Euskararen Gramatika

23.3.1. Aditza eta argumentuak


23.3.1. Aditza eta argumentuak

23.3.1a Aditzak erabiltzen ditugu pertsonei edo gauzei dagozkien ekintzak (gidatu, jan, eraiki, bota, ekarri…), prozesuak (hazi, haserretu, loratu, irakin), egoerak (aspertu, jakin, eduki, ezagutu…) adierazteko. Prozesu horiek nonbait gertatzen dira, noizbait, nolabait… eta protagonista batzuk izaten dituzte.

Horrela, lotsatu da baldin badiogu, norbait lotsatu dela ari gara esaten; aldiz, eskuratu du esaten badugu, norbaitek zerbait eskuratu duela ari gara adierazten; azkenik, eman dio esanez gero, norbaitek zerbait beste norbaiti eman diola ari gara adierazten. Beste modu batera esateko, aditz bakoitzak sare semantiko bat eratzen du, eta sare semantiko horrekin batera gauzatzen da sintaxian. Ezinbestekoa da norbait lotsatzea, norbaitek zerbait eskuratzea, edo norbaitek beste norbaiti zerbait ematea, lotsatu, eskuratu edo eman aditzen esanahiaz jabetu nahi baldin badugu. Abiatu ere nonbaitetik abiatzen gara, eta nonbait ipintzen ditugu gauzak. Horiek dira argumentuak, hola deitzen diegu. Aditzak ezinbestekoak ditu argumentuak sintaxian modu egokian gauzatzeko. Bestela aditzak ez luke zentzurik, eta perpausa ez-gramatikala litzateke.

Hiztegiek ematen digute, zeharka bada ere, sare semantiko horien berri aditz bakoitza definitzean, eta nola erabiltzen den zehazten dutelarik. Eman aditzak, esaterako, (norbaitek) (zerbait) norbaiten esku ezartzen duela esaten digu. Emate hori noizbait, nonbait, nolabait… gertatzen da: X-k Y-ri zerbait eman dio gaur goizean herriko plazan. Baina bigarren informazio hori (noiz, non…), argumentuena ez bezala, hautazkoa da, eta eman gabe ere, perpausa gramatikala da. Aditzarekin argumentuek bakarrik dute lotura zuzena. Besteak, lotura hori hain zuzena ez dutenak ez dira argumentuak.

23.3.1b Argumentuek aditzak bere sare semantikoan dituen paper edo rolak adierazten dituzte. Aditzen balentziak aztertzean behin baino gehiagotan aipatu ditugu egilea, kausa, esperimentatzailea eta abar. Hauek dira aditzen argumentuek har ditzaketen paper tematikoak: agentea edo egilea: predikatuak adierazten duen ekintza nahita egiten duena. [+giz.], edo behintzat [+biz.], tasunduna dela esan ohi da, ekintza nahita egiten den aldetik (Peruk liburua osorik irakurri zuen). Kausa: predikatuak adierazten duen ekintzaren eragilea. Oro har, goiko egileari kontrajarria, ekintza nahigabe, berez, gertatzen dela adierazten du (haizeak leihoa hautsi du). Gaia edo jasailea: ezaugarri jakin bat duen entitatea edo ekintza nahiz prozesu baten ondorioz eragina edo hunkitua gertatzen dena (haurrak jostailua hautsi du, liburuak apalean jarri zituen, txokolatea gustatzen zaio). Guztien artean oinarrizkoena dela esan daiteke, barne argumentu ere esaten zaio eta gehienetan absolutiboko sintagmaren bidez ematen dugu euskaraz. Esperimentatzailea: predikatuak adierazten duen egoera (psikologikoa) jasaten duen entitatea edo egoera psikologiko baten hartzailea (anaiari laranjak atsegin zaizkio, anaiak gustuko ditu laranjak). Egoera psikologikoa den aldetik, [+giz.] tasuna dagokiola esan ohi da, nolabait ere, goiko gaiari kontrajarria. Onuraduna: predikatuak adierazten duen ekintzaren onura lortzen duena (anaiari aprobatzea komeni zaio). Helburua: predikatuak adierazten duen ekintza zuzentzen zaion entitatea (anaiari paketea eman zioten). Iturria: predikatuak adierazten duen mugimenduzko ekintzaren iturburua edo jatorria (Donostiatik abiatu ginen). Lokazioa edo kokapena: predikatuak adierazten duen ekintza edo egoera non kokatzen den adierazten duena (Pello Parisen bizi da)200. Hauez gain, aditz arazleen subjektuak eragilea adierazten du. Subjektu eragile hori, funtsean kausa nahiz egilea izan daiteke (larrearen usainak sentiarazten dit bazterren ederra, Peruri liburua osorik irakurrarazi dio amak).

Argumentu ez diren osagaiek ere hartzen dituzte paper tematikoak: hor goiko iturria, lokazioa edo helburua paper tematikoek ez dute nahitaez aditzen argumentu-egitura osatzen. Aditzak berak eskatu gabe perpausean osatzen den informazioa dakarte (ikus § 23.3.1h, § 23.3.1j). Horrelakoa da askotan instrumentua, baliabidea ere (zertaz, zerekin). Aditz batzuen argumentu egiturak eskatzen du non ipini, nora eraman edo nondik hartu, baina beste askorenak ez.

Sintagma mota batek baino gehiagok izan dezake paper tematiko bera. Aditz psikologikoen kasuan, esaterako, ikusi dugu esperimentatzailea eman daitekeela ergatiboko sintagmaren bidez (Jonek gurasoak errespetatzen ditu), absolutiboko sintagmaren bidez (bere hizkuntzaz lotsatzen da) edo datibo sintagmaren bidez (Joni ogia erostea ahaztu zaio). Instrumentua edo baliabidea ere ergatibo sintagmak adieraz dezake (giltza honek irekitzen du ate hori) edo postposizio sintagma baten bidez (labanaz sabela ireki).

23.3.1c Argumentuak beharrezkoak badira ere, hizkuntzaren maila batzuetan ez dute ezinbestean agertu behar, eta isilduak gelditzen ahal dira, inguruneak argitzen badu zeri dagozkion direlako argumentu horiek: Lotsatu da nahiz Jone lotsatu da perpausak gramatikalak dira. Inguruneak argituko du isildurik den lotsatu da horren subjektua zein den. Badakigu, hori bai, 3. pertsona dela, eta singularra dela. Esan daiteke, hortaz, izenordain bat isildu dugula hor. Argumentua isiltzeko aukera duten hizkuntzei pro-drop hizkuntza deitzen zaie (§ 1.7). Eta aurkeztu ere, azterketa sintaktikoak egitean, hola aurkezten dira gramatiketan: pro etorri da. Argumentuak ez direnekin ez da holakorik gertatzen.

23.3.1d Hola bereizten ditugu, hortaz, argumentuak eta argumentu ez direnak: argumentuak modu itxian daude aditzarekin lotuak, eta ezin dugu aditzaren esanahia ulertu argumentuak kontuan izan gabe. Argumentu ez direnak, ostera, aukerakoak dira. Beste modu batean esateko, argumentuek lotura zuzenagoa dute aditzarekin argumentu ez diren osagaiek dutena baino. Azken hauek periferikoak dira.

23.3.1e Funtsezko argumentuak subjektua, objektua eta zehar-objektua dira, euskaraz ergatibo, absolutibo eta datibo kasuan ematen ditugunak: Patxi etorri da; Mirenek Patxi agurtu du; Ane Patxiri hurbildu zaio; Aitak amari gona gorria ekarri dio. Beste hitzetan esateko, euskal aditzez ari direla, gramatikek nor-nori-nork deitu izan dituen sintagma horiek.

23.3.1f Kontuak, hala ere, ez dira hain sinpleak. Ikus dezagun, adibidez, jan aditza, eta eratu dezagun perpaus bat: Anek sagarra jan du. Hor orain arte esan duguna betetzen da, jan aditzak norbaitek zerbait jatea eskatzen baitu. Bi argumentu, hortaz. Baina perpaus horren ordez ondoko beste hau eratzen badugu, Anek gaizki jaten du, zer gertatzen da hor? Zenbat argumentu ditugu holakoetan?201

Egitura horiek bi modutara azaldu izan dira gramatiketan. Batzuen ustez ikusi, entzun, jan… eta gisa horretako aditzek bi argumentu sare izango lituzkete: batzuetan argumentu bat bakarrik, eta beste batzuetan bi. Horrela, ikus ditzagun adibide hauek: Itsuak izugarrizko kolpea hartu zuen paretaren kontra, eta ikusten hasi zen; Sortzetik zen gorra, baina bost urterekin hasi zen entzuten; Apetitu gabe egon da baina orain ongi jaten du. Horiek ez dute objektu zuzenik agerian, eta testuingurutik ere ezin dugu jakin zer ikusi zuen, zer entzun edo zer jan. Aldiz, Mirenek ere ikusi du; Jonek egunero entzuten du; Koldok jan du gisako perpausetan, objektu zuzenik ez bada ere, hiztunak badaki, inguruneari esker, zertaz ari garen: Mirenek (film hori) ikusi du; Jonek egunero entzuten du (irratia); Koldok jan du (pastela), adibidez. Beraz, lehenbiziko kasuan argumentu bakarreko sarea, eta bigarrenean argumentu bikoa.

Hala ere, beste batzuen ustez, hori egia izanik ere, aditz bakoitzak murriztapen sintaktiko handiak ditu, eta zuzenean markatzen du ageri ez den objektu horren izaera. Hola, jo dezagun, esate baterako, Hiru egunez egon zen jan gabe argaldu nahi zuelako baldin badiogu, hor ez dugu objektu zuzenik (ez dugu argumentu hori agerian), eta inguruneak ere ez digu markatzen zer den jan ez duena. Baina aditzaren murriztapen semantikoek adierazten digute, besterik aipatu gabe, aditzak zerbait eskatzen duela, eta zerbait horren izaeraren berri ere ematen digute. Adibidez, zuzenak dira Hiru egunez egon zen (ogia) jan gabe; Hiru egunez egon zen (patatak) jan gabe; Hiru egunez egon zen haragia jan gabe, baina ez luke inork ere ulertuko *Hiru egunez egon zen (zapatak) jan gabe; *Hiru egunez egon zen (burdina) jan gabe eta abar. Ikuspuntu honetatik badirudi benetan zerbait isiltzen dela eta argumentu hori hor dagoela. Eta hori hala bada, argumentu sare bakarra izango lukete, kasu guztietan, hemen aipatzen ditugun ikusi, entzun, jan… aditzek.

23.3.1g Arruntena dugu, hortaz, aditzek argumentu bat, bi edo hiru izatea: Miren etorri da; Koldok hitzaldi bat eman du. Zehar-objektua ere sar daiteke sarean: Miren (guri) etorri zaigu; Koldok (guri) hitzaldi bat eman digu. Zenbaitetan ageri den itxurazko objektua ez da zinez halakoa, baizik adberbioa: Hiru egun pasatu zuen; 25€ balio du; Filmak 90 minutu irauten du (*irauten ditu); 100 metro korritu du eta abar.

23.3.1h Semantikak agintzen duen aditzen sareko argumentu horiek sintaxian gauzatzen dira. Arruntena da, hortaz, argumentu horiek egiturazko kasuak deitu ditugunetan gauzatzea: absolutiboan, ergatiboan eta datiboan; baina, aditzaren sare semantikoaren arabera, postposizio sintagmen bidez ere gauza daitezke argumentuak (non ipini, nondik abiatu, nora iritsi…). Hori dela eta, batzuetan argumentuez eta adjuntuez mintzo dira gramatikak (adjuntuak lirateke argumentu ez diren gainerako guztiak). Baina kontzeptu horiek, argumentuak eta adjuntuak alegia, ez dira maila berekoak. Argumentuaz hitz egiten dugunean esanahiaz, sare semantikoaz ari gara. Aldiz, adjuntuez ari bagara sintaxiaz ari gara. Horrela, Miren gaur lotsatu da esaten badugu, “Miren” argumentua da, baina “gaur” ez da argumentua. Sintaxi mailan, “Miren” argumentua absolutiboan doa eta subjektua da. Aldiz, “gaur” adberbioa da, adjuntua. Aditzarekin duen erlazio semantikoa ez da “Miren” subjektuak duenaren pareko. Argumentuak, neurri batean, aditzaren osagarriak baitira. Beraz, maila batean izango ditugu argumentu eta ez-argumentuak, eta bestean osagarriak eta adjuntuak.

Adberbioak, esaera adberbialak, denbora markatzen duten perpausak… adjuntuak izaten dira gehienetan: Mirenekin egon gara goizean; Antza denez, eri omen da; Egoera aztertu ondoren, hori erabaki zuen; Ohean gelditu bada, ez du trena erraz hartuko… Baina batzuetan aditzak berak aukeratzen du adberbioa: ongi/gaizki portatu. Ikusten denez, sarri askotan adjuntu horiek mintzagaiaren (§ 41.5) tokian doaz. Bigarren mailako predikatuak gehienetan aukerakoak izan ohi dira (Josu triste etorri zen bilerara; Nekatuta hurbildu zitzaidan aitona), baina batzuetan nahitaezko bigarren mailako predikatuak ere aurkituko ditugu (Jone alkate izendatu zuten; Ane egin zuten erantzule; Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, ikus § 24.4.3).

23.3.1i Aditz batzuek bestelako argumentu mota batzuk eskatzen dituzte. Horrela, sartu aditzak “nonbait” edo “norabait” sartzea eskatzen du: Sartu zen barrura (Lazarraga); Begira zelan zabiltzan, non sartzen zaren (Añibarro); Asko bekatoros beren baitan sartu ziren eta bizitza berri bat lotu (Laphitz); Descartesen Discours de la Méthode sartzen al da frantses literaturan? (Mitxelena).

Ezkondu aditzak “norbaitekin” ezkontzea: Eta gero harekin ezkondu behar duk? (J. Zabaleta).

Ados egoteak ere “norbaitekin” ados egotea: Eta festa ondo amaitzeko, malta-whiskya, noski; ados egongo haiz nirekin, ezta? (Zaldua).

Kokatzeak “nonbait” kokatzea: Betiko irudi folklorikoetan kokatzen gintuzten besteek (R. Etxeberri).

Ahaztuk “zer” edo “zertaz” eskatzen du, nolakoa hartzen duen laguntzailea, ‘hori ahaztu, horretaz ahaztu’: Pippin gorritu egin zen, eta beldurrak ahaztu zituen (Otsoa); Gerraz eta munduaz ahaztu egin zen (Otsoa).

Baliaturekin ere gauza bera gertatzen da: Uste dut ezen, esposatzen naizenean, sekula ez naizela zapatari horrez baliatuko (Jon Muñoz); Zorioneko neure ausardiez oroitzen naizelarik ere, ezin ausart ninteke horiek baliatzera (Jon Muñoz).

“Zerbaitean” edo “norbaitengan” dugu konfiantza, bistan denez: Erabateko konfiantza baitzeukan harengan (An. Garikano).

“Zerbaitez”, “zerbaitekin” oroitzen gara, edo “zerbait” oroitzen dugu: Zuzendariordeaz oroitu nintzen (Epaltza); Guk ere hala behar dugu hartaz ontsa oroitu (Etxepare); Jauna, zure erreinuratzen zarenean, nitaz oroitu zaitez (Lardizabal); Oroitu nituen une magiko haiek (Irigoien); Heriotza aipatu duzunean lagun batekin oroitu naiz (Perurena).

“Norbaitez” edo “norbaitekin” maitemindu, dakigunez: Zurekin maiteminduta al zegoen? (O. Arana); New Yorken bizi den gizon batekin maitemindu zen (O. Arana).

“Nonbait” bizi gara, ezinbestean: Hirietan eta herri handietan bizi dira euskaldun gehienak eta abar.

Eman aditzak badu, esaterako, beste erabilera bat aski diferentea: Beste ehun urte itxaron beharko duzula ematen du (Azurmendi); Atzealde iluna duten irudiak argiago direla ematen du atzealdea argia dutenak baino (J. Zabaleta); “Itsasoaren baretasun hau ekaitzaren seinalea dela ematen du”, esanen du Axelek (Sarrionandia).

Fidatu aditzak, esaterako, zerbaitez, zerbaitetan, norbaiti… fidatzea eskatzen du: Ez baita emazte edalea baitan zer fidaturik (Axular); Halako eletara, nor liteke fida (Egiategi); Baina fidatzen zen jakinen zuela Isabela hartara ekartzen (Mirande); Ez gaitezen behintzat gure indarretan fida (Mitxelena); Jainkoari nahi ez bazara fidatu, nori nahi zara fidatu? (Tartas); Zerorrek, irakurle, ikus dezakezu zeure begiz, nire hitzari fidatzen ez bazatzaizkio (Mitxelena); Ez zen batere haietaz fidatzen (Touyarou); Fida hadi nirekin (Cano) eta abar.

Eguraldi aditzak ere bereziak dira: Euria egin du, elurra egin du eta abar.

Laburtuz, orduan: aditz argumentuak dira aditzak, duen esanahiagatik, bereizten dituen osagarriak. Holakoetan elementu horiek aditzak azpikategorizatzen dituela, berez eskatzen dituela, esaten dugu.

23.3.1j Aditz horietan ikusten denez, argumentu horiek ez dira sintaxian egiturazko kasuetan gauzatzen: ez dira horietako asko absolutiboa, ergatiboa edo datiboa, baina, hala ere, argumentuak dira. Eta sintaxi mailan, berriz, adjuntuak.

Hortaz, argumentuak egiturazko kasuetan ikusiko ditugu batzuetan, eta beste postposizio zenbaitekin, beste batzuetan.

23.3.1k Badira perpaus egiturako osagarriak hautatzen dituzten aditzak ere, mendeko perpaus osagarriei eskainitako kapituluan xehekiago aztertuko ditugunak (§ 30.1.1).

200 Aldezabal, I. (2004) doktore tesitik hartua.

201 Arazo honen gainean hainbeste ikerketa egin da. Hauek, besteak beste, aipa daitezke: Pylkkänen (2002); Junghanns (2008); Merchant (2007).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper