Euskararen Gramatika

26.6.1.1.1. Burutugabea


26.6.1.1.1. Burutugabea

26.6.1.1.1a Adizki sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa dira aspektu burutugabearen forma nagusiak. Alabaina, hauez gain perifrasiak ere badaude, ñabardura aspektual zenbait dakartzatenak. Ikus dezagun forma bakoitzaren banaketa zein den.

Adizki sintetikoak gorde dituzten euskalkietan, jokamolde sintetikoa eta analitikoa banaketa osagarrian erabiltzen dira: biek adieraz dezakete ohitura eta maiztasuna; bizkitartean, aspektu puntukaria adizki sintetikoak baizik ez dezake ekar: Pello egunero dator/etortzen da (ohitura); Maddi askotan dabil/ibiltzen da mendian (maiztasuna) vs Pello autoz dator/**etortzen da (puntukaria); Maddi kalean dabil/**ibiltzen da (puntukaria). Haatik, paradigma sintetikoak galduak dituzten euskalkiek adizki analitikora jotzen dute baita aspektu puntukarirako ere; [-t(z)en + izan/*edun] adizkia da forma nagusia, baina hizkera zenbaitek, partizipio burutugabearen ordez, aditzoinari -ki atzizkia gehiturik osatzen den adizki jokatugabea erabiltzen dute aditz zenbaitekin: Pello autoz etortzen da; Maddi kalean ibiltzen da/ibilki da; Haurrak etxera joaten dira/joaki dira. Paradigma sintetikorik ez duten aditzen aspektu puntukaria [-t(z)en + izan/*edun] adizkiaren bidez baizik ez daiteke adieraz euskalki guztietan: Pellok kantatzen du; Maddik komiki bat irakurtzen du.

26.6.1.1.1b Maiztasuna eta ohitura adierazteko, beraz, adizki sintetikoa eta [-t(z)en + izan/*edun] molde analitikoa erabiltzen dira; gehienetan adberbio batek ematen dio adizkiari bere ñabardura aspektuala: Auzoko gatuak askotan dabiltza/ibiltzen dira teilatuaren gainean (askotan, maiztasuna); Auzoko gatuak egunero doaz/joaten dira hiriguneko parkera (egunero, ohitura). Alabaina, ohiturak forma bereizgarriak ere baditu, ohi partikulaz lagunduak. Sintetikoak izan daitezke (Inbaditutako lurraldean inurriak bezala ohi dabiltza zelatariak, K. Zabala; Dimenari doakionez, dakusadanez, bat ohi datoz adimenezko multzoaren atomoetako batean datzan akzidente bat dela esatean, Kintana) edo analitikoak; Ipar Euskal Herrian [-t(z)en + izan/*edun] adizkiarekin erabiltzen da ohi partikula, Hego Euskal Herrian, berriz, [-tu + izan/*edun] adizkiarekin: Usu eta franko egin ohi du izotza terreno eta paraje horietan, Sakanatik aurrera (P. Zabala); Herri hazietan egin ohi dira azokak, feriak, jaiak eta ospakizunak (Zuazo); Herioak hartzen deraukun ahaide eta adiskideen gorphutzak arthatzen ohi ditugu oraino bizi balira bezala, edo hobeki (Hiriart-Urruti gaztea). Mendebaldeko hizkera zenbaitek [-t(z)en + jakin] perifrasia erabiltzen dute gertakari baten ohikotasuna agerian emateko: Sanantoliñetan, nire lagunak badakije etorten Lekittora ‘etorri ohi dira’ (Hualde, Elordieta & Elordieta 1994: 145); Udazkenean ere badaki elurra egiten inguru horretan. Euskara zaharrean horretarako erabiltzen zen [-tu + joan/eroan] adizki analitikoa; baina egitura horren erabilera ez da lekukotzen gaur egungo euskalkietan: Ao itsian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia ‘ez da sartu ohi’ (RS 123); Burla gaxtoa bere sorlekura itzuli doa ‘itzuli ohi da’ (Oihenart); Mundu honek anhitz jende enganatu darama ‘enganatu ohi du’ (Etxepare) (ikus § 25.2.7b).

26.6.1.1.1c Gertakari baten maiztasuna agerian emateko, euskalki gehienek sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dituzte maiztasunezko adberbio batekin batean: Garai bereko seme, antzeko gogoetak darabiltzate maiz biek (Zurutuza); Eta hala sentitzen ditut usu neure baitan bi jaidura edo bi sentimendu kontrajarri horiek (Irigoien); Dirua modu askotara egin litekeela maiz entzuten dugu (Garate). Mendebaldeko hizkerek [-t(z)en + ibili] perifrasiaren bitartez ekar dezakete maiztasunaren ñabardura: Gainera, prezioak igo egin dituzte, beti jendeari esfortzuak eskatzen dabiltza zuzendaritzakoak, eta zaleak erreta, jota edo amatatuta ikusten ditut (Berria).

26.6.1.1.1d Hizkuntza askok adizki bereziak baliatzen dituzte progresiboa adierazteko, hau da, gertakari baten garapena agerian emateko. Euskarak horretarako ere [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabil dezakeen arren (Non dago Ama? Josten du), gehienetan perifrasietara jotzen du. Euskalkien arabera, honako perifrasiak erabiltzen dira progresiboan: [-t(z)en + ari izan] (erdialdean eta ekialdean), [-t(z)en + jardun] (mendebaldean), [-t(z)en + ibili] (mendebaldean), [-t(z)en + egon] (mendebaldean): Byron-en gutun bat irakurtzen ari da, 1820koa (O. Arana); Gure herria hazten ari da, baina, zerk iraungo du? (Aristi); Neska gazte bat bere zango-aztal eta oin-eri minberen artatzen ari da (Aintziart); Treneko hizkuntza guztietarik hiruna hitz harturik olerkiak osatzen dihardu (Jimenez); Jakina, maletak egiten dihardu orain (I. Mendiguren); Benetan onartzen ote du erru hori, edo itxurak egiten dabil […]? (O. Arana); Lozorrotik esnatzen dabil gosetia (Urrutikoetxea); Neska bat ispilu puskatu batzuekin jolasten dago eszenako behegainean (Berria); Musika eskola ondoko autobus geltokian itxaroten dago Iker (Urrutikoetxea). Gogoan izan dezagun alde bat gramatikalizatuak ez diren heinean, perifrasi hauek ez dutela beti balio aspektualik eta, beren jatorrizko eduki semantikoari eutsiz, jarduera adierazten dutela askotan (ikus § 26.4). Gorago erran dugu aditz estatiboek egoera egonkor bat, hau da, garapenik gabea, adierazten duten ber, ezin daitezkeela aspektu progresiboarekin konbina (§ 26.1.4.2c). Hori hala izanik, honako adizkiak ezinezkoak dira: **izaten ari da/**izaten dabil, dihardu; **egoten ari da/**egoten dabil, dihardu; **irauten ari naiz/**irauten nabil/dihardut; **maitatzen ari naiz/**maitatzen nabil/dihardut. Halaber, [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez jokaturik, aditz estatiboek ez dute sekula progresibotasunaren baliorik hartzen: egoten naiz, izaten naiz, irauten dut adizkiek usaiako gertakari bat adierazten dute edo maiz gertatzen dena, baina nehola ere ez garatzen ari den gertakari bat, hots, progresiboa.

26.6.1.1.1e Gertakari baten garapenaren gradualtasuna adierazteko ere perifrasi berezia dute euskalki gehienek, [-tu(a)z + joan] perifrasia hain zuzen: Irudiaren planoaren paralelo dauden zuzenkien zabalera, zuzenki horiek errealitatean urrunduz joan ahala, txikituz doa irudian (J. Zabaleta); Gai jakin batean, material berezi batean murgildurik, bestalde, egunean-egunean handituz doa denbora- eta lan-inbertsioa (Juan Garzia).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper