21.2.1a -(R)E-KIN gaur atzizki bihurturik dago, postposizio itsatsia da (§ 19.2). Arestian esan dugun bezala, jatorrian postposizio konplexua izan zela pentsa liteke, genitiboaren gainean eraikia, tartean izen bat zuela: gizona-re-kin < [gizona-ren kide + -n] (Mitxelena 1972a). Horrenbestez, hemen ere, genitiboari dagozkion egokitzapen-arau morfofonologiko berak (§ 18.6.1a) aplikatzen dira. Bestalde, leku/denborazkoetan ez bezala, [+/-animatu] tasuna ez da kontuan hartzen, eta, horrenbestez, ez du inolako eraginik sintagmaren morfologian.
21.2.1b Postposizio sintagma soziatiboa: [PS [DS …] -(R)EKIN]
21.2.1c Bizkaieraz -ekin-en ordez -gaz erabiltzen da. Biek berdin-berdin egiten dute lan. Honako arau morfofonologikoak zaindu behar dira:
konts -GAZ > konts-e-GAZ |
zein gizon-e-GAZ; edozein-e-GAZ, bat-e-GAZ… (-mug.) Athletik-e-GAZ; Miren-e-GAZ… (izen propioekin) edozein pertsonaGAZ; edozein semeGAZ, biGAZ… BermeoGAZ; AndoniGAZ |
-ak -GAZ > … -aKAZ |
gurasoaKAZ…; semeaKAZ…; umeaKAZ… ume honeeKAZ; zueKAZ… (+pl.) |
21.2.2a Adjuntua da, normalean. Hala gertatzen da ‘konpainia’ edo adierazten duenean, joan, bizi izan, lan egin eta antzeko predikatuekin. Adibidez: Nora zoaz liburu horrekin?; Ahots horrekin arrakasta izango duzu; Zurekin amets egin dut bart; Horrelako esperientzia bat semeagaz bizitzea itzela da.
21.2.2b Osagarri izan daiteke batzuetan, hala ere. Instrumentalaren ordain gisa ere erabiltzen da, esaterako, ahaztu, gogoratu, pentsatu, eta agian beste bakarren batekin: Ez naiz horrekin gogoratzen; Gau osoa zurekin pentsatzen pasatu dut. Kasu hauetan, osagarria litzateke, aditz batek hautatua baita.
Ados egon, bat etorri, bat egin… aditz konplexuekin erabiltzen denean ere osagarritzat hartu beharko genuke: Ez nator zurekin guztiz bat; Esandako guztiarekin ados nago. Ezkondu edo elkartu aditzekin ageri denean ere, badirudi osagarria dela, aditzak hautatua den neurrian: Pello Mariarekin ezkonduko da aurten (Pello eta Maria aurten ezkonduko dira); Euki bazenu nogaz ezkondu; Geltokian elkartuko gara zurekin (zu eta gu geltokian elkartuko gara). Ez dago ezkontzerik norekin ezkondurik ez bada. Gauza bera elkartu-rekin ere. Hortaz, osagarri.
21.2.3a ‘Konpainia’ adierazten du nagusiki: norekin? edo zerekin? galderari erantzuten dio. Hortik datorkio, hain zuzen, gramatika lanetan erabiltzen den soziatibo edo komitatibo deitura ere: Joxerekin etorri nintzen Gasteiza; Zirujau ospetsu batekin ikasi zuen.
Zerbaitekin/norbaitekin batera diogunean, aldi berean gertatutako bi kontu elkartzen ditugu. Hau esatearekin batera agertu zen haurra esanez gero, adibidez, batera postposizioak soziatiboa du osagarri eta aldibereko bi gertaera aipatzen dira: zerbait esatea eta haurra agertzea. Zurekin batera joango naiz diogunean ere kidetasun bera dugu funtsean, baina oraingoan ez gaude bi gertakizunen aldiak parekatzen, zure eta nire arteko elkartasuna edo baizik, zu eta biok elkarrekin alegia.
Maiz, PS hau juntadura batez ere ordezka daiteke. Horrela, [X Y-rekin] eta [X eta Y] baliokidetzat har daitezke esanahiaren aldetik: Mikel gurekin joango da = Mikel eta gu joango gara; A B-rekin alderatzen duzunean = A eta B alderatzen dituzunean.
21.2.3b ‘Instrumentala’ren baliokide ere izan daiteke (§ 21.6.3): Aizkora batekin moztu zion lepoa oiloari; Zure jarrera zitalarekin gauzak okerrago jartzen ari zara.
21.2.3c ‘Denbora’ balioa ere izan dezake, noiz? galderari erantzuten baitio zenbaitetan: Egunsentiarekin abiatu ginen mendirantz (cf. Egunsentian abiatu ginen); Berrogei urterekin ezagutu nuen Patxi (cf. Berrogei urte zituela/nituela).