Euskararen Gramatika

22.6.4. Adberbio elkartu zehaztugabeak


22.6.4. Adberbio elkartu zehaztugabeak

22.6.4a Lehen saila osatzen dute adberbio elkartu zehaztugabeek: edonola (edozelan bizkaieraz), nolabait (zelanbait, bizkaieraz), nolanahi (zelangura, zelan nahi, bizkaieraz) eta inola (ezelan, bizkaieraz).

Adberbio horiek, egia esan, galdetzailea bezain zabalak dira esanahiari dagokionez, moduaren mundua bera ere aski irekia baita. Esanahi horietako batzuk aipatuko ditugu segidan.

Inola (inolaz) berez baiezko ez diren perpausetan erabiltzen da: ezezkoetan eta galderazkoetan. Modu esanahiaz aparte, zenbaitetan ukapen indartua adierazten du (inola ez = erabat ez); beste batzuetan, berriz, ‘itxuraz’ edo ‘seguru’ edo antzeko zerbait esan nahi du.

22.6.4b Nolanahi adberbioak esanahia zehaztugabea du batzuetan (edozein modutan, zernahi gisaz), subjuntibo kutsua beste batzuetan, eta esaera kontzesiboei bide emateko ere balio du, ere gaineratuz gero.

Lehenbiziko adieran askotan, ez beti, zentzu peioratiboa du: Baina gizartea zenbat eta aurreratuago, jendea bereganatzen hasi da gauzak ezin direla nolanahi egin (Salaburu); Ohituraren arabera, ez ziren bi premu edo bi kaiet elkarrekin ezkontzen ahal, etxe berriak ez ziren nolanahi egiten ahal (M. Tambourin, Herria); Zer ez dugu asmatzen gizonok, zuriezina zuritzeko eta gure kontzientziaren nolanahi garbitzeko (Irigoien).

Batzuetan subjuntibo kutsua du: Gauzak nolanahi gertatu diren, hari isilik egotea dagokio (Villasante).

Esaera kontzesibotzat har daitezke nolanahi ere den, nolanahi den ere, nolanahi den, nolanahi dela eta horien gisakoak: Nolanahi ere den, negua bazen, elurretan zuri irudikatzen nuen dena delako izaki liluragarria (Lertxundi); Nolanahi dela ere, gaizki esanak barka (Altzaga).

22.6.4c Nolabait (nolabit, nolapait, nolapeit aldaerak). Ongi dokumentatzen da XVIII. mendeko idazkietan, Nafarroa Garaian eta gipuzkeraz. Aise gutxiago beste euskalkietan. ‘Moduren batean, hala edo hala’ esan nahi du: Aspaldi hartan gaixo egonda / nolabait jarria txutik (Uztapide); Gizakiaren gaineko beste ikuspegi bat, nolabait esan (Alonso). Beste batzuetan ‘edozein modutan’ esan nahi du: Erbestean denda morroi, bizargin, ferratzaile eta abar irabazbide errezen bila nolabait ibiliak (Agirre). Edo ‘modu txarrean, hala-hola’: Orain liburua egina dago, baina gaiarekin ere nolabait ibili naiz (Uztapide).

Inguru batzuetan, nolakotasun hori aditzak markatzen du: nolabait bizi esamoldeak ‘ahal den bezala, modu batera edo bestera bizitzea’ da, baina beste ingurune batzuetan ‘gaizki, eskas edo itxura txarrean bizitzea’ ere esan nahi du, edo era susmagarriz ibiltzea: Dena segituan gastatzen dutenak dira nolabait samar ibiltzen direnak (Tx. Garmendia).

Zenbaitetan, bestalde, esaldiaren indarra leuntzeko edo erabiltzen den partikula gisako zerbait bilakatu da: Horixe da, nolabait, esan nahi nuena.

22.6.4d Edonola (edozelan) badirudi ez dela hain erabilia bere esanahi zehaztugabean. Ez du lekukotasun gehiegi tradizioan (Mogel, Agirre, Orixe, Lizarraga). Gaur egun gehiago erabiltzen da: Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik (Kintana), eta zenbait esaeratan, ‘dena dela’ adierazi nahi duela: Edonola dela ere, gaur ez da etorriko (Cano); Edonola den: zaldiko-maldikoan ibiltzea baino, hark bira ematen zuen guztietan aita han zegoela ikustea zen, ororen gainetik, niri gustatzen zitzaidana (Lertxundi); Edonola ere, umore onez hartu zuten denek apustuaren amaiera (Arretxe).

22.6.4e Adibideetan ikusten denez, maiz hartzen dute adberbio hauek ere partikula. Zenbaitetan adberbioaren esanahia indartzeko balio du, enfasia emanez: inola ere ez, inoiz ere ez… Beste batzuetan kontzesio kutsua ematen dio perpausari: nolanahi ere den…

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper