Euskararen Gramatika

28.1. Sarrera: mota bereko osagaien juntadura


Kokapena:

28.1. Sarrera: mota bereko osagaien juntadura

28.1.1. Maila bereko sintagmak elkartzen dira

28.1.1a Aurreko ataletan ikusi den bezala, hizkuntzan gehienetan buru edo ardatz batzuen inguruan biltzen dira elementu desberdinak, buru horien eraginpean, eta nolabait esateko, mendekotasun erlazioekin (ikus 2. kapitulua). Egitura sintaktikoan ere badu horrek eragina. Baina mota bereko osagaiak elkartzeko aukera ere ematen digu hizkuntzak, eta orduan elementu horiek maila berean gelditzen dira. Juntaduraren bidez gauzatzen da aukera hori. Esate baterako, ondorengo adibideetan kategoria bereko elementuak azaltzen zaizkigu elkarturik: izenak (Josu eta Miren), adjektiboak (aktore gazte eta indartsu asko), determinatzaileak (hiru edo lau katu), adberbioak (ez dakigu ondo edo gaizki aterako den), aditzak (arropak garbitu eta lisatu ditut).

Baina kategoria lexikoak baino handiagoko elementuak ere bil daitezke juntaduraren bidez: perpausak (Arantxarekin mendira joan naiz eta Josu etxean geratu da), sintagmak (Adinekoentzat eta haur txikientzat ondo etorriko da) edo bestelako osagaiak ere (Pirinioetako gailur garai eta haran ezkutuak maite zituen) elkar daitezke juntaduraren bidez. Eta esan bezala, era honetan elkartzen diren elementuen artean ez da egiturazko hierarkiarik ezartzen, eta sortzen den baturak elementu bakoitzak perpausean izango lukeen funtzio sintaktiko bera izaten du.

28.1.1b Elkarketa mota honi juntagailuek ematen diote bidea: juntagailuen alde banatan kokatzen dira juntagaiak. Nolanahi ere, juntagailuen definizio positiborik nekez aurkituko dugu gramatiketan. Beti aipatzen da mota bereko elementuak elkartzen dituzten elementuak direla eta juntagaiak egitura sintaktikoan maila berean geratzen direla. Horrez gain, inguruko hizkuntzetan ere distribuzio irizpidea erabili ohi da juntagailuak zedarritzeko unean: A xy B baldin badugu, A eta B mota bereko elementuak izanik, orduan x eta y, biak ezin dira juntagailu izan. Beste hitz batzuetan esateko, bi juntagailu ezin daitezkeela bata bestearen jarraian joan (Jon etxera joan da eta *baina/aldiz Mirenek erosketak egingo ditu): eta eta baina biak dira juntagailu, eta ezin dira bata bestearen jarraian joan; baina aldiz ez da juntagailua, eta orduan, juntagailu baten jarraian joan daiteke.

28.1.2. Juntadura mota desberdinak

28.1.2a Juntadura mota desberdinak bereizi ohi dira. Juntagailuak esanahi semantiko abstraktua duten elementuak dira, eta erabiltzen den juntagailuaren arabera, juntagaien artean lotura semantiko abstraktu desberdina ezartzen da. Lotura semantiko horien arabera sailkatu ohi dira juntadura mota desberdinak. Batzuetan, bi juntagaien arteko emendio edo gehiketa soila bideratzen da: Jon afaltzera etorri da eta Josu lanera joan da. Emendiozko juntadura deitzen zaio horrelakoari, eta eta juntagailuaren bidez gauzatu ohi da; eta horrez gain, badira balio bera ematen duten emendiozko esamoldeak ere (ez ezik, ez ezen, ez eze…(ere), ez… bakarrik). Beste batzuetan juntagaien artean era bateko edo besteko hautakaritza adierazten da, juntagaien arteko aukera: mendira joango naiz edo etxean geratuko naiz; juntagailu hautakariak edo, edota eta ala dira. Azkenik, juntagaien artean aurkaritza erlazioa ere ager daiteke (berandu jaiki naiz, baina ordurako iritsi naiz); balio hau ematen duen juntagailu nagusia baina da, eta aurreko sailetan ez bezala, juntagaiak nahitaez predikatuak izaten dira; horrez gain, aurkaritzako juntaduraren barnean batzuetan galdegaiak jartzen dira kontrastean, baizik, baino, baina, ezpada… erabiliz.

28.1.2b Hizkuntzan juntagailurik gabe ere elkar daitezke elementuak, maila berean bata bestearen jarraian emanez. Alborakuntza deitzen zaio horri: Isilik dago, ez daki ezer; Oso argia da Miren, asko daki; Beranduegi da, etxera noa. Adibide hauek berak juntagailua erabiliz ere eman daitezke, baina hizkuntzetan bada aukera bi elementu alboratze hutsez elkartzeko, ageriko juntagailurik gabe. Bereziki perpausekin gertatzen da, baina bestelako elementuekin ere badira era honetako elkarketak: Haurrak, gazteak, helduak, han zeuden.

Alborakuntzaren egitekoa eta juntadurarena parekoak dira: elementuak maila berean elkartzea. Eta alborakuntzak juntadurak bezalako jokabidea azaltzen du elipsirako aukerei dagokienez, banakaritzari dagokionean, edo baita hikako alokutiboaren onargarritasunari dagokionean ere. Juntagailurik gabeko juntadura da, hortaz, labur esateko, alborakuntzak gauzatzen duena. Bestalde, etenaren luzerak lagunduko du jakiten edo adieraziko du bi perpaus askeren aurrean gauden, edo alborakuntza dagoen.

28.1.2c Alborakuntzaren bidez elkartutako perpausetan, batzuetan lokailuak edo diskurtso markatzaileak agertzen dira: Gaur eguraldi ona egingo du; bihar, berriz, euria izango omen da. Baita perpaus-juntaduretan ere: Gaur eguraldi ona egingo du, eta bihar, berriz, euria izango omen da. Diskurtso markatzaileek (ikus 42. kapitulua) aurreko perpausarekiko edo atalekiko lotura egiten dute, diskurtso mailan, eta nozio semantiko batzuk bideratzen dituzte: egituratzaileek informazioa egituratzen dute; lokailuek nozio semantiko batzuk bideratzen dituzte (emendioa, ondoriozkotasuna, aurkaritza…); birformulatzaileek aurreko informazioa zehazten dute, beste modu batera azaldu... eta abar. Aurreko adibideetan, esate baterako, aurkaritzako nozioa azaltzen zaigu, berriz lokailuaren bidez (§ 42.21.3). Alborakuntzaren edo juntaduraren bidez elkartutako bi perpausen arteko loturaren indargarri modukoak dira lokailuak: bestela ere elkartuta edo elkartu gabe daudekeen perpausen arteko erlazioaren ñabarduraren bat aditzera ematen dute. Ohartzen gara, gainera, ñabardura horiek juntagailuek ematen dituztenen antzekoak direla. Ez da kasualitatea: maila honetako perpaus arteko lotura eta, beraz, esanahi-erlazioak, funtsean mota horietara biltzen baitira. Baina ez dira juntagailuen multzo berean sartu behar, ezaugarri desberdinak baitituzte.

Juntagailuen eta diskurtso markatzaileen arteko lehenengo desberdintasuna distribuzio irizpidetik dator. Juntagailuen eginkizuna juntagaiak elkartzea da. Eta ondorioz, ezin daitezke metatu; ezinezkoa da, adibidez, eta eta baina, biak, juntagailu izaki, elkarren ondoan perpaus elkartu batean azaltzea: *Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, baina, asko lagundu diezazukeena. Aldiz, berriz edo ordea, diskurtso markatzaileak, azal daitezke juntagailuei lagunduz: Liburu hau oso atsegina da, eta beste hau, berriz/ordea, asko lagundu diezazukeena. Horrek erakusten digu juntagailuak eta diskurtso markatzaileak elementu mota desberdina direla, eta lagunduko digu elementu bakoitza bere sailean jartzen.

28.1.2d Bestalde, juntagailua, juntatzen dituen osagaien artean kokatzen da, bien juntagunean. Egia da bakarren batek (baizik-ek, adibidez) bere kokagune berezia izan dezakeela. Baina juntagailuak kokagune jakina izango du beti. Diskurtso markatzaileak (DMak), berriz, askoz mugikorrago dira, eta bigarren perpauseko osagaien arten ibil daitezke. Beraz, DM horiek bigarren perpausarekiko, beren perpausarekiko, atxikimendu argia dute.

Horrez gain, eta lehen ere esan dugu, juntagailuak era oso desberdineko elementuak elkartzeko balia ditzakegu (perpausak, sintagmak eta osagai sintaktikoak, hitzak); baina DMek beti perpausen arteko lotura semantikoa bideratzen dute. Esan nahi baita, DMrik ez dugula aurkituko, adibidez, bi izen sintagmaren artean, edo bi izenen artean.

Azkenik, morfologikoki ere desberdin gertatzen dira. DM askoren aditzondo edo adberbio izaera oso nabarmena gertatzen da: morfologiak gehienetan argiro erakusten du aditzondo baten aurrean gaudela: aldiz < aldi+z; beraz < bera+z eta abar. Juntagailuetan nekez aurkituko dugu horrela banatzeko aukerarik edo gardentasunik.

Laburbilduz: juntagailuak eta DMak elementu desberdinak dira. Batzuetan inolako juntagailurik gabe ere ager daiteke DMa, eta bideratzen duen nozio semantikoa izan daiteke juntagailuren batek bideratzen duenaren antzekoa. Baina horrelakoetan ez dago benetako juntadurarik, juntagailuen eta DMen ezaugarriak desberdinak baitira.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper