Euskararen Gramatika

14.6. Adjektiboak predikatu gisa


14.6. Adjektiboak predikatu gisa

14.6a Esan dezagun, nolanahi ere, adjektiboa bi tokitan erabiltzen dugula: Etxe handia egin dute; Etxe hori handia da. Lehenbiziko kasuan adjektiboa izenaren ondoan doa. Bigarrenean predikatu osagarrian. Lotura aditz batekin (§ 14.7 eta, oro har, 24. kapitulua), kasu honetan izan aditzaz baliatuz, perpaus horretan zerbait predikatzen da etxeaz: handia dela, hain zuzen ere. Bada, gauza bera gertatzen da partizipioekin ere: [pertsona nekatuek] ez dute pazientziarik; pertsona horiek [nekatuak daude]. Beraz, partizipioak ere bi tokitan.

Hala ere, bada euskaraz nahasbidea sor dezakeen horren antzeko beste itzuli bat ere. Partizipio adjektibo hori predikatu gisa doanean (Andoni nekatua dago), badu parean beste esapide bat, aski hedatua: Andoni nekaturik dago. Bistan da -ik horrek, gainerako partitibodun sintagmen antzera, predikatu osagarrian bakarrik duela tokia, edo gainerako sintagma partitiboak ageri diren testuinguruetan: Ez da hemen gizonik / gizon nekaturik; Ikusi duzu hor ikaslerik / ikasle kezkaturik? Holako testuinguruetan (ezezko eta galde perpausetan) nekaturik formako hitzak adjektibo arruntak dira, -ik amaiera hartzen dutenak. Baina predikatu osagarrian ageri badira, orduan adberbioak direla esan daiteke: Miren triste/pozik/arduraturik dago. Holakoetan ezin da izenaren ondoan agertu, sintagma osatuz: Andoni nekatua da / [gizon nekatua] da; Andoni nekaturik dago / *Andoni [gizon nekaturik] dago. Horrela, nekatua adjektibo arrunta denez, komunztadura egin behar da: Andoni eta Patxi nekatuak daude. Baina, nekaturik forma bakarra da, eta komunztadurak ez du ukitzen: Andoni eta Patxi nekaturik daude. Gauza bera gertatzen da ondoko adibideotan: Bada irakasle bat, Antton deitua; Badira bi irakasle, Miren eta Patxi deituak.

Beraz, nekatua/nekatuak dugu alde batetik, eta nekaturik bestetik. Lehenbizikoa adjektiboa da, eta bigarrena adjektiboa izan daiteke testuinguruak partitiboa eskatzen duen toki batzuetan, ezezko eta galde perpausetan, eta adberbioa besteetan (predikatu osagarrian).

14.6b Bada, horien ondoan, beste aldaera bat, nekaturik (adjektiboa ez denean) formaren parekoa: nekatuta. Hau ere nolabaiteko adberbioa da, eta erabilera markatzen duten muga sintaktikoak estuagoak dira, predikatu osagarrian bakarrik agertzen ahal baita. Holakoak adberbio direnez gero, aldakaitzak dira, eta ez du ez batak ez besteak inolako komunztadurarik egiten, berdin dela subjektua singularrean edo pluralean doan: Andoni nekatua/nekaturik/nekatuta dago; Andoni eta Miren nekatuak/nekaturik/nekatuta daude. Batzuetan entzuten diren *nekatutak, *sartutak eta horien gisakoak guztiz arrotzak dira euskaraz.

Hortaz, bada, -ik eta -ta bezala amaituak adberbiotzat hartzen ditugu. Izen sintagmen barnean agertzekotan -ko atzizkia ezinbestekoa dute (ikusitako, ikusiriko) gainerako adberbioek (atzoko, ustezko…) gisan. Horregatik euskaraz ez dute tokirik *pertsona nekatutaren itxura edo *langile zapaldutaren gisako perpausek. Beraz, ez *bada irakasle bat, Antton deiturik/ta; *badira bi irakasle, Miren eta Patxi deiturik/ta. Kasu horietan argiago ikusten da perpaus erlatibo laburtua dela: Bada irakasle bat, Antton deitzen dena / deitua dena / deitutakoa

14.6c -ta hartzen duten itzuliek (nekatuta), jatorriz, honako osagai hauek dituzte: nekatu + eta. Ikusi, hortaz, zein hurbil dauden elkarren artean perpaus hauek: Hau esan eta alde egin zuen; Hau esanda alde egin zuen; Hau esanik alde egin zuen. Esanahiaz berdinak izanik ere, bi egitura ditugu hor: [Hau esan], eta alde egin zuen, batetik, eta [Hau esan eta], alde egin zuen, bestetik. Lehenbizikoa juntadura arrunta da eta bigarrena esaera adberbiala. Bada, esanda/esanik bigarren egitura horren aldaerak dira, adberbialak horiek ere. Gauza bera ondoko hauekin ere: Bere zor guztiak ordaindu eta hil zen; Bere zor guztiak ordainduta hil zen; Bere zor guztiak ordaindurik hil zen.

Lehenago esan dugu nekaturik formakoek ez dutela tokirik izen sintagmaren barnean (non ez den testuinguru markatu batzuetan, partitibozko sintagmak posible diren tokietan alegia), adberbioak baitira. Gauza bera esan behar da nekatuta formari buruz. Orain esan behar dugu alderantziz ere betetzen dela araua, hau da, adjektiboek ez dutela tokirik adberbioaren tokian: Erabakia harturik/hartuta bilera amaitu zuten. Baina ez da euskaraz esaten *erabakia hartua bilera amaitu zuten. Zeinahi dela ere erabakia harturik/hartuta horren barneko egitura, bistan da egitura horrek adberbioaren papera duela perpausean eta noiz? galderari erantzuten diola: goizean / berandu / erabakia harturik amaitu zuten bilera. Bada, hor ez du tokirik adjektiboak: *Erabakia hartua amaitu zuten bilera. Arrazoi beragatik gora andre askatua esan behar da, zerbait esatekotan, eta ez *gora andre askatuta.

14.6d Aurreko adibide guztietan ez dira erraz bereizten esanahien arteko desberdintasunak. Esan dezagun Mikel nekatua da eta horren tankerako perpausak maizago entzuten direla ekialdean, eta Mikel nekatuta dago perpausaren tankerakoak, berriz, gehiagotan mendebalean. Laburtuz, dena den, esan dezagun hauek direla predikatu osagarriko egiturak: Atea irekia/irekirik/irekita da(go). Eta adberbio kutsu argia dutenean, berriz, honako hauek: Atea irekirik, hizketan segitu genuen; Atea irekita, hizketan segitu genuen.

14.6e Azken ohar bat atal honi dagokionez. Partizipioak, zenbait kasutan, adjektibo gabe, izen bihurtu dira. Anitzetan, esan, egin, jan, ekarri, begiratu… ez dira adjektiboak, baizik izenak: Aitonaren esanak gogoan ditugu oraindik; Apostoluen eginak; Oiloen jana prestatzen ari da; Zein izan da zure lanaren ekarria?; Emaiozu begiratu bat nire artikulu honi eta abar.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper