Euskararen Gramatika

26.3.5. Modua eta modalitatea


26.3.5. Modua eta modalitatea

26.3.5.1. Subjuntiboa eta agintera

Adizki analitikoak

Indikatiboa

Gainerako moduak

[-tu], [-t(z)en] eta [-tuko] + izan/*edun

X

aditzoina + *edin/*ezan

X

26.3.5.1a Aurreko taulak erakusten duenez, [-tu] partizipio burutua, [-t(z)en] partizipio burutugabea eta [-tuko] partizipio prospektiboa oinarri dituzten adizki analitikoak indikatiboaren esparrukoak dira. Indikatiboaz bestelako moduetarako, aditzoinaz eta *edin/*ezan laguntzaileez osatu adizki analitikoa erabiltzen da.

26.3.5.1b Hasteko, hura da euskararen subjuntibozko adizkia. Hizkuntzaz hizkuntza, subjuntiboa mendeko perpaus jokatu jakin batzuei mugatua izan ohi da; euskaraz, helburuzko perpausetan eta osagarri zenbaitetan erabiltzen da bereziki (ikus beherago § 26.6.2.1): Erran diot oraintxe bertan dei nazan; Itxi atea haizerik sar ez dadin. Euskarak hiru subjuntibo ditu: orainaldikoa, iraganaldikoa eta alegiazkoa. Orainaldiko subjuntiboak aldi oraineko laguntzailea du (etor dadin, egin dezan); iraganaldikoak, berriz, aldi iraganekoa (etor zedin, egin zezan). Alegiazko subjuntiboak alegiazko morfologia duen laguntzailea du (etor ledin, egin lezan); euskalki gehienetan alegiazko perpaus baten osagarri gisa erabiltzen bada ere (nahi nuke etor ledin), zubererak, antzina orokorragoa zen usadio bati eutsiz, iraganaldiko perpausen osagarri gisa ere erabiltzen du (üdan [ütürria] ttipitzen beitzen, hua behar zian haidürü egon behar zegoa betha ledin, EHHA Montori). Mendeko perpausetan erabiltzen diren ber, subjuntibozko adizkiek menderagailua daramate; beherago erakutsiko dugu (§ 26.6.2.1) perpausen arabera, delako morfema -n edo -la izan litekeela (etor dadin/etor dadila; egin zezan/egin zezala).

26.3.5.1c Aditzoinaz eta *edin/*ezan laguntzaileez osatu adizki analitikoa aginterazko eta jusibozko forma analitiko nagusia ere badela ikusi dugu. Gorago azaldu direnak errepikatu gabe, gogoan har adizki analitiko horrek, sintetikoek ez bezala (§ 26.1.5.4, § 26.2.3c), ez duela erabilera-murriztapenik. Bestela erranik, nahiz eta aginte adizki sintetikoak dauden, maiztasun handiagoarekin erabiltzen da adizki analitikoa.

26.3.5.2. Ahalera

Ahalerazko forma nagusiak [aditzoina + *edin/*ezan] adizki analitikoa du oinarri. Laguntzailea aldi orainekoa edo iraganekoa izan liteke, eta gisa horretan orainaldiko edo lehenaldiko ahalera sortu: etor daiteke; ez dezake egin; etor zitezkeen; ez zezakeen egin. Alegiazko ahalera alegiazko morfologia duen laguntzailearekin osatzen da: ez liteke etor; ez lezake egin. Hiru kasuetan laguntzaileak -ke atzizkia beretzen du (*edin laguntzaileak -teke NOR paradigman). Geroago ikusiko dugu azken hamarkadetan adizki analitiko horren ordez beste zenbaiten erabilera hedatzen ari dela, etortzen ahal da eta etorri ahal da tipokoak (§ 26.6.3.1c, § 26.6.3.1d).

26.3.5.3. Alegiazko paradigma

26.3.5.3a Sintetikoak izan ala adizki analitikoetako laguntzaileak, adizki jokatu guztiek daukate alegiazko paradigma, oraineko eta iraganeko aldietako paradigmen ondoan. Gorago erran dugu alegiazko adizkiak bi itxuratan agertzen direla, ba- aurrizkiaz lagundurik, edo -ke atzizkia bereturik. Ezaugarri hauek denbora-aspektu-modu adizki analitikoetara ekarririk, ohartzen gara adizki analitiko guztiak ba- aurrizkidun alegiazko formarekin elkar daitezkeela. Adizki hauek oro, baldintza irrealeko protasian erabiltzen dira (§ 34.5.2):

sartzen balitz, egiten balu (baldintza irreal ez-burutuko protasia, Iparraldeko hizkerak)

sartu balitz, egin balu (baldintza irreala burutuko protasia, euskalki guztiak)

sartuko balitz, egingo balu (baldintza irreal ez-burutuko protasia, Hegoaldeko hizkerak)

sar baledi, egin baleza (baldintza irreal ez-burutuko protasia, zuberera —XVI. mendean euskalki guztiek erabiltzen zuten—)

26.3.5.3b Haatik, -ke atzizkia beretua duten alegiazko laguntzaileak ez daitezke adizki analitiko horietan guztietan erabil; [-tuko] eta aditzoina oinarri dituzten adizki analitikoei mugatuak dira halako adizkiak. Baldintza irrealeko apodosian eta hipotetikoan erabiltzen dira:

sartuko litzateke, egingo luke

sar liteke, egin lezake

baina ez **sartzen litzateke, **egiten luke eta **sartu litzateke, **egin luke

26.3.5.4. -ke atzizkia

26.3.5.4a Aldi oraineko eta iraganeko laguntzaile guztiek har dezakete -ke atzizkia, eta denbora-aspektu-modu adizki analitiko guztiekin konbina daitezke:

sartzen dateke, ikusten duke / sartzen zatekeen, ikusten zukeen

sartu dateke, ikusi duke / sartu zatekeen, ikusi zukeen

sartuko dateke, ikusiko duke / sartuko zatekeen, ikusiko zukeen

sar daiteke, ikus dezake / sar zitekeen, ikus zezakeen

26.3.5.4b Alabaina, gisa horretan eratu adizki analitikoek ez dute ez balio bera, ez funtzio bera sisteman. Lehenbiziko biak (sartzen dateke, ikusten duke / sartzen zatekeen, ikusten zukeen eta sartu dateke, ikusi duke / sartu zatekeen, ikusi zukeen) modalitatearen esparrukoak dira. Laguntzaileari -ke atzizkia ezarriz, mintzatzaileak erraten duenaz segurtasun osorik ez duela adierazten du (ikus § 26.6.3.2a). Haatik, [-tuko] oinarri duten adizki analitikoak bakan agertzen dira laguntzaileari -ke atzizkia gehiturik. Antzina geroaldia adierazteko erabiltzen zen: Orduan haren etxea pillaturen duke (Leizarraga); Emazteak zerengatik gaitz erranen dirate? / Handi eta txipi oro haietarik girade (Etxepare). Gorago erran dugun bezala (§ 26.3.5.2), sar daiteke, ikus dezake / sar zitekeen, ikus zezakeen adizki analitikoek ahalera adierazten dute.

Gorago ikusi dugu alegiazko adizkiek ere -ke atzizkia hartzen dutela (§ 26.1.5.2); adizki hauetan, alegiaren markatzailea da.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper