Euskararen Gramatika

25.2. Partizipioa


25.2. Partizipioa

25.2.1. Partizipioa: formak eta erabilerak

Euskararen aditz guztiek ez dute beren partizipiozko forma modu berean eratzen. Bi partizipio mota daudela erran daiteke.

25.2.1a Lehenik, aditzoinari -i edo -tu —n, l ondotik -du (heldu, zabaldu, lagundu, laztandu)— atzizkia gehituz eratorririkoak daude: etorr-i, ikus-i, eros-i, has-i; har-tu, sal-du, sar-tu. Aipatu bi atzizkiak ezin daitezke maila berean ezar, lehen testuetatik, -i atzizkiak emankortasun oro galdua baitu, eta -tu hedatuena baita. Preseski, —Oihenarten aberatsi ‘aberastu’ salbuespenaz aparte— -tu beste kategorietatik eratorritako partizipioak eratzeko erabiltzen den atzizki bakarra da: gizondu, loratu, zahartu, azkartu, berandutu, gaizkitu, aitzindu. Halaber, mailegu zahar eta berrietan hura da agertzen: barkatu, despeditu, kantatu, klikatu, flipatu, haluzinatu… (ikus § 6.1). Atzizki horren zabaltzearen ondorioz, antzina -i atzizkia zeramaten partizipio zenbaitek -itu gisako partizipio-atzizki pleonastikoa dute (motzitu, hotzitu, baltzitu; anzitu ‘ahantzi, ahaztu’ Lazarraga; haritu ‘hartu’ Etxepare), eta bestek -i osoki ordezkatua dute (irakurri/irakurtu, ahantzi/ahaztu, iratzarri/iratzartu, sinetsi/sinistu…). Edozein kasutan, partizipio-atzizki bat ala bestea erabili, partizipioak bere forma propioa du, aditzoinetik bereizia.

25.2.1b Partizipio horien ondoan, badira aditzoinetik eratorriak ez direnak eta partizipio-atzizkirik ez dutenak. Bestela erranik, ez dute forma propiorik eta aditzoinaren homonimoak dira. Mota horretako partizipioa duten aditzen artean, -n bukaeradunak ditugu: eman, izan, ukan, joan, esan/erran, iraun… Nahiz eta Traskek (1990) proposatu zuen aditz hauek antzina beren partizipioa aditzoinari -i atzizkia ezarriz eratzen zuketela (*eman-i, *joan-i, *izan-i…), euskara modernoan ez da hala, eta beraz, forma bat eta bera dugu aditzoina eta partizipioa esperoko genituzkeen tokietan. Halaxe dira, baita ere, -o bokalaz (jo, eraso, jaso, ito), eta -ki morfemaz (jaiki, jarraiki, eraiki, atxiki; mendebaldean -gi: ebagi, edegi, jagi) bukaturikoak. Badira, halaber, aditz batetik eratorriak iduri ez dutenak, hala nola adjektibo itxura dutenak (hil, erre, ase, busti, bete) eta izen postposiziodunak (atera, lehorrera, lurrera, itsasora). Germanikoari mailegatutako gorde, bota aditzek ere forma bera dute partizipioaren eta aditzoinaren testuinguru arruntetan. Bigarren multzo horretako partizipioak gutiago eta bakanago izanik, hizkera batzuetan -tu atzizki emankorra haietatik zenbaiten artera hedatu da: izandu/izatu, egondu/egotu, bustitu, ateratu, gordetu, botatu, betatu. Bizkitartean, euskara batuan partizipio-atzizkirik gabeko formak erabiltzea gomendatzen da.

Aurreko atalean ikusi dugun bezala (§ 25.1), euskalki askok aditzoina galdua dute, eta beraz, aditzoina erabil litekeen testuinguruetan partizipioa baliatzen dute. Baina partizipioa ez da erabilera horietara mugatzen; atal honetan, beste zenbait baliabide gehiago ere baduela ikusiko dugu.

25.2.2. Partizipioa eta adjektiboa

Hizkuntzalaritzak aspalditik azpimarratua du partizipioaren kategoriaren arazoa. Izan ere, oinarrian aditza izanagatik, erran genezake partizipioa ez dela arras aditza. Partizipioaren eta adjektiboaren artean gertatzen diren zenbait erlaziok adjektiboaren eite handia duela erakusten digute: izen sintagma batean izenondoen lekuan agertzen ahal dira partizipioak, baita perpaus batean predikatu osagarri gisa ere.

25.2.2a Hurrengo adibide hauetan agertzen diren partizipioak izen sintagma baten barnean daude: Bago erorira egurkari guziak laster ari dira (Oihenart); Harri erabilik eztu biltzen oroldirik (Oihenart). Bi adibide horietan erori eta erabili partizipioak, beste izenondoak bezala, izenaren eskuinean ezarriak dira, eta hondarkia haiei zaie lotzen. Molde horretako partizipioak beste izenondo batekin ere elkar daitezke: Haur polit eta ikasi batengana hurbildu nintzen.

25.2.2b Partizipioa predikatu osagarri gisa ere erabil liteke. Euskara zaharrean partizipio soila, hau da, beste markarik gabea genuen halakoetan: Benedikatu dela Jaunaren izena; Ene zezenak eta harakei gizenduak harakeitatu dirade (Leizarraga); Zamariak joan direnian, establia zerra (Zalgize). Gaur egun, berriz, partizipioa predikatu osagarri gisa erabiltzekotan, -a(k), -(r)ik edo -ta atzizkiak lotzen zaizkio, euskalkien arabera: Benedikatua izan bedi Jaunaren izena; Autoa konponduta dago; Gutunak igorririk daude / igorriak dira. Egitura predikatibo horiek erresultatibo ere izendatu ohi dira (Nedjalkov & Jaxontov 1988; Comrie 1976), beste predikatu osagarrietatik bereizteko (ikus 24. kapitulua). Izan ere, partizipioarekin egiten diren predikatuek seinalatzen dute partizipioak, aditz gisa, adierazten duen ekintzaren ondorioa: Etxe hori tindatua da (tindatzearen ondorioa); Liburu hauek salduta daude (saltzearen ondorioa); Atea itxirik da(go) (ixtearen ondorioa) vs Etxe hori itsusia da; Gaur egungo haurrak handiak dira (adibide hauetan adjektiboak egoera bat/kalitate bat adierazten du, ekintza baten ondorioa ez dena).

25.2.2c Aitzineko adibideek erakusten duten bezala, gaur egun partizipioak zentzu pasiboa du gehienetan: (zerbait) ikusia, (zerbait) ikasia. Halere, euskara zaharrean interpretazio aktiboa ere izan zezakeen: O Jainko hoinbertze mirakulu egina, salba gaitzazu; Anitz ikusia, guti ikasia ‘anitz ikusi duenak, guti ikasi du’. Interpretazio aukera bikoitz hori partizipioa oinarri duten egitura perifrastiko zenbaitetan hautematen dugu. Adibidez, Esanik dago perpausak irakurketa hauek izan ditzake: a) oraingoan dena esanik dago, hots, ez da ezer gaineratzekorik (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erresultatiboa); b) ez zenuen nahi hark jakin zezan. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko norbaitek esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: pasiboa; perifrasiaren balioa: erdi-pasiboa); c) ez zenuen nahi Patxik inori esan ziezaion. Beranduegi da, ordea: segur naiz dagoeneko bati baino gehiagori esanik dagoela (partizipioaren interpretazioa: aktiboa; perifrasiaren balioa: antipasiboa).

25.2.2d Partizipioa -tzat postposizioa harturik ere ager dakiguke predikatu osagarri gisa (ikus § 24.3.5.2a): Bilkura amaitutzat eman zuten; Partida galdutzat emazu.

25.2.3. Partizipioa eta izena

25.2.3a Euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, partizipioa izenaren ereduan ere ager daiteke. Halakoetan, partizipioari dagozkion osagarriak izenak berarekin eramaten dituenak dira, ez aditzarenak, hala nola izenlaguna: Zure esanak ez ditut sinesten; Aitamen erranetarik barna ibili bagina (kantua: Nevadara joan nintzen…); Ororen jakinean; Oiloen jana prestatzen ari da; Zein izan da zure lanaren ekarria?; Begiratu bat emaiozu honi. Delako erabilera ez da, haatik, partizipio guztiena; alderantziz, guti dira izen gisa har eta erabil daitezkeenak, eta dirudienez, ondare zaharreko aditzak dira gehienak: esan, izan, ekarri, jan, edan, itzuli, estali, jauzi, hazi, jauntzi, ebaki, isuriukitu eta begiratu dirateke berri bakarrak—. Bestela erranik, partizipio mailegatuek ez dute izen erabilerarik (*barkatua, *dantzatua), non ez zuten jadanik erabilera hori hizkuntza emailean, adibidez, merkatu. Partizipioetatik sortu ziren izen zenbait lexikalizaturik geratu dira hizkuntzan (esan zaharrak, hilak, irabaziak…), eta beste batzuk partizipio erabilera galdu eta oso-osoan dira izenak (erauntsi, bizi…). Gauza bera esan genezake bi aditz elkarturik moldatzen diren izenez: joan-etorriak, har(tu)-emanak, sal(du)-erosiak

25.2.3b Partizipioa zenbait esaeratan ere agertzen zaigu izen itxurarekin. Hala, ezin-ekin elkarturik, izen bat edo aditz izen bat osa dezake: Ezin egonak hartua zen gure mutila; Utz ditzagun elkar ezin ikusiak eta gatazkak; Aitari ezin mintzatuak kezkatzen ninduen. Halaber, partizipioa aditz izen bihurrarazten dugu huts adjektiboarekin: Frankfurteko jaunak etorriko ziren eta aita ikara batean zegoen bilera horretako emaitzetan pentsatu hutsarekin (J. Zabaleta); Nik ez nuen bide hartatik jarraitu nahi, ezen, izen hura entzun hutsarekin erraiak sutan jartzen zitzaizkidan (Igerabide); Baina ikusi hutsarekin, ukitu gabe, bereiziko ote lituzke esfera eta kuboa? (Olarra). Halere, aditz izena ohikoagoa da testuinguru horretan: Horren ordez, arrazoimena bera eta bere pentsatze hutsa soilik dira nire autugaia (Uribarri); Ekartze hutsa, mila duro kosta zaio (Perurena); Ikuste hutsak poz ematen dit (Perurena). Partizipioa errepikatzean, edo bortxaz eta ariaz-ekin erabiltzen dugunean ere izen itxura du: esanaren bortxaz; ikusiaren ariaz; ikusiaren ikusiaz; Behatuaren ariaz, ikasia bezala nuen (J. Etxepare). Era berean, zenbait aditz zer galdetzailea erabiltzearen ondorioz, arras izen bihurtu zaizkigu: zeregin, zeresan, zerikusi.

25.2.4. Partizipioa mendeko perpausetan

Partizipioa mendeko perpaus jokatugabe zenbaiten aditza da batzuetan. Hori gertatzen da, hain zuzen ere, gorago aipatu diren kasuez bestalde (§ 25.2.2b), erlatibo laburtuetan eta perpaus osagarri eta adjuntu zenbaitetan. Hemen hiru testuinguru hauen deskribapen labur-laburra eginen dugu, perpaus mota bakoitzari dagokion atalean sakonkiago azalduko baitira.

25.2.4a Perpaus erlatiboak labur daitezke adizki jokatua kenduz eta soil-soilik partizipioa utziz (ikus “Perpaus erlatibo jokatugabeak” § 31.5): goizean etorri den gizonagoizean etorri gizona. Mendebaldean eta erdialdean, erresultatiboaren marka (-(r)ik edo -ta) lotzen zaio, eta -ko atzizkia eransten: goizean etorritako gizona; goizean etorririk(a)ko gizona. Zenbait hizkeratan nahikoa izaten da -ko zuzenean eranstea partizipioari, besterik gabe: goizean etorriko gizona; goizean entzuneko gezurra; Pellok aipatuko gizona. Perpaus erlatibo laburtuak modifikatzen duen izen ardatza ezaba daiteke, eta ondorioz, partizipioari zuzenean lotzen zaio mugatzailea: etxean ikusia; umeak ikasia… Halakoetan, duda izan genezake partizipioa arras izen itxuran dagoen ala erlatibo laburtu bat den. Gehienetan molde horretako partizipioen adiztasuna ongi ageri da, partizipioaren ondoan osagarri gramatikalak nahiz -ko gabeko adizlagunak ager baitaitezke: Zuk esana ez da egia; Alkoolari emanek ez dute ardorik edan behar; Atzo Parisen gertatuek harriturik utzi naute. Erlatibatzearen ondorio ez diren partizipioen kasuan, berriz, ez da hautematen ardatzik isildu denik, eta arras izen bihurtuak dira. Adibidez, Badira gauzak gure giza kondizioan saihestu ezin ditugunak, hala nola janean eta edanean hartzen dugun atsegina, gosea edo egarria daukagunean (J. M. Lekuona) perpausean, jan eta edan izen gisa erabiliak dira, baina nekez kontsidera genezake perpaus erlatibo laburtu baten aditzak ditugula. Hau da, ez dugu uste janean eta edanean sintagmetan ardatza isilean dagoenik edo jan eta edan partizipioen nor sintagmari dagokionik. Izatekotan ere, jan-ek eta edan-ek hemen aditz izenaren balioa dutelakoan gaude, hala nola gertatzen baita honako bi adibideotako partizipioekin: Geure ele gaisoa ostikopean darabillen ele arro maminbakoa olan ostikatuta ikusiak neure barru guztia berez gozatu eustan (Kirikiño); Anhiz iana, eta anhiz edana da hontara nakarrana (Oihenart). Azken adibide horretan, Oihenartek ematen duen frantsesezko itzulpenak ez digu zalantzarik uzten partizipioaren izaeraz: “Le manger beaucoup et le beaucoup boire m’a réduit à ceci”. Beste kasu batzuetan, dudazkoa da nola sortu den partizipioaren izen erabilera; izan aditzarekin, esate baterako. Zenbaitetan erlatibatzeari dagokiola iduri luke, baina besteetan, ordea, ez: Ez izana ez da baitezpada ezin izana (Hiriart-Urruti gaztea); Honek dute alegrantziaren izena eta izana, eta gaiztoek izena eta ez izana (Axular). Lehenbiziko adibidean, izana aditza dela pentsa daiteke, horren ordez, Ez gertatua ez da baitezpada ezin gertatua esan baikenezake. Bigarren adibidean, berriz, izana aditz izenari dagokiola ematen du, izate edo izaera-ren balioa baitu. Soziatiboaren marka lotzen zaiolarik, partizipioak maiz hartzen du balio hau: Harrituarekin geldi-geldia zauden (Lafitte).

Zenbaitetan, partizipioa oinarri duten erlatibo laburtuak aposizioen eraikitzeko erabiltzen ditugu: Atso bi, jeiniñoz erre-erreak, alkarregaz asarratu dira (Kirikiño); Sinaico mendian eman zien legea, letraz ezarria, eta deitzen zaio Moisesen legea (Agirre Asteasukoa). Hauetan partitiboa ere lotzen ahal zaio partizipioari: Edan niro basoa beterik (kantua: Nik badakit…). Batzuetan, aposizioan diren perpaus jokatugabe horiek beren autonomia hartzen dute, eta bakarrik agertzen dira, maiz halako balio adberbiala hartzen baitute (maizenean kausazkoa edo kontzesiboa): Aita-amek hain artoski altxatua, ez diotet ahalgerik eman nahi (Lafitte); Arras gosetua (goseturik), ostatu batean sartu nintzen.

Partizipioa erlatibo libro laburtu batean ere ager daiteke egin aditzarekin, norbaiten alegiazko jarrera adierazteko: Ez ikusiarena egin zuen. Hor, ikusi ez duenaren itxura edo gisa horretako erlatibo baten aditza da ikusi.

25.2.4b Partizipioa perpaus osagarri zenbaitetan ere kausitzen da. Modalitate predikatu batzuek (behar, nahi, gogo…) partizipioa buru duen perpaus jokatugabea hartzen dute osagarri gisa: etorri behar duzu; joan nahi dut; ikusi gura duzue; mintzatu gogo dugu; etorri gogo zuen. Ekialdeko euskalkietan uste-rekin ere agertzen ahal dira horrelako perpausak: Saindu batek bezala hil uste duenak… (Axular). Halaber, predikatu psikologiko zenbaitek (barkatu, oroit, urriki ukan…) partizipiozko perpausa dute osagarri; kasu horretan, partizipioa partitiboarekin edo artikulu singularrarekin agertzen da: Barkatu berant jinik (= berandu etorria); Oroit naiz han ikusirik; Kontent naiz zure ezagutza eginik; Pozten naiz zu ikusia; Nik zer kulpa daukat zuk seme asko hazia? Halakoetan, egoera burutu bat adierazten du partizipioak, egoera burutugabe bati erreferentzia egiteko beste adizki jokatugabe bat erabiltzen baita, aditz izena instrumentalean, hain zuzen: Kontent naiz zu(re) ikusteaz (agurtzean) vs Kontent naiz zu ikusirik (despeditzean). Preseski, balio burutu horren indartzeko, euskalki zenbaitek izana gehitzen dute partizipioaren ondotik: Kontent naiz zu ikusi izana; Damu dut egia esan izana; Dolu dut azartu izana. Aholku baten emateko, hobe izan lokuzioak ere partizipioa har dezake osagarri gisa, absolutiboan edo partitiboan: Hobe duzu han berean egon/egonik; Ixil hobe huke atxiki mihia (Goihetxe). Kasu horretan, partizipioak ez du balio aspektual berezirik ekartzen eta aditz izenaren baliokidea da: Hobe duzu han berean egotea. Eskerrak emateko, ekialdeko euskalkiek partizipioa buru duen osagarria erabiltzen dute, partizipioak partitiboa duela: Milesker zure sustengua emanik; Milesker honaino jinik.

25.2.4c Perpaus adjuntu zenbaitek ere partizipioa dute (azterketa sakonago baterako, ikus § 23.3.1h). Zehatzago, partizipioa postposizio batekin ager dakiguke: ikusi arte (artio, artino); zuk egin artean (bitartean); aita etorri ondoan (ondoren, ostean); bazkaldu eta; bazkaldu aitzin(ean) (aurretik); ama heldu ordu(ko); hau egin lekuan (beharbidean, ordez); ikasi faltan; haurrak sartu arau (ahala); lan eginarren; lan eginagatik. Sail berean sar genitzake denborazko edo moduzko erkaketak: lokartu bezain laster (sarri, fite…); hautsi baino lehen; etorri bezala joan zen. Gauza bera suertatzen da partizipioa gabe-rekin erabiltzen denean: Ni ondoan esertzen nintzaion, ohe ertzean, kontu handiz zangoak azpian hartu gabe (Saizarbitoria); Gezurra esango nuke dardara egin barik ikusi nituela esango banu (Jimenez). Ekialdean denborazko balioa ere izan dezake zenbait aldiz itzuli honek: Bero bat izigarria baitzen, etxerat heldu gabe, bere burra guzia urtua zuen (Barbier) (= heldu aitzin). Partizipioa forma hutsean agertzen da nahiz eta erabiliz moldatzen diren kontzesibo jokatugabeetan ere: Nahiz eta handia izan, ez zen apalera heltzen.

Kasu horietaz aparte, partizipioa perpaus adjuntuetan aurkitzen delarik, partitiboarekin, edo postposizio batekin agertzen da. Preseski, maiztasun handiarekin agertzen zaigu partitiboaz markaturik aurrekotasuna eta modua edo bidea adierazteko: Ele horiek entzunik, etxera itzuli nintzen; Sardea tripan sarturik hil zuen (Lafitte). Baina ere partikula darraionean, kontzesiboa markatzen du: Hortakotz ere Gilenen gaixtakeriek hanbat min eginik ere, ixilik egon behar (E. Etxamendi); Nornahik esanik ere, ez nezake sinets. Jakina, partitiboaren lekuan -ta ere erabil daiteke, hau da, mendebaldeko eta erdialdeko bigarren erresultatibo marka: Aurretik doa bera, eta ni eskutik helduta narama (Aristi); Alde eginda ere, beti aurkitzen gaituztela, beti itzultzen garela autora (Atxaga). Instrumentala partizipioari erantsiz, modua edo bidea adierazten duten perpausak molda ditzakegu, honako adibideotan ikusten den legez: Lan eginez ikasi egiten da; Zurekin mintzatuz anitz ikasi dut; Bertze bat, piltzarrez lepo beharriak kukutuak ipar haizeak azpitik goiti daldaratuz, ukurturik badoana (J. Etxepare). Halakoetan instrumental mugatua lot dakioke partizipioari: Zurekin hitz eginaz asko ikasi dut; Bihamon goizean deitu eban, “hemen nago holantxe eta holantxe” esanaz (X. Amuriza). Instrumentalaren ondoan bat(era) agertzen bada, perpausak denborazko balioa hartzen du: Irakaslea sartuaz batera, ikasleak isildu egin ziren; Hitzak esanaz batera, leihorantz jiratu zuen burua (Gorrotxategi). Haatik, partizipioa instrumentalean gero((z)tik) postposizioarekin batean agertzen bada, perpausak kausazko edo denborazko balioa izan dezake: Aitak erranez geroz, sinetsazu (Lafitte); Lagunak joanez gero bakarrik egon naiz; Algar ikusiz geroz, urte bat igaran da (Casenave-Harigile).

25.2.5. Partizipioa juntadura perpausetan

25.2.5a Hegoaldeko euskalkietan, bi adizki analitiko koordinatzen direnean, maiz lehen adizkiko laguntzailea isiltzen da, eta adizki nagusiak partizipioaren itxura hartzen du. Horrela, partizipioa aditz izenarekin edo partizipio prospektiboarekin elkar daiteke, aurretik doanean: Gauza asko ikusi eta entzuten du; Ikusi, entzun eta ezagutuko balute ere, halako agerpen fantasmagoriko bat senide, ahaide, adiskide eta burkide zaharren osasunerako kaltegarri izan zitekee[n] (J. L. Zabala). Koordinazio mota bera dugu adizki analitiko bat adizki sintetiko batekin elkartzen delarik: Tentel aldra bat, erderas ‘intelectuales’ izena eurentzat artu ta darabillenak (Kirikiño). Bi perpaus jokatugabe elkartzean ere, lehenean partizipioa ager daiteke: Bere izate morala zartatu eta erortzen sentitu zuen (Aldasoro); Florak apaletan flasko, pote eta gainerakoak kendu eta jartzean ateratzen zuen hotsa (Saizarbitoria); Ezin du gehiago eskatu herriak, bere burua egia eta gezur bete horiekin entretenitu eta apaintzearekin aski baitu (Perurena).

25.2.5b Gorago deskribatu bezala (§ 25.1.3), ekialdeko euskalkietan koordinazioa beste gisa batez gauzatzen da. Bi adizki analitiko edo bi perpaus elkartzen direnean, lehen aditzak partizipioaren itxura baino, aditzoinaren itxura har dezake —eta laguntzailea isil, adizki analitikoaren kasuan—. Hala ere, mintzo hauetan, bi adizki analitiko koordinatzean arruntagoa da bigarren laguntzailea isiltzea; kasu horretan, adizki nagusiak bere aspektu marka begiratzen du: Etxera itzuliko naiz eta segidan lanari lotuko; Goiz guziz ikusten dut eta elekatzen. Perpaus jokatugabeak elkartzean ere bakoitzak bere postposizioari eustea da ohikoena, nahiz eta koordinazioaren lehen partean partizipioa duen adibiderik biltzen den literaturan: Auto baten saltzeko edo erosteko; Ikusi nuen haur bat baratzean sartzen eta enegana hurbiltzen baina Hemen berean nintzen, oilaskoak lumatu eta husturik, apailatu nahi nituen (Lafitte); Gehiegikeria horiek entzun eta ikustean, Frantzisko dohatsuak, esan bezala, errieta egiten zien eta halakorik ez egiteko agintzen (Asisko Frantzisko).

25.2.6. Beste erabilera zenbait

25.2.6a Partizipioa aipamenezko forma da egungo hizkera guztietan, bai erdarazko aditz baten ordaina ahoz ematean, bai hiztegietan. Ez bide da beti hala izan, Erronkaribarrean eta Zuberoako herri batzuetan aditzoina bildu izan baita. Gogoan izan dezagun, baita ere, Iparraldeko hiztegi zahar askotan aditzak aditz izenaren itxuran agertzen direla.

25.2.6b Desafiatzeko baietz edo ezetz erabiltzen da, eta hizkera batzuetan ikusmiran ezartzen den gertaera edo ekintza partizipioaren bidez adierazten da: Larri ibilli baietz (Kirikiño); Ezetz harri hau altxatu; Ezetz harrapatu!; Apustu egingo dizut nirea baietz bota arbola-ipurdi hura baino urrutirago (I. Mendiguren).

25.2.6c Partizipio huts-hutsa erabil daiteke egin eta irudi-rekin ere: Badakit […] ez ikusi egingo deutsazuna (Otxolua); Ez ikusi iduri eginik (Axular).

25.2.6d Tituluetan eta zenbait modismotan ere partizipioa adizki laguntzaile barik erabiltzeko joera izaten dugu. Hala ere, behar izanez gero, geroaren marka erants dakioke horrelakoetan: Eusko Jaurlaritza bihar bilduko; Poliziak 200 kg heroina aurkitu; Geroak erranen; Gero ikusiko; Ikusiak ikusi; Erranak erran; Abiatuan abiatu; Hasian hasi (J. B. Etxeberri); Sartuan sartu (J. B. Etxeberri).

25.2.6e Forma jokatugabeak fokalizazio baten ondorioz ere ager daitezke. Zenbaitetan partizipioa dugu orduan kausitzen, eta beste batzuetan, berriz, aditz izena: Lapurrak ba geure gauzea ostatua daroa bana geu ez garoaz, ta barriz, bakaldun orrek dagiena da: gizonak eurak ostu osagun guztiakaz, gizonai aberria ostu (Kirikiño); Ez dauke gogoan beste gauzarik: il, erre, apurtu, kiskaldu, birrindu, ezereztu, … Odola ixuri, negar eragin, ikaratu ta beldurtu mundu guztia (Kirikiño); Sobera akitu gabe egin zuten errepublikanoek erresumaz jabetzea (Hiriart-Urruti gaztea); Bertze gauza bat, erreboluzioneko gizonek, gure mendean egiten dutena da kargu guzietarik khentzea Eliza gizonak, berak heien orde edo plazan emaiteko (M. Elizanburu).

25.2.7. Partizipioa oinarri duten adizki analitikoak eta perifrasiak

25.2.7a Ugari dira partizipioa oinarri duten egitura analitikoak. Lehenik, partizipioa bere forma soilenean —hau da, atzizkirik gabe— oinarri dutenak daude. Hauen artean, [-tu + izan/*edun] adizkia da segurki ezagunena. Laguntzailea tempus edo aldi orainean duela, perfektua edo iraganaldi hurbila adieraz ditzake (ikus § 26.6.1.1.2 eta § 26.6.1.2.2); laguntzailea aldi iraganean jokaturik, berriz, iraganaldi burutua adierazten du (§ 26.6.1.2.2): Dimisio-gutuna idatzarazi dit; Goizean ogia erosi dut; Lehendakari berria iaz ezagutu nuen; Etxera iritsi zenean, konturatu zen egoera aldatu zela. Egitura analitiko birkonposatuek ere partizipioa dute oinarri (ikusi izan dut; erran izan/ukan dut) (ikus § 26.6.1.1.2), baita erdi-pasiboek ere (jantzi asko haurrek eginak dira) (§ 23.2.2.8.3).

25.2.7b Euskalki arkaiko guztiek ohitura adierazteko adizki analitiko berezi bat zuten, partizipioaz eta joan (intrantsitiboekin) eta eroan, eraman (trantsitiboekin) laguntzaileez osatua: Ao itxian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia (RS 123); Mundu honec anhiz gende enganatu darama (Etxepare). Forma horrek XIX. mendera arte iraun zuen Bizkaiko xoko zenbaitetan: Olaetxea (1763), Añibarro (1821) eta Mogelen (1881) testuetan nasaiki biltzen da, eta Astarloak (1803, 1883 [1805]), Añibarrok (1969: 77) eta Zavalak (1848) deskribatzen dute beren gramatiketan (ikus, halaber, Azkue 1923-1925: § 883, § 934).

25.2.7c Mendebaldeko hizkerek [aditzoina + *ezan] adizkia XVII. mendean berean baztertu zuten, [partizipioa + egin] adizkiaren onetan. Orduz geroztik, beraz, azken molde analitiko hori erabiltzen da indikatiboaz bestelako moduetan, hau da, subjuntiboan (nahi dut egin dagien), aginteran (hartu egizu!; topa dagigun!) eta ahaleran (esan daikezu). Partizipioa eragin oinarri duen egitura arazleetan ere erabiltzen da hizkera hauetan (§ 23.2.1.2 eta Euskaltzaindiaren 23. araua, “Arazi”): Ballet mécanique filmean Fernand Léger-ek ziburu baten muturrean jarri zuen kamera bat, eta filmagaitik urrundu eta hurbildu eragin zion, mugimendu hori inolako begi diegetikori atxiki ezin zitzaiola (J. Zabaleta).

25.2.7d Partizipioa instrumentaleko postposizioaz jantzirik ageri zaigu [-tu(a)z + joan] perifrasian. Aldaketa gradual baten berri emateko erabiltzen da: Edertuz doa eta hedatuz Baionako hiria (Hiriart-Urruti); Antton jauna gero eta zaharrago bilakatuz doa (U. Apalategi); Babazuza eta harrizko uri bat heldu da etxeko berinen xeakatzerat eta galernaren hasarredura berratuz doa (Daskonagerre).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper