Euskararen Gramatika

12.3.6. Izen zenbakarriak eta izen zenbakaitzak


12.3.6. Izen zenbakarriak eta izen zenbakaitzak

12.3.6a Izen arrunten artean beste sail batzuk ere bereizten ahal dira. Izen batzuk era guztietako zenbatzaileekin ager daitezke, baina beste batzuk ez (ez, behintzat, erabileran aldaketarik gertatu gabe). Lehenbiziko sailekoak dira liburu, etxe, aulki, ohe, argazki eta holako izen arruntak. Izen zenbakarriak dira horiek. Alegia, izaki diskretuak aipatzen dituztenak, banaka-banaka konta daitezkeenak, baina zatitu ezin direnak banako izateari utzi gabe. Bigarren sailekoak dira olio, gari, kutsadura, gorroto edo ke izenak. Hori dela eta, bi aulki, hainbeste etxe edo liburuak esan dezakegu, baina ez dugu esaten *bi ke, *kutsadurak edo *kirats asko. Izen zenbakaitzak dira, eta arazoak dituzte pluraleko mugatzaileak eta zenbait zenbatzaile hartzeko (azkeneko adibide horretan, zerbait esatekotan, kirats handia esan beharko genuke, izen zenbakaitza eta neurgaitza baita, aurten gari asko erein da ez bezala).

Izen zenbakaitzak jarraituak diren gaiei dagozkie edo, egokiago nahi bada, hizkuntza bateko hiztunak jarraitu modura ikusten dituenei, hizkuntza batetik bestera aldaerak gertatzen baitira. Jarraituak dira hizkuntza horretan banakoetan ezin bereiz daitezkeenak: ur, olio, gari, su, maitasun edo gorroto ez ditugu banakoetan bereizten eta masa gisa, edo izen abstraktu gisa, hartzen ditugu, zerbait jarraitua bezala. Horregatik ez dute zenbatzaile zehazturik hartzen: *hiru maitasun. Egia da, zernahi gisaz, molde batzuetan, adiera aldatzen dutenean, zenbatzailea ere hartzen dutela: Bi ur hauek burdin urak dira; Uharte hori lau uren artean dago; Hamalau idiren saiheskiak bost su handitan paratu zituzten erretzen. Hizkuntzalari eta gramatikari batzuek eztabaidatu izan dute puntu hau: haien ustez, zenbakarritasuna edo zenbakaiztasuna ez dagokie izenei berei, baizik izen hauek izendatzen dituzten izakiei. Beraz, zenbakarritasunaren ezaugarria ez legokioke, esaterako, ate izenari (izen zenbakarria), baizik hitz horrek izendatzen duen gauzari: badakigu ateak kontatzen ahal direla. Baina ondoko pasartean ikusiko dugunez, hori gehienetan hala bada ere, ez da beti hola gertatzen.

12.3.6b Esan dugu hizkuntza batetik bestera gauzak aldatu egiten direla puntu honetan, eta hala da. Euskaraz, esaterako, ez dugu *hamabi mahats esaten (bai, ordea, hamabi mahats ale), baina gaztelaniaz doce uvas arrunta da. Euskaraz berri txar bat eman behar dizut esaten ahal da, arazorik gabe, edo hiru berri txar, baina ingelesak ez du onartzen hor news baizik, plurala adierazten duen -s marka eta guzti, berria bakarra bada ere, hitz hori ingelesez zenbakaitza baita eta itxura horrekin bakarrik erabiltzen ahal baita: two pieces of news, adibidez, edo that is good news.

12.3.6c Badira, zernahi gisaz, tarteko zalantza batzuk ere: kafe izena ez da zenbakarria, eta ardo hitza ere ez, baina euskaraz ez dira arrotzak bi kafe edo bost ardo bezalakoak. Horiek arruntak dira gure artean, eta literaturan ere ez dira falta adibideak: bi ardo beltzen artean; bi kafe hartu ondoren; bi kafe prestatu ditu… Horrelakoak erabiltzearen beharra egunerokoa denez, bistan da hor hiztunak laburturik ematen duela sintagma. Berez, hor, bi edalontzi ardo, bi kikarakada kafe, bi kafe mota… edo horrelako zerbait dugu, testuinguruaren arabera. Esapide horiek maiz erabiltzeak eramaten gaitu, segur aski ere, sintagma laburtzera. Erostera joan eta bi esne edo bi olio eska ditzakegu (esne poltsaz ari gara edo oliontziaz), berez jarraituak diren izenak diskretu modura, zenbakarri modura, erabiliz. Nahiko arau orokorra da hori, ardoarekin edo kafearekin gertatzen den gisan. Bi salda edo bi arrain zopa eskatu ditugu modukoak ere esaten ditugu. Esan dezagun, hortaz, zenbatu ezin diren izenek ez dutela zenbatzaile zehazturik hartzen, aipatu kasu berezi horietan ez bada. Jakina, hitz horiek anbiguoak ere izan daitezke zenbait kasutan: hola, argi hitza, nolakoa den testuingurua, bonbilla bat izan daiteke, edo kandela bat, ez bakarrik leihotik sartzen zaigun hori. Eta kasu horietan, noski, ez da eragozpenik bost argi horiek piztu! bezalako zerbait esateko. Eta sanjoanetan, adibidez, sua pizten dugu, eta su hori su handia izan daiteke, baina karrikatan ohitura da su asko ikusteko. Holakoetan unitate diskretuez ari gara, konta daitezkeen unitateez. Nekez aurkituko ditugu egoera egokiak, hala ere, *bost gorroto edo *hamar maitasun esateko.

Beste batzuetan, izen bera zenbakarria izan daiteke, edo zenbakaitza: goizean ogia edo baratxuria erostera joan gaitezke, eta ogi batekin edo baratxuri (buru) batekin itzultzen gara. Holakoetan bietara jokatzen dute.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper