Euskararen Gramatika

23.4.1. Sarrera


23.4.1. Sarrera

23.4.1a Modalitatea adierazten dute asmo, behar, ezin, gogo, nahi/gura, uste + izan predikatuek beste aditz baten ondoan ematen ditugunean perpausean.

Guztiek eskatzen dute aurretik partizipio burutua. Izan aditza da aspektu markak hartzen dituena: behar izaten dugu, ezin izan genuen… Aspektu prospektiboaren marka izanek har dezake, baina zuzenean erants dakieke ahal, behar, ezin eta nahi izenei: ekarri nahi izango du / ekarri nahiko du, sartu ahal izango dira / sartu ahalko dira nahiz dirutan ere ez da eskuratuko ahal (J. Etxepare). Ezezkoetan, bat egiten du aditz modalak partizipioarekin: ez du ogia ekarri nahi, ez du lana egin behar, ez du lana egiten ahal / *ez nahi du, *ez behar du edo *ez ahal du.

23.4.1b Ahal, behar, ezin eta nahi/gura izan dira orokorrenak, ekintza, egoera, jarduera, prozesua… adierazten duten aditzekin ager daitezkeenak.

Aditz modalek ageriko subjektua duen aditza eskatzen dute. Eguraldi aditzek edo irudi du, ematen du, merezi du, pena da motakoek ez dute onartzen horrelako aditz modalik202. Behar izan eta nahi izan aditz modalen erregimena arautu zuen Euskaltzaindiak 113. eta 114. arauetan. Euskara estandarrean, du laguntzailea eskatzen dute, baita aditza intrantsitiboa denean ere: etorri behar du, etorri nahi/gura du. Nolanahi ere, Euskaltzaindiak ez du gaitzesten zenbait euskalkitako erabilera: etorri behar naiz, edo ipar-ekialdeko euskalkietan erabiltzen den etorri nahi naiz. Izan ere, da laguntzailea ere erabilia izan da eta erabilia da lehenagoko eta egungo testuetan, ekialdean nola mendebaldean: Ez zuan dudarik Pello, muthil hori izan behar zela atsoak helatu zuen Manuel (J. B. Elizanburu); Ni hortik joan behar naiz —esan die txoferrak (P. Lizarralde). Aditz trantsitiboekin zehar-osagarria ageri denean, dio laguntzailea izango dugu: Hortaz, adio esan behar dizut (I. Mendiguren); Arrautza frijituak nola jaten dituzun galdetu behar nizun (X. Mendiguren Elizegi). Aditz intrantsitiboekin zehar-osagarria ageri denean, zaio laguntzailea erabiliko dugu: Mintzatu beharko natzaizu.

Ikus Euskaltzaindiaren 113. araua: “Behar izan aditzaren jokabidea aditz iragangaitzekin”, 2001eko otsailaren 23an, Lekeition, eta maiatzaren 25ean, Donostian, onartua.

Ikus Euskaltzaindiaren 114. araua: “Nahi / gura izan aditzen jokabidea aditz iragangaitzekin”, 2001eko otsailaren 23an, Lekeition, eta maiatzaren 25ean, Donostian, onartua.

Ezin izan, ostera, bietara ikusiko dugu: Gaur ezin naiz zinera joan vs Gaur ezin ditut erosketak egin; hau da, ezkerrean daraman aditzaren ohiko laguntzailea hartzen du (ez du laguntzailea aldarazten: etorri naiz > etorri behar dut, etorri nahi dut / ezin naiz etorri). Forma inpertsonal eta pasiboetan, jakina, da laguntzailea izango dugu: Zientziak huts egiten duela diotenean, barre egin behar da (J. Zabaleta); Ahal izanez gero, […] jatorriz idatzitako moduan irakurri behar da (Salaburu); Horri buruzko proba bat egin nahi denean, honela joka daiteke (S. Iruretagoiena).

23.4.1c Izan laguntzailearen komunztadura markek argi uzten dute aditz hauek modalitatea adierazteko “laguntzaileak” baino ez direla: Liburu horiek erosi behar ditut; Arrosak oparitu nahi dizkizut; Ni ere eraman beharko nauzu. Laguntzaileak erosi, opari egin eta eraman predikatuen objektu zuzenarekin egiten du komunztadura.

23.4.1d Asmo izan, gogo izan eta uste izanek askoz erabilera mugatuagoa dute. Uste izan da hiruretan hedatuena, gaurko euskara estandarrean ere aurkituko duguna: Garrasi egin zuen, edo egin uste zuen, behinik behin (Jon Muñoz); Azpitituluan ikusi uste izan dut nik benetako titulua (Berria); Noiz edo noiz pentsatu izan dut gutako bakoitzak film batean egon uste duela (Rey). Modalitatea adierazteko Iparraldeko euskalkietan bakarrik erabili da tradizioan gogo izan, baina gaur euskara estandarrera ere hedatu da: Gero egin gogo dituzun ongiak eta deskarguak (Axular); Holako afera txarrez ere mintzatu gogo du bere bisitan (Herria); Gaur ordea, azken aldietan baino borondate gehiagorekin abiatu gogo du (Bidegain). Axularren adibideko laguntzaileak (egin gogo dituzun ongiak) edo beste honetakoak (izarretan ikusi uste dituzte arbasoen arimak) erakusten dute egin eta ikusi aditzen objektuarekin egiten dela komunztadura (§ 23.4.1c).

Erabilera urrikoa da asmo izan ere modalitatea adierazteko: Nazio Batuen Erakundeak datorren urtean azterketa bat abiatu asmo du Kosovoko etorkizunaren inguruan (Berria); Eraman asmo zuen bizimodua zala gizonaren indarraz gaindikakoa (Antia). Izan laguntzailea gabe ageri denean, -tzeko motako osagarria eskatzen du asmo izenak: etortzeko asmoa, etortzeko asmoz. Tradizioan zein egiturak duen indarra gogorarazi zuen Euskaltzaindiak (41. araua): egiteko asmoz, joateko asmoz, eztabaidatzeko asmoz. Horiek dira estandarrean erabiltzekoak, eta ez *etorri asmoz, *joan asmoz edo *eztabaidatu asmoz.

Euskaltzaindiaren 41. araua: “Egiteko asmoz”, Usurbilen, 1995eko irailaren 29an onartua.

202 Pena izan behar du horrenbeste janari mahaian uztea edo Ezin du merezi horrenbeste lan egitea motako perpausek modalitate epistemikoa adierazten dute, hiztunaren hala izango den ustea, baina ez ziurtasun erabatekoa.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper