Euskararen Gramatika

26.6. Denbora, aspektua eta modua


26.6. Denbora, aspektua eta modua

Adizki jokatuen osaera aztertu ondoan, haien erabilerak deskribatuko ditugu. Atal honetan, beraz, ardatz semantikoari jarraikiko gatzaizkio; alde batetik denbora eta aspektua (§ 26.6.1), eta bestetik modua (§ 26.6.2) eta modalitatea (§ 26.6.3) nola adierazten diren erakutsiko dugu.

26.6.1. Denbora eta aspektua

26.6.1.1. Orainaldia

Kapitulu honen lehen atalean ikusi bezala (§ 26.1.2a), orainaldiak solasaldiaren unearekin bat egiten du. Euskarak aldi oraineko adizki jokatuak erabiltzen ditu gertakariak orainaldian kokatzeko; ez da, haatik, adizki horien erabilera bakarra orainaldiaz bestelako denbora-erreferentziak ere ekar baititzakete, adibidez, iraganaldia edo geroaldia (§ 26.6.1.2b, § 26.6.1.2.2c, § 26.6.1.3c).

Azpiatal honetan, solasaldiaren unean aspektualki burutugabeak eta burutuak diren gertakariak nola adierazten diren ikusiko dugu.

26.6.1.1.1. Burutugabea

26.6.1.1.1a Adizki sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa dira aspektu burutugabearen forma nagusiak. Alabaina, hauez gain perifrasiak ere badaude, ñabardura aspektual zenbait dakartzatenak. Ikus dezagun forma bakoitzaren banaketa zein den.

Adizki sintetikoak gorde dituzten euskalkietan, jokamolde sintetikoa eta analitikoa banaketa osagarrian erabiltzen dira: biek adieraz dezakete ohitura eta maiztasuna; bizkitartean, aspektu puntukaria adizki sintetikoak baizik ez dezake ekar: Pello egunero dator/etortzen da (ohitura); Maddi askotan dabil/ibiltzen da mendian (maiztasuna) vs Pello autoz dator/**etortzen da (puntukaria); Maddi kalean dabil/**ibiltzen da (puntukaria). Haatik, paradigma sintetikoak galduak dituzten euskalkiek adizki analitikora jotzen dute baita aspektu puntukarirako ere; [-t(z)en + izan/*edun] adizkia da forma nagusia, baina hizkera zenbaitek, partizipio burutugabearen ordez, aditzoinari -ki atzizkia gehiturik osatzen den adizki jokatugabea erabiltzen dute aditz zenbaitekin: Pello autoz etortzen da; Maddi kalean ibiltzen da/ibilki da; Haurrak etxera joaten dira/joaki dira. Paradigma sintetikorik ez duten aditzen aspektu puntukaria [-t(z)en + izan/*edun] adizkiaren bidez baizik ez daiteke adieraz euskalki guztietan: Pellok kantatzen du; Maddik komiki bat irakurtzen du.

26.6.1.1.1b Maiztasuna eta ohitura adierazteko, beraz, adizki sintetikoa eta [-t(z)en + izan/*edun] molde analitikoa erabiltzen dira; gehienetan adberbio batek ematen dio adizkiari bere ñabardura aspektuala: Auzoko gatuak askotan dabiltza/ibiltzen dira teilatuaren gainean (askotan, maiztasuna); Auzoko gatuak egunero doaz/joaten dira hiriguneko parkera (egunero, ohitura). Alabaina, ohiturak forma bereizgarriak ere baditu, ohi partikulaz lagunduak. Sintetikoak izan daitezke (Inbaditutako lurraldean inurriak bezala ohi dabiltza zelatariak, K. Zabala; Dimenari doakionez, dakusadanez, bat ohi datoz adimenezko multzoaren atomoetako batean datzan akzidente bat dela esatean, Kintana) edo analitikoak; Ipar Euskal Herrian [-t(z)en + izan/*edun] adizkiarekin erabiltzen da ohi partikula, Hego Euskal Herrian, berriz, [-tu + izan/*edun] adizkiarekin: Usu eta franko egin ohi du izotza terreno eta paraje horietan, Sakanatik aurrera (P. Zabala); Herri hazietan egin ohi dira azokak, feriak, jaiak eta ospakizunak (Zuazo); Herioak hartzen deraukun ahaide eta adiskideen gorphutzak arthatzen ohi ditugu oraino bizi balira bezala, edo hobeki (Hiriart-Urruti gaztea). Mendebaldeko hizkera zenbaitek [-t(z)en + jakin] perifrasia erabiltzen dute gertakari baten ohikotasuna agerian emateko: Sanantoliñetan, nire lagunak badakije etorten Lekittora ‘etorri ohi dira’ (Hualde, Elordieta & Elordieta 1994: 145); Udazkenean ere badaki elurra egiten inguru horretan. Euskara zaharrean horretarako erabiltzen zen [-tu + joan/eroan] adizki analitikoa; baina egitura horren erabilera ez da lekukotzen gaur egungo euskalkietan: Ao itsian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia ‘ez da sartu ohi’ (RS 123); Burla gaxtoa bere sorlekura itzuli doa ‘itzuli ohi da’ (Oihenart); Mundu honek anhitz jende enganatu darama ‘enganatu ohi du’ (Etxepare) (ikus § 25.2.7b).

26.6.1.1.1c Gertakari baten maiztasuna agerian emateko, euskalki gehienek sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dituzte maiztasunezko adberbio batekin batean: Garai bereko seme, antzeko gogoetak darabiltzate maiz biek (Zurutuza); Eta hala sentitzen ditut usu neure baitan bi jaidura edo bi sentimendu kontrajarri horiek (Irigoien); Dirua modu askotara egin litekeela maiz entzuten dugu (Garate). Mendebaldeko hizkerek [-t(z)en + ibili] perifrasiaren bitartez ekar dezakete maiztasunaren ñabardura: Gainera, prezioak igo egin dituzte, beti jendeari esfortzuak eskatzen dabiltza zuzendaritzakoak, eta zaleak erreta, jota edo amatatuta ikusten ditut (Berria).

26.6.1.1.1d Hizkuntza askok adizki bereziak baliatzen dituzte progresiboa adierazteko, hau da, gertakari baten garapena agerian emateko. Euskarak horretarako ere [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoa erabil dezakeen arren (Non dago Ama? Josten du), gehienetan perifrasietara jotzen du. Euskalkien arabera, honako perifrasiak erabiltzen dira progresiboan: [-t(z)en + ari izan] (erdialdean eta ekialdean), [-t(z)en + jardun] (mendebaldean), [-t(z)en + ibili] (mendebaldean), [-t(z)en + egon] (mendebaldean): Byron-en gutun bat irakurtzen ari da, 1820koa (O. Arana); Gure herria hazten ari da, baina, zerk iraungo du? (Aristi); Neska gazte bat bere zango-aztal eta oin-eri minberen artatzen ari da (Aintziart); Treneko hizkuntza guztietarik hiruna hitz harturik olerkiak osatzen dihardu (Jimenez); Jakina, maletak egiten dihardu orain (I. Mendiguren); Benetan onartzen ote du erru hori, edo itxurak egiten dabil […]? (O. Arana); Lozorrotik esnatzen dabil gosetia (Urrutikoetxea); Neska bat ispilu puskatu batzuekin jolasten dago eszenako behegainean (Berria); Musika eskola ondoko autobus geltokian itxaroten dago Iker (Urrutikoetxea). Gogoan izan dezagun alde bat gramatikalizatuak ez diren heinean, perifrasi hauek ez dutela beti balio aspektualik eta, beren jatorrizko eduki semantikoari eutsiz, jarduera adierazten dutela askotan (ikus § 26.4). Gorago erran dugu aditz estatiboek egoera egonkor bat, hau da, garapenik gabea, adierazten duten ber, ezin daitezkeela aspektu progresiboarekin konbina (§ 26.1.4.2c). Hori hala izanik, honako adizkiak ezinezkoak dira: **izaten ari da/**izaten dabil, dihardu; **egoten ari da/**egoten dabil, dihardu; **irauten ari naiz/**irauten nabil/dihardut; **maitatzen ari naiz/**maitatzen nabil/dihardut. Halaber, [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez jokaturik, aditz estatiboek ez dute sekula progresibotasunaren baliorik hartzen: egoten naiz, izaten naiz, irauten dut adizkiek usaiako gertakari bat adierazten dute edo maiz gertatzen dena, baina nehola ere ez garatzen ari den gertakari bat, hots, progresiboa.

26.6.1.1.1e Gertakari baten garapenaren gradualtasuna adierazteko ere perifrasi berezia dute euskalki gehienek, [-tu(a)z + joan] perifrasia hain zuzen: Irudiaren planoaren paralelo dauden zuzenkien zabalera, zuzenki horiek errealitatean urrunduz joan ahala, txikituz doa irudian (J. Zabaleta); Gai jakin batean, material berezi batean murgildurik, bestalde, egunean-egunean handituz doa denbora- eta lan-inbertsioa (Juan Garzia).

26.6.1.1.2. Burutua

26.6.1.1.2a Orainaldiko bi forma burutuak erresultatiboa eta perfektua dira.

Perfektuak solasaldiaren unea aitzin agitu den gertakari bat adierazten du, baina solasaldiaren unean oraindik esanguratsua dena: Irailaren 11ko atentatuek munduko politika guztiz aldatu dute; Alemaniako Errepublika Demokratiboaren garaiko eraikinek Berlin ekialdea itsustu dute. Adibide horietan aipatzen diren gertakariak aspaldikoak dira (irailaren 11ko atentatuak 2001. urtean gertatu ziren; AEDren eraikuntza-lanak 50eko hamarkadakoak dira); alabaina, solasaldiaren unean oraindik esanguratsuak dira, hau da, haien ondorioak oraindik hautematen dira solasaldiaren unean. Euskalki guztiek [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute horretarako (etorri naiz, egin dut tipokoa). Erresultatiboa eta perfektua parez pare ezarrita, argiago gera daiteke bien arteko alde semantikoa zein den. Har ditzagun Soldadua zauritu da eta Soldadua zauritua da perpausak. Lehenbizikoan, iragandako ekintza baten berri ematen da (soldadua zauritu); bigarrena, berriz, soldaduaren egoeraz ari da, iraganeko ekintza baten ondorioz dagoen egoeraz (soldadua zauritu da eta ondorioz, zaurituta dago). Halaber, Munduko politika guztiz aldatua da erraten dugunean, munduko politikaren egoeraz ari gara, eta pairatu dituen aldaketen ondoko egoera erakusten du (‘aldaketak egin dira, eta beraz, aldatua da’).

26.6.1.1.2b Solasaldiaren unean oraindik esanguratsua den iraganeko gertakari bat adierazten duen ber, perfektuak esperientziaren berri eman dezake, hau da, jendeak diren bezalakoak bihurtu dituzten bizi-esperientziak —esperientzia-perfektua deitzen zaio literatura espezializatuan—. Baina adizki analitiko horrez gain, euskalki gehienek egitura analitiko birkonposatua ere erabiltzen dute, hau da, eduki semantikoa dakarren partizipioaz gain izan edo ukan partizipioa ere beretzen duena: Gazte nintzalarik, antzotegi batean ikusi izan dut gizon bat, makila luze bat eskuan, hartaz jotzen zituela ikusliar arraboslari lotsagabeak (Larzabal); Koloradotik Bizkaiaraino, gero Donazaharrera, jin izan zira zure herria ta haurriden ikustera (Arrosagarai); “Ui! Ahaztu loa!” —esan izan dit ama batek baino gehiagok (Iturbe). Askotan ohituraren edo maiztasunaren kutsua ere izan dezake adizkiak: Maiz joan izan naiz Mediarat eta hango Rage hirian bizi den gure anaia Gabaelen etxean egona naiz ostatuz (Etxehandi); Carabanchel dena zuloz josia zegoela entzun izan dugu sarritan (Urain). Malerrekan, Bortzerrietan, Goizuetan eta Hondarribian, partizipioari -katu/-ketu atzizkia gehiturik osatzen da esperientzia-perfektuzko adizkia (emanketu, etorriketu, ikusiketu, izanduketu…): Ikusiketu dut or lenago erbia (Arburua); Oriyek zelayan, zabaliyan, utziketu gaituzte (Arburua).

26.6.1.1.2c Geroago ikusiko dugun bezala (§ 26.6.1.2.2a, § 26.6.1.2.2c), [-tu + izan/*edun] adizkia ez da perfektuaren adierazteari mugatua: euskalki guztiek iraganaldi hurbilari erreferentzia egiteko erabiltzen dute eta ekialdekoek baita gertakariak iraganaldi urrunean kokatzeko ere: Goizean ikusi zaitut (euskalki guztiak); Atzo goizean ikusi zaitut (ekialdeko euskalkiak).

26.6.1.1.2d Erresultatiboak iraganeko ekintza baten ondorioa den egoera bat adierazten du. Euskaraz, hizkuntza askotan bezala, egitura predikatibo bat du oinarri: partizipio bat, iraganeko ekintza zein den erraten duena, eta kopula bat, egoeraren adierazlea dena. Adibidez, Paretak tindatuta daude esaldian, pareten egoeraren berri ematen da, egoera horretara heltzeko ekintza zein izan den agerian emanez (tindatzea). Euskalki guztiek ez dituzte erresultatibozko perifrasi berak erabiltzen. Mendebaldean, partizipioari -ta atzizkia eransten zaio eta egon/eduki kopulak erabiltzen dira: Mahaia, tarta eta lorez hornitua, urtebetetze afari baterako prestatuta dago (Payá); Aitak hatz txikia apurtuta dauka, eta kolpeak gorputz osoan (Berria). Erdialdean eta ekialde gehienean, -a(k) artikulua beretzen du partizipioak eta kopularen hautaketan dautza desberdintasunak; erdialdeko hizkerek egon/eduki dituzte, ekialdekoek, berriz, izan/*edun: Bi hilabeterako joana da Irlandara ikasketak bururatzeko (U. Apalategi); Katea hautsia du, gidoia makurtua, pedalak ere hautsiak! (D. Salaberria); Gela hagitz egoki antolatua dago (K. Izagirre); -Hanka bat hautsia dauka -erran zuen morroietarik batek (Irigoien). Zubererak erabiltzen duen erresultatibozko perifrasiari dagokionez, partizipioa -rik atzizkiaz jantzia du eta izan/*edun dira egiturako kopulak: Horietan ezkiribatürik düzü nuiz den (Peillen); Gure Printze zunbaiteki eginik dizü tratia, haiekilan hitzartürik batetan gure joitia (Casenave-Harigile).

26.6.1.1.2e Gramatikalizazioari buruzko lanek erakutsi dute perfektuzko adizki analitikoek erresultatibozko perifrasiak dituztela iturburu. Euskarak horren aldeko frogak eskaintzen ditu testu zaharrenetan [-tu + izan/*edun] egiturak erresultatiboaren balioa baitu askotan. Adibidez, Bernat Etxeparek Kontrapas kantuan orain dute porogatu engainatu zirela erraten duelarik, porogatu dute aditzari irakurketa erresultatiboa ematen dio, ez perfektua. Zehatzago, ez du erran nahi ‘zerbait frogatu dutela’, baizik eta ‘zerbait frogatuta daukatela’. XVII. mendetik aitzina, [-tu + izan/*edun] egitura perfektuzko adizki gisa gramatikalizatu zen osoki eta aipatu berri ditugun erresultatibozko perifrasiak errotu ziren.

26.6.1.2. Iraganaldia

26.6.1.2a Iraganaldia solasaldiaren unea aitzin kokatuak diren gertakarien denborari dagokio. Alabaina, izugarri zabala da, eguzki-sistemaren sortzetik solasaldiaren aitzineko segundorainoko denbora hartzen baitu. Hortaz, gutienez hiru iraganaldi mota bereizten ditu hizkuntzalaritzak: (i) iraganaldi hurbila, solasaldiaren eguneko denbora-muga duena, hots, 24 ordukoa; (ii) iraganaldi ez hain hurbila, solasaldiaren aurreko egunetik gorako denborari dagokiona; (iii) iraganaldi urruna, solasaldiaren unetik mendetako urruntasuna duena. Hizkuntza askok bezala, euskalki gehienek bereizketa bitarra dute: solasaldiaren egunean burutuak eta solasaldiaren bezperatik gorakoak morfologikoki bereizten dituzte, lehenetarako aldi oraineko adizkiak erabiliz (goizean ikusi zaitut), bigarrenetarako aldi iraganekoak (atzo ikusi zintudan) (ikus § 26.6.1.2.2a, § 26.6.1.2.2b).

26.6.1.2b Alabaina, testu literarioetan ohikoa da aldi oraineko adizkiak (burutuak eta burutugabeak) erabiltzea kontakizunari bizitasuna emateko. “Orainaldi historikoa” deitzen zaio: Ikus dezagun zer den orduko giroa Frantzian. 1870ean Frantziak galtzen du gerla Alemaniaren kontra. Hori izan da gertakari latza frantses guzientzat, egiazko bihotz-mina bereziki Alsazia eta Lorrena galdurik. Errepublika sortzen da orduan, ez delarik batere onartua Euskal Herrian, Iparraldeko euskaldun gehienak Napoleonen aldekoak edo erregetiarrak izanez. Orduan sortzen da errepublikaren kontrako literatura bat, kantuetan bereziki, Adema olerkaria buru delarik. Haren kantuek 70eko hamarkadan sekulako arrakasta daukate (Haritxelhar).

Azpiatal honetan, iraganaldi burutugabea eta burutua zein bere aldetik aztertuko ditugu.

26.6.1.2.1. Burutugabea

26.6.1.2.1a Iraganaldiko gertakari burutugabeak adizki sintetikoen eta [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bidez adierazten dira. Orainaldian dagoen banaketa berberaren arabera antolatuak dira forma bata eta bestearen erabilerak iraganaldian. Hasteko, paradigma sintetikoak dituzten euskalkiek adizki sintetikoa baizik ez dezakete erabil aspektu puntukaria agerian emateko: Bakoitza zein zen edo zein ordenetan zetozen, ez zen esateko gai (An. Garikano); Urduri nindoan, zangoak dar-dar, eta harat heldu nintzenean, atea zabalik ediren nuen (Irigoien). Haatik, ohitura eta maiztasuna adierazteko, hala molde sintetikoa nola analitikoa erabiltzen dira; askotan adberbio batek markatzen du aspektu ñabardura: Nik aldiz maiz gogoan nerabilen Christophe adiskidearen arrebak —Maddalenek— dantzan ari ginelarik erran zidana (Landart); Tia Maria askotan etortzen zen etxera bisitan, herriaren goiko aldean bizi bazen ere (Maia); Ni ere joaten nintzaion maiz laguntzera (Landart). Adizki sintetikorik ez duten euskalkiek adizki analitikoa dute baita aspektu puntukarirako ere: [-t(z)en + izan/*edun] adizkia erabiltzen da nagusiki, nahiz eta hizkera batzuek aditz zenbaiten adizki puntukaria aditzoinari -ki atzizkia gehituz osatzen duten: Goiz goizetik, finala haundiaren Getxoko antolatzaileek, ongi etorri egin dute Ipar aldetik etortzen ziren lehen bi autobuser (Herria); Eta soldadoen marrumak oro erori ziren kolpez. Tenore hartan sumatua zuten, traidorerik ez zela, heriotzeari buruz lau-hatzka hola, kopeta gorarik eta begiak sutan joaiten ziren aintzindarietan (Barbier); Iñaki zuzen-zuzen eta bihotza arin joaki zen bere destinuaren aintzinerat (M. Legorburu). Bistan dena, euskalki guztietan, paradigma sintetikorik ez duten aditzek ez dute besterik molde analitikora jotzea baino puntukaria, ohitura eta maiztasuna adierazteko: Beste oiloak ere jauzi ta hegalka jiten ziren bainan kohoka hura, ausartago eta hurbilagotik jarraikitzen baitzitzaion bere xitekin (E. Etxamendi) (puntukaria); Izebak eskuz garbitzen zuen arropa, ontzi handi batean, eta atarian zintzilikatzen zuen, soka batean (Igerabide) (ohitura); Beste anaia bat, Peio, ardura jiten zen Ameriketatik, itzuliaren egitera (Arrosagarai) (maiztasuna).

26.6.1.2.1b Erran bezala, gertakari baten ohikotasuna eta maiztasuna agerian emateko [-t(z)en + izan/*edun] adizkia erabiltzen da euskalki guztietan. Baina ohi partikula duten adizki sintetikoak eta [-t(z)en + izan/*edun] (Iparraldean) eta [-tu + izan/*edun] (Hegoaldean) molde analitikoak ere badira: Bendaz lotuta zeraman, lehendabiziko hilabeteetan ohi zuen bezala (Saizarbitoria); Pazkoa urteko jairik handientzat hartu ohi zen, nahiz eta ez hala ospatu (P. Zabala); Lantegiko zuzendarietako bat balitz bezala mintzatu ohi zen emaztea senarraz (Larrañaga); Orbaizetarrak ere etortzen ohi ziren, Manuelina, Anabela, Juanita, Aurora (E. Etxamendi); Gehientsuek hiru urte emaiten ohi zituzten Tolosan (E. Salaberri).

26.6.1.2.1c Iraganeko gertakarien progresibotasuna [-t(z)en + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez adieraz daitekeen arren (Emakume kubiko batek haurra garbitzen zuen, kemenez, Alonso), ohikoagoa perifrasietara jotzea horretarako. Orainaldian bezala, [-t(z)en + ari izan] (erdialdean eta ekialdean), [-t(z)en + jardun] (mendebaldean), [-t(z)en + ibili] (mendebaldean), [-t(z)en + egon] (mendebaldean) perifrasiak ditugu iraganaldian: Euria xehe ari zuen, guztiz bustitzen ari nintzen (Lertxundi); Jonek peta bat egiten ziharduen (U. Iturriaga); Xarlesen ahurrak Josyren azpi oparoen erronda ikaragarria haztatzen zebiltzan (Borda); Ezpainetan irrifarre batekin sartu zen beste gelara, senarra eserita irakurtzen zegoen lekura (An. Garikano).

26.6.1.2.1d Gertakari baten gradualtasuna agerian emateko, iraganaldian ere [-tu(a)z + joan] perifrasia erabiltzen da: Konfiantza zuen, baina bere aitaren sumina handituz zihoan egunetik egunera, kondenatuak hiltzeko eguna hurbildu ahala (Rey); Barrualdera, autoritatea galduz zihoan, baina kanpoaldera ez zirudien ahala urrituz zihoanik (Iñurrieta).

26.6.1.2.2. Burutua

26.6.1.2.2a Iraganaldi burutuak solasaldiaren unea aitzin burutua zen gertakari bat adierazten du. Gorago erran dugu euskarak, hizkuntza askok bezala, solasaldiaren unearen eguna mugatzat harturik, iraganaldi hurbila eta ez hain hurbila morfologikoki bereizten dituela. Euskalki guztietan, solasaldiaren egunean agitu gertakariak aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bidez adierazten dira (etorri naiz, egin dut tipoko adizkia): Goiz honetan berean jalgi naiz, ondo-ondotik darion erreka segitu dut bazter bazterretik, ote tustek desbideratzen ez nindutelarik (Aintziart); Rakel gaur nire aurretik ibili da telefonoz deitzen, baina ez du erantzunik jaso (Zubizarreta). Solasaldiaren egunaren muga gainditzen duten denbora-tarte zenbait ere iraganaldi hurbilekotzat dauzkagu, solasaldiaren eguna barne hartzen duteno: Aste honetan hire kontu horiek etorri zaizkidak gogora (Etxabe); Ez dute irteera berezirik egin hilabete honetan (Iturbe); Aurten ez dit lagundu niri suerteak (Perurena); Zutaz aunitz oroitu naiz egun hauetan (Epaltza); Gizaldi honetan ia laukoiztu egin da biztanleria (Garate).

26.6.1.2.2b Mendebaldeko eta erdialdeko hizkerek solasaldiaren bezperatik gorako denboran kokatu gertakariak aldi iraganeko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoaren bitartez deskribatzen dituzte (etorri nintzen, egin nuen tipoko adizkiak): Fredek eta biok ikusi genuen herenegun gauean Comet klubean, dantzan jo eta ke (Larrañaga); Zaflako latzagoak hartu nitian atzo (Epaltza); Bart ez huen bota kanpora katua, eta ez zidanan utzi begirik biltzen (Juan Garzia); Erreka ertzeko sasitza batean ezkutatu zuen Mobylettea eta oinez abiatu zen errepide jeneralaren ertzetik, eskuak zimur-maxkal eta prakak astun (U. Iturriaga); 60ko hamarkadan osasun arazoak izan zituen eta emaztea hil zitzaion (Uribarri); 50eko hamarkadan gertatu zen despopulazioa (Elizondo). Salbuespena bart dugu, aldi oraineko laguntzailearekin erabiltzen baitute idazle askok: Berant ibili haiz bart gauean (Irigoien); Goizaldeko ordu bi eta erdietan bukatu diat bart (Epaltza); Jakizu bart kanpoan egin dudala lo (Zubizarreta); Bart gauean Adarrandi trostan ibili da berriro (I. Mendiguren).

26.6.1.2.2c Ekialdeko hizkeretan, aldiz, solasaldiaren egunarekiko denborazko urruntasuna ez da gehiago hain tinko markatzen. Solasaldiaren eguneko ala bezperako gertakariak izan, oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute: Barda, «fondan» senditu dudan bakardadea ahantzia dut, goiz honetan (Aintziart); Atzo izendatu die han sous-prefet berri bat (X. Arbelbide); Ezkontzeko mandatu, egin diot atzo (Larzabal); Zalaparta polita atera duk, bart ailegatzean (Epaltza). Solasaldiaren aurreko urteko gertakariak ere adizki horrekin dakartzate egile gehienek: Jaz Lurden Eukariztia-Biltzarrean parte hartu dutenek, barna senditu dute zer den «Ogi zatitua» (Hiriart-Urruti gaztea); Uste duka naski nik ez dakitala, Neretzat zer nahi jaz erran dukala, Ene ohorea nahiz galarazi! (Xarriton); Ez duzu sinetsi nahiko behar bada, bainan erranen dizut egia den bezala jaz ez digula dirurik eman frantses gramatikak erosteko, baizik eta dirua debaldetan xahutzea izanen zela, aitamei ez ziela behar gabeko xahupiderik ordainarazi nahi (X. Arbelbide) baina Iaz erosi zinuen umea, hamabortz egunen buruko hil zautzun (Larzabal); Iaz Maulen izendatu zinituzten buruzagiak bildu izan gira Baionan lauzpabortz aldiz, haziletik aurtengo agorril artian (J. Etxepare); Iaz hemen iragan ginelarik, hamar sosen zorretan gelditu nintzen (Barbier). Halere, hamarkadetako eta mendetako denbora-urruntasuna dagoenean, iraganeko laguntzailea duen adizkia da nagusi: Joseba bank robber bat izan zen laurogeiko hamarkadan (Borda); 1980. hamarkadan sortu ziren euskarazko irratiak (Oxandabaratz); XIX. mendean Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerlak izan ziren, eta 1870ean, Alemaniak Frantziari Alsace-Lorraine eskualdea kendu zion (Bidegain); Español itsasturi batek atxeman zituen urarte hauk hamaseigarren mendean (Zerbitzari).

26.6.1.2.2d Iraganaldiko erresultatiboak aurreko ekintza baten ondorioa den egoera bat agerian ematen du, eta egitura predikatibo bat du oinarri: partizipio bat, aurreko ekintza zein den erraten duena, eta kopula bat, egoeraren adierazlea dena (ikus § 26.6.1.1.2d). Euskalkien arabera, honako perifrasien bitartez eratzen da: [-tuta + egon/eduki] (mendebaldea), [-tua(k) + egon/eduki] (erdialdea), [-tua(k) + izan/*edun] (ekialdea) eta [-turik + izan/*edun] (zuberera). Denetan, adizkia aldi iraganekoa da: Ilunabarra zen, eta argiak itzalita zeuden (Atxaga); Ilea zurituta zeukan —arrebak bezala— gazte-gaztetatik (An. Garikano); «Nire gurasoen etxeko salan ere badago antzeko bat” —esan zidan Mary Annek jantokian zintzilikatua zegoen Picassoren koadro ospetsuaren erreprodukzio bat seinalatuz (Atxaga); Orekaren zentzua galdua zuen une batean, Felix ezkerrerantz makurtzen hasi zen (U. Apalategi); Pauko kuntrolür jaunak etzian phentsatzen Eihartxeren phasta zertaz eginik zen (Etxahun). Baina perifrasi horiek, egoera baten berri emateaz gain, ekintzaren burututasuna ere agerian ezar dezakete. Zehazkiago, iraganeko erreferentzia-puntua baino lehen burutuak ziren ekintzak markatzeko baliatzen dira askotan; auzo-erdarek pluskuanperfektua erabiltzen dute horretarako: Atzo arratsaldea libro genuen. Gure eskuko utzia ziguten (Aintziart); Azkenean iratzartu zelarik nozbeit gure mozkorra, han harat joana zen eguna (Arotzarena); Patri hizlaria zen oso eta bigarren botila koñak hartu orduko bere bizitzaren berri esana zuen, bi aldiz gutxienez (Juaristi); Mertxe eta Jesus Mari aurreko urtean hasiak ziren Arrasateko ikastolan irakasle (Joxerra Garzia); Inor ez zen, ordea, azken aste hartako deskalabroez ohartu, neurri handi batean Brown jaunak aurrez eginda zeuzkan lanak mahairatu zituelako (Linazasoro); Era berean, Alemaniako zenbait herrirekin adiskidetze hitzarmenak eginak zeuzkan aurretik Gernikak (Berria). Adibide horiek guztiek iraganaldian kokatu erreferentzia-puntua aitzin gertatuak adierazten dituzte: ‘bezpera aitzin (atzo arratsaldea) eman zitzaien arratsaldea libro hartzeko baimena’; ‘mozkorra iratzarri baino lehen joan zen eguna’; ‘bigarren botila bukatu aitzin kontatu zituen denak mozkorrak’; ‘Mertxe eta Jesus Mari urte bat lehenago hasi ziren ikastola horretan irakasten’; ‘Brown jaunak lanak aurrez egin zituen’; ‘lehenago adiskidetze harremanak egin zituen Gernikak’. Alabaina, perifrasi horiek ez, baizik eta [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa agertzen da maiz auzo- erromantzeek pluskuanperfektua erabiliko luketen testuinguruan ere: Hiru Erratzak ostatuan Blacki buruz isil-gordeka entzun zuen elkarrizketarena Lupini kontatzea gustatuko zitzaion, Blackek bere aita-amei traizio egin ziela esatea (I. Mendiguren); Inolako frogarik gabe sinetsi genuen komunistaren edo juduren baten boikotagatik joan zela argia (Lertxundi); Biharamunean izugarrizko ajeaz esnatu nintzen, bezperan edan genuenagatik eta Marik eman zidan gauagatik (Iturralde); Bezperan ikusi zuen neskaren aurpegia ezin zuen ahantzi (R. Etxeberri); Bezperan aitarekin izan nuen portaeraren ondoren, barrenak eskatzen zidan emateko poz hori aitari, baina ezin nuen (Lertxundi). Oro har ekialdeko hizkerak emanagoak dira [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak erresultatibotik kanpo erabiltzera. Gorago erran dugu hizkera horiek aldi oraineko laguntzailea duen [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa solasaldiaren egunetik gorako gertakarien adierazteko erabiltzen dutela; preseski, erabilera horretan, Liburua irakurri dut atzo eta Liburua irakurria dut atzo bereizten dituzte. Lehenean ekintza bera adierazten da, bestelako informaziorik eman gabe; bigarrenean, berriz, liburua osoki irakurri dela erraten da. Bestela erranik, testuinguru horretan, [-tua(k) + izan/*edun] perifrasiak gertakariaren burututasuna agerian ematen du.

26.6.1.2.2e Azkenik, iraganaldi urruna adierazteko, [-tu + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute euskalki guztiek: Abraham, orduan, kaldearren lurraldea utzirik, Haranen jarri zen bizitzen. Eta handik, aita hil zitzaionean, orain zuek bizi zareteneko lurralde honetara aldatu zuen Jainkoak (Elizen arteko Biblia). Antzina egitura analitiko birkonposatua zegoen horretarako: Davit, errege ezinago debota bere indar oroz, Jinkuaren arkharen aitzinian dantzatu izan zen, orhitzen zelarik Jinkouak beste orduz haren aiter egin zutian hountarzunez (Maister); Modu onetan, bada, Berbo Eternoa, leen solamente Jaungoikoa zana (tenpora bage, eta asierarik bage) asi izandu zan tenporaz gizon izaten (Otxoa Arin).

26.6.1.3. Geroaldia

26.6.1.3a Euskarak molde asko ditu etorkizunean gertatuko denari erreferentzia egiteko. Ez da harritzekorik, geroaldiaren adierazpideak abiadura handian berritzen direlako munduko hizkuntzetan. Kapitulu honen lehen atalean erakutsi bezala (§ 26.1.2d), solasaldiaren unearen ondotik garatuko diren gertakariez mintzatzeko, euskarak aldi oraineko adizkiak oinarri dituzten formak erabiltzen ditu. Horien artean, [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa da forma nagusia. Alde batetik, euskalki guztiek erabiltzen dute, eta bestetik, hizkera gehienek beste molderik baldin badute ere, adizki hau dute maizen erabiltzen: Datorren urtean, egunak luzeen direnean etorriko gara (Iñurrieta); Bihar, Marsellako bideari emanen diogu (Aintziart); Baina urde horiek bizirik segituko dute, gizonek beso artean estutu eta musukatu egingo dituzte (Sastre). Geroago ikusiko dugu molde hau ziurtasun eza adierazteko ere erabiltzen dutela Hegoaldeko hiztunek (ikus § 26.6.3.2a): Mendiz mendi ibiliko da ‘ziurrenik mendiz mendi dabil’; Etxean egongo da ‘ziurrenik etxean da’.

26.6.1.3b Euskara zaharrean euskalki guztiek aldi oraineko adizkiari -te/-ke atzizkia gehiturik osatzen zuten geroaldiko adizki sintetikoa: Igo egin laster, eze eurk dakusken erietan (Lazarraga); Demanak bizian berea besteri doke negarra beti (RS). Gaur egun, zuberera da erabilera horren arrastoak dituen bakarra; alabaina, izan eta *edun aditzei mugatua da: Han laster nizate, jauntsirik erregez, Lür hau düket pausagari, Asper egoxtiak, bestetan eginez (Rekalt); Gudarien familien sufrimena hor dateke beti (Borda).

26.6.1.3c Hizkuntza asko orainaldiko adizkiez baliatzen dira gertatzekoa denaz mintzatzeko; hain zuzen, ikerketek erakutsi dute biziki ohikoa dela orainaldiko adizkiak geroaldiko forma gisa gramatikalizatzea. Euskaldunek ere usu jotzen dute orainaldiko adizkietara horretarako; baina desberdintasunak daude euskalkien artean, alde batetik, erabiltzen diren adizkiei dagokienez, eta bestetik, hauei ezartzen zaien denbora-mugari doakionez. Hegoaldean, sintetikoak besterik ez dira erabiltzen, eta solasaldiaren unetik 24 ordutara gertatuko denari mugatuak dira: Bihar Quitora goaz Andoni eta biok (Sarrionandia); Nire aldetik, bihar goizean Paris inguruan ekitaldia daukat (Jimenez). Izugarri bakan gainditzen da 24 orduko muga: Etzi datoz, ala? (Sastre); Datorren astean Chiapasera noak (K. Izagirre). Iparraldeko hiztunek, berriz, orainaldiko adizkia erabiltzekotan, molde analitikoa baliatzen dute; usadio horrek solasaldiaren biharamunaren mugak gainditzen ditu askotan: Bihar naiz partitzen ahizparenganat eta goizean goizik! (Dirassar); Eta bihar lanera itzultzen gara ala ez? (Borda); Baina etxera itzultzen naiz datorren astean (R. Etxeberri). Mendeko perpausetan orainaldiko adizki analitikoa da nagusi euskalki guztietan: Bihar, ikuskizun hau amaitzen denean, denak berdin iraungo du (Juan Garzia); Ea jaisten naizen bihar edo etzi (An. Garikano); Bihar eguraldi ona egiten badu, Urtzara joango naiz igeri egitera (Atxaga); Beharbada, datorren urtean etortzen haizenean, nik izango diat Gallaher jaun-andreei bizi luze eta zoriontsua opa izateko atsegina (Aldasoro); Begiratu diezu lorea aspaldi galdutako sei magnolia arbola itzelei, eta irudikatu dituzu zein eder egongo diren datorren urtean, martxoko eguzkia epeltzen hasten denean (H. Etxeberria).

26.6.1.3d Erdialdeko hizkera zenbaitek behar izan lokuzioa baliatzen dute etorkizuneko gertakariez mintzatzeko: Bihar kontzertura joan behar zara?; Bihar etxean bazkaldu behar al duzu? Noski, behar izan lokuzioa modalitate deontikoko forma nagusia izanik, hizkera hauetan, enuntziatuaren interpretazioa anbiguoa da askotan, baita denborazko adberbioa dagoenean ere: Bihar joan behar al duzu basora, Lubis? (Atxaga).

26.6.1.3e Azkenik, ahurtara bat perifrasi erabiltzen da etorkizunari erreferentzia egiteko; bizkitartean, semantikoki ez dira arras gorago aurkeztu diren adizkien pareko. Alde batetik, euskalki gehienek [-t(z)ekoa(k) + izan, *edun] perifrasia dute, subjektuaren intentzioa edo asmoa agerian ematen duena: Eta artega jarri naiz pentsatzean bihar ibai horretaraino jaistekoak garela (Zubizarreta); “Datorren astean biltzekoa nauk AEBetako isilpeko ordezkariarekin”, erran zidan Ibarrak (Ladron Arana). Bestetik, [-t(z)era + joan], [-t(z)ear + egon] perifrasiek berehalakotasuna dakarte, etorkizun hurbil-hurbilean gertatuko dena: Hastera doa egun berria (Cano); Hona hemen eguna! Badator, iristear dago zuen txanda (Elizen arteko Biblia).

26.6.1.3f Iraganaldiko geroaldia adierazteko, aipatu ditugun [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa eta [-t(z)ekoa(k) + izan, *edun], [-t(z)era + joan], [-t(z)ear + egon] perifrasiak erabiltzen dira —azken hauek, lehen eman ditugun ñabardura semantiko berekin—; baina adizkia, aldi iraganekoa da: Osaba Joanikot, Pitagorasen teorema esplikatzen ari zitzaidan, noiz eta ohartu bainintzen bezperan hitz eman zidala ezen biharamunean kontatuko zidala nola sortu zen eta zergatik sortu zuen protestantismoa Lutherok (Irigoien); Eta lan horren arintzeko, erran zion biharamunean berean igorriko ziola emazte bat nexkato horri arropak erosteko, baitare plantan ezartzeko beharko ziren guziak (Narbaitz); Biharamunean ateratzekoa zen artikulua (U. Apalategi); Baina, biharamunean pilotan hastera gindoazelarik, mila-miliunka aldiz bezala, bota nuen: «Jo!» (Landart); Errektoreak, emozioz, eskuak hartu zizkion; hitz egiten hastera zihoan, etxe sarreratik Dekanoaren ahots sakona deika entzun zenean (J. Zabaleta). Baldintza aztertzean ikusiko dugun bezala (§ 34.5.2), euskalki guztiek [-tuko + izan/*edun] adizkia baldintza irreal burutuko apodosian ere erabiltzen dute: Etxean gelditu banintz, ez zintudan ikusiko. Adizki bera ziurtasunik eza adierazteko ere erabiltzen da Hegoaldeko mintzoetan: Mendiz mendi ibiliko zen ‘ziurrenik mendiz mendi ibili zen’. Azken erabilera hau kapitulu honen azken atalean jorratuko dugu (§ 26.6.3.2a).

26.6.2. Modua

Indikatiboaz bestelako moduak subjuntiboa, agintera eta hipotetikoa dira. Hauetan orotan, [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia da nagusi —mendebaldean, [-tu + egin] da adizki trantsitiboa—, nahiz eta adizki sintetikoa ere erabiltzen den.

26.6.2.1. Subjuntiboa

26.6.2.1a Subjuntiboa izendapen morfologikoa da, mendeko perpausei mugatuak diren adizki jokatuei ezartzen zaiena. Halere, testuinguru asertiboetatik kanpo erabiliak diren ber, karga semantiko berezia hauteman dakieke adizki horiei: kutsu irreala dute askotan.

Gorago erran dugun gisan (§ 26.3.2.5.1b), [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoaren erabilera nahitaezkoa da mendeko perpaus jokatu zenbaitetan, eta hortik, subjuntibozko adizkitzat daukagu. Gainerako adizkiek duten denbora komunztadura berbera du, erran nahi baita aldi oraineko adizkiak orainaldiko subjuntiboa osatzen duela (etor dadin, egin dezan), aldi iraganekoak iraganaldiko subjuntiboa (etor zedin, egin zezan) eta alegiazko aldikoak alegiazko subjuntiboa (etor ledin, egin lezan) (ikus § 30.2d).

Euskararen subjuntiboak inguruko erromantzeenak baino erabilera mugatuagoa du; ikus dezagun zehazkiago zer hedadura duen joskeran.

26.6.2.1b Zalantzarik gabe, helburuzko perpausetan (ikus 37. kapitulua) da gehien erabiltzen, hobeki erranik, ez daiteke [aditzoina + *edin/*ezan] perifrasiaz bestelako adizki jokaturik erabil testuinguru horretan: Aldaketa hori negurako egin da, hodietako ura izoztu ez dadin (J. Zabaleta); Hau adierazten diot neure jaun horri, nire berri izan dezan eta onez har nazan (J. A. Mujika); Ulertu nuen nahi ninduela higitu, harrotu, jalgi nendin (Aintziart); Mira eginda nengoela esan beharrik ez nuen Anton hartaz ohar zedin (Jimenez); Barandaren kontra bermatu zen ilara amaigabea pasa zedin (Saizarbitoria). Idazlan klasikoei jarraikiz, idazle zenbaitek —nagusiki ekialdekoek— -tzat edo amoreagatik postposizioa lagundurik osatzen dute adizkia, nolabait helburua indartzeko: Lehenbizikoak oihalaz estaltzen eta estekatzen derauko buru guzia, oihurik egin ez dezantzat (X. Arbelbide); Jason Gonzalez de Mendaviari bihar emanen nizkion indizeak oro, eta bereziki odol-ttantta, medikua zenez gero ahal bezain laster azter zezantzat (Borda); Zenbat aldiz azken egun horietan, kirestasunez beterik ezinagoan, amets zoroari uko egitera ez zen saiatu, lehenagoko gizona izan ledintzat berriz ere (Mirande); Eta gero, isilik geratzen naiz, isilak bere besoetan har nazan amoreakatik (Irigoien); Kastelak besoa tinkatzen zion, isil zedin amoreagatik (Borda).

26.6.2.1c Subjuntibozko adizkia mendeko perpaus osagarri zenbaitetan ere erabiltzen da. Euskalkien eta perpaus nagusiko predikatuaren arabera, adizkiak -n edo -la menderagailua beretzen du (ikus zehatzago § 30.7.1a). Honako adierako predikatuak dira beren osagarria subjuntibozko adizkiaren bidez osatzen dutenak (ikus baita ere § 30.7.1b-d):

(i) agindu-, eske-, erregu-aditzak: Zure legezko errege honek errendi zaitezen agintzen dizu! (Urkixo); Adierazi zidan ez nendin urrunt haren gortetik, ohoratuko ninduela horren sari (Xarriton); Otoizten haut gurekin gera hadin (Juan Garzia); Armadako amabiak hala egin zedin agindua bazuen, agindua bete eta kito (Jimenez); Lubis eta Pantxo bi anaiek berekin joan nendila eskatu zidaten (Atxaga); Inork inoiz hala egin ez zezan erregutu nuen (Jimenez);

(ii) hiztunaren iritzi-jarrera adierazten duten predikatuak: on da, hobe da, beharrezkoa da, beldur izan, komeni izan… Hobe da arrazoi erratuak itxura bien kausak oker eman ditzan (X. Amuriza); Ados zira horrela izan dadin, gu denentzat, txofurrentzat, pixka bat errepresione bat? (Oxandabaratz); Ordezkari ofiziala izan zedin berdin zitzaion (Touyarou); Beldur naiz gure herri honek zerbait paira dezan, sekulan gudukak hasten badira zinez (Aintziburu eta Etxarren); Esate baterako, arauak ematen dituenean […] aholkuak izan daitezen komeni da, ez legeak (Iñurrieta);

(iii) hiztunaren nahia edo desira adierazten duten predikatuak: Esna nendin nahi zuen Teresak (Atxaga); Gainera, badirudi aski hedatua dagoela gizartearen maila batzuetan, eta onartua, enpresek badutela eskubidea adierazteko unibertsitateari zer nahi luketen erakunde honek egin lezan, zer espero duten egin dezan (Pérez Iglesias eta Salaburu).

26.6.2.1d Antzina, hala helburuzko perpausek nola osagarriek, molde sintetikoa ere har zezaketen delako adizki analitikoaren ordez: Hihaurk lan egin-ahala, berzek degiten eztutzala (Oihenart) ‘ez ezak utz besteek egin dezaten’; Orduan mana zitzan espresuki bere dizipuluak nehori ez lerroten (Leizarraga) ‘orduan bere dizipuluei manatu zien inori erran ez ziezaioten’.

26.6.2.1e Euskara zaharrean, subjuntibozko adizkiak perpaus erlatiboetan ere erabiltzen ziren. Aldi oraineko adizkiek irakurketa ez-erreferentziala zuten, eta aldi iraganekoek, berriz, erreferentziala: Jautsi din ezkurra ororen su egur ‘jauts dadin ezkurra’ (RS); Idia geinha dezanak, uztar diro (Oihenart); Itaxura ezansia zezanak bere etxea gal zezan (Oihenart). Delako usadioa XVIII. menderako galdua zen arren, XXI. mendeko idazle zenbaitek berenganatu dute orainaldiko subjuntiboaren erabilera erlatibozkoetan; halakoetan, antzina bezala, adizkiak irakurketa ez-erreferentziala du: Hara, gaur lur hauetatik botatzen nauzularik, zure begibistatik urrun ibili beharko dut, noraezean galdua munduan; Aurki nazan edonork hil egingo nau (J. A. Mujika); Merke aterako zaio[la] sakrifizioa bere behatzaren oferenda egin dezanari edo hartarako prest egon dadinari (Irigoien); Hemen, bihotz zintzoz otoitz egin dezanak lortuko du eskatzen duena (Asisko Frantzisko).

26.6.2.1f Halaber, klasikoak eredu harturik, denborazko perpausetan orainaldiko subjuntibo-adizkiak erabiltzeko joera berrezarri da XXI. mendeko testu jaso zenbaitetan. Zehatzago, -ean atzizkia edo arte postposizioa oinarri dituzten perpausetan agertzen dira, eta etorkizunean kokatua den gertakari bat dakarte: Euriak eta elurrak iragan daitezenean, erresinola Hegoaldeko bere lurraldeetatik itzul dadinean, gortearen eta Poeten Batzarrearen aitzinean errezitatuko duk laudorioa (Juan Garzia); Eta ni horra joateko eguna irits dadinean, orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik (J. A. Mujika); Musen ezti gozoz gantzutu bezala egin nahi izan dizut, ea horrela zure gogoa nire bertsoei atxikia eduki ahal dudan, gauzen izaera guztia nola osatua den eta nolako itxura duen ikus dezazun arte (X. Amuriza); Adiskidantzaren izenean, zaude emakume hori neuretu dezadan arte, baldin hura gaitzerran nahi bazeneza (Jon Muñoz).

26.6.2.2. Agintera

Adizki jokatuen morfologia tratatzean agintera eta jusiboa zehazki deskribatu baititugu, han erranak ez ditugu hemen errepikatuko. Irakurleak jo beza, beraz, atal hauetara: § 26.1.5.4, § 26.2.3c, § 26.3.5.1c.

26.6.2.3. Hipotetikoa

Gerta litekeena adierazteko, hau da, alegiaren esparruko hipotesi baten egiteko, baldintza irrealeko apodosian erabili ohi diren adizkiak erabiltzen ditu euskarak (ikus § 34.5.2.3i): adizki sintetikoak, [-tuko + izan/*edun] erdialdeko hizkeretan, eta [aditzoina + *edin, *ezan] mendebaldean eta ekialdean —zehatzago, egitura trantsitiboetan zuberotarrek [aditzoina + -iro-] dute eta mendebaldeko hiztunek [-tu + egin]—. Sintetikoa izan ala analitikoa, adizkiak alegiazko morfologia du eta -te/-ke atzizkia darama: Gogotik joan ninteke/joanen nintzateke konzertu baten entzutera; Bizia emanen nuke zu zoriontsu izan zintezen! (Jon Muñoz); Eta komeniko litzateke unibertsitateko irakasleek ere unibertsitatetik kanpo gertatzen den hori gogoan izatea (Pérez Iglesias eta Salaburu); Ondo letorke azken urteotako batenaz bestekoei erreparatzea, datu zerrendei begira, ekain normaltxu batek zer eman behar ligukeen, edo gutxienez, zer espero genezakeen jakiteko (P. Zabala).

26.6.3. Modalitatea

Perpausen modalitateaz ari ginela (§ 10.4.1), bi modalitate-sail bereizi ditugu: modalitate deontikoa eta epistemikoa. Hemen, modalitate epistemikoa xehekiago aztertzeaz gain ahaleraren adierazpideak ere tratatuko ditugu.

26.6.3.1. Ahalera

26.6.3.1a Ahalerak bi funtzio nagusi ditu: alde batetik, subjektuak ekintza baten burutzeko duen gaitasuna adieraz dezake, eta bestetik, ekintza baten gertagarritasuna.

Gaur egungo euskaran ahalerazko adizki sintetikoak izugarri urriak dira; izan ere, paradigma sintetikoei tinkoen eutsi dieten hizkerek ere ahaleran adizki analitikoak hobesten dituzte. Hortaz, gizaldi honetan, ahalera sintetikoa antzinako usadioei begira dauden egileen idazlanetan baizik ez da agertzen. Aldi oraineko adizkiek orainaldiko eta geroaldiko ahalerazko adizkiak osatzen dituzte (orain noake, bihar dakarke), aldi iraganekoek iraganaldikoak (nindoakeen, zekarkeen) eta alegiazko aldikoek hipotetikozkoak (nindoake, lekarke). Aldia edozein izanik, adizkiak -ke atzizkia beretzen du: datorke, zetorkeen, letorke (-teke atzizkia izan aditzaren NOR adizkien kasuan: dateke, zatekeen, litzateke). Ahalera positiboan, ahal partikularen erabilera hautuzkoa da; ahalera negatiboan, berriz, hala ez nola ezin erabiltzen dira: Eguraldiarekin jolasean ibiliez gero, maitemintzeko tentazioa ere hortxe dabilke norberaren arrimuan (P. Zabala); Ez da eta ezin datorke hortik gauza onik (Juan Garzia); Baina zu bezalako euskara modu baten seme, umezurtz izanagatik ere, ezin dateke gaizki (Salaburu). Noski, ahal eta ezin erabili ezean, orainaldiko adizki sintetikoaren irakurketa anbiguoa da, geroaldiko adizki gisa interpreta daitekeenaz geroz (ikus gorago § 26.1.5.3b eta § 26.6.1.3a): datorke = etor daiteke / etorriko da.

26.6.3.1b Ahalerazko adizki analitikoen artean, [aditzoina + *edin/*ezan] da zaharrena eta zabalduena —[aditzoina + *ezan] adizkiaren ordez, [-tu + egin] dute mendebaldean, eta [aditzoina + -iro-] zubereraz—. Orainaldiko, geroaldiko, iraganaldiko eta hipotetikozko ahalerak osa ditzake, horretarako, bakoitzari dagokion aldia erabiliz. Orainaldiko eta geroaldiko ahalerak aldi oraineko laguntzailearekin osatzen dira; homonimoak dira: orain joan naiteke; bihar ekar dezake. Aldi iraganeko laguntzailea dago iraganaldiko ahaleraren oinarrian: joan nintekeen; ekar zezakeen. Alegiazko aldikoa da ahalera hipotetikoko molde analitikoa: joan ninteke; ekar lezake. Adibideek erakusten duten bezala, aldi guztietan, laguntzaileak -ke atzizki modala darama (-teke atzizkia, *edin eta izan aditzen NOR adizkietan). Laguntzaile horien paradigmak kontsultatu nahi dituen irakurleak EGLU-II eta Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuetan eta 78. arauan aurkituko ditu. Oso ohikoa ez den arren, ahalera positiboan, ahal partikula adizki nagusiaren eta laguntzailearen artean tartekaturik ager daiteke: Batzuetan neur ahal daiteke denbora hori (Arrigain); Onartu ahal dezakegu […] munduaren sortzaile jakintsu eta ahalguztidun bakarra? (Uribarri) baina Nigana etor zaitezke, zuk nahi duzun moduan eta sasoian (Otsoa); Arraposki beheititzen ziren, Jessicak ez zekiela amatxi zegoen egoeran nola igo zitekeen hain gora (Borda). Halaber, ezintasuna adierazteko ezin partikulak ez partikularen tokia hartzen du noiztenka: Tira, ezin uka dezaket seinalea zegoela, nabarmen, baina edozelan ere soldaduak bazuen zerbait esatea, nire iritziz (Urrutikoetxea); baina Ez dezaket gehiagorik egin (Jon Muñoz); Hartara jarriz gero, nik ezin nezake kontatu nire bezeroen istoriorik (Aristi). Alabaina, perpaus subjuntiboetan agertuz geroz, ahalerazko adizki analitiko horrek ez du -ke atzizkirik eta, ahalera markatu beharrez, ahal eta ezin partikulak nahitaezkoak ditu: Hori nola den jakin ahal dezazun, lehenik arestian esana gogoratu behar duzu, haziak era askotara nahasiak dagozela gauzetan (X. Amuriza); Badaki abiatu beharra daukatela gizonek, noizbait itzuli ahal daitezen (X. Aranburu); Estalki horri gainetik buztina jartzen zaio ahuntz-ilearekin nahastuta eta dena lodi emanda, suak ezin dezan inola ere makina hori kaltetu (S. Iruretagoiena). Azken aldian ahal partikularen eta laguntzailearen artean izan kokatzeko joera franko hedatzen ari da: Hauek jartzen dituzte oinarri teknikoak, gero eraikitzen den etxe zibernetiko horretan milioika lagun sartu ahal izan dadin (Salaburu); Zehazki, 1990eko Espainiako Kirolaren Legea aldatzeko saioa da, autonomi erkidegoetako federazioak nazioarteko federazioetan sartu ahal izan daitezen (Berria); Otsailerako bere ordezkoa aukeratzeko eskatu du Sean O’Keefek, berak kargua utzi ahal izan dezan (Berria); Ruche jaunak botoia sakatu zuen, neskak entzun ahal izan zezan (Jon Muñoz). Usadio klasikoaren arabera, protasian gertatzen delarik ere -ke atzizkirik gabe agertzen da [aditzoina + *edin/*ezan] ahalerazko adizki analitikoa; kasu horretan ere ahal eta ezin partikulak behar-beharrezkoak ditu (§ 34.5.2.3g): Baldin are libre eguin ahal bahadi, harzaz lehen usat ezak (Leizarraga); Hilzen denean ahoz ezin erran badeza bihotzez hiruretan Iesus erraiten duela (J. Haranburu); Baldin hartaz gabetua izaiteko bihotzmiña deusek nere baithan goza ahal baleza, hura laite zutan edireitea bertze Ulize bat (Duvoisin); Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu (Elizen arteko Biblia); Jakin ahal baleza zenbat sofritzen dudan, nire atsekabeak hunkituko luke (Jon Muñoz). Bizkitartean, gaur egun -ke atzizkidun adizkiak erruz aurkitzen dira protasian; Axularren adibideak erakusten digu ez dela azken orduko aldaketa: Baiña baldin ezin egin baditezke, ezin kofesa badadi, ez mintza, eta ez deusetan ere manaia: asko da orduan barren ona, borondatea, bihotzezko damua, dolua eta dolorea (Axular); Esandakoak bestela pentsaraz balezake ere, saiatu naiz gauzak ahalik eta modurik errazenean azaltzen (Oñederra); Horrela, afekzio horietako baten kausa egokia izan bagaitezke, orduan Afektua deitzen dut ekintza bat; beste kasuetan, grina bat (Xarriton); Eta eztabaidatu ahal badaiteke, batzuen nahiz besteen arrazoiak erlatiboak direlakoxe da (Azurmendi); Ibilbidea luzeegia da korrika atzetik joateko, baina zaldi gainean ezin joan banaiteke korrika egingo dut (Otsoa).

26.6.3.1c Erdialdeko eta mendebaldeko hizkerek [aditzoina + *edin/*ezan] adizkiari tinko eusten dioten arren —[-tu + egin] mendebaldean—, [-tu + ahal + izan/*edun] eta [-tu + ezin + izan/*edun] ahalerazko perifrasiak ere badituzte. Bien artean, [-tu + ezin + izan/*edun] perifrasia tradizio luzeagokoa da —Lazarragaren eskuizkribukoak dira haren lehen lekukotasunak—: Zu gabe ezin naiz istant bakar batez ere bizi (Zubizarreta); Gizakiek ezin dute inola ere egite horien kausarik ulertu (X. Amuriza). Haatik, [-tu + ahal + izan/*edun] ez da hain arrunta izan oraintsu arte: Luisekin lasai egon ahal zara, ze ez dut uste Rakelen gustukoa izango denik (Zubizarreta); Horretan bai, zerbait esan ahal dute Hemingwayren lagunek (Jimenez). Adibide horiek erakusten duten bezala, orainaldiko ahalera aldi oraineko adizkiaren bidez eratzen da (etorri ahal naiz; ezin du ekarri). Geroaldiko ahalerari dagokionez, nahiz eta aldi oraineko laguntzaileari eusten zaion, prospektibotasuna markatzen da ahal/ezin partikulari -ko postposizioa itsasiz edo izango partizipioa gehituz (ikus, halaber, § 26.6.3.1d): Etorri ahalko / ahal izango naiz; Ekarri ahalko / ahal izango du; Osa dezala bakoitzak idi uztarri sendoa, eta, idien atzean, eroso ipini ahalko da gurdia (Zuazo); Hala ere, zerbait ekarri ahal izango diat, uzten badidate (Otsoa); Artikuluak zioenez, ziurrenik bere bizitza osoan ezingo du liburu gehiago argitaratu (Zaldua); Hemendik aurrera ezin izango haiz lehen bezain maiz etorri landara, Algy maitea (Olano). Iraganeko adizkiarekin, berriz, iraganaldiko ahalera osatzen da: Etorri ahal nintzen; Ezin zuen ekarri; Zeuk ere eduki ahal zenuen neba bat, bada (Garate); Haren ustez, ibaia ezin zen inola ere zeharkatu (K. Zabala). Adibideek erakusten dutenez, [-tu + ahal + izan/*edun] perifrasiak balio burutugabea du orainaldian eta iraganaldian. Aspektu burutua erdiesteko, ahalera positiboan, izan partizipioa tartekatzen da ahal partikularen eta adizki jokatuaren artean: Etorri ahal izan naiz; Etorri ahal izan nintzen; Euskaltzaindiak lan handia egin du maila honetan, eta lan hori egin ahal izan du, besteak beste, gizartean onarpen zalantzagabea izan duelako (Salaburu); FBIrentzat lan egiten zuen gizona […] Dominikar Errepublikara ekarri ahal izan zuten (Jimenez). Ahalera negatiboan ere gehitzen da izan partizipioa aspektu burutua erdiesteko; haatik, bitasuna dakar haren joskerak (ezin izan du ikusi / ezin ikusi izan du): La Epoca izan behar du, ezin ikusi izan dut lehen plana (K. Izagirre); Eta nik ere ezin hartu izan dut, funtsean, bertze biderik, zalantzarena eta galdegitearena baizen (Irigoien); Ezin ikusi izan zioten aurpegia (Ezkiaga); Hiru hilabetez zigortuta egon da, eta ezin izan du jokatu (Berria); Ez zuen haren berri eta ezin izan zuen ikusi, sastraka artean erdi ezkutaturik zegoenez (Saizarbitoria); Haserreak ezin izan zion tristura eragotzi (Jon Muñoz). Ahalera hipotetikoa gutitan osatzen da perifrasi horren bidez; halakoetan, prospektibotasuna markatu beharra dago, ahal eta ezin partikulei -ko postposizioa itsatsiz edo izango adizkia gehituz (**etorri ahal nintzateke; **ezin luke esan): Berrogeita hamar mila fedegabe horien konbertsio zoragarria egiaztatu ahalko genuke (Alonso); Nekez hasi ahalko ginateke beste lanen batean (Berria); Ezingo nuke egun hartan sentitu nuena adierazi lilura edo xarma bezalako hitzak erabili gabe (Lertxundi); Gizakia, bere besaurre laburrez, ezingo litzateke adarretik adarrera ibili tximinoaren trebezia eta segurtasunez (Aldasoro); Ezin izango nintzateke hobeto sentitu (Lopez de Arana); Edonork galdetuz gero […] zein dudan nire bizitzako aurreneko oroimena, ezin izango nuke erantzun (Aranbarri).

Ekialdeko hizkerek [aditzoina + *edin/*ezan] adizkia baztertuxea dute ahaleran —baldintza hipotetikoen apodosian, aldiz, indartsu dirau (§ 34.5.2.3f)—. Haren ordez, [-t(z)en + ahal + izan/*edun] perifrasia erabiltzen dute maizago. Aipatu berri dugun perifrasiak bezala, orainaldiko, geroaldiko, iraganaldiko eta alegiazko ahalera adierazteko balio lezake. Orainaldiko ahalera eratzeko, aldi oraineko laguntzailea erabiltzen da: Joaten ahal naiz; Ekartzen ahal du; Ama batek anitz gauza konprenitzen ahal du (Dirassar). Geroaldiaz bezainbatean, aldi oraineko laguntzailea erabiltzeaz gain, ahal partikulari -ko postposizioa gehitzen zaio: Bihar etortzen ahalko naiz; Bihar ekartzen ahalko du; Eta hango jenerala, zu harat bezala, berdin hunarat jiten ahalko da (Larzabal). Iraganaldiko ahalerak aldi iraganeko laguntzailea du oinarri: Atzo etortzen ahal nintzen; Iaz ekartzen ahal zuen; Egun guzia gustian pasatzen ahal zen heiekin josteta (Landart). Ahalera hipotetikoan, laguntzaile hipotetikoa du adizkiak, hau da, alegiazko aldikoa eta -ke atzizkiduna: Etortzen ahal litzateke; Egiten ahal luke; Eskualdunen kontseilu jeneralak hobeki laguntzen ahal luke Eskual-Herria (Davant). Ahalera negatiboan, ez partikula egokitzen zaio egitura perifrastikoari: Ez duzu egiten ahal; Ez zara etortzen ahal; Frantzian estadoak ez du apezei manatzen ahal (X. Arbelbide).

26.6.3.1d Azkenik, erdialdeko eta ekialdeko testu zahar zenbaitek geroaldiko ahalera berezia dute, partizipio prospektiboan oinarritua: Eta horra, mutu izanen aiz eta ezin minzaturen aiz, gauza hauk egin ditezen egunerano (Leizarraga); Zerren badakit bestela ezin salbatuko naizana (Otxoa Arin); Ni nula oren batez adelaturen ahal niz, mundiaren egiliaren behar den umilitatiareki errezebitzeko? (Maister). Gaur egun ere han-hemenka biltzen dira [-tuko + ahal + izan/*edun] eta [ezin + -tuko + izan/*edun] adizkien lekukotasunak: Herri galdu batean hasi zuen misionea; guziek zioten ez zuela han deusik eginen ahal (X. Arbelbide); Orduan deus trabarik gabe, joanen ahal zare komenturat (X. Arbelbide); Ezin esango dugu behintzat zintzo jokatu ez zuenik sortzaile horrek bere sorkarientzat izena bereizterakoan (Segurola); Ezin utziko nuen arrotzen esku (Lertxundi). Hizkera batzuetako hiztunek ezingo dizut eman / ezin emango dizut bereizten dituzte: lehenak benetako ezintasuna adierazten du, eta bigarrenak, berriz, gertatuko ez den zerbait, ez ezintasuna dagoelako, baizik eta ez baita komeni edo egoki.

26.6.3.1e Aipatu adizkiak ez dira gertakari baten ahalera adieraz dezaketen bakarrak. Izan ere, euskarak ere espresio baten bitartez agerian eman ditzake subjektuak ekintza baten burutzeko duen gaitasuna eta ekintza baten gertagarritasuna. Esaterako, gai/aukera/modua izan + -t(z)eko eta ez dago + -t(z)erik egiturak aipa daitezke: Maddi ez da gai testu hori irakurtzeko = Maddik ez dezake testu hori irakur; Ez dago atzera egiterik = Ezin daiteke atzera egin.

26.6.3.2. Modalitate epistemikoa eta ebidentzialitatea

26.6.3.2a Modalitate epistemikoa hiztunak ematen duen informazioaz duen ziurtasun-mailari dagokio, eta zehatzago, enuntziatuan markatzeari. Euskarak molde franko dauzka hiztunak erraten duenaz arras ziur ez dela adierazteko. Sintetikoek eta [-ten + izan/*edun] eta [-tu + izan/*edun] adizki analitikoek -ke atzizkia bere dezakete horretarako. Iparraldeko euskalkien usadioa izanagatik, Bidasoaz bestaldeko idazle zenbaitek bereganatua dute: Gaztelaniazko “signo” hitzetik datorke, dirudienez (P. Zabala); Kontraespioitza sare hori 1940ko txostenekoa dateke (Jimenez); Jaun horrek «HERRIA» irakurtzen duke, eta bereziki Gehexan Pontto-ren ateraldiak! (Herria); Ez niz orroit ere zer sasoin zitakeen, bainan ba arratsaldea zela, denbora ederra eta eskolarik ez ginuela (Dirassar); Sentitu zukeen zauritu ninduela eta segidan barkamendu eskatu zidan (Aintziart). Hegoaldeko hizkerek geroaldia adierazteko ohikoa den [-tuko + izan/*edun] adizki analitikoa erabiltzen dute gehienetan: Pellok izango du pilota; Halako bitxiak kario salduko dira; Parisen ezagutuko zuen bere andregaia. Euskal Herri osoan aurkitzen dira behar oinarri duten moldeak. Hegoaldean, Iparraldean ez bezala, partizipioari -a(k) eransten zaio orduan: Eta kukurik? Sumatu duzue kukurik? Etorria behar du honezkero, bestela, malo! (P. Zabala); Bera zen Errekarteko argazki guztien egilea, Mendiguren familiako zale bakarra itxuraz, eta berak egina behar du honek ere (X. Mendiguren Elizegi); Nik ez dut sekulan eskutan ukan holako diru-alderik, ez hurbiltzekorik ere bixtan da, bainan bost miliar euro alimaleko sos meta izan behar da! (Herria).

26.6.3.2b Gorago ikusi dugu ahal partikula ahalerazko adizkien osatzeko erabiltzen dela (§ 23.4.2, § 26.6.3.1). Ez da, haatik, har dezakeen balio bakarra. Euskalki guztietan desideratibo gisa erabiltzen da (§ 23.5.3.6) —ba- aurrizkia daramaten alegiazko adizkien bitartez ere adieraz daiteke desideratiboa (ikus § 26.1.5.2b eta § 34.5.2.3g)—: Eta Medina argitsutik errosario bat ekarriko ahal diguzu! (Zubizarreta); Ur freskoak jabalduko ahal du buruko min arraro hori (Askoren artean); Nere hesiak iraunen ahal du nik bezenbat! (Barbier); Jainkoak ikusten ahal du! (Hiriart-Urruti). Gainera, ekialdeko hizkeretan balio epistemikoa hartzen du askotan: Gizon ederra egin ahal da! (= ziurrenik); Ez ahal du guti irri egiten (Bidegain).

26.6.3.2c Molde hauez gain, bide23.5.3.3) partikula ere erabil daiteke adierazten denaz erabat ziur izan gabe, probablea dela agerian emateko. Adizki analitikoei mugatua da: Emakume asko izan bide dira Luisen bizitzan (Oñederra); Igandeko ibilaldietan askatzen bide du bere harrapari sena (Iñurrieta); Ematua bide zen turuten sukarraldia (Txillardegi).

26.6.3.2d Euskal hiztunak badu modu bat informazioa besteren eskutik heldu zaiola adierazteko, eta hortaz, iturriarekiko distantzia hartuz, ziurtasun osorik gabeko adierazpena egiten duela azpimarratzeko —ebidentzialitatea esaten zaio—. Adizkiarekin batera omen eta ei partikulak erabiltzen dira horretarako (azterketa sakonago baterako, ikus § 23.5.3.2): Armairura joan eta bere laneko jantziak erakutsi omen zizkion, baina gizonak ez omen zuen sinetsi, ez omen zuen sinetsi nahi izan (Joxean Agirre); Beren zeremonia sakratuenak biribiltzeko pikoak jaten omen zituzten ejiptiarrek, eta bestetan beste, Yiseko piramidean, han ageri omen dira piko biltze garaiko irudi sakratuak (Perurena); Euskalduna naixana, berbetan asi-orduko igarri ei dau (Azkue).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper