Euskararen Gramatika

27.5. Hitano alokutiboaren erabilera


27.5. Hitano alokutiboaren erabilera

27.5a Kontu bat da alokutiboa erabiltzen den edo ez. Beste bat, non erabiltzen den. Hirugarren kontua da nola erabiltzen den. Eta nola horretan bi gauza bereizi behar dira: noiz erabiltzen den (markatua denez, ezin da nolanahi eta nonahi erabili) eta nolakoak diren adizkiak (hauek ere euskalki batetik bestera bereizten direnez gero). Nola horretaz esango dugu hemen zerbait, alde batera utzirik oraingoz adizkiak nolakoak diren. Hemen hitanora mugatuko gara, hori baita alokutiborik erabiliena.

Argi eta garbi azpimarratu behar da, dagoeneko esana bada ere, testuinguru berezia eskatzen duela hitanoaren erabilerak: konfiantza eskatzen du; lagunartekotasuna; taldean erabiltzen bada erabiltzailea beti bati bakarrik zuzendu behar zaio, ez talde osoari; testuinguru berezia behar duenez, ekitaldi ospetsu batean ez dirudi oso egokia alokutiboa erabiltzea; irratian edo telebistan, esatari ofizialak ez dirudi alokutiboa erabili behar lukeenik eguraldia emateko eta berriak komentatzeko… Baina batzuetan egia da ez dela erraza debekuaren markak ongi zedarritzea.

27.5b Ereduak eskaintzen dituen aukera guztiez baliatu nahi izanez gero, behin alokutiboa aukeraturik, badirudi egoera adierazgarriena litzatekeela gizon-andreek elkarren artean (andreak-gizonak; andreak-andreak) beti hitanoa erabiltzea. Baina egoera hori da gutxien erabiltzen dena, eta ez dakigu historian ere zenbateraino erabili izan den horrela, muga gabe. Egia esateko, hori oso toki gutxitan gertatzen da. Ikus dezagun, argibide gisan, kantu ezagun hau:

Oi, Pello, Pello,
logale nauk eta
jinen niza oherat?
-Irun ezan eta,
gero, gero, gero,
Irun ezan eta,
gero, gero bai…

Kantu horrek bikote baten elkarrizketa islatzen du: gizonezkoa da bat, andrea bestea. Hitanoa erabiltzen dute, eta toka (nauk) eta noka (ezan) ageri dira. Baina holako elkarrizketak nekez entzunen ditugu egun eta, entzutekotan ere, toki batzuetara mugaturik daude.

27.5c Aise gehiago entzuten da toka (gizonezkoei zuzendua) noka baino. Horren arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke. Lehenbizikoa, genero desberdintasuna: gizonak andreak baino pisu eta botere gehiago izan duenez historian, joera izan daiteke gizonezkoen hizkera maizago erabiltzekoa andrezkoena baino. Honek hari errespetua (edo beldurra) zor, ematen du, eta ezin nolanahi hartu gizonek hain erraz har dezaketen hizkuntza “askatasun” hori. Botere kontua, beraz. Gerta liteke hori izatea arrazoi nagusia. Baina ezin da izan ezinbestean hori arrazoi bakarra, ez dugu daturik aski hori hala dela besterik gabe baieztatzeko. Beharbada, hizkuntzek korapilo eta sigi-saga anitz dituztenez (ez nahitaez beti boterearekin lotuak), gerta liteke, besterik gabe, hizkera mota hori, eredu hori, gizonezkoen artean gehiago garatzea. Ez dakigu: kontua da gizonezkoen marka maizago ageri dela. Ondoko kantu honetan ikusten da hori:

Ituringo arotza, Erramun Joakin,

asarre omen zaude zeren degun jakin.

Santurik ez laiteke fiatu zurekin:

San Kristobal urtuta joaliak egin.

Arotzak erran dio bere andreari:

- Urtu behar dinagu, ekarran santu hori!

- Gizona nora zoaz, bekatu da hori!

- Etzionagu erranen sekulan nihori.

Senar-emazteen arteko elkarrizketa horretan, gizonak hika egiten dio andreari (dinagu, ekarran, ez zionagu), baina andreak, ordea, zuka senarrari (zaude, laiteke, zoaz, da). Egoera hori maizago ikusi izan dugu. Kasu bakan batzuetan ikusi izan dugu ere senar-emaztegaiek hitanoa erabiltzea ezkondu arte, eta gero zukara pasatzea. Baina horiek kontu zaharrak dira.

27.5d Nagusiaren eta etxeko mutilaren artean gertatzen den elkarrizketa honetan antzeko zerbait gertatzen da:

Haika mutil, jaiki hadi,
argia den mira hadi!
– Bai nagusia, argia da,
gure oilarra kanpoan da

Nagusiak hika egiten dio mutilari (hadi), baina honek nagusiari zuka, alokutiboa erabili gabe (da).

27.5e Jakina, bikotekideek eta anai-arrebek ez diote anitzetan elkarri hitano osoz (toka-noka), edo zatikakoaz (noka) egiten. Eta kontua ez da oraingoa, Urtsuko kantu zaharrak erakusten duen gisan:

Goiti zazu burua,
ene arreba Juana.
Eztezaket goratu,
anai Batista jauna.

Izorra omen zara,
ene arreba Juana.
Zertan zagutzen nauzu,
nere anaia jauna?

Batista eta Juana, anai-arrebak, ari dira hizketan, eta ez da hor alokutiboaren arrastorik, nahiz eta garai hartan hitanoa aski arrunta izan Baztanen.

27.5f Batzuetan, testuetan ikusten denez, egileak hika harturik adizki alokutiboan toka bakarrik hautatzen du beti, balio generiko bezala, nahiz bera zuzentzen zaion solaskidea gizona edo andrea izan daitekeen. Ez da oraingoa, B. Etxeparek hala egiten zuen XVI. mendean:

Euskara, jalgi hadi mundura!
Lengoajetan ohi hintzan
estimatze gutitan
;
orai aldiz hik behar duk
ohorea orotan.

Hor hadi eta hintzan ageri dira, hikakoak, baina alokutiboan duk aukeratu du, eta ez dun. Egoera arrunta da hori: berez hitanoa markatua bada, hitanoaren barnean noka markatuagoa da toka baino.

Kantu hau ere aski ezaguna dugu. Euskaldun guztiak gizonezkotzat jotzen dira (kantazak, eta ez kantazan) kantu honetan ere:

Kantazak euskalduna,
Kantazak hire herria!
Kantazak euskalduna,

Hire aberria!

27.5g Pertsona ez den zerbaiti, normalean, hika egiten zaio: animaliei, gauzei, landareei… Hona hemen Lauaxetaren adibide bat: Bide luzez lagun izan haut baina hire keinurik baratzean ez zegok. Hor zegon esaten ahal zuen, baina zegok hautatu du. Bistan da toka eta noka asimetrikoak direla alde horretatik, eta horrek ere bultzatzen du nokaren erabilera gero eta ahulagoa izatea.

27.5h Beraz, toka arruntagoa da noka baino, maizago entzuten da hitano alokutiboa gizonen artean (toka), andreek-andreekin edo gizonek-andreekin erabili behar luketen noka baino. Zeren, noski, noka ez da nesken arteko kontua bakarrik: neskei hitz egiten zaienean, hitz egiten duena gizona nahiz andrea izan, noka egin behar zaie. Azken urteetan hiztun batzuek toka hautatzen dute andreei ere egiteko, hola ikasi dutelako edo hobeki egiten ez dakitelako, baina hori ez da batere egokia eta indartu egiten du, gainera, gizonen hizkera ereduaren pisua harremanetan, nahastea sortuz.

27.5i Honetaz arduratu direnek diotenez, andreek ere bere buruarekin ari direnean, barne-elkarrizketan, toka erabiltzen dute (Rey 2013). Hau da, andrea eguneroko jardueran ohitua bada toka eta nokarekin, bere buruarekin ari bada, eta zerbait pentsatzen badu eta horrekin bakarrizketan ari bada, toka erabiliko du. Reyk berak ematen ditu adibide batzuk: “Odolusten ari nauk, noski!”, pentsatu nuen. Pentsatzen duena Amaia Salazar izeneko inspektorea da, eta bere buruaz ari da, bistan denez. Barne-elkarrizketa da hori, nolabait esateko.

Baina bakarrizketa horretan, hiztuna, nolabait esateko, bitan banatzen bada, nolabaiteko proiekzioa egiten badu, orduan noka erabiliko da. Adibide bat jarriko dugu. Argiago ikusteko zuka erabiliko dugu lehenik, hobeki ulertzeko. Karrikan pasaietan ari garela, ustez ezaguna den norbait hurbiltzen dela ikusten dugu. Eta ohartzen gara ez dabilela ongi, ziroka ikusten dugu, alde batetik bestera: “Eroriko da azkenean!”. Holako zerbait pentsatzea arrunta da. Bada, hor alokutiboa ere erabil daiteke. Baina kontua da, andrea nahiz gizonezkoa izan karrikan heldu dena, andrea nahiz gizona izan pentsatzen duena, holakoetan toka erabiltzen dela: “Eroriko duk azkenean!”. Holakoa da goiko odolusten ari nauk hori ere, pentsatzen duena andrea bada ere.

Baina, bitan banatze hori gertatzen bada, gauzak aldatzen dira. Jo dezagun ikuslearen izena Maite dela. Pentsamenduarekin aurrera segituz, Maitek hau pentsa dezake: “Eroriko da azkenean! Maite, horren bila joan beharko duzu!”. Hori esaten dio bere buruari. Bada, hor hitanoa erabiliz gero, noka aukeratuko luke: “Eroriko duk azkenean! Maite, horren bila joan beharko dun!”. Eta hor ageri dira toka (bere buruarekin) eta noka (bere buruari), zein bere tokian erabiliak.

Reyk ere ematen du adibidea, andre inspektorearen buruan hori ere: Horixe, polita, pistola bat. Eta horrek, Amaia, zertarako balio din? Xabier Alberdiren hitzetan (2003)226: “Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea)”.

Hori da orain arteko tradizioa.

226 2003ko urriaren 27an, erabili.eus webgunean.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper