Nola/zelan horiekin batera zer moduz, zein eratan, nolako gisan… bezalakoak ere erabiltzen dira. Esapide ihartuak dira, betiere adberbio funtziotan ageri direnak.
Galde horien guztien erantzun posibleak dira adberbio elkartu zehaztugabeak (§ 22.6.4) (edonola, nolabait…), erakusleetatik eratorriak (honela, horrela…), adberbio bihurtutako adjektiboetatik eratorriak (ederki, txarto…), zuzenean adberbio gisa erabiltzen ditugun adjektiboak (arin, azkar, bizkor…) eta bestelakoak, askotan aditz jakin batekin erabiltzen direnak (kili-kolo egon, blai egin…). Ondoren aztertzen dira guztiak.