Euskararen Gramatika

23.3.2. Izena eta argumentuak


23.3.2. Izena eta argumentuak

23.3.2a Izenak ere har ditzake, eska ditzake, argumentuak, aditzek egiten duten bezala. Dakigun gisan, batzuetan aditzetik sortzen dira izenak, zuzenean: etortzea, ikustea, ematea eta abar (ikus § 30.6.3.1 “Aditz izena” atala). Ez da harritzekoa kasu horietan, izen bihurtutako aditzetan esan nahi dugu, izen horiek ere argumentuak subkategorizatzea: norbaiten etorreraz ari gara, norbaitek zerbait ikusteaz eta norbaitek beste norbaiti zerbait emateaz. Hor ere, aditzean bezala, nor, nork eta nori ageri dira.

23.3.2b Perpaus batean izenaren argumentuak ezartzeko -en postposizioaz baliatzen gara, genitiboaz alegia. Izenlagunak sortzen ditugu horrela. Eta aditzean argumentuak absolutiboan, ergatiboan edo datiboan jartzen baditugu, -en hartzen duten sintagmek ere absolutiboa, ergatiboa eta datiboa estaltzen dute, heredatzen dute, nolabait esateko.

Ikus ditzagun bi adibide hauek: Bada zuk jakitera […] Jesusen etortze onetatik datozkizun ondasunak (Mendiburu); Eta haien ixiltzeaz poztu dira, eta Jaunak eraman ditu berek nahi zuten portura (Duvoisin). Hor ikusten ditugu Jesusen etortzea eta Haien isiltzea, biak genitiboan, -en postposizioa duela izenlagunak. Bistan da genitibo horrek absolutiboa ezkutatzen duela: “Jesusen” etortzea eta “Jesus” etorri aski parean daude. Hola ikusten dugu ondoko adibide argigarri hauekin: Ez beraz mirakulu, Jesus etortzean, Erroma gogortzea bere bizitzan (Duvoisin); Joannes-Batista isiltzearekin, Andere Geaxane jaikitzen da eta du erraten: “Jende onak, hamar orenak eta erdian nonbait han dira; ordu da joan gaitezen pausatzera” (M. Elizanburu). Hor zuzenean ageri da absolutiboa. Genitiboa eta absolutiboa, biak parean (§ 19.2.5).

23.3.2c Hala ere, hori aditz izenekin bakarrik gertatzen da, aditz izen hori zenbaitetan benetan aditza baita ingurune batzuetan, eta izena beste batzuetan. Aditz izenaren ordez, izen arrunta bada, ez dugu holako aukerarik eta argumentua beti -en postposizioarekin ageriko da, izenlagun gisa: Hurbil da Jaunaren etorrera (Elizen arteko Biblia, vs “Jauna etortzea”); Mutilak irribarre amultsu batez eskertu zuen katuaren etorrera (Lertxundi, vs “katua etortzea”). Ez da hor *Jauna etorrera, edo *katua etorrera esaterik. Holakoetan beti dugu beharrezko genitiboa: liburuen salmenta. Edo izen elkartua, bestela: liburu salmenta (ikus § 7.2.7.3 morfologiako atalean izen elkartuak nola eratzen diren).

23.3.2d Baina nola esan dugun aditzen argumentuak gehienetan absolutiboan, ergatiboan edo datiboan doazela, ber gauza gertatzen da izenlagun honekin ere, izenlagunak absolutiboa, ergatiboa edo datiboa ezkutatu bailitzake. Horregatik anbiguoa gertatzen da, egitura hauetan ez baitira aditz jokatuetako marka nominalak ageri: Joxemariren hilketa esaten badugu ez dakigu ongi zertaz ari garen. Norbaitek Joxemari hil du; Joxemarik norbait hil du. Bi interpretazioak izan ditzake, eta inguruneak esango digu zein den egokia. Jakina, zenbait kasutan, ez dugu ingurunea ezagutu beharrik ere: Hitlerren erailketak; infernuaren beldurra. Badakigu Hitler nor den, eta pentsatzekoa da bera dela hiltzailea (Hitlerrek hil du, hortaz). Ber gauza infernuarekin: infernuari beldurra izatea adierazten du sintagma horrek.

Baina, zernahi gisaz, anbiguotasuna ez da inoiz ere galtzen. Horrela, irakaslearen kritika aipatzen badu norbaitek ez genuke jakinen zertaz ari garen: ‘irakasleak berak egin duen kritikaz’, ‘norbaitek irakasleri egin dion kritikaz’ edo ‘norbaitek irakaslea bera kritikatu izanaz’. Hor ditugu bilduak, anbiguotasun horren itzalean irakaslea (nor), irakasleak (nork) eta irakasleari (nori).

23.3.2e Aditzarekin ikusi dugu, hala ere, badirela argumentu batzuk egiturazko kasuetan ez doazenak. Gauza bera gertatzen da izenarekin ere. Izenak zenbaitetan aditzaren sare semantikoen ezaugarriak heredatzen ditu, eta erlazio hori -ko markaz baliatuz adierazten du: zurekiko nire harremana (zurekin dudan harremana), zuganako amodioa (zuregana dudan amodioa) eta abar. Egitura hau, hala ere, ez da -en genitiboarekin sortzen duguna bezain emankorra.

23.3.2f Izenaren kapituluan (“Argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenak” izeneko atalean, § 12.3.5) “argumentu izenak” aipatzen dira. Holakoak dira irakurketa, idazketa, sakontasun, laburpen, aitzindari, hasiera edo argazki, esate baterako. Horiek guztiek zerbait behar dute esanahia ongi eratzeko, argumentu sare bat dute: zerbaiten irakurketa, idazketa, sakontasuna, laburpena, aitzindaria, hasiera, argazkia… dugu hor beti.

23.3.2g Genitiboak baditu beste ezaugarri eta erabilera batzuk “Egiturazko kasuak” kapituluan ikus daitezkeenak (§ 18.6).

23.3.2h [izena + izan] predikatuetako izena ere izan ohi da argumentu izena. Argumentu hori izen elkartu baten barruan ase daiteke: Denak, txiki eta handi, irabazi-gose dira (Elizen arteko Biblia); Lehoien artean natza, gizaki-gose diren horien artean (Elizen arteko Biblia). Beste batzuetan, ostera, genitibo sintagma baten bidez (besteak beste, sintagma egiturako argumentuak badira eta ez kategoria lexikoak): Kanpoko berrien gose izan ohi zena (Olarra); Gizateria oro entzungai gozoen egarri baita (X. Amuriza).

Argumentu izenak dira irudi(a) egin, itxura(k) egin lokuzioetako izenak ere: Lotsa-irudia egiten jarraitu zuen (M. A. Mintegi); Hark erraten zuena […] dudatan ezartzen zuelako irudia egin (Jon Muñoz); Eta nire baitan irudi egin nuen gizonak ez zuela belarririk (J. Zabaleta); Kantaren hitzak ahots betean kantatu irudi eginez (O. Arana); Harro itxura eginaz (M. Mujika); Zerbait irakurtzeko itxura egin nuen (Saizarbitoria); Batek itxura egiten zuen zorabiatu egiten zela bere edertasuna ikustean (P. Lizarralde); Oporretan geundelako itxurak egitea (O. Arana).

Horien oso antzekoak dira beldur, berri, esperantza, hipotesi, itxaropen, kezka, susmo, uste, zurrumurru… izenak ere. Perpaus egiturako osagarriak hartzen dituzte (§ 30.6.4.1): Euskara Afrikatik datorren hipotesia; Garai txarrak datozkigulako ustea.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper