Euskararen Gramatika

12.3. Izenen sailkapena


Kokapena:

12.3. Izenen sailkapena

12.3.1. Sarrera

12.3.1a Izenak era askotakoak dira, eta kategoria horren azpian sail bat baino gehiago bereiz daiteke. Hala ere, berehala ikusiko denez, bereizketa hauek egiteko gramatikariek erabiltzen dituzten irizpideak nahiko lausoak dira batzuetan, eta maiz elkarren artean gurutzatzen dira, ezaugarriek ez baitute beti norabide bakarra markatzen. Hizkuntza guztietan gertatzen da hori, eta horregatik beragatik gramatikak ez datoz bat sailkapena hauek egiteko orduan. Batzuetan kasu marken morfologia hartzen da kontuan sailkapena egiteko orduan, (hala, latinak, adibidez, lehen, bigarren edo hirugarren deklinabideko izenak dituela esaten da), edo plurala eta singularra adierazteko sistemak, edo generoa ere. Baina deklinabiderik (ikus § 1.3) ez duten edo izenean generorik markatzen ez duten euskara bezalako hizkuntzatan, bereizketa horiek ez dute zentzu gehiegi. Eta pluralaren erabilera ere gardena da, nahiz, horretaz ari garela, ñabardura batzuk agerian utziko ditugun. Hemen, zernahi gisaz, gure sailkapena egiteko orduan, erdiko bidea hartu dugu, eta kontuan izan ditugu gramatiketan gehien erabiltzen diren irizpideak.

12.3.1b Irizpide morfologikoak, semantikoak eta sintaktikoak erabiliko ditugu izenen arteko bereizketak egiteko, baina irizpide horiek ez dira beti gardenak eta balio zuzenekoak, askotan elkarren artean gurutzatu egiten baitira, berehala ikusiko denez. Hasteko, goian esan bezala (§ 12.1c), izenak arruntak (etxe, arima, min) edo bereziak (Baztan, Lekeitio, Eider) izaten ahal dira (§ 12.3.2). Izen arrunten artean, bestetik, bi multzo bereiz daitezke (§ 12.3.6): zenbakarriak (sagar, liburu, kale) eta zenbakaitzak (ohore, edertasun, ke), eta badira hor ere bietara erabiltzen ahal direnak. Izen arrunt zenbakarrien artean badira bizidunak129 (seme, jende, andre) eta bizigabeak (mendi, herri, mahai) (§ 12.3.8). Betiere, gero ikusiko denez, bizidun/bizigabe bereizketa hau hitz egiteko modua da, sailkapen mota bat egiteko modua, kontua ez baita hain sinplea, hori baino pixka bat nahasiagoa da. Besteak beste, bizidun marka hori pertsonen izen bereziek (Eider, Mari, Patxi) ere badute, eta ez bakarrik, hortaz, izen arrunt batzuek. Esan dezagun, bestetik, izen zenbakaitzen artean badirela neurgarriak (irin) eta neurgaitzak (maitasun) (§ 12.3.7).

12.3.1c Bereizketa gehiago egin behar da, zernahi gisaz: semantikarekin lotura handiagoa duten irizpideei jarraituz, gramatiketan izen banakoen (alkate) eta multzokarien (familia) arteko bereizketa ere egin izan da (§ 12.3.3); baita izen konkretu (leiho) eta abstraktuen (zailtasun) artekoa ere (§ 12.3.4).

12.3.1d Horrez gain, jokabidearen arabera, argumentudun (laburpen), gertaeradun (istripu), kuantifikaziodun (baso) eta sailkapendun (mota) izenak bereizten dira gramatiketan (§ 12.3.5). Eta morfologiaren ikuspegitik, berriz, izen bakunak (liburu), eratorriak (liburugintza) eta elkartuak (eskuliburua) (§ 12.3.9).

Horiek guztiak ikusiko ditugu segidan banaka-banaka.

12.3.2. Izen arruntak eta izen bereziak

12.3.2a Izen sintagma osatzeko, zenbait izenek nahitaezkoa dute, arruntean, mugatzaile deitzen den elementuren baten laguntzan agertzea (emakumea ibili da gure bila / *emakume ibili da gure bila), zenbatzaile baten (bost emakume ikusi ditugu), edo bien —mugatzailearen eta zenbatzailearen— laguntzan agertzea (bost emakumeak ikusi ditugu).

Izen sintagma osatzeko determinatzailearen beharra (eta gehienetan mugatzaile deitzen dugunaren beharra) duten izenak izen arruntak direla esaten dugu. Hortaz, leku, zuhaitz, txakur edo liburu izen arruntak dira, eta determinatzailea behar dute.

Izen sintagma osatzeko mugatzailearen beharrik ez duten izenak izen bereziak direla diogu: Joxe, Paris, Ines eta abar130.

12.3.2b Izen bereziek erreferentzia zehatza dute, ez dagozkie espezie bereko izaki guztiei, izaki jakin bati baizik. Alde horretatik, Axular, Koldo, Itziar pertsona izenak, edo Ataun, Gasteiz, Matxinbenta, Paris, Londres… leku izenak, edo Jakin, Erein edo antzeko izenak erreferentzia bakarrekoak ditugu. Ez dute berezko esanahirik, zuzenean izaki bati egiten baitiote erreferentzia. Horregatik dira izen bereziak. Eta, ikusten denez, ez dute mugatzailerik ere. Haritz norbaiten izen berezia edo zuhaitz mota bat ere izan daiteke. Lehenbiziko kasuan, bere gainean izen hori daraman pertsonak edo izakiak berez dituen ezaugarriekin lotzen dugu “Haritz”. Eta gerta daiteke bi Haritz aurkitzea eta biak oso desberdinak izatea elkarren artean. Aldiz, haritz izen arruntak sail bat osatzen duten zuhaitz batzuei egiten die erreferentzia, eta, alde horretatik, klase horretako izaki guztiek, zuhaitz guztiek, propietate eta ezaugarri komun asko dituzte, hain zuzen ere, izen horrek bildu nahi dituen guztiak. Badu hitz horrek berezko erreferentzia, ezaugarri horiek guztiek ematen diotena. Hortik, ezaugarri multzo horretatik, ateratzen da haritz hitza. Beraz, printzipioz, izen bereziek ez dute determinatzailerik hartzen, eta arruntek bai. Hori da haien arteko bereizketa egiteko erabil dezakegun lehenbiziko irizpidea. Irizpide morfologikoa da.

12.3.2c Gauzak ez dira, ordea, hain sinpleak: zenbait esamoldetan izen bereziek erakuslea har dezakete, eta baita mugatzailea ere, testuinguru egokia ageri bada: Ines honek zer uste du!; Peru gurea Londresen bizi da eta abar. Baina, ikusten denez, artikulua ez du izenak berak zuzenean hartzen, baizik izen berezia ardatz duen sintagmak, esaterako, adjektiboak, izenaren ondotik adjektiboa jartzen bada: Jean handiak egin zuen hori; Axular jakintsuak idatzi zuen liburua. Hauetan badirudi dagoeneko erreferentzia garbia delarik (Axular), igorleak erreferentzia horren ezaugarri bat nabarmentzeko lizentzia hartzen duela. Horiez gain, badira toki izena + oso/guzti/gehiena… eta horien antzeko esapideak, erreferentzia zehazteko balio digutenak (Mosku osoa ongi ezagutzen dugu; Frantzia guztia/gehiena bere menpe hartu zuen) eta abar.

Izen sintagman perpaus erlatibo bat ere agertzen bada, orduan izen bereziak, zerbait hartzekotan, erakuslea hartzen du, baina ez mugatzailea: Hau ez da nik ezagutu nuen Joxe (edo Joxe hura / *Joxea). Izen berezi batzuek, dena dela, mugatzailea hartzen dute: Bizkai baina Donostia (ikus § 12.3.2l). Zernahi gisaz, eta salbuespenak salbuespen, determinatzailea hartu ahal izatea edo ez, horrek bereizten ditu formalki izen bereziak eta arruntak, ikusten den gisan.

12.3.2d Semantika aldetik ere bereizten dira izen bereziak eta izen arruntak, eta hori da erabil dezakegun bigarren irizpidea. Izen arruntak sail edo espezie bateko gauzak edo izakiak (pertsonak, gauzak, taldeak, materiak, gertaerak, kontzeptu abstraktuak) aditzera emateko erabiltzen dira: gizon, esate baterako, izen arrunta da, eta gizon diren izaki guztiei aplikatzen zaie; etxe ere arrunta da, eta etxe guztiei aplikatzen zaie. Izen arruntak sail edo mota batean biltzen diren izakiei aplikatzen zaizkie, ikusten denez. Baina Andoni edo Paris izaki jakin bati bakarrik aplikatzen diogu, ez kategoria bati, eta izen bereziak direla esaten dugu, hortaz. Nolabait ere esateko, izaki bakarrak dira. Balio denotatiboa dute, ez dute esanahirik: gerezi bat zer den badakigu, hiztegi batean behatu dezakegu, baina ez dakigu, ordea, zer izan daitekeen Andoni bat. Ez dugu hiztegian aurkituko. Horregatik, izen bereziak, arruntak ez bezala, ezin dira beste hizkuntzatara itzuli, jatorri bereko baliokideak aurkitu behar dira.

12.3.2e Hori da erabili izan den irizpide klasikoa. Badira arazoak, zernahi gisaz: Euskal Herrian bertan baditugu bi herri Getaria izenekoak, bat Iparraldean eta bestea Hegoaldean. Era horretako kasu asko dago: Durango bat bada Bizkaian, eta beste bat Estatu Batuetan; Euskal Herrian bada Bizkaia bat, baina baita Filipinetan ere. Eta Andoni asko dago munduan. Baina ez dute izen horiek kanpotik identifikatzeko moduko kategoriarik osatzen: munduko etxeek, elkarren artean desberdinak badira ere, badituzte ezaugarri komun batzuk, gutxienekoak badira ere; aldiz, munduan izan daitezkeen Andoni horiek ez dute, gizonak izateaz aparte, ezaugarri komunik, kasualitatez ez bada. Izen bereziak berez daude determinatuak, baina izen arruntek determinatzailea behar dute. Izen arruntak bakarrik ageri dira hiztegietan. Izen bereziak ezin, ez baitute inolako esanahirik. Axularri buruz ari baldin bagara, Axular izeneko norbaitek zituen propietate eta ezaugarriekin lotzen dugu.

Munduari buruz dugun informazioak erakusten digu, azken batean, zein den izen berezia eta zein arrunta. Geografia izenak, herri eta hirienak, pertsonen izenak, marken izenak eta abar izen bereziak dira askotan (Londres, Elizondo, Miren, Volvo eta abar). Kanpoko izenak gureganatzen ditugunean, artikulua kentzeko joera dugu (Kairo).

12.3.2f Zenbait kasutan, ordea, bi irizpide horiek (determinatzailea izatea edo ez; erreferentzia bakarra izatea edo ez) gurutzatu egiten dira edo, beste hitzetan esateko, bereizketa egiteko baliatzen ditugun irizpideek ez dute beti emaitza bera ematen. Adibidez, Volvo izen berezia da, dakigun gisan, konpainia baten izena, baina Volvo bat erosi dute etxean esaten badugu, izen berezi horri determinatzaile bat erantsi diogu: ‘Volvo markako auto bat’ adierazi nahian erabiltzen da. Eta prozesu bera gertatzen da beste izen berezi batzuekin ere: Haren mintzaldia entzun nuenean Demostenes baten aitzinean nintzela pentsatu nuen. Hitz horiek hiztunak, holakoetan, izen arrunt gisan erabiltzen baditu ere (Zenbat Axular uste duzue dagoela gela honetan?; Donjuanak agertu dira orain herri hartan), ez du kontzientzia galdu izen horien jatorriaz, eta badaki hasieran izen berezi bat dagoela hor131. Eta gainera, izen berezi horiek nolabaiteko ezaugarri berdinak dituzten izakien kategoria baten adiera eman nahian erabili dira. Beste batzuetan, gerta daiteke jatorrian izen berezia zena izen arrunt izatera pasatzea: mukiak kentzeko klinexak maite dituzte batzuek, zapi baten marka izen arruntera oharkabean pasaturik; mentore erabil dezakegu, baina segur aski ez gara ohartzen Odisean ageri den Telemakoren aholkularia zela Mentor. Azkenik, hiztun askok bikak erabiltzen dituzte idazteko, Bic bolalumetatik hartu ondoren izena.

12.3.2g Badira, bestetik, alderantzizko bidea eginez orain, itxuraz bederen, izen arruntak izanik ere, erreferentzia jakin eta bakarra dutenak. Kasu argia da Jaungoikoa-rena, adibidez. Baina gauza bera gertatzen da errege (literatura klasikoan bederen, nahiz artikuludun adibideak ere ez diren falta), amabitxi, aita, aitatxo, ama, amatxo, osaba eta abarrekin. Munduan errege, aitatxo eta amabitxi asko dago, eta alde horretatik izen arruntak dira; baina erreferentzia bakarra eta zuzena adierazi nahian erabiltzen direnean, determinatzailerik gabe erabiltzen ditugu: amabitxi Begoña.

12.3.2h Gauza bertsua gertatzen da, neurri batean, berezia den zerbaiti izen arrunta jartzen diogunean (bide batez, izenondoa ere izan daiteke), adibidez, erakundeekin (Eusko Ikaskuntza), aldizkari-egunkari izenekin (Berria, Deia, Argia) edo etxe izenekin (Ametsa, Etxeberria, Apezetxea…). Baina horietan sortutako izen berezia artikulu eta guzti azaltzen da. Kasu horietan egokiena eta argiena Herria-tik, Deia-tik edo Argia-tik idaztea da. Berdin gertatzen da elkarte batzuen izenekin ere: Gure etxea-tik, Arrano Beltza-tik… (nahiz Arrano Beltzetik ere idazten duten batzuek), Mutiko alaiak-era, Lagun onak-ekin eta abar. Batzuek “taldea”, “elkartea” edo antzeko izena gaineratzeko joera dute (Mutiko alaiak elkartera), naturalago bihurtuz sintagma. Zaila da gero hor arau estuak eta zehatzak ematea: Deiara bidali dut; Argiakoek hori uste dute; Herriatik jakin dugu eta abar arruntak dira, batez ere ulertze arazorik sortzen ez badute. Sintagmak hartzen ditugu izen berezitzat, artikulua bereganatu izan balute bezala. Berdin gertatzen da elkarte batzuen izenekin, edo alderdien izenekin ere: Gure etxea-tik, Arrano Beltza-tik, Eusko Alderdi Jeltzalea, Alderdi Komunista, Herri Batasuna, Euskadiko Alderdi Sozialista… Badira izen berezi batzuk pluralez (Euskaldunak) edo postposizio bidez (Lagunekin) eratuak. Ez da falta San Joseren bezalakoren bat ere, afixek Getxon erakusten duten gisan. Holakoetan egokiena da sintagmatzat hartzea eta beti marra erabiltzea sintagmari zerbait eransten bazaio.

12.3.2i Baina artikulua berekin duten izen bereziekin ari garelarik, badira bestelako jokabidea agertzen dutenak ere, postposizioak eranstean artikulua galtzen dutenak. Euskaltzaindia bera ere izen berezia da, elkarte bakarra dago munduan izen horrekin, baina hor ere mugatzailea ageri da, eta izen arruntekin bezala erabiltzen dugu: Euskaltzaindiak esan du; Euskaltzainditik etorri da berri hori… Ez dira gutxi, hala ere, Euskaltzainditik esan beharrean *Euskaltzaindiatik esaten dutenak, mugatzailea izenaren parte hartuz. Baina ez da kasua, -a hori ez da izenaren parte, mugatzaile arrunta baizik. Eta mugatzaile guztiekin gertatzen den gisan, batzuetan ez da jarri behar (ikus 15. kapitulua): mendian/Euskaltzaindian bai, baina mendiko/Euskaltzaindiko, mendira/Euskaltzaindira, menditik/Euskaltzainditik eta abar. Euskal Herria izenarekin gertatzen den bezal-bezala, horrek ere galtzen baitu artikulua zenbait kasutan: Euskal Herrira, Euskal Herritik.

12.3.2j Arazo bat gertatzen da asteko egunen, hilabeteen eta urtaroen izenekin ere. Horiek guztiek erreferentzia zuzena izan arren, artikuluarekin ematen ditugu beti: astelehena, azaroa, udaberria… Horren arrazoia izan daiteke, beharbada, jatorriz horiek hitz arruntak direla (lehen, aro, aste, uda, berri…). Egun izen arruntak dira, nahiz beste hizkuntza batzuetan letra larriz idazten diren, euskaraz ez bezala, eta mugatzaile gabe ere agertzen dira: today is Sunday; agosto llegaba a su fin; en avril ne te découvre pas d’un fil eta abar. Euskaraz ez da halakorik, eta mugatzailea behar du. Gauerdi eta eguerdi hitzak bietara ageri dira, artikulu gabe edo artikuluarekin, euskalkien arabera. Hau lotuago dago, hain segur ere, beste jokaera zabalago batekin: badirudi euskal sintaxiak ezinbestean eskatzen duela, izenen edo izenondoen kasuan, hauek beti determinatzailearekin agertzea. Hola, etxe bat irudikatzen duen margolan baten azpiko aldean maison, house edo casa jarri badaiteke ere, euskaraz nahitaez etxea behar dugu, mugatzailearekin, beste hizkuntzetan ez bezala. Beste hitzetan esanda, euskaraz aipu-forma mugatzaile eta guztikoa da. Artikuluak ez ditu bereizten, hortaz, argi eta garbi izen bereziak eta arruntak (§ 12.3.2l), baina badirudi, zernahi gisaz, nahiko irizpide bidezkoa dela.

12.3.2k Dena den, egia izanik ere izen bereziak artikulurik gabe ditugula euskaraz, eta alde horretatik beste hizkuntza batzuetan baino muga itxiagoak ditugula (Antton / baina el Antonio), zenbait hizkuntzatan izen bereziek badute beste ezaugarri bat: ezin dute adjektiborik hartu; euskaraz, aldiz, ez da arazorik, betiere determinatzailea ageri bada, lehentxoago esandakoaren arabera: Axular handia; Andoni txikia; Mikel gizena; Paris ederra; Erroma ikusgarria eta abar. Kasu bakan batzuetan izen berezi horiek izen arrunt gisan erabil ditzakegu: Lau picasso erosi zituen; Baditut etxean txillida batzuk eta abar. Beste testuinguru batzuetan ere berdin gertatzen da: Herri horretan batek daki zenbat Aramendi dagoen. Zenbait kasutan, bat zenbatzailea ere erabiltzen da adierazgarriak izan daitezkeen adibide mota batzuen berri emateko: Musikari horrek badu Mozart baten indarra, baina ez da Mahler bat bezain merke-itsaskorra. Hizkera arruntean posible da ponte izenarekin posesiboa erabiltzea ere: Peru gurea Londresen; Non dabil zuen Andoni?; Bai alferra zuen Maite! Edo erakuslea: Hara Peru horrek zer egin duen azkenean.

12.3.2l Leku izenekin sortzen dira anitzetan zalantzak. Leku izen bereziak izanik (beraz, mugatzaile gabekoak behar lukete), izen horietako batzuk -a bokalez bukatzen dira, eta letra hori, zenbait kasutan, mugatzailea da (Azpeitia, Azkoitia, Bizkaia eta abar). Ez, ordea, beste kasu batzuetan (Donostia). Eta kasu markak eransten direnean kontuan izan behar da hori: Donostia izenak berezkoa du -a hori, hitzaren zatia da (berez Donostia, Donostiatik, Donostiara, Donostiako eta abar), baina Azpeitia hitzean ageri dena ez da hitzaren zatia, artikulua baizik (eta, hortaz, Azpeitia, Azpeititik, Azpeitira, Azpeitiko eta abar).

Azpeitia bezalakoek postposizioak hartzen dituztenean (ikus 19. eta 20. kapituluak), artikulua galtzen dute, ez baitugu, nonbait, izenaren parte sentitzen determinatzaile hori: Azpeitian bizi da, eta Azpeititik etortzen da egunero esaldian, adibidez, argi ikusten da artikulua mendian / menditik bikotean bezala erabiltzen dela, edo galdu132. Modu paraleloan erabiltzen dira biak, biek mugatzailea dutela. Gauza bera gertatzen da lehentxoago aipatutako izen batzuekin.

Donostia izenaren eredua (berezko -a dutela, orduan) segitzen dute Abaltzisketa, Aduna, Antzuola, Astigarraga eta gisa horretakoek, pentsatzekoa denez. Baina sail berekoak dira Gabiria, Getaria, Ibarra, Lasarte-Oria, Ordizia eta Zestoa (Gipuzkoa), baita Gipuzkoa bera ere; Leioa, Lemoa eta Ondarroa (Bizkaia); Burundia, Guardia, Zigoitia, Zuia, Arrastaria (Araba); Aria, Artaxoa, Atarrabia, Donamaria, Legaria, Mendabia (Nafarroa) eta Nafarroa bera ere; Ainhoa, Getaria, Hendaia, Makea (Lapurdi); Arberoa (Nafarroa Beherea). Horietan guztietan izena bere osotasunean errespetatu behar da.

Azpeitia izenaren eredukoak (-a mugatzailea dutenak) dira Azkoitia, Hondarribia, Olaberria (Gipuzkoa); Berriatua, Busturia, Ermua, Etxebarria, Forua, Mallabia, Mañaria (Bizkaia) eta Bizkaia bera ere; Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Harana, Urizaharra (Araba); Abaurregaina, Abaurrepea, Ameskoabarrena, Basaburua, Elizagorria, Ergoiena, Erromantzatua, Iruñea, Itzagaondoa, Mendigorria, Olatzagutia, Otsagabia (Nafarroa). Horietan guztietan artikulua kentzen da zenbait kasutan (ikus Euskaltzaindia, Onomastika arauak).

Iruñea hitza guztiz berezia da. Euskaraz Iruñea onartu zuen Euskaltzaindiak, azkeneko -a hori artikulua zuela. Hortaz, azken sailekoa litzateke: Iruñeko, Iruñetik, Iruñera… Baina Iruñeko udalak erabaki zuen133 euskal izena Iruña dela, eta ez Iruñea, eta gero ontzat eman Iruñeko, Iruñetik, Iruñera…, Euskaltzaindiak erabakitakoa segituz. Kasu bakarra litzateke hori euskaraz, Iruña izanik izena, horrek Iruñako, Iruñara, edo Iruñatik eman behar bailuke. Kasu honetan, Euskaltzaindiaren erabakia eta udalarena ez datoz bat. Guk hemen Iruñea erabiliko dugu beti, Euskaltzaindiak onartu zuen gisan, azkeneko -a hori artikulua duela.

Arlo honi dagozkion Euskaltzaindiaren arauak honako hauek dira: 92, 108, 122, 140, 141, 145, 150 eta 155.

12.3.2m Izen bereziak direla eta, beti izan da gure artean etxearen izena eta jabearena batera emateko ohitura: norbait izendatzeko, etxearen izena gehiago erabili izan da deitura baino. Baina tradizioa ez da berdina izan mendebaldean eta ekialdean. Badirudi etxeen izenetan ekialdean maizago erabiltzen dela artikulua mendebaldean baino. Hala ere, nekez aurki daitezke hemen lege zorrotzak leku batean eta bestean nola esaten den, non eta ez den ikerketa sakonagorik egiten arlo horretan. Hala, etxe baten izena Haranburua izaten da ekialdean, edo Etxeberria, baina usuago entzuten dira Kaminburu edo Etxeberri eta gisakoak mendebaldean. Etxeko nagusiei, zernahi gisaz, Haranburu edo Kaminburu deitzen zaie, ekialdean: kasu honetan artikulua kentzen zaio, ikusten den gisan.

Izen berezien artean badira pertsona izenak (antroponimoak), animalien izenak (zoonimoak), leku izenak (toponimoak), ibaien izenak (hidronimoak) eta abar. Pertsona izenetan ponte izenak (Miren, Ibai) eta deiturak bereizten dira. Pertsona batzuek badituzte ezizenak (Hankamotz, Sudurluze…). Beste batzuek izengoitiak erabiltzen dituzte (Larresoro, Txillardegi…). Jendeen artean izen hipokoristikoak ere ez dira falta: Maitetxo, Josetxo, Pello, Mattin edo Bettiri gisakoak. Badira izen patronimikoak ere, ponte izenetik eratorriak: Antsorena, Hernandorena, Domintxenea, Tomasenea eta abar.

12.3.2n Gauzak horrela, esan dezagun, orain arte aipatutakoa bilduz, izen batzuek determinatzailea hartzen dutela, eta beste batzuek ez. Determinatzailea hartzen duten izenen artean daude izen arruntak (mendi, etxe, kale, ume, andre, eskola…), astegun, hilabete eta urtaroen izenak (ostegun, larunbat, urtarril, irail, udaberri…) eta zenbait herri eta lurralderen izenak (Azpeitia, Bizkaia, Otsagabia…, nahastu gabe Donostia, Zumaia modukoekin, artikuluaren itxura izanik ere ez baita azkeneko -a hori artikulua). Beste izen batzuek, ordea, ez dute mugatzailerik hartzen: pertsona eta leku deiturak (Andoni, Eider, Agirre, Ataun, Anboto, Luzaide, Ainharbe…). Mugatzailea hartzea edo ez hartzea da marka morfologiko argiena izen arruntak eta bereziak elkarren artean bereizteko, baina batzuetan ez da betetzen arau hori, ikusi dugunez. Aipu- forma, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, artikuluduna da euskaraz.

12.3.3. Izen banakariak eta multzokariak

12.3.3a Izen arruntak ez dira denak berdinak. Gure gramatiketan izen arrunt zenbakarriak (ate, gezur, auto) eta zenbakaitzak (gorroto, maitasun, beldur) eta horien gisakoak bereizi izan dira. Horiek berehala ikusiko ditugu (§ 12.3.6), baina horietaz gain badira beste bereizketa batzuk ere.

Gramatika batzuetan, semantikan oinarrituz eta askotan bereizketa argia ez izanik ere, izen arrunt banakariak eta multzokariak bereizten dira. Banakoak dira, adibidez, alkate, liburu edo leiho izenen gisakoak. Eta multzokariak dira artalde, armada, familia, batzorde, barride edo biztanleria bezalakoak, izaki berdinek osatutako multzoak baitira. Euskaraz, holakoetan, eratorpenera jotzen dugu anitzetan: gazteria, jendetza, arautegi eta abar.

12.3.3b Nolanahi ere, multzokaritzat har daitezkeen izenak aztertzen hasitakoan, laster ohartzen gara irizpide semantikoak lausoak gertatzen direla (egunkari bat, esaterako, artikulu edo bestelako lan idatzien bilduma baizik ez da), eta sintaxiak ere ez du askotan argitzen. Esan daiteke izen multzokariek, pluraleko adiera izanik, singularreko determinatzailea eta komunztadura hartzen dutela (gure familiak bazkaria du) eta askotan predikatu simetrikoak eta kolektiboak… (armada bidegurutzean bildu zen…) eta abar. Horrek ez du esan nahi, jakina, beti singularrean erabili behar direnik: Bi familiak elkartu ziren.

12.3.3c Bestalde, sintaxiari begiratuz, hitz batzuk banakariak izan daitezke batzuetan, eta multzokariak besteetan. Horrelakoa da jende izena, honako adibide hauek erakusten duten gisan: Anitz jende sartu zen han; Jendea ez dator bat horrekin. Banako erabilerak Iparraldean pisu handiagoa izan du, eta pertsona hitzaren baliokidetzat ere erabili izan da; Hegoaldean maizago, berriz, multzokari gisa. Hola, esate baterako, Jende baten ohorearen kontra; Nork daki beste zenbat mila jenderekin; Hiru jenderen izenak ditut galdo; Etxe bakarretik hiru, lau jendetaraino eraman zituena… ageri dira idazle klasikoetan134. Gaur egun multzokari gisa gehiago erabiltzen135 bada ere, ez dira falta banako moduko adibideak, eta ez bakarrik Iparraldeko idazleen artean: Hogeita bost mila jende Iruñako Aberri egunean; Euskadiko jende askok ez du igarri ere egiten daukagun euskal sentimendua; Hogei mila jende pasatu ziren… Esan dezagun, hortaz, jende izena multzokaria izanik ere, zenbaitetan pertsonaren ordaina dela, nahiz ez den aurrekoa bezain hedatua.

12.3.4. Izen abstraktuak eta konkretuak

12.3.4a Gramatiketan izen abstraktuak eta izen konkretuak ere bereizi izan dira. Materialak ez diren prozesu edo ezaugarriak izendatzen dituzte lehenbizikoek (maitasun, handitasun, edertasun, gogoeta, sustapen, bizitza, desira), bigarrenek ez bezala (neska, katu, olio), baina ez da ikusten gramatika aldetik horiek baduten ezaugarri berezirik. Gramatikariek filosofiatik bildu dituzte bereizketa horiek.

12.3.4b Morfologia hartzen bada kontuan, ikusten dugu gehienetan izen eratorri edo elkartuak direla izen abstraktuak, eta askotan oinarritzat izenondo edo aditz bat hartzen dutela: bakardade, handitasun, ugalketa, bortizkeria eta abar. Zenbaitetan, gainera, ez da erraza izaten mugak ongi bereiztea. Esaterako, eragin hitza abstraktua da, baina aurpegian ikusten duzu eman diozun muturrekoaren eragina perpausean badirudi zehatza den zerbaiten aurrean gaudela (berez, eragina abstraktua izanik, aldi berean ikusi aditzaren objektu zuzen konkretua da). Edo bortizkeria hitza: abstraktua izanik ere, estatuaren bortizkeriak aipatzen baditugu badirudi konkretua den zerbaitez ari garela.

12.3.4c Badira, bestetik, nahiz aski gutxi diren, pluralean bakarrik ageri diren izenak: galtzak, esate baterako. Pluralia Tantum esaten zaie holakoei. Sail horretakoak dira aizturrak, guraizeak, hiletak (singularrean ere erabiltzen da), prakak eta, gehienetan bederen, betaurrekoak bezalakoak.

12.3.5. Argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenak

12.3.5a Badira beste bereizketa batzuk ere izenen artean. Izenak argumentudunak, gertaerazkoak, kuantifikatzaileak eta klasifikatzaileak izaten ahal dira. “Argumentu” hitza hemen anbiguoa gertatzen da. Oro har, gramatikan “predikatu” nozioari lotua ageri da (hartu aditzak ‘zerbait’ hartzea eskatzen du, argumentu bat eskatzen du), baina hemen argumentuak eskatzen dituzten izenei buruz ari gara. Hori dela eta, esan dezakegu izen argumentudunek parte hartzaileak eskatzen dituztela, osagarri argumentalak, duten esanahiagatik. Hola, irakurketa edo irakurtze (besterik gabe) izenek ‘norbaitek zerbait irakurtzea’ eskatzen dute. Gauza bera gertatzen da sakontasun izenarekin, horrek beti eskatzen du beste zerbait inguruan, eta agerian ez bada ere, badakigu hor dela testuingurutik: ‘zerbaiten sakontasunaz’ aritu behar dugu beti. Horrela, esaterako, leihoa handia da diogunean leihoa bakarrik doa, ez du ezer ere eskatzen aldamenean, baina sakontasuna handia da esaten badugu, badakigu ‘zerbaiten sakontasuna’ dela, itsasoarena, adibidez. Izen horiek, bada, inguruan beste parte hartzaile batzuk eskatzen dituzte. Sail horretakoak dira sarrera (adiera batean), laburpen, aitzindari, hasiera edo argazki moduko izenak. Eta aditz izen guztiak: sartze, hartze, ikuste, etortze edo jate gisakoak, alegia. Izen horiek aditzak berak hartzen dituen argumentuak behar dituzte, nolabait ere esateko, aditzak dituen argumentu berak heredatzen dituzte: ‘norbait sartzea’, ‘norbaitek zerbait sartzea’, ‘norbaitek zerbait ikustea’, ‘norbait etortzea’, ‘norbaitek zerbait jatea’ eta abar. Nolakotasuna adierazten duten izenak ere sail berean sartzen ditugu: goxotasun, garbitasun, edertasun… Parekoak dira, argumentuei dagokienez, mutil hori goxoa da eta mutil horren goxotasuna, kalea garbia da eta kalearen garbitasuna, edo argazkia ederra da eta argazkiaren edertasuna. Ohartzen gara, bada, argumentu izen gehienak aditz baten edo izenondo baten gainean eraikiak daudela, edo bestela argazki izenen motakoak (argazki, koadro…) edo erlazioa adierazten dutenak (lagun…) direla.

12.3.5b Izenaren inguruko osagai guztiak ez dira, jakina, argumentuak: mendiko harria esan dezakegu, baina hor mendiko hori aukerakoa da. Berdin gertatzen da gaurko egunkaria esaten badugu ere. Egunkari izenak ez du ezinbestean beste osagarririk eskatzen, baina gaurko egunkaria diogunean, izen hori gaurko osagaia inguruan duela ageri da. Euskaraz -ko marka erabiltzen dugu holakoetan, ez dugu bestelako biderik sintagma osatzeko: zurekiko konfiantza, etxeko lanak (‘etxean egiteko lanak’) edo Mirenendako liburua sintagmetan ageri diren konfiantza, lan eta liburu hitzek ez dute ezinbestean ‘norekin den konfiantza’, ‘non egiteko den lana’ edo ‘norentzat den liburua’ hautatzen, horiek guztiz aukerakoak dira. Baina ez da hori gertatzen izen argumentudunekin: laburpena diogunean, beti ‘zerbaiten laburpenaz’ ari gara. Laburpen izenak erlazio argumentala eskatzen du, baina egunkari izenak ez: gaur eta egunkari hitzen arteko erlazioa adjuntuen mailako erlazioa da. Beste izen batzuek ere argumentudun erlazioa eskatzen dute: aita, ama, seme, alabagain, azpi, albo eta abar. Paralelotasun handia dago, puntu honi dagokionez, aditzen eta izenen artean: “noiz”, “norako” eta holakoak arruntean aukerako osagarriak dira, adjuntuak, ez baitira zuzenean sartzen aditzek edo izenek ezinbestekoa duten argumentuen sarean.

12.3.5c Izen batzuk gertaera izenak direla diogu, ebentiboak: Istripua herri sarreran gertatu da. Perpaus horretan istripu eta herri sarrera, biak izan daitezke ebentiboak.

12.3.5d Kuantifikazio izenen artean ere bereizketa zenbait egin daitezke. Kuantifikazio izenak dira belar izpia, laranja atala edo laranja ziztorra gisakoak. Ez dute multzo bakarra osatzen, eta batzuetan ez da argi izen bera ez ote daitekeen sail batean baino gehiagotan sar. Kuantifikazio izen hauen artean badira izen hesitzaileak (belar izpi), neurri izenak (kilo bat haragi, baso bat esne) eta multzo hitzak (jende pila bat).

Izen hesitzaileek zerbaiten neurriaren berri ematen dute: ogi zati bat, belar izpia… Zernahi gisaz, izen hauek ez dira edozein modutara erabiltzen, eta erabilera mugatukoak dira: haragi xerra esaten da, baina ez *haragi izpia; elur maluta, eta ez *gari maluta; arto pikorra edo arto alea, baina ez *arto xerra. Zati bezalako izen bat, ordea, hesitzaile zabalagoa da: errepide zatia, sagar zatia eta abar.

Bigarren multzoko izenak, neurri izenak, ontzat eman diren neurri estandar arautuekin lotzen ditugu askotan: tona bat egur, bost litro ardo, sei metro oihal… Baina sail horretakoak dira, halaber, koilarakada bat kafe, eskutada bat irin, bi ahokada ale, altzokada sagar jan dute, saskitara bat barazki eta abar. Hemen ere badira mugak: hogei metro luze zen esaten dugu (magnitude aukerak baditugu: luzera, zabalera, sakontasuna…), baina ez da arrunta jokabide hori bestelako hitzekin. Batzuetan izenlagun gisa bakarrik erabil daitezke, eta hori arruntagoa da: hamar metroko zabalera, bi metroko sakontasuna, hamar hilabeteko eztabaida, bi urteko iraupena eta abar.

Multzo hitzak ere baditugu azkenekoz: adiskide talde bat, bi liburu multzo, gezur korda bat, perla hari bat, mahats okoa eta abar. Batzuetan ez da beharrezkoa izaten izen kuantifikatua agerian ematea: kopa bat hartu zuen, talde txiki batekin bildu zen, izpia sudurretik sartu zuen eta abar, bai baitakigu, testuinguruaren arabera, zeri buruz ari garen, zeren kopa den, zeri dagokion taldea, edo zeren izpia den sudurretik sartu duguna. Nolabait ere esateko, izen hauek guztiak neurriaren kontzeptuarekin lotzen ditugu. Horrela, eguzki izpia, poztasun uholdea, tiro parrasta, ogi pixka, edo ur zurrusta eta holakoak ere horien parekoak direla esan daiteke. Ohart gaitezen, zernahi gisaz, badirela arrazoiak kuantifikazio izenen multzo honen barnean beste sail batzuk ere egiteko edo, nahi bada, badirela murriztapen semantikoak: laranja atala, laranja ziztor, baratxuri ale esaten bada ere, ez dugu mahats ziztor, mahats atal edo banana ziztor esaten. Kuantifikazio hitzak dira gauza batzuk multzoka loturik daudela adierazten dutenak ere: lore sorta bat, esaterako, nahiz gero hori beste erabileretara ere hedatu den: gezur sorta. Gero, irudizko adiera hau urrunago ere eraman da: argumentu oihan batean galdu zen.

12.3.5e Testuinguruen arabera izen hauek beti izan daitezke kuantifikazio izenak, edo ez. Bistan da kilo, litro, tona eta horien gisakoak beti, edo gehienetan, kuantifikazio izenak direla. Baina kopa, zaku, orga, saski, botila edo edalontzi moduko izenekin ez da holakorik gertatzen. Edalontzi bat esne hartu zuen ohera joan aurretik perpausean, esaterako, kuantifikazio izena da edalontzi hitza: esnea kuantifikatzen du, eta beti artikulurik gabe doa kuantifikazioaren itzala hartzen duen hitza (*edalontzi bat esnea). Aldiz, Mirenek mailu batekin hautsi zuen edalontzia esaldian, edalontzi hitza ez da kuantifikatzailea, izen arrunta baizik. Gauza bera gertatzen da katilu, botila, gurdi, zaku eta holakoekin: katilu bat esne vs plastikozko katilua; botila bat ardo vs kristalezko botila; gurdi bat egur vs zurezko gurdia; zaku bat patata vs telazko zakua. Horietan bereizketa egin behar da, esaterako, koñak botila eta botila bat koñak sintagmen artean, gaur egun zenbait hiztunek nahasteko joera badute ere. Lehenbiziko sintagman botila ez da, nahitaez, kuantifikatzailea, sintagmaren gunea izan baitaiteke (nolako/zer botila?), botila hutsik egon daitekeena, eta osa dezake, halaber, “neurri sintagma bat” (zenbat koñak adierazten duena, eta koñaka kuantifikatzen du). Bigarrenean, bai, kuantifikatzailea besterik ezin izan daiteke, neurria adierazten duena (zenbat koñak?). Era berean, desberdinak dira katilu bat kafe eta kafe katilua sintagmak, edo baso bat ardo eta ardo basoa. Lehenbizikoak bakarrik du zerikusia kantitate edo neurriarekin. Bigarrenak, aldiz, maiz, zenbait izenekin (botila-rekin, adibidez) bi esanahiak adieraz ditzake. Edan, katilu bat kafe, botila bat koñak edo baso bat ardo edaten da. Hautsi, berriz, kafe katilua, koñak botila edo ardo basoa hausten da. Bestalde, pare bat zapata eta zapata pare bat ez dira berdinak: lehenbizikoan bi zapataz ari gara, desberdinak badira ere, bi da hor garrantzizkoa, kantitatea; bigarrenean zapata-pareaz ari gara, izen (elkartu) batez.

12.3.5f Sintaxi aldetik, izen kuantifikatzaileek gainerako izenek baino erabilera mugatuagoa dute. Txikigarriak onartzen dituzte, kopatxo bat koñak, baina ez dute erraz hartzen izenondorik, esaterako: ?kopa urdin bat koñak. Batzuetan arrunta izan daiteke, euskaraz eta beste hizkuntza zenbaitetan, halako egituretan izenondo berezi batzuk erabiltzea, neurria adierazten duten heinean: edalontzi handi bat esne, kopa txiki bat patxaran, (gazt.) un plato grande de lentejas, edo (ing.) a big glass of water, esaterako. Horrelakoetan, hala ere, aposizioa erabiltzeko joera ere bada: katilu bat kafe, handia edo izen elkartuzko esamoldea erabiltzen da: koñak kopa txiki bat, ?kopa txiki bat koñak.

12.3.5g Bi esamoldeak nahaste erabiltzen badira ere, garrantzizkoa da behatzea nolako aditzekin ageri diren horrelako kuantifikazio hitzak. Aditz horiek nolakoak diren, katilu bat kafe edo kafe katilu bat aukeratzen da. Hiru multzo bereiz daitezke orduan. 1) Aditz batzuek ezinbestean eskatzen dute kafe katilu bat-ek markatzen duen eredua: Haserretu zen eta mahaian zegoen kafe katilu bat (*kafe bat katilu) hautsi zuen. Jakina, hautsi katilua hauts daiteke, ez kafea. Edukiontziaz ari gara hor. Beraz, aditz batzuk hautsi eredukoak dira (apurtu, pintatu, bete, puskatu…). 2) Beste aditz batzuekin katilu bat kafe erabili behar da: Mahaian eseri eta katilu bat kafe (*kafe katilu bat) edan zuen. Beraz, esan dezagun edan eredukoak direla aditz horiek. 3) Azkenik, beste hirugarren sail batean sartzen dira anbiguoak direnak, eta bi esanahiak izan ditzaketenak: erosi, ekarri, eduki, atera eta gisa horietakoak. Horiekin, zeri egiten diozun erreferentzia, bata nahiz bestea erabil daitezke: Katilu bat kafe ekarri zuen (beraz, kafearen kantitateaz ari da) edo Kafe katilu bat ekarri zuen (ontziaz ari da oraingoan, eta ez kantitateaz). Apalategitik, arruntean, koñak botila hartzen da. Badakigu, bigarren kasuan, botilaz ari bagara ere, espero izatekoa dela botila hori koñakez betea izatea. Kontua pixka bat bortxatu nahi bada: Kafe katilu bat ekarri zuen, urez betea esan daiteke, baina ez *Katilu bat kafe ekarri zuen, urez betea. Euskal tradizioan hori ongi bereizi izan da, eta erabilera hori errespetatu da gehienetan.

12.3.5h Kasu anbiguoetan ere, egungo idazleen lanak ikusirik, eta bi aukerak izanik, idazleek nahiago dute, oro har, botila bat ardo egitura erabili, ardo botila bat moldea baino. Hola, gaurko literaturan holakoak ikusten dira: botila bat pattar ireki, botila bat xanpain eskuan eduki, botila bat ardo atera, kopa bat ardo atera, kopa bat ardo merezi, kopa bat likore ekarri, kopa bat jerez hartu, botila bat ardo klikatu, botila bat ardo erosi, botila bat ardo zabaldu, katilu bat kafe zerbitzatu, katilu bat kafe eman, katilu bat arroz egosi, botila bat ur erosi, botila bat ur ekarri, botila bat xanpain ireki, katilu bat esne (bero) hartu, kopa bat xanpain hartu, kopa bat xanpain jaurti, kopa bat ur edan, katilu bat arrain zopa ekarri, katilu bat esne ekarri, katilu bat esne edan, botila bat koñak hartu, botila bat ardo eskatu, botila bat patxaran ireki, kopa bat armagnac eskatu, kopa bat cava kobratu… Horiek guztiak aski arruntak dira, eta horrelako adibide asko aurkitzen ahal dira literaturan. Eredu horren aldaerak dira: botila ardoa; botila esnea eta abar.

12.3.5i Horiekin batera badira, hala ere, nahiz gutxiago izan, beste eredua segitzen dutenak: jerez botila bat atera, ardo botila bat oparitu, Erremelluri botila bat atera, garagardo botila bat hartu, whiski kopa bat jarri, ardo botila bat zabaldu, kirsch kopa bat eskatu… Beharbada, horrelako erabileretan, kantitateari edo kuantifikazioari baino garrantzi handiagoa ematen zaio botilaren edukiari, zer oparitu edo atera den zehazteari: jereza atera dio, edo ardoa oparitu nahi zion edo zehazkiago Erremelluri etxeko ardoa, eta eduki hori botila baten barnean ateratzen edo oparitzen da.

Norbaitek pentsa lezake, hortaz, gaur egungo idazleen artean bi erabilerak nahasten direla, eta hori gerta daiteke batzuetan, baina ez beti: arruntean aditzaren arabera egiten da aukera, zeri behatzen diogun, ontziari edo edukiari: botila bat esne diogunean ontziari behatzen diogu, eta esne botila bat diogunean, berriz, edukiari.

12.3.5j Egiazko kuantifikazio izenekin (kilo, litro, dozena…) ez da hori gertatzen, noski, eta horien eredua kilo bat haragi, litro bat esne eta gisakoak dira, beste aukerarik gabe (mertxika kilo bat ere ageri da, baina oso bakanak dira holakoak). Sail berekoak dira orga, gurdi edo saski izenekin osatuak (gurdi bat sagar), baina gaurko literaturan gutxiago ageri dira.

Halaber, batzuetan bete ere erabiltzen da: kolkoa bete diru, pitxer bete ardo. Horietan denetan, galdera hauei erantzuten zaie: “zenbat olio/harri/ardo/diru?” Berdintsu gertatzen da beste hauetan ere: urte bat, urtebete, hilabete egon zen, hilabete bat egon zen, aste bat, astebete pasatuko dut eta abar.

12.3.5k Sailkapen izenak (edo izen klasifikatzaileak) deitzen ditugu mota, klase, sail eta holakoak: Bada jende mota bat aski astuna; Mendi sail horretan ez duzu zuhaitzik ikusiko; Saguzar aldra bat etorri zen; Hegazkin klase horrek asko arintzen du bidaia bezalako esaldietan ageri dira izen horiek.

12.3.6. Izen zenbakarriak eta izen zenbakaitzak

12.3.6a Izen arrunten artean beste sail batzuk ere bereizten ahal dira. Izen batzuk era guztietako zenbatzaileekin ager daitezke, baina beste batzuk ez (ez, behintzat, erabileran aldaketarik gertatu gabe). Lehenbiziko sailekoak dira liburu, etxe, aulki, ohe, argazki eta holako izen arruntak. Izen zenbakarriak dira horiek. Alegia, izaki diskretuak aipatzen dituztenak, banaka-banaka konta daitezkeenak, baina zatitu ezin direnak banako izateari utzi gabe. Bigarren sailekoak dira olio, gari, kutsadura, gorroto edo ke izenak. Hori dela eta, bi aulki, hainbeste etxe edo liburuak esan dezakegu, baina ez dugu esaten *bi ke, *kutsadurak edo *kirats asko. Izen zenbakaitzak dira, eta arazoak dituzte pluraleko mugatzaileak eta zenbait zenbatzaile hartzeko (azkeneko adibide horretan, zerbait esatekotan, kirats handia esan beharko genuke, izen zenbakaitza eta neurgaitza baita, aurten gari asko erein da ez bezala).

Izen zenbakaitzak jarraituak diren gaiei dagozkie edo, egokiago nahi bada, hizkuntza bateko hiztunak jarraitu modura ikusten dituenei, hizkuntza batetik bestera aldaerak gertatzen baitira. Jarraituak dira hizkuntza horretan banakoetan ezin bereiz daitezkeenak: ur, olio, gari, su, maitasun edo gorroto ez ditugu banakoetan bereizten eta masa gisa, edo izen abstraktu gisa, hartzen ditugu, zerbait jarraitua bezala. Horregatik ez dute zenbatzaile zehazturik hartzen: *hiru maitasun. Egia da, zernahi gisaz, molde batzuetan, adiera aldatzen dutenean, zenbatzailea ere hartzen dutela: Bi ur hauek burdin urak dira; Uharte hori lau uren artean dago; Hamalau idiren saiheskiak bost su handitan paratu zituzten erretzen. Hizkuntzalari eta gramatikari batzuek eztabaidatu izan dute puntu hau: haien ustez, zenbakarritasuna edo zenbakaiztasuna ez dagokie izenei berei, baizik izen hauek izendatzen dituzten izakiei. Beraz, zenbakarritasunaren ezaugarria ez legokioke, esaterako, ate izenari (izen zenbakarria), baizik hitz horrek izendatzen duen gauzari: badakigu ateak kontatzen ahal direla. Baina ondoko pasartean ikusiko dugunez, hori gehienetan hala bada ere, ez da beti hola gertatzen.

12.3.6b Esan dugu hizkuntza batetik bestera gauzak aldatu egiten direla puntu honetan, eta hala da. Euskaraz, esaterako, ez dugu *hamabi mahats esaten (bai, ordea, hamabi mahats ale), baina gaztelaniaz doce uvas arrunta da. Euskaraz berri txar bat eman behar dizut esaten ahal da, arazorik gabe, edo hiru berri txar, baina ingelesak ez du onartzen hor news baizik, plurala adierazten duen -s marka eta guzti, berria bakarra bada ere, hitz hori ingelesez zenbakaitza baita eta itxura horrekin bakarrik erabiltzen ahal baita: two pieces of news, adibidez, edo that is good news.

12.3.6c Badira, zernahi gisaz, tarteko zalantza batzuk ere: kafe izena ez da zenbakarria, eta ardo hitza ere ez, baina euskaraz ez dira arrotzak bi kafe edo bost ardo bezalakoak. Horiek arruntak dira gure artean, eta literaturan ere ez dira falta adibideak: bi ardo beltzen artean; bi kafe hartu ondoren; bi kafe prestatu ditu… Horrelakoak erabiltzearen beharra egunerokoa denez, bistan da hor hiztunak laburturik ematen duela sintagma. Berez, hor, bi edalontzi ardo, bi kikarakada kafe, bi kafe mota… edo horrelako zerbait dugu, testuinguruaren arabera. Esapide horiek maiz erabiltzeak eramaten gaitu, segur aski ere, sintagma laburtzera. Erostera joan eta bi esne edo bi olio eska ditzakegu (esne poltsaz ari gara edo oliontziaz), berez jarraituak diren izenak diskretu modura, zenbakarri modura, erabiliz. Nahiko arau orokorra da hori, ardoarekin edo kafearekin gertatzen den gisan. Bi salda edo bi arrain zopa eskatu ditugu modukoak ere esaten ditugu. Esan dezagun, hortaz, zenbatu ezin diren izenek ez dutela zenbatzaile zehazturik hartzen, aipatu kasu berezi horietan ez bada. Jakina, hitz horiek anbiguoak ere izan daitezke zenbait kasutan: hola, argi hitza, nolakoa den testuingurua, bonbilla bat izan daiteke, edo kandela bat, ez bakarrik leihotik sartzen zaigun hori. Eta kasu horietan, noski, ez da eragozpenik bost argi horiek piztu! bezalako zerbait esateko. Eta sanjoanetan, adibidez, sua pizten dugu, eta su hori su handia izan daiteke, baina karrikatan ohitura da su asko ikusteko. Holakoetan unitate diskretuez ari gara, konta daitezkeen unitateez. Nekez aurkituko ditugu egoera egokiak, hala ere, *bost gorroto edo *hamar maitasun esateko.

Beste batzuetan, izen bera zenbakarria izan daiteke, edo zenbakaitza: goizean ogia edo baratxuria erostera joan gaitezke, eta ogi batekin edo baratxuri (buru) batekin itzultzen gara. Holakoetan bietara jokatzen dute.

12.3.7. Izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak

12.3.7a Izen zenbakaitzek izaki jarraituak aipatzen dituzte (irina, esnea, maitasuna, edertasuna, adibidez), banaka konta ezin daitezkeenak. Hala ere, izaki hauetako batzuk, nola edo hala, neur litezke (irina eta esnea, adibidez); beste batzuk ez (maitasuna, edertasuna, samina…). Lehenbizikoak izen zenbakaitz neurgarriak dira. Neurtu ezin direnak, edo neurtzea ohiko ez direnak, izen zenbakaitz neurgaitzak deituko ditugu: samin, edertasun

12.3.7b Nabarmen agertzen da hori zenbatzaile zehaztugabeen erabilerari dagokionez. Irin asko daukagu edo hainbeste ardo ez dugu edan nahi esan daitezke, baina izen zenbakaitz neurgaitzak ditugunean, izenondoak edo izenlagunak erabiltzen ditugu gehienetan: hotz/ke handia dago, hainbesteko beldurra edo izugarrizko gogoa erabili ohi dira. Horrelako kasuetan zenbait hiztunek, gaztelaniaren eraginez, *hotz asko, *beldur asko, *gogo asko moduko forma okerrak erabiltzen dituzte. Erabilera oker horiek saihestu behar dira, kasurik nabarmenenetan behintzat, beste zenbait izen zenbakaitz neurgaitzekin erabilera hedatuagoa badago ere (denbora asko beharko du; asko maite zintudan).

12.3.7c Jakina, hemen ere badira salbuespen moduko batzuk, izenak anbiguoak gertatzen baitira batzuetan: harri hitza bide bazterrean aurkitzen dugun zerbaiti izena emateko erabiltzen ahal dugu (buruan harri batekin eman zion Kainek Abeli), edo harrobitik ateratzen den zerari izena emateko ere erabiltzen dugu (kamioi bat harri bota dute mendiko zulo horretan). Lehenbiziko kasuan izen zenbakarria da, eta bigarrenean, berriz, zenbakaitza, masa zerbaiti buruz ari baikara, baina neurgarria da, ikusten denez.

12.3.8. Izen bizidunak eta izen bizigabeak

12.3.8a Semantikak esaten digu paper, bide, ate eta harri ez-animatuak direla, baina asto, haur, Mikel edo ardi, ostera, animatuak, bizidunak. Hizkuntza batean adibide jakin bateko izena biziduntzat edo bizigabetzat hartzea, ordea, ez da semantikarekin edo biologiarekin bakarrik lotzen, eta baditu beste eragin batzuk morfologian ere, euskaraz batzuek eta besteek kasu marka desberdinak hartzen baitituzte. Hola, bidean esaten dugu, non? galderari erantzuten diogunean, baina Andoni(ren)gan. Alderantzizkoa ez da zuzena: *bidea(ren)- gan edo *Andonin. Hor ikusten da garbi semantikak morfologian duen eragin zuzena. Leku postposizioekin gertatzen da hori (ikus 20. kapitulua), baina hemen ere badugu argitu beharreko kontu bat: ez da *arbola(ren)gan esaten, arbolan baizik, hau da, landareak bizigabetzat hartzen dira, nahiz hor ere pago hori bere baitatik sortu da modukoak baditugun (§ 12.3.8b). Pertsonekin ez da dudarik, eta beti -ga- moldea erabiltzen da euskaraz, laguna(ren)gan, baina gorputzaren atalekin non soila (buruan, besoan…). Kontuan izan, zernahi gisaz, pertsona izenordainetan aski arruntak direla nitan, zutan, gutan… Eta, jakina, ni(re)gan, zu(re)gan, gu(re)gan modukoak ere bai. Orobat, ni(re) baitan gisakoak ere erabiltzen dira (§ 12.3.8b).

12.3.8b Animatutzat edo biziduntzat hartzen ditugunekin, hortaz, -(en)ga-n erabiltzen da, baina -en baitan ere bai (eta berdin -en baitarik, -en baitatik edo -en baitara). Postposizio horren erabilera izugarri hedatzen ari da azkenaldiotan, baina literatura klasikoan ikus daitezkeen adibideetan eta baitan betitik berezkoa izan duten euskalkietako hiztunen artean ere mugatuagoa da erabilera gaur egun baino, zalantza gabe. Literatura klasikoan batez ere honela erabili izan da: izenordainekin (ene baitan, zure baitan, gure baitan, norbaiten baitan, zeinaren baitan, bere baitan; -en marka gabe ere anitzetan: zu baitan, ni baitarik); bere izenordainak errazten du erabilera (landare hori bere baitarik sortu da; nola diren gauzak beren baitan; substantzia dei lezakete bere baitan existitzen den…; substantzia bakoitzak bere baitan behar du); izen bereziekin (Jainkoaren baitan / Jainkoa baitan; Anttonen baitan / Antton baitan; Israelgo erregearen baitan) edo haiei egiten zaien erreferentzietan (bekatorea garbitzen duenaren baitan; guztien baitan); erakusleekin, betiere haien erreferentzia pertsona baldin bada (honen baitan); pertsona erreferentzia duten izenekin, jakina (apez handien baitarik; suprefetaren baitarik).

Horiek izan dira erabilera nagusiak. Idazle modernoen artean, egitura hori eremu gehiagotan erabiltzeko joera ikusten da. Xarritonek, esaterako, baditu holakoak136: Substantzia deitzen dut, bere baitan den eta bere baitarik ulertzen den zerbait; erran nahi baita, beste gauza baten kontzeptuaren beharrik gabe, haren kontzeptua moldatzen duen zerbait. Atributua deitzen dut, substantziaren zerizana osatzen duena, adimenak hala hautematen duena. Modua deitzen ditut, substantziaren efektuak, hots, beste gauza baten baitan den zerbait, gauza haren bitartez baita ulertzen; Honelako eta halako gizakiren ideia kontsideratuz haren egintza guztiak eta bakoitza (“propietateak”) deduzi litezke, zeren horiek baitira ideia egokien korrelatuak, zeinak deduzitzen edo jarraitzen diren arimaren ideia bakarretik, zeinak Jainkoaren adimen infinituaren baitan dagoelarik, sistema egoki horien sistema eratzen duen. Adimenak sorturiko ideia “bakartzat eta besteei batu gabe” kontsideratzen den guztietan.

Baina beste hiztun batzuen artean urrunago eraman da kontua, eta ez dira falta, Hegoaldean batez ere, elkarrizketa politikoaren baitan; hitzarmen bereziaren baitan; RPS Federazioak… biltzen ditu bere baitan; egituren baitan; hiriarteko egitura bakoitzaren baitan; UMP taldearen baitan; jardunaldiaren baitan; anorexiaren baitan; ondarearen baitan; Europaren baitan; autonomia parlamentarioaren baitan… bezalakoak. Sukaldaritza irakastaldi magistrala Gizataldeen Gauaren baitan ere irakurri ahal izan dugu. Horiek oso hedatuak daude prentsan. Erabilera berria da hori, eta ez du tradiziorik: apaingarri hutsa da batzuetan (hiriarteko egitura bakoitzaren baitan / hiriarteko egitura bakoitzean; jardunaldiaren baitan / jardunaldian…); beste batzuetan egokiagoa da barruan edo antzeko zerbait esatea (RPS Federazioak… biltzen ditu bere baitan / RPS Federazioak… biltzen ditu bere barnean), edo kontu hitzaren pareko bat erabiltzea (anorexiaren baitan / anorexian / anorexia kontuetan…). Ekialdean askoz ere zorrotzagoa da erabilera, eta holakoak aise bakanagoak dira, prentsa idatzian ere. Hobeki eusten diote erabilera klasikoari, eta betitik hiztunek izan duten senari.

12.3.8c Nolanahi ere, batzuetan hitza bera izan daiteke anbiguoa: herriaren baitan eta herrian aski desberdinak dira. Lehenengoak pertsona multzoaren erreferentea du, eta bigarrenak etxe edo eraikin multzoarena. Horregatik erabiltzen da lehenengoan baitan, eta -n marka bakarrik (herrian) bigarrenean. Gauza bera gertatzen da eliza(ren) baitan eta elizan bikotean. Hor herriarengan eta eliza(ren)gan ere erabiltzen ahal dira: Zareten eskandalu gabe eta juduetara eta grekoetara eta Jainkoaren elizagana (Leizarraga); Nork ere jaten baitu haragirik egun debekatu batez, hura beharrean daudenei libro uzten dien Elizaganikako eskurik gabe, bekatu mortal egiten du, zenbatetan ere jaten baitu (Pouvreau); Hasidismoak, hala ere, oso harrera ona izan zuen herriarengan, giza alderdi barrukoenei eta berezkoenei ematen baitie lehentasuna (Navarro). Ez da, ordea, hori beti betetzen: populuan gehiago erabiltzen da populu baitan baino, eta jendeetan ere maizago ageri da jendeen baitan baino. Baina hor ditugu populuagan-dik sortutakoak: Eta etorri zirenean populuagana, etor zedin (‘etorri zen’) harengana gizon bat (Leizarraga).

Bizigabeen eta bizidunen (ez-animatu/animatu) arteko sistema hau, hala ere, ez da hain erraza behar bezala zedarritzea: jakina denez, ardietara(t) edo behietara(t) joan da moldekoak arruntak dira. Nesketara edo neskatara ere ageri dira testuetan, edo gizonetara(t), maizago, azken hori, literatura klasikoan gaur egungoan baino. Bestetik, zalditik astora esaten dugu (ikus § 12.3.8d), edo liburu horiek elkarrengandik banatu behar dira. Literaturan ere honelakoak ageri dira: Multzo bateko elementuak elkarrengandik bereizteko (Jon Muñoz); Elkarrengandik hurbil diren elementuak (J. Zabaleta); Ahoskordak elkarrengandik urrun egoten dira (Oñederra). Erabilera honek baditu lekukoak, Orixe, Mirande, Polikarpo Iraizoz edo Labaien idazleekin, esaterako. Baina elkarretarik ere erabiltzen da, bizidunekin ere bai: Deus aurkitzen ahal gauza batzuen elkarretarik bereizteko (Xarriton); Bi adiskidek behar izatu zuten berriz ere urrundu elkharretarik (Joanategi); Ez dukezu menturaz hetan ikusi nola elkarretarik berezi ziren lar-abereak eta etxe abereak (Duvoisin). Baliteke, zernahi gisaz, elkar izenordainak bere jokabidea izatea, eta ez nahitaez aurrekariarekin lotua: ezin dugu ahaztu Iparraldean zutan, zutarik, zutara… aski arruntak direla. Salbuespenez ari garela, ohart gaitezen goiko hirugarren adibidean Duvoisinek hetan darabilela, bizidunez ari bada ere. Hor ‘haien artean’ esan nahi du, eta arrunta da holako formak erabiltzea hori adierazteko: idazleetan, ikasleetan eta holakoek idazleen artean, ikasleen artean esan nahi dute. Nahiko sistematikoa da hau euskaraz, eta bereziki taldea, generoa, espeziea, edo oro har, izaera kolektiboa adierazten duten izenekin gertatzen da.

Kontuan izan behar dugu, ordea, biziduntzat hartzerik ez dauden izenak ez direla bizidunen moduan jokatu izan, eta ez dagoela honako hauen ildoko tradiziorik: Gaztearen pentsaeran/*pentsaerarengan eragin handia izan zuen; Europako *legeengandik/legeetatik ez dut ezer onik espero.

12.3.8d Hona hemen berriz ere bereizketa hori zalantzan jartzen duen beste adibide bat: ezaguna da zalditik astora joate hura. Parekoak dira zebratik zaldira edo izurdetik mazopara bezalako adibideak, denak literaturatik bilduak. Ez dugu esaten euskaraz *Anttonitik edo antzeko zerbait, baina zalditik jaisteko beharra dugu denok lehenik zaldira igotzen bagara (egungo literaturan zaldira igo/igan ageri da, edo zaldira pasatu; holako adibide asko dira). Eta gripeak hartuz gero, medikura edo medikuarenera joaten gara, nahiz ez den lehenbiziko aldia umea medikuarengana eraman dugula. Zail da hemen arau zehatzik ematea, euskalkien artean desberdintasunak baitaude. Gaur egun, idazleen artean gehiago erabiltzen da medikuarengana, baina hiztun askorentzat bi gauza aski desberdinak dira medikuarengana eta medikura/medikuarenera. Holakoetan mugak non jartzen diren ez da aise jakitea: zaldira/zaldi gainera igo bai, baina norbait zaldiarengana hurbildu, abiatu edo joan egin daiteke, gaurko literaturak erakusten duenez. Berdin gertatzen da eulian zenbat kromosoma daude? galdetzen badugu ere.

12.3.9. Izen bakunak, eratorriak eta elkartuak

Izen bat bere osagaien arabera ere azter daiteke: liburu, eskuliburu, liburugintza. Hiru izen ditugu hor. Lehenbizikoa izen soila edo bakuna da (liburu), elkartua bigarrena (esku + liburu), eratorria hirugarrena (liburu + gintza). Lehenbizikoa bakuna dela diogu, ezin baita izen horren azpian semantika aldetik esanahia izan dezakeen zati txikiagorik egin. Izen elkartuetan bi izen bereizten ditugu, biak beregainak direnak: eskuarekin hartu du liburua. Holakoak ditugu fabrika-langile, etxetresna, herri-eskola edo itsasgizon gisakoak. Azkenik, eratorrietan ere bi elementu ditugu, baina elementuetako bat da beregaina. Goiko adibidean: izena (liburu) alde batetik; bestetik, atzizkia (-gintza), bereiz erabili ezin dena, autonomiarik ez duena. Berdin gertatzen da, esaterako, beste hauetan ere, argazkilari, azterketa, zuritasun; horko -lari, -keta eta -tasun ez dira beregainak, eta izenari, aditzoinari edo adjektiboari loturik ageriko zaizkigu beti (ikus 4., 5. eta 6. kapituluak).

12.3.10. Izena eta aditza

12.3.10a Hitz batzuk izenak izanik ere aditz lokuzioak osa ditzakete. Hola, nahi, gogo, behar edo ahal izenak, aski izen arruntak dira hainbeste testuingurutan: nire nahia agertu nahi izaten nien noizbehinka; gogo handia zuen margolan famatu hori ikusteko; badu beharra medikura/medikuarengana joateko; ahal handiko andrea zen hura. Baina hitz horiek aditz multzoak edo perifrasiak osatzeko ere erabiltzen dira: joan nahi zuen; ekarri gogo genuen; ikusi behar zenuten; joaten ahal ziren eta abar. Hor ikusten da nola izen horiek erabiltzen ahal diren aditz perifrasiak osatzeko nahiz aditzen modalitatea agerian uzteko. Kontuan izan, dena dela, formen banaketa ez dela guztiz askea: nahi/*nahitzen/nahiko; behar/behartzen/beharko; gogo/*gogotzen/*gogoko; ahal/*ahaltzen/ahalko.

12.3.10b Beste batzuetan, hitz bera, itxura aldatu gabe, izen edo aditz gisan erabil daiteke zuzenean. Hori gertatzen da mintzo, balio, bizi, iritzi, iduri eta beste batzuekin: mintzo ederra du andre horrek / ederki mintzo da; balio handiko zientzialaria da / zientzialari horrek asko balio du; ez du iritzi onik gizon hartaz / egoki iritzi dio eta papera sinatu du; bazuen Mikelekin iduri handia / iduri du euria eginen duela. Zenbaitetan adjektiboekin ere gertatzen da hori: lagun maiteak etorri zitzaizkion / maite ote du bere semea? Eta hemen ere gauza bera gertatzen da, banaketari dagokionez: uste/*ustetzen/usteko; balio/*baliotzen/balioko; bizi/bizitzen/biziko; mintzo-ren kasuan, mintzatzen eta mintzatuko esaten dira, baina horiek mintzatu aditzari dagozkio, ez mintzo izenari, horrek ez baitu beste aldaerarik hartzen. Ezagun adjektiboa da, baina horrekin ere sortzen dira aditzak: ezagun du eri zarela; ezagun da mendi horiek aski garaiak direla.

12.3.10c Izenetatik aditzak sortzen ditugu: nekenekatu; indarindartu; larrularrutu eta abar. Oso arrunta da fenomeno hori euskaraz: Mikel gizondu da, aski da ikustea nola hazi den. Hor, gizondu aditzak norbait ‘gizon bihurtu’ dela esan nahi du. Baina aditzak sortzeko bide hau arrunta izanik ere, ohar pare bat egin beharra dago. Batetik, ezin da izen guztietatik aditza sortu: gizon izenak gizondu ematen du, eta andre izenak andretu (anderetu) eman du historian, nahiz gaur egun aski erabilera murritza duen. Baina mahai izenak ez du ?mahaitu ematen, ez liburu-k ?liburutu, zur zati batzuk ‘mahai bihurtzea’ edo orri batzuk ‘liburu bihurtzea’ posible baldin bada ere. Aldiz, egur zati bat ezpaldu dezakegu, ezpalak eginez, ume izenak umetu eman dezake, eta haur izenetik haurtu sortzen da. Aitondu eta aitamatu ere erabiltzen dira.

Bestetik, aditzek hedatzen dituzten argumentu sareak, nolakoa den aditza, era askotakoak dira: gizondu, nekatu, harritu, ospatu edo eskolatu (batzuk bakarrik aipatzeagatik) aski desberdinak dira alde horretatik, denak izen batetik sortu baditugu ere. Horietan ‘norbait gizon bihurtu da’, edo ‘ume egin da’, edo ‘haur egoerara bihurtu da’, baina ez da inor neke, harri, ospe edo eskola ‘bihurtu’.

12.3.10d Aditz horiek guztiak eraldatze aditzen parekoak dira: Mikel gizondu da eta Mikel gizon bihurtu da aski parekoak dira. Egiturari dagokionez, bestetik, gizondu, atsotu, umetu edo haurtu bezalakoak aski hurbil daude aditz kopulatibo bidezko izen predikatuetatik: Mikel gizona da eta Mikel gizondu da perpausek ezaugarri komun asko dituzte, sare tematikoari dagokionez. Eta sail berekoa litzateke astotu aditza (Jon astotu zen arras), betiere izena (asto) izenondo gisan erabilia oraingoan137.

Aditz horiek guztiak, bide batez, konfigurazioari dagokionez, egitura inakusatiboetan bakarrik ageri dira, esan nahi baita, aditz intrantsitiboak direla (laguntzailea izan sailekoa), eta duten argumentu bakarra absolutiboan (nor) dutela. Hau da erabilera arrunt eta hedatuena, baina ez du nahitaez hola izan behar: Denen artean umetu dugu; Haurra nahi baduzu gizondu, altxa zazu gizonki (OEH). Hori guztia fenomeno orokorrago eta zabalago baten ondorioa da: inakusatibo aditz anitz, gehienak ez badira, kausatibo gisan ere erabiltzen ditugu (ikus § 23.2.1.2). Hala, nekatu naiz inakusatiboak badu bere parekoa kausatiboa dena: lan horrek nekatu nau. Ber gauza gertatzen da adjektiboetatik eratorri aditzekin: zuritu, bigundu, zabaldu, estutu, gorritu, tristatu… Konfigurazio inakusatiboa du tristatu naiz bezalako batek, eta kausatiboa, berriz, berri horrek tristatu nau. Burutu aditza ez da holakoa, itxuraz nekatu-ren pareko ikusten badugu ere. Berez bi burutu ditugu euskaraz: bat trantsitibo arrunta (lana burutu du), eta bestea intrantsitiboa (artoa burutu da).

12.3.10e Izenetatik eratorritako beste aditz askotan, ordea, ez du ‘zerbait bihurtu’ bezalako zentzurik, esan bezala (§ 12.3.10c), eta osatzen dituzten konfigurazio sintaktikoak ere diferenteak izan daitezke: harritu bezalako aditz batean oraindik gordetzen da, nahi bada, irudizko adieran baldin bada ere, ‘harri bihurtzearen’ esanahia. Norbaitek edo zerbaitek harritzen gaituenean ez gara harri bihurtzen, baina geldirik utz gaitzake, mugi ezinik, harri baten gisa.

12.3.10f Hortaz, esan dezakegu aski gutxi direla konfigurazio inakusatibo bakarra duten aditzak: izerditu, gosetu, egarritu bezalako batzuk sar daitezke multzo horretan. Baina, bestela, aditz inakusatibo gehienak trantsitibo arrunt gisa ere ikusiko ditugu, egitura kausatiboetan. Orain arte aipatu direnak kendurik, sail horretakoak dira: lekutu, beldurtu, indartu, lerratu, larrutu, argitu (hau izenondotik eratorria ere izan daiteke, hoztu, berotu, freskatu, ahuldu edo edertu bezala), eskolatu, penatu (penatu zara, penetarik ene ateratzeagatik; hagin bateko minak penatzen zaitu), margotu (ohera joan aitzinetik gauero margotzen ziren; alaba margotu zuen), elkartu eta abar. Horiek guztiak bi konfigurazioetan agertzen ahal dira. Loratu aditza inakusatiboa da gehienetan, baina kasu berezi batzuetan konfigurazio trantsitiboarekin ageri da, kausatibo gisa: ez zuen irribartxorik ere loratu; ezin izan zuten ametsa loratu.

12.3.10g Badira konfigurazio trantsitiboetan bakarrik ageri diren aditz batzuk: ospatu, landu, ardaztu, giltzatu, eskertu, amestu… modukoak. Egia da amestu-rekin nik uste lotarik ere erdaraz amesten diren bezalakoren bat ageri dela literaturan. Bide batez, kontura gaitezen hemen lan izenetik landu eta lan egin sortzen direla, eta amets-etik amestu eta amets egin, aski desberdinak, bai konfigurazioan, bai esanahian. Gauza bera giltzatu eta giltza eman (itxi adierarekin, jakina) bezalakoen artean.

12.3.10h Beste aditz batzuk intrantsitibo ergatibodunak dira (intrantsitibo inergatiboak deitu dituzte gramatikariek, baina terminologia hori biziki nahasgarria da euskararen kasuan), esan nahi baita, argumentu bat bakarrik hartzen dutela, eta argumentu hori ergatiboaren markarekin ageri dela (§ 23.2.2.4d). Holakoak dira honako hauek: telefonatu, eskiatu, eskertu… Batzuetan zalantzak dituzte hiztunek: borrokatu naiz/dut, dantzatu naiz/dugu, nahiz intrantsitibo absolutibodun gisa erabiltzeak tradizio handiagoa duen, non ez den osagarria espresuki aipatzen: aurreskua ederki dantzatu zuen, orduan ez baita zalantzarik, jakina. Makinatu aditzaren adibideak ere badira: egitura berezi samarra du, argumentu gisa zerbait edo zer, edo antzeko zerbait eskatzen baitu, baina ez esanahi osoa duen hitzik (zerbait/*arazoa makinatu zuen)138.

12.3.10i Azken multzo batean sartu behar ditugu, jakina, aditz elkartuak eta aditz lokuzioak. Aditz elkartuetan izena ager daiteke: bihotz-ukitu (Orixe), esku-etendu (Mogel), gogobete, indarberritu, itxuraldatu, odolustu, antzaldatu, lokartu eta horien gisakoak. Egin aditzaz baliatuz osatzen ditugu aditz lokuzio asko euskaraz. Holako aditzen ezaugarriak gramatikek (EGLU-II 1987b, EGLU Laburra 1993) eta hainbeste autorek aipatu izan dituzte: Mitxelena (1977d), Azkarate (1990b), Perez Gaztelu (1995), Hualde & Ortiz de Urbina (2003), Zabala (2004), de Rijk (2008), Martinez (2015) eta abar. Batzuetan fenomeno meteorologikoekin dute zerikusia: euria egin, elurra egin, haizea egin, txingorra egin… Lokuzioa osatzen duten osagaien (izena + egin) askatasuna, maila askotakoa izan daiteke. Listu egin edo leher egin aditzetan, ez da modurik bi osagaiak bereizteko, eta beti elkarturik ageri dira. Lotura handia da hitz egin, alde egin, hanka egin, ospa egin edo hots egin gisako aditzetan ere. Ez horrenbeste, ordea, lo egin, eztanda egin, kalte egin, aurre egin, solas egin, bekatu egin, min egin, hasperen egin, laztan egin edo garrasi egin bezalakoetan. Autoreek osagaien arteko lotura horren ezaugarriak zedarritzeko azterketak egiten dituzte. Badira berezitasun sintaktikoak, batzuetan determinatzailea ezinbestekoa da (euria egin); beste batzuetan ezinezkoa (*loa egin); zenbaitetan determinatzaileak esanahia aldatzen du (gauza desberdinak dira lan egin eta lana egin); desberdintasun sintaktikoak (ez du lanik egin / *ez du hankarik egin); egin aditzaren eta izenaren arteko harreman semantikoak aski desberdinak dira, eta zenbait kasutan egin aditzak ez du “pisurik”, galdua du esanahia: lan egin, irri egin, negar egin edo barre egin alde batean daude, baina hanka egin edo piper egin bezalakoak beste batean. Lehenbizikoak hurbil daude esanahitik, baina ez bigarrenak. Kontu eman, parte hartu eta horien gisakoak ere aditz lokuziotzat har daitezke.

12.3.10j Baina, esan bezala, izena aditz bihurtze hau aski emankorra izanik euskaraz, eta tradizio luzekoa izanik, gainera, baditu mugak, eta ezin da nolanahi erabili. Hala, apez hitzak apeztu aditza ematen du, serora hitzak seroratu, apezpiku hitzak apezpikutu, fraide hitzak fraidetu, eta artzain izenak artzaindu (adibide gutxirekin, zernahi gisaz). Ordea, moja izenak ez du *mojatu ematen, edo ertzain izenak *ertzaindu aditza. Horregatik, biziki bitxiak gertatzen dira inolako tradiziorik gabeko sortu berri diren aditz batzuk: harremandu, sukaldatu, arrantzatu (adibide pare bat aurkitu dugu tradizioan), ehizatu (gaur egun badira adibideak, baina tradizioan batere ez), aintzatetsi, ahaldundu… Zail bada ere kontua ongi zedarritzea, bistan da ezin dela prozesua izen guztietara orokortu.

12.3.10k Euskararen gramatika dela eta, ezinbestekoa da hemen aipatzea euskarak baduela aditzetatik izenak sortzeko bide bat aski erraza: jate, edate, jakite, asmatze eta abar. Horrela, aski erabiliak ditugu: haragi jate handia egin zuten (batzuetan hitz elkartu lexikalizatuak eta guzti: zikiro jate, esaterako); hori asmatze hutsa da; sabelean hori sentitzeak bakarrik; jakite handiko irakaslea; jakite hori alegiazkoa da… Horixe da, hain zuzen, euskarak aditzetatik izenak sortzeko duen bide emankorrenetako bat, ingelesezko -ing ezagunaren parekoa, esaterako. Nolanahi ere, badirudi batzuetan idazleek gogokoak dituztela beste mota bateko hitz eratorriak: jakituria, asmaketa, sentipen, ikuspen eta abar.

Ez da bide bakarra, partizipio burutuzkoan oinarriturik ere sortzen baitira aski erraz izen eratorriak: etorri-a, jan-a, idatzi-a, jardun-a eta abar.

129 Ohikoa denez, bizidun terminoa erabiltzen dugu hemen, ez zalantzarik gabe (kontuan izan, adibidez, landareak ere bizidunak direla). Izan da animatu proposatu izan duenik ere. Biak baliokideak dira gure erabileran.

130 Gaurko euskaran hau da erabilera bakarra, pertsona izenei dagokienez, testu klasikoetan Aita San Franziskua edo Jesusa (Jesus-en ordez) bezalako adibide bakan batzuk ageri badira ere.

131 Ikusten denez, Volvo, Demostenes, Axular… izenen hasierako letra, larria erabili da adibideetan, nahiz holakoetan zalantzak izan daitezkeen.

132 Ez da atal honetan lantzeko kontua. Baina gramatikari askok uste dute hor ageri den -a hori ez dela artikulua, postposizioa baizik: nola esplika bestela lanean esaten dela, eta ez *lanan?

133 Ezin da ahaztu udalerrien izen ofiziala udalek erabakitzen dutela, haiena dela eskumena.

134 OEH: Jente baten ohoriaren kontre (Bp I 102); Nork daki beste zenbat mil jenderekin (Mb Iarg I 368); Hirur jenderen izenak dütüt galtho (Egiat 238); Etxe bakarretik hiru, lau jendetaraino ereman zituena (HU Aurp 161).

135 Jende hitzaren erabileraz Montoya (2006: 163-174) ikus daiteke.

136 Ez dakigu, halere, berak idatzitako zuzenak diren, edo editoreren batek sartuak.

137 Gai hau dela eta, ikus Creissels 2008; Aldezabal 2004; Zabala 1993.

138 Zalantzak argitzeko Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratu daiteke, edo EHUko Euskara Institutuaren corpusetan, egungo idazleek aditzak nola erabiltzen dituzten ikusteko.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper