Euskararen Gramatika

22.7.2. Oso


22.7.2. Oso

22.7.2a Adjektiboen edo bestelako adberbioen gradua markatzeko erabiltzen ditugun adberbioen artean oso da hedatuena, hizkera eta garai guztietan ageri dena. Guztiz ere aski arrunta da. Guztizki Iparraldean erabili da. Eta gauza bera gertatzen da arras (nahiz XX. mendearen erdialdetik Hegoaldera hedatzen den), biziki, eta arrunt-ekin ere (hau adjektiboa ere). Aise ere sail honetakoa da, beste erabilera batzuk baditu ere (§ 22.6.7b): Artobero jauna, kanpo horietan oso ardozaletu zen (Urruzuno); Neutralak guztiz gutxi izanik (Erkiaga); Gaur aditu gauza horiek orok nahasi naute arras (Barbier); Biziki erraz baita hamabortz urteko mutiko baten atakatzea (Etxebarne).

22.7.2b Oso, berez, oso adjektibotik (egia osoa) dator. Sintagma sinpleetan ageri da: Irakasle hori [oso ona] da. Baina sintagma konplexuagoa denean (oso + izena + adj.), hurrenkera arruntena hori da, hain zuzen, parentesi artean eman duguna: oso irakasle ona. Batzuetan, hala ere, oso izenaren eta adjektiboaren artean ere ematen da: irakasle oso ona, nahiz hurrenkera honek ez duen aurrekoaren maiztasunik. Esan dezagun, zernahi gisaz, ez duela horrek bat determinatzailea onartzen: *oso irakasle on bat / *irakasle oso on bat. Ezinbestean, -a behar du hor. Bat zenbatzailea nahiz artikulua izan daiteke (§ 16.2.2), eta askotan ez da bien artean bereizteko modu garbirik, baina sintagma honek -a mugatzailea bakarrik onartzen du, esan bezala. Ez da eragozpenik, noski, bestelako zenbatzaileak erabiltzeko: bost irakasle oso on, zenbait irakasle oso on eta abar.

22.7.2c Zalantzak sortu izan dira artikuluaren ordez erakuslea ere onar dezakeen edo ez egitura honek: hiztun batzuentzat aski arrunta da oso film barregarria egitura, baina nekez onartzen dute oso film barregarri hura. Horrela, aldaera horri galdera marka jartzen dio EGLUk (I: 198), eta oso barregarri den filma egitura erlatiboa eskura dugula oroitarazten da han. Debeku edo traba horretaz Saltarelli (1988: 81) ohartu zen. Badirudi joera hedatuena hori dela, nahiz Orixek badituen kontrakoa erakusten duten erabilerak (hurrenkera pixka bat aldaturik, hori bai: (izena + oso + adj. + erakus.): Gauza oso on hauen burubide txit ere hau bere bidea eginik, iraganen da (Orixe)186. Gauza bera Orixeren beste adibide honetan: Zure lan oso on horien ondotik. Baina nahiko bakanak dira tradizioan, eta gaurko euskaran ere ez dira erraz ikusten.

22.7.2d Oso hori galdegai gisa ageri da zenbaitetan: Oso da txarra Aitaren etxetik urrutian bizi, eta gure etxera bihurtu nahi dugunean gure Aita onak gu ez ezagutzea (Agirre); Farsa delako hau josteko aukeratu nuen gaia oso da arrunta (Labaien); Oso da txikia (Lizardi).

Dagokion sintagmatik kanporatua ere, nahiz adibide gutxiago dauden literaturan: Ez du harrokeriarik, / umila da oso (Txirrita); Garestia da oso (Soroa); Zergatik kontrizio edo amore damua da oso, edo perfektoa […] (Mogel); Bai, mutil ederra da oso (Erkiaga). Hiztun anitzen ustez, oso horren aurretik etentxo bat egin behar da ezinbestean, baina ez beste batzuen ustez.

186 Bide batez, de Rijkek (2008: 244) ez du ongi bildu adibidea, ere horren ordez eder jarri baitu.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper