Euskararen Gramatika

11.3. Kategoria lexikoak eta funtzionalak. Ohiko sailkapena


11.3. Kategoria lexikoak eta funtzionalak. Ohiko sailkapena

11.3a Kategoria guztiak ez dira berdintzat edo parekotzat hartzen. Sailkapen bat baino gehiago egin daitekeen arren, kategoria lexikoen eta funtzionalen arteko banaketa da hizkuntzalaritzan zabalduen dagoena eta gehien erabiltzen dena (ikus § 2.4). Atal honetan, bereizketa honetaz jardungo dugu, eta ikusiko dugu kasu batzuetan ez dela erabat mantentzen, batez ere azken urteetan hizkuntzalaritzan garatu diren analisi bideei jarraitzen badiegu eta euskarara ekartzen baditugu. Honetaz gain, atal honetan kategoria aldaketaz ere arituko gara, euskaraz prozesu horien erakusgarri asko baititugu.

11.3b Kategoria lexikoen artean izenak (emakume, sute, urduritasun, lore), adjektiboak (handi, argal, estu, haserre, penal), aditzak (joan, apurtu, dantzatu, alde egin, parte hartu) eta adberbioak (gaizki, azkar, egokiro, hemen) sailkatzen dira; kategoria funtzionalen artean, berriz, determinatzaileak (-a, bat, hauek, gutxi), flexioa (-tzen, -tu(ko), n-, z-, -t, -ke-, -n), mailakatzaileak (-ago, -egi, -en), postposizioak (-ra, -n, -tik, -(r)en azpian, -(r)i buruz), menderagailuak (-en, -ela, bait-) eta juntagailuak (eta, edo, ala, baina). Ikus gai honi buruz § 2.4.

Tradiziozko hizkuntzalaritzan, kategoria lexikoak hiztegiarekin lotzen dira, eta kategoria funtzionalak sintaxiarekin. Horrela, bi multzo horietan sailkatzen diren kategorien ezaugarriak azaltzen dira. Ezaugarri horietako bat da kategoria lexikoek zerrenda mugagabeak edo irekiak dituztela, sarritan aipatzen denez; aldiz, kategoria funtzionalak zerrenda mugatuak edo itxiak lirateke.

Horrekin esan nahi dugu kategoria lexikoen barruan dauden hizkuntza ale guztiak zerrendatzea ia ezinezkoa izango litzaigukeela, zerrenda amaigabea baita. Hiztegietan ere ez dira jasotzen hizkuntza bateko hiztun guztiek baliatzen dituzten hitz guztiak. Gainera, kategoria lexikoa duten hitzak oso aldakorrak izaten dira: historian zehar batzuk galdu egiten dira, beste batzuk sortu, eta askotan beste hizkuntzatatik mailegatzen dira.

Kategoria funtzionalak, ordea, oso bestelakoak dira. Erraz zerrendatu daitezke, kopuru mugatua baitute, eta hizkuntzaren garapenean egonkorragoak izaten dira. Kopurua txikiagoa izanagatik ere, perpaus eta hizkuntza esapide mugagabeak eraikitzeko baliatzen ditugu. Izan ere, kategoria funtzionaletan sailkatzen ditugun aleak hizkuntzaren makineriaren torlojuak eta engranajeak dira. Kategoria lexikoak adreiluak balira, kategoria funtzionalak porlana izango lirateke, adreiluak bata bestearekin lotzeko eta horrela eraikin handiak egiteko. Beheko perpausean, porlanaren funtzioa betetzen duten hizkiak azpimarratu ditugu: Nafarroako Gobernuak udako baso suteen aurkako kanpainaren hasiera bi astez aurreratu116 du. Ikus daitekeen bezala, markatu gabeko hitzak bata bestearekin lotzeko eta egituretan konbinatzeko erabiltzen dira.

11.3c Kategoria lexikoak eta funtzionalak bereizteko maiz baliatzen den beste irizpide batek esanahiarekin dauka zerikusia. Sarritan esaten da kategoria lexikoek esanahi argiagoa dutela funtzionalek baino. Askoz errazago definituko ditugu mahaia edo maitasuna izenak, edota apurtu edo desagertu moduko aditzak, -ela menderagailua edota -a determinatzailea baino. Hori gertatzen da kategoria lexikoa duten hitzek munduan edo gogoan existitzen diren entitateak edo kontzeptuak adierazten dituztelako eta funtzionalek, berriz, esanahi gramatikala izaten dutelako. Nolabait esateko, kategoria funtzionala duten hitzek gramatikari bereziki lotzen zaion esanahia dute; oro har, ez dituzte izendatzen hizkuntzatik kanpo existitzen diren kontzeptuak. Horrekin lotuta, erraz gerta lekioke euskaldun bati kategoria lexikoa duen hitz baten esanahia ez jakitea, besterik gabe, kontzeptua ezagutzen ez duelako edota sinonimo bat erabiltzen duelako haren ordez. Oso bestela, kategoria funtzionalen esanahia hiztun guztiek ezagutzen dute, ale funtzionalak hizkuntzaren beraren muinarekin zuzenean lotuta daudelako eta beharrezkoak direlako hizkuntza egunerokotasunean erabiltzeko.

11.3d Ezaugarri zehatzagoetara etorrita, kategoria lexikoak funtzionaletatik bereizteko beste irizpide bat da hitz elkarketan parte hartzeko gaitasuna. Hitz elkartuetan lexemak bata bestearekin elkartzen dira eta hitz konplexuagoak sortzen dira (ikus 7. kapitulua). Ale funtzionalek prozesu horretan sartzea debekatua izaten dute, euskaraz zein munduko bestelako hizkuntzetan. Euskarazko izenak, adjektiboak eta aditzak erraz asko aurki daitezke hitz elkartuetan, batez ere mendekotasunezkoetan: izen-izen (kale garbitzaile, eguzki lore, diru bilketa, odol hodi), aditz-izen (idazmahai, jangela, jolastoki, garbigailu), izen-aditz (eraberritu, lekualdatu, gurutziltzatu), adjektibo-aditz (zaharberritu, luzetsi, onartu, onetsi), aditz-adjektibo (ateraberri, ulerterraz, ulergaitz). Adberbioei dagokienez, ez dira horren ohikoak, baina zenbait ager daitezke: adberbio-aditz (berantetsi, gaizki-ulertu, askietsi).

11.3e Azkenik, kategoria lexikoak eta funtzionalak desberdintzeko irizpide fonologikoak ere aipatzen dira. Ale lexikoak fonologikoki beregainak izaten dira, oro har; funtzionalek, ordea, ez dute azenturik izaten eta beste ale lexikoekin elkartu behar izaten dira ahoskatzeko.

11.3f Laburbilduz, orain arte kategoria lexikoak eta funtzionalak bereizteko zenbait irizpide azaldu ditugu, hala nola kategoria lexikoen mugagabetasuna eta ezegonkortasuna, hizkuntzaz kanpoko esanahia, hitz elkartuetan parte hartzeko gaitasuna eta beregaintasun fonologikoa. Kategoria funtzionalek kontrako ezaugarriak erakusten dituzte testuinguru horietan guztietan: zerrenda askoz mugatuagoa dute, egonkorragoak dira, esanahi gramatikala dute, ezin dira hitz elkartuetan sartu eta fonologikoki ez dira beregainak. Alabaina, lehenago ere aipatu dugun bezala, kategoriekin gauzak ez dira diruditen bezain sinpleak: datozen ataletan ikusiko dugu kategoria lexikoen eta funtzionalen arteko bereizketa, orain arte aipatu ditugun terminoetan, ez dela horren argia.

116 -tu atzizkiaren izaera lexikoa edo funtzionala eztabaidagarria izan daiteke. Aditz sortzailetzat hartuz gero, lexikoa litzateke (§ 6.1b). Partizipio atzizkitzat badugu, ordea, funtzionala izango litzateke.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper