Euskararen Gramatika

12.4. Generoa


Kokapena:

12.4. Generoa

12.4a Euskarak ez du generorik bereizten gramatikan. Ez, bederen, izenaren edo adjektiboaren morfologian. Inguruko hizkuntzetan (gazt.) venido eta venida ikusirik, edo (fr.) venu eta venue, badakigu zeinetan gizonaz ari den, eta zeinetan emakumeaz. Hobeki zehaztuz, gauzak puntu honetan nahasirik baitaude, generoaz ari garela esan behar dugu, eta ez sexuaz: mesa edo table femeninoak dira, baina libro eta livre, ordea, maskulinoak. Badute generoa, ez dute sexurik. Hombre eta homme, genero aldetik, maskulinoak dira, eta mujer edo femme femeninoak. Sexuaz ere bereizten dira, jakina, baina sexua biologiari dagokio, eta generoa gramatikari. Hizkuntza horietan, gehienetan, baina ez beti, aski izaten da izen formari behatzea zein genero duen jakiteko: hola, esaterako, badakigu panadero maskulinoa dela (hori gertatzen da -o letraz bukatzen diren izen edo adjektiboekin) eta panadera, berriz, femeninoa (eta hori gertatzen da arruntean -a letrarekin bukatzen diren izen edo adjektiboekin). Bereizketa morfologikoa da. Berdin frantsesez ere: boulanger eta boulangère. Batzuetan, ordea, ez da bereizketa hori betetzen: periodista eta víctima maskulinoak nahiz femeninoak izan daitezke. Areago, lehenbizikoa zenbatzailearekin edo adjektiboarekin bereiz daiteke nori dagokion: un periodista bueno / una periodista buena. Bigarrenean, berriz, una víctima esanez gero, femeninoa da generoz, baina gizona edo andrea izan daiteke. Eta adjektiboa ere femeninoan hartzen du beti: Agustín fue una víctima desgraciada. Inguruko hizkuntzek badute eragina, hala ere, euskaran, puntu honetan: tonta, maistra, panadera, katolika, konpletiba… eta tankera horretakoekin osatutako adibideak ez dira falta. Ordea, hizkuntza gehienek ez dute generorik markatzen. Markatzen dutenen artean, generoa sexuarekin lotua da, esan bezala, salbuespen batzuekin: arrak maskulinoarekin lotzen dira, eta emeak femeninoarekin.

12.4b Euskarak ere ez du generorik markatzen, eta hitz diferenteak ditugu gauzei izenak emateko, maskulinoa eta femeninoa morfologikoki bereizi gabe: okina esaten dugu (edo panaderua), andrea izan nahiz gizona izan. Eta seme-alabez mintzo gara, edo aita-amez, edo senar-emazteez. Desberdintasunak ez dira morfologikoak, ikusten denez, lexikoak baizik.

Badira, hala ere, hitz batzuk, ez gehiegi, non itxurazko bereizketa morfologikoak ere atzematen diren: lehengusu-lehengusina, alargun-alarguntsa, errient-errientsa eta abar. Oso gutxi dira, eta ez dira batere produktiboak. Gutxi izateaz gain, ez dira euskalki guztietan bereizten: batzuetan alargun esaten zaio andreari ere, edo lehengusu hitzak berdin balio du sexu baterako eta besterako. Bereizketa morfologiko hori ezin da orokortu: ez ditugu irakasle eta irakaslesak bereizten, esaterako, edo alkateak eta alkatesak, denak baitira irakasleak edo alkateak, gizonak nahiz andreak izan. Hortaz, horietan ere onartuko dugu bereizketa horiek, azken batean, bereizketa lexikoak direla, hiztegikoak, eta ez morfologikoak. Egia da, batzuetan alkatesa, medikusa bezalakoak erabili izan direla, baina esanahia desberdina dute. Ez dira alkate edo mediku diren andreak: alkatearen edo medikuaren andreari deitu izan zaio hola.

12.4c Hitz berriekin, ordea, arazoak sortzen dira batzuetan, eta hiztun batzuek badute joera katoliko eta katolika bereizteko, edo tonto eta tonta bereizteko. Eliza ama santa bezalakoak ere badira gure tradiziozko testuetan. Behin baino gehiagotan entzun ditugu perpaus konpletiba bezalakoak. Holakoak ez dira zuzenak gramatikaren ikuspuntutik. Beti -a formakoak mailegatu behar ditugu euskaraz: perpaus konpletiboak, krisi ekonomikoa eta abar. Euskaltzaindiak lesbiana erabaki du Hiztegian (izenondo eta izen gisa), nahiz horrek lesbiano behar lukeen. Egia da erabilera kontuan hartzen badugu, euskal idazleek lesbiana erabili dutela askoz ere gehiago, lesbiano baino. Baina, dena den, triptiko lesbiano edo feminismo lesbiano bezalakoak ere ageri dira, eta hor gogortxoegi dirudi feminismo lesbiana erabiltzea, euskarak feminismo lesbiano eskatzen baitu.

Beste kontu bat da, desberdina, adizki alokutiboekin gertatzen dena. Esan diat eta esan dinat bezalakoak bereizten ditugu, nori zuzentzen gatzaizkion elkarrizketan, gizonari (diat) edo andreari (dinat). Hemen aipatzen dugu kontua, nahiz ez dagokion izenaren atalari, baizik aditzarenari (ikus 27. kapitulua). Zernahi gisaz, adizki horiek ere ez dute generoa bereizten, baizik sexua, batez ere andrearen kasuan: euskal literaturan toka (diat) erabili izan da gizon, gauza eta animaliekin.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper