Euskararen Gramatika

16.2.5. Bi eta gainerako zenbatzaileak


16.2.5. Bi eta gainerako zenbatzaileak

16.2.5a Bi zenbatzaileak, bakarrik doanean (zehaztugabeko izenordain gisa erabilia, hortaz), aldaera batzuk ditu: bi, bia, biga, bida, betiere Nafarroako eta ekialdeko euskalkietan ageri direnak: Igorririk bere dizipuluetarik biga (Leizarraga); Meza bat enzun behar bazenuen, eta ez hura entzun, konfesa hartako bekatua, eta gero etorkizunean dobla, enzun bia (Axular); Partzuergo hortan bia baino gehiago ere sar daitezke (Duvoisin); Bat, biga, hiru, lau, bost, sei… Eta zazpigarrena? (Barbier).

Batzuetan zehaztua ere ageri da: Eta Moisek, etxola bezala kutxa, bigak benedikatu zituen Jainkoak berak irakatsi otoitzekin (Zerbitzari). Izenaren ondotik, zehaztua, erabiltzen dute autore batzuek, eta izenordainaren ondotik ere: Ordu batez, ordu bidaz ta duzun odol guzia zere biziarekin nere amorez eman artean! (Mendiburu); Batek, berak joateko / Hartu zuen plana; / Gu bida gibeletik / Beldurrez engaina (Bordel).

16.2.5b Bi zenbatzailea izenaren eskuinean (mendebalean) edo ezkerrean (euskalki guztietan) erabiltzen da gaur egun: bi andre / andre bi. Testu zaharretan ikusten da eskuinaldean jartzearena hedatuago zela, baina erabilera horrek indarra galdu du mendeetan zehar.

16.2.5c Gainerako zenbatzaileak beti ezkerrean: Eta kontseiluko hiru gizonek erran zutela goraki eta paperean ezarri (J. B. Elizanburu); Bihotz honek obeditu nahi ez badu, lau edo bortz gizonek makila mehetto batekin… (J. B. Elizanburu).

16.2.5d Zenbaki txikienetan hiru modutara adieraz daiteke gutxi gorabeheranzko zenbatasuna: bi edo hiru, lau edo bost, hiru edo lau (hots, edo sartuz bi zenbatzaileen artean); hiru lau, lau bost, zazpi zortzi (hots, bi zenbatzaileak segidan emanez, edo gabe), eta modu markatu batean: bizpahiru, lauzpabost, hiruzpalau, bospasei eta abar. Hona hemen adibide batzuk: Duela bizpahiru urte (J. P. Arbelbide); Liburutxo honi bizpahiru sarrera hitz ipintzeko (Orixe); Lauzpabost kilometro banituen (J. B. Etxepare); Lauzpabost ale baino ez dela gelditzen (Mitxelena); Aski da maizenik hiruzpalau aldizkari gainbegiratzea (Mitxelena) eta abar. Ditugun adibide apurrak dvandva egiturakoak (§ 7.1) dira: sei-zazpi, zortzi-hamar, hamar-hamaika, hamar-hamabi, hogei-hogeita bost (urte), hirurehun-laurehun (ardi), gutxi-asko. Ikus dezakegunez, gertuko zenbakiak adierazten dituzte elkartzen ditugun zenbatzaileek; nekez esango genuke bi-hamar (???) edo hogei-laurogei (???). Hortaz, zenbaki handiagoek ez dute holakorik onartzen: hogeita bi edo hogeita hiru; hamar edo hamabi porru eta abar. Baina horietan ere edo ken daiteke: hogeita bi hogeita hiru; hamar hamabi porru.

Ikusten den gisan, bi osagaien arteko harremanari dagokionez, edo juntagailu hautakariaren bidez eman dezakegu bi elementuen arteko berri: “bi edo hiru”, “hamar edo hamabi”, nahiz, aipatu bezala, bizpahiru, hiruzpalau, lauzpabost, bospasei.

Zenbakien gutxi gorabeheranzko zenbatasun hori amaieran bat ezarriz ere eman daiteke, edo genitiboa eta beste esamolde batzuk erabiliz: Hamar hamabi bat porru erre genuen; Zortzi hamar bat ertzain sartu ziren dantzalekuan; Hogeiren bat; Hogei bat; Hogei lagun hurbil; Hamabi hurren bat; Hogei lagun inguru; Lauretan hogei urte eskas; Hogei eta gehiago gizon; Ehun eta zenbait ardi.

16.2.5e Zenbatzaile batek mugatutako izen sintagma inesibo kasuan agertzen baldin bada eta noiz? galderari erantzuten baldin badio, nahiz eta esanahiez plurala izan, erakuslea singularrez ere har dezake: Azkeneko hamar urte honetan; Ai nire alaba! Bi urte honetan zure amak zer kalbario daraman ez dakizu! (Amundarain); Gizon bat hil da; jaun bat, gure departamenduan bizpahiru urte honetan lan onik egin duena, eta zalaparta ederrik erabili, ba eta erabilarazi (Hiriart-Urruti); Haiek egin eta eginarazi dituzte Europan eta Ameriketan, bederen ehun urte huntan, konta ahal erreboluzione, eta haiek hilarazi dituzte milaka eta milaka gizonak, gerla zibil haietan, berak leku segurrean zeudelarik (M. Elizanburu); Orai trenka ditzagun bi eztabaida, Frantzia anitz urte honetan nahasia daukatenak (J. Etxepare); Aldiz Abrahamen alaba hau, hemezortzi urte honetan Satanek estekan zeukana, ez ote zen behar esteka hortarik laxatu larunbat egunarekin? (Duvoisin) eta abar.

Dena dela, galdera hori non baldin bada (eta ez noiz) komunztadura pluralez eginen da: Azkeneko hiru herri hauetan.

16.2.5f Bi zenbatzailetik aurrera plurala ere har dezakete zenbatzaileek: Biak etorri ziren (bi ertzainak etorri ziren); Bostak sartu zitzaizkigun ohartu gabe (bost ertzainak sartu…). Ez da esan beharrik kasuen postposizioak hartzeko gai direla zenbatzaileak: Hirurak bien kontra; Biak hiruren kontra. Edo, Lafittek jartzen duen gisan: Biak ari gara hiruei (biak hiruren kontra. Mugatua); Biga ari gara hiruri (bi hiruren kontra. Mugagabea).

16.2.5g Konparazioetan erabiltzen dira zenbatzaileak: Etxe hau hura baino bi aldiz handiagoa da. Hori da, beharbada, egitura hedatuena. Baina bada horren ondoan beste egitura bat aipatuko duguna hemen: Etxe hura beste hau halako bi da. Bi aldiz handiagoa dela esan nahi du. Beraz, konparazioetan gutxienez bi elementu behar ditugu, “etxe hura” eta “etxe hau” gure perpausean. Lehenbiziko elementua absolutiboan dela (genitiboan ere batzuetan, baina aise gutxiago), mugatua nahiz ez, singularra nahiz plurala, halako + zenbatzailea jartzen dugu, eta aditza gero. Hortaz: halako + zenbatzailea edo baino + zenbatzailea + aldiz/bider … + -ago egiturek esanahi bera dute: Zaldiek lepoa luzatzen dutenean lehengoa halako bi dutela badirudite (Anabitarte); Bi urteren barruan jokatu zen gutxienez hamar aldiz, bera halako bi handi zirenekin eta guztietan irabazi zuen (Iztueta); Edozeinek halako bi balio zituen eta horrexegatik behartu ginen bat gutxiago egitera (Anabitarte); Bere luzera halako bi falta zitzaion gabarrari ibai ertzera iristeko (K. Zabala); Makineriaren hobekuntza dela eta, eskulan-kantitate berdina enplegaturik, galtzerdi-kantitatea lau halako egin ahal bada… (Bakaikoa). Maiz konparazio burua agerian da (oraingo jokalariek aurrekoek halako hogei irabazten dute), baina ez da ezinbestekoa (bost halako handitu da hiria azken mendean; iaz 4.000 euro gastatu genuen, baina aurten hiru halako). Hurrenkeraren eredua hogei halako nahiz halako hogei izan daiteke, adibide guztietan.

Adjektiboekin: Autoa halako bi luze den garajea egin dute etxean. Perpaus erlatiboekin ere gauza bera: Lehen joaten ziren halako lau joaten da orain mendira.

16.2.5h Zenbatzaileak izendatzerakoan joera dago artikulua eransteko beti: Zein zenbaki da hau: bia ala hirua? Kasu horretan artikuluarekin batera izendatuko ditugu zenbakiak: bata, bia (baina ez, izendatzeko orduan, bida edo biga), hirua, laua eta abar.

Batzuetan artikula eskatzen dute ezinbestean: 5a (bosta), 6a (seia). Artikulua jarriko diogu ere zenbatzaileari izendatu nahi dugun aldiro: Hau bia da; Hau 2a da. Hala eta guztiz ere, 0 (zero) zenbakiarekin erabiltzen ditugun bi joerak ontzat eman daitezke: huts eta zero, kontuan hartuz, hori bai, beste zenbakiekiko paralelismoa ongi zaindu beharko dugula: Hauek bia, hirua edo hutsa (edo zeroa) dira; Nire telefonoa lau, bi, sei, zazpi, huts (edo zero) (eta) sei dut. Matematiketan zero erabiliagoa, huts baino. Esan nahi da, huts eta zero-ari artikulua erantsiko diegu, testuinguru horretan beste zenbakiren bat jarriz gero, azken horri ere artikulua eransten badiogu; bestela, ez.

Batzuetan zenbakia + ko + -a sistema erabiltzen dugu: batekoa; bikoa; hirukoa; laukoa eta abar. Kartetan ari garelarik, adibidez, honela izendatzen ditugu: bateko urrea; seiko ezpata eta abar.

16.2.5i Zenbatzaile kardinal hauek ematen diete izena zenbaki naturalei: Telefono zenbakia bederatzian bukatzen da diogunean, bederatzian hori izena da. Argiago ikusten da, beharbada, marrazki hori hirua da diogunean (marrazki hori etxea da esaten dugun gisan, etxea eta hirua, biak, izenak dira). Zenbaki izen hauek zenbatzaileak izendatzen dituztenez gero, arrunta da esatea Atzoko zozketan lau aldiz atera zen seia; Atxikitzen ahal dituzu hor nahi dituzun zortzi guztiak; Horrek badu zazpi baten antz handia eta abar. Testuinguru batzuetan izen bereziekin asimila daitezke: Bi gehi bi lau da (ez da esaten laua da); Lau bider zortzi hogeita hamabi da. Artikulu gabe ematen ditugu. Beste batzuetan, ordea, izen arruntekin asimilatzen dira: Bederatzia ez da nire gustuko zenbakia; Zazpi honi bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu. Hor, zazpi zenbatzailea ez bezala, bi zenbatzailea izen berezi batekin asimila daiteke, baina izen arruntarekin, ordea, honako honetan: Zazpi honi beste bi gehituz gero bederatzi ateratzen zaigu. Zero ere etxe hau zero euro kostatu zaio adibidean zenbatzailea da, baina zerotik hasi, zeroan bukatu… bezalako esapideetan izen arruntekin asimilatzen da.

16.2.5j Zenbakiekin beste izen batzuk ere sortzen ditugu -kote atzizkia gaineratuz. Morfologiako atalean (§ 6.3.2) ikusi dugu -kote atzizkia handigarria dela eta izen bati erantsirik mutikote, zezenkote edo gizonkote bezalako izenak sortzen direla. Hemen ez gara horretaz ari: atzizki hori zenbatzaile zehaztu bati erantsirik izenak sortzen ditugu: bikote, hirukote, laukote eta abar. Erabiliena, zalantza gabe, bikote da. Gaur egun guztiz hedatua da. Tradizioan, ez horrenbeste, XX. mendeko Hegoaldeko idazleek erabiltzen dute: Orixe, Erkiaga, Labaien, Barrensoro, Etxaniz… Hirukotek lekukotasun gutxiago ditu: Villasante, Etxegarai, Mitxelena… Hortik aurrerako izenak (laukote, boskote…) askoz ere bakanago ageri dira. Hona hemen adibide batzuk: Egiazko biziduna bikoteaz osatzen baita, eta bikote hori ez da oraindik oso, harik eta emankor izan dadin artio (Villasante); Etorri bereko bikoteak (hirukoteak eta abar) maiz ditugulako (Mitxelena); Laukote honek inoren / kexarikan ez du (Basarri).

16.2.5k Aldien zenbatasuna ere zenbakien bidez adierazten dugu: Behin; Bi aldiz, bitan, bi bider, birritan; Hiru aldiz, hirutan…

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper