Euskararen Gramatika

27.3. Tratamenduak eta adizki alokutiboak


27.3. Tratamenduak eta adizki alokutiboak

27.3a Hika aukeratuz gero, adizki sistema osoa aldatzen da eta hika erregistro horrek adizki alokutiboak erabiltzea eskatzen du, sistema osorik egokituz. Hau da, Noiz etorriko haiz? galdetuz gero, hizkeraren koherentziak hitanoari dagozkion adizki alokutiboak erabili behar direla agintzen digu: Ni goizean etorriko nauk/n erabili behar dugu, solaskidearen sexua toka (gizon batekin solasean) eta noka (andre batekin solasean) bereiziz. Ezin da, egoera arrunt batean bederen, *Ni goizean etorriko naiz erantzun.

27.3b Baina alokutiboaren adizki horietan, ikusten denez, beste mota bateko komunztadura ageri da. Komunztadura horrek erreferentzia egiten die, jakina, aditzaren argumentuei (ni) baina aditz argumentua ez den beste zerbaiti ere: solaskideari. Holakoetan komunztadura ez-argumentala dela esaten dugu. Euskararen alokutiboa ez da komunztadura argumentala (Oyharçabal 1993), beste mota bateko komunztadura baizik.

Ondoko bi esaldi hauek ere parekoak ditugu: Nik Joni liburuak ekarri dizkiot eta Nik Joni liburuak ekarri zizkioat/zizkionat. Lehenbiziko perpausean komunztadura argumentala (nik – Joni – liburuak) egiten da (dizkiot), baina beste bietan argumentala (nik – Joni – liburuak) eta ez-argumentala (hiri hitz egiten diat: zizkioat, gizonezkoa haiz; zizkionat, emakumezkoa haiz). Komunztadura sistema, kasu hauetan, lau pertsonakoa da (subjektua, osagarri zuzena, zehar-osagarria eta alokutiboa), ez hirukoa, laugarrena argumentala ez bada ere. Hori guztia ageri da aditzaren morfologian225.

27.3c Adizki alokutiboak ezinbestekoak dira hor, behin hika aukeraturik. Eta solaskideak? Esperatzekoa da solaskideak ere maila berean erantzunen duela eta alokutiboa erabiliko duela, hori da egoera arruntena, baina gerta liteke batzuetan solaskide bietako batek adizki arruntak, ez-alokutiboak, erabiltzea, arrazoi desberdinengatik: adina, sexua, errespetua…, batez ere solaskideak, arrazoi bat dela edo bestea, ez baitira gizarte maila berekoak. Hau da, nagusiago den batek hika egin diezaioke gazte bati, edo semeari edo alabari, eta honek hari, aldiz, zuka atxiki. Hori guraso eta seme-alaben artean arrunta da toki batzuetan, semeak edo alabak nekez egingo baitio aitari edo amari hika. Baina kasu markatuak dira horiek, hikak berez alokutiboa eskatzen baitu.

27.3d Tradizioan badira, zernahi gisaz, salbuespen batzuk. Azkuek Euskal Herriaren Yakintza lanean biltzen duen ipuinetako batean badu esaldiren bat (Ongi da, ekarzkik), adibidez. Eta D. Agirrek Auñamendiko Lorean sistematikoki erabiltzen du tratamendu hibrido hori (geroago idatzi zuen Garoan ez bezala): hi haiz, baina hura da (hura duk/duk erabili ordez). Salbuespenak dira eta, segur aski, garai hartako hizkuntza “berritze” nahiaren ondorioak.

Beraz, behin hika hautatuz gero (Noiz etorriko haiz?) erantzunak Ni goizean etorriko nauk eskatuko luke, eta hori izango litzateke erabilera estandarra solaskidea gizonezkoa bada, eta Goizean etorriko naun solaskidea andrea bada. Baina ez *Ni goizean etorriko naiz.

27.3e Laburtuz, bada: eztabadako erregistroak (ni etorri naiz, zu bihar joango zara…) ez du berez alokutiboaren erabilera eskatzen, baina hikako erregistroak (hi etorri haiz), ordea, bai: Zuk joateko asmoa duzu, eta ni ere joango naiz; Hik joateko asmoa duk/n, eta ni ere joango nauk/n (*Hik joateko asmoa duk/n, eta ni ere joango naiz).

27.3f Kontua, hala ere, nahasiagoa da, euskalkien artean desberdintasun handiak gertatzen baitira. Horrela, Iparraldean (Garazitik Zuberoara), adibidez, eztabadako tratamendu erregistroak ere piztu dezake alokutiboaren erabilera. Orduan zukako alokutiboa (edo xukako alokutiboa, xu tratamenduan oinarritua) erabiltzen da, eta eztabadako adizkiek ere markatzen dute solaskidea: Beñat berant joan duzu gaur (= Beñat berant joan da gaur). Eta hori baino erabiliagoa, beharbada, xukako alokutiboa, balio afektiboa duena, eta izenordainean ere xu aldaketa eskatzen duena: Beñat berant joan duxu gaur. Idazleek espresuki aipatu dituzte erabilera hauek: Baxenafarrako eskualde zenbaitetan jendeak mintzatzen dira xuka. Haien artean ere horrek etxekotasun berezi bat du (Larzabal); Garazin bezala, noiz xuka, noiz toka, noiz noka (Lafitte); Ez dut jakiten abadearekin zuka ala berorika egin (Elexpuru).

Hona hemen zuka eta xuka alokutiboen adibide batzuk: Sabaitik beheiti jausten dira lasterka, erranez: —Aita, nonbait su duxu (J. B. Etxepare); Izugarri ilun duxu (J. B. Etxepare); Arimaren jalgitea neke handia duzu (Etxepare); Hau duzu, hau, gauza ederra, erraiten zion amerikanoari (Manezaundi); Euskal Herria duzu anitz maitagarri (Otxalde).

27.3g Beraz, dena laburtzeko, esan dezagun euskararen tratamenduak eta tratamenduek eskatzen duten alokutiboa, adibideak ikusirik, honako hauek direla:

Hitanoa (toka/noka): hi haiz (horrek eskatzen duena: Mattin joan duk (toka); Mattin joan dun (noka)). Alokutiboa ezinbestekoa du.

Eztabada (neutroa): zu zara (horrek eskatzen duena: Mattin joan da), eta horren aldaera bat: xu xira (horrek eskatzen duena: Mattin joan da). Hala ere, zenbait euskalkitan alokutiboa har dezake eztabada erregistroak. Kasu horretan, alokutiboak zuka (Mattin joan duzu) eta xuka (Mattin joan duxu) dira.

Beroriketa: berori da (horrek eskatzen duena: Mattin joan da. Ez du alokutiborik onartzen).

27.3h Aukera horietan guztietan eztabadako erregistroa da hedatuena, eta hori dugu euskalki guztietan erabiltzen dena. Erregistro landuetan (jende aurrean, hezkuntzan, administrazioan eta abar) ezinbestekoa da. Besteak hizkeren araberakoak dira: hitanoa euskalki guztietan ageri da. Edo gaur egun nonbait erabiltzen ez bada ere badira historian zehar haren lekukoak, nahiz eztabadakoak baino erabilera markatuagoa duen eta ez hain hedatua gizartean. Bestetik, forma kontuan harturik, bistan da zu izenordaina, bigarren pertsona singularra adierazteko, hi baino berriagoa dela (ikus § 13.3.2 eta § 13.3.3); zuka eta xuka alokutiboak Iparraldean erabiltzen dira, eta beroriketa ia desagertua da.

27.3i Alokutiboaren erregistroa dela eta, arazo hauek sortzen zaizkigu, ordea:

Zenbat alokutibo sistema ditugu euskaraz? Bakarra, edo alokutiboaren barnean ere sistema bat baino gehiago bereizi behar da?

Badu alokutiboak muga sozialik erabileran, edo hiztunaren hautua da eta gogoa duenean erabil dezake nahi duen gisan? Noiz eta norekin erabiltzen da alokutiboa?

Badu muga sintaktikorik? Adizki arrunt guztiek badute parean alokutiboa? Bada inolako debeku sintaktikorik alokutiboa erabiltzeko?

Zein da aditz alokutiboen morfologia? Nolakoak dira adizki alokutiboak?

225 Hemen aipatzen diren kontu asko Xabier Alberdik egindako lanetatik hartuak dira. Berak ikertu du bereziki euskal alokutiboaren kontua (1986a, 1986b, 1993, 1994, 2008-).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper