Euskararen Gramatika

14.9.3. Gabe hitzak sortzen dituen arazoak


14.9.3. Gabe hitzak sortzen dituen arazoak

14.9.3a Gabe adjektibo berezien artean sailkatu izan da zenbaitetan. Baina honekin ere beste-rekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da. Gutxitan ageri da bakarrik, eta gehienetan badu aurretik sintagma osagarri bat. Nolakoa den testuingurua, postposizioa, izena, adjektiboa edo adberbioa ere izan daiteke. Jatorriz izen edo adjektibo, gaur egun gehienetan postposizioa da: uste gabe, eten gabe, duda(rik) gabe… Gutxitan ageri da bakarrik, gehienetan aurretik behar baitu sintagma osagarri bat, batzuetan isildu daitekeena, nahi izanez gero: zure baimenarekin edo gabe. Sintagma osagarri horrek ez du izan behar sail jakin batekoa.

Batzuetan izen sintagma du aurrean. Sintagma hori mugagabea da edo absolutiboa. Kasu batzuetan, gutxienetan, mugatua, bat zenbatzailearekin (edo erakusleren bat). Holakoak ditugu argirik gabe, argi gabe edo euro bat gabe bezalakoak. Paper gabe / paperik gabe; baimen gabe / baimenik gabe; babes gabe / babesik gabe; liburutegi on bat gabe; erreferentzia bat gabe… bezalakoak ere sail berekoak dira. Egungo joeran, sintagma mugagabea (diru, neke…) batez ere izen soilekin erabiltzen da. Egitura pixka bat konplexuagoa baldin bada errazago erabiltzen dugu partitiboa. Partitiboaren aurretik batere erabiltzen da maizkara: batere dirurik gabe; batere lotsarik gabe

14.9.3b Aurretik duen izen sintagma mugatua izan daiteke, baina gutxiagotan ageri da, eta tradizioan batez ere Iparraldekoa da, baina badira Hegoaldean ere adibideak: karitatea gabe (Pouvreau); […] bere behar duena gabe gelditu (Axular); eguzkiaren argia gabe (B. Enbeita); kanpokoa eta gorputzekoa bakarrik arimakoa gabe (Astarloa); aireak ere ez aski ongarrikoak gabe (Duvoisin); liburu hori gabe; senar-emazteak gabe eta abar. Artikuluaren ordez erakusle bat edo bat zenbatzailea ere har ditzake sintagmak, esan bezala. Badira adibideak tradizioan eta gaurko idazleen artean ere, baina batzuek ez dute egokia ikusten egitura hori: urruntasun hori gabe (Lapeire); deskantsu hori gabe (J. P. Arbelbide); mesprezio hura gabe (Pouvreau); haritz bakar bat gabe (Duvoisin); oroitzapen bat gabe (Laphitz); aldaketa bat gabe (Xarriton); istant bat gabe (Epaltza) eta abar. Postposizioa denean baditu beste ingurune batzuk ere.

14.9.3c Beste batzuetan gabe izena da: Emanaz beraren gabeak edo premiak eskatzen duen gauza (Mendiburu); Gaizto da bai gabea ontsa bizitzeko (Laplace); Ezin hobeagoa, hutsik eta gaberik ez duena (Ubillos); Zure gabean aurkitzen naiz (P. Mujika) eta abar. Osagarria genitiboan erabiltzen da batzuetan, adibideetan ikusten denez. De Rijkek dioenez (2008: 310), gaurko euskaran gutxiago erabiltzen da gabe hori izen gisa eta badira beste itzuli batzuk erabiliagoak. Batez ere falta (diru faltan), eskas (hori jakin eskasean) edo ez izena (maitasun ezaz, nik ikusi ezean).

14.9.3d Azkenik, esan dezagun adjektiboa ere izan daitekeela ‘ez duena’, ‘zerbaiten faltan dena’ adierazteko: Ez naiz gabe (Duvoisin, ‘ez naiz pobre’ adierazteko); Gabea pairagarri, ukana hondagarri (Azkue, ‘pobreak sufritu, aberatsa hondoratu’); Gabeak hatsa kirats (Oihenart) eta abar. Batzuetan instrumentala du aurretik: […] gero eta urrez eta zilarrez gabeago aurkitzen zuten (Larreko); Zein karitatez gabeak diren (Iratzeder). Zenbaitetan guztiz lexikalizatuak diren hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa arrunta da (ikus OEH): artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe eta abar. Izen sintagma izan dezake batzuetan aurretik: ardura gabea, erru gabe, punimendu gabe, beldur gabe, gorputz odol gabe…; Ez da dudarik, egiazko “eskual-duna” zen Frantsez; ez, ez zen “eskual-gabea” (Narbaitz). Holakoetan, aurreko osagarria soila da arruntean. Egitura konplexuagoa denean, joera gabeko erabiltzearena da. Hola, galderatxo bat garrantzi gabea perpausaren ordez, hiztunak errazago erabiltzen du garrantzi gabeko galderatxo bat.

14.9.3e Batzuetan, hala ere, ez da garbi gelditzen noiz den izen eta noiz adjektibo. Jakina, aurreko izen sintagma partitiboan agertzea arrunta da: hutsik gabea, bihotzik gabea, baliorik gabea, eskolarik gabea… Zenbait kasutan batere-rekin ageri da: dudarik batere gabea (Mihura); harrokeriarik batere gabea (Uztapide). Sintagma mugatua izan daiteke, ondoko adibide hauetan bezala: zimurtxo bat gabea; eranskin hori gabeak. Edo partizipio ondoan, aski arrunta: ikusi gabea, entzun gabea, ohartu gabea eta abar. Ez hainbeste aditzoinarekin bakarrik: Berria zen, oraino uki-gabea (Orixe); Agindu uts-ezin eta idatz-gabeak (Zaitegi). Ez dira oso erabiliak. Adlatiboarekin erabiltzen du Orixek: Santa Kruz oraindik Lekunberrira gabea zela.

14.9.3f Badira adjektibo elkartuak gaberen gainean eraikiak: arduragabe, bihozgabe, baztergabe, errugabe, dirugabe, eskolagabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, odolgabe, tolesgabe… Ohart gaitezen hizkera doinuak bereizten duela beldurgabe (adjektiboa) eta beldur gabe (izena + postposizioa).

Ura barik ardoa edan du edo elizatik gabe tabernatik gatoz edo ilundu gabe bezalakoetan, gabe hori adberbioa da. Bizkaieraz erabiltzen da barik (gaberik), aski arrunta da. Eredu estandarrean ere onartua da (eten barik), baina askotan zuzenean erabiltzen da gabe (eten gabe).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper