adjektibalek, bada, lotura semantiko nabaria dute, azalean zein sakonean, perpaus batekin (proposizio batekin), eta horregatik aitortzen zaie predikazio bat dakartela berekin. Zein bere atalean aztertu ditugu sintagma adjektibal horietatik gehienak: adjektibo edo izenondoak (ikus 14. kapitulua), genitiboa (§ 18.6), postposizio sintagmak (ikus 19. eta 20. kapituluak), -tzeko perpaus osagarri (§ 30.7.2.1) nahiz helburuzkoak (§ 37.4). Geratzen zaizkigunak, hala, bi egitura dira nagusiki: gainerakoen oinarri modukotzat jo dugun perpaus jokatuzko sintagma adjektibala (perpaus+-n: josi duzun), eta haren bertsio jokatu gabea, partizipioa oinarri duena (partizipio+-ta+-ko: jositako). Horiek ditugu, zenbait aldaerarekin batera, perpaus erlatibo arruntak, hemen bereziki aztergai ditugunak.