Euskararen Gramatika

11. Gramatika kategoriak

11. Gramatika kategoriak

11.1. Zer diren kategoriak

11.1a Gramatika kategoriak hizkuntzetako ale lexikoak sailkatzeko erabiltzen diren klase formalak dira, esate baterako, izenak, aditzak, adjektiboak, postposizioak eta abar. Sail horietan sartzen ditugun aleek ezaugarri morfosintaktiko eta, hein batean, semantiko berberak izaten dituzte. Adibidez, mahai eta erle ale lexikoak izenak direla esaten dugu, biek banaketa morfosintaktiko bertsua dutelako eta biek egiten diotelako erreferentzia munduan edo gure gogoan existitzen den entitate bati. Dena dela, aurrerago ikusiko dugun bezala, sarritan ale lexikoak kategorietan sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak ez dira oso argiak; izan ere, kategoria berberei egozten zaizkien aleek ez dituzte beti ezaugarri berberak izaten, eta alderantziz, kategoria desberdinetako aleek berdintsu jokatzen dute zenbait testuingurutan.

11.1b Kategoria kopuruari dagokionez, ez dago hizkuntzalaritzan erabateko adostasunik. Askotarikoak dira kopurua ezartzeko ezintasun horren arrazoiak. Arestian aipatu dugun irizpide garbien urritasunari gaineratzen zaio hizkuntzen arteko aldakortasuna. Izan ere, normalean zerrendatzen diren kategoria guztiak ez daude hizkuntza guztietan. Ezaguna da, esaterako, hizkuntza askotan guretzat hain oinarrizkoa den adjektibo kategoria ez dela existitzen. Adjektiboen ordez, izenak edota aditzak erabiltzen dituzte hizkuntza horietan. Bestetik, hizkuntza batean kategoria bati egozten zaizkion ezaugarriak, beste hizkuntza batzuetan ez dira beti kategoria bereko aleetan aurkitzen. Bestalde, hizkuntza batean oinarrizkoa dirudien kategoria batek, beste batetik eratorria irudi lezake beste hizkuntza batean. Laburbilduz, kategoria gramatikalen zerrenda unibertsal bat egitea lan zaila (edo ezinezkoa) dirudi. Hala eta guztiz ere, gramatika honetan ditugun helburuak betetzeko asmoz, guk hemen oinarrizko hamar kategoria zerrendatuko ditugu, euskararen gramatika kategoriak ulertzeko eta deskribatzeko lagungarri izango zaigulakoan: izena, aditza, adjektiboa, postposizioa, adberbioa, determinatzailea, flexioa, mailakatzaileak, menderagailuak eta juntagailuak.

11.2. Kategoriak sailkatzeko zailtasunak

11.2a Hizkuntzetako ale lexikoak gramatika kategorietan sailkatzeko, irizpide mota batzuk erabiltzen dira. Batetik, aleen formarekin edo testuinguru formalarekin zerikusia duten irizpideak daude, hemen morfosintaktikoak deituko ditugunak. Bestetik, hizkuntza unitateen esanahiari lotzen zaizkion irizpideak ere proposatu izan dira —irizpide semantikoak, hain zuzen—, nahiz eta gaur egun nahiko argi dagoen azken horietan oinarritzeak arazo handiak sortzen dituela. Has gaitezen, bada, irizpide morfosintaktikoekin.

Irizpide morfosintaktikoek ale lexikoen banaketa morfologikoari eta sintaktikoari egiten diete erreferentzia, hau da, ale horiek aldamenean izaten dituzten hizkiei edota hitzei erreparatzen diete. Pentsatzen da kategoria bereko aleek modu berean jokatzen dutela ondoan izan ditzaketen hizkiak eta hitzak onartzerakoan. Esate baterako, goian (§ 11.1a) aipatu ditugun mahai eta erle hitzak -a edo bat determinatzaileekin ager daitezke (mahai-a, erle-a eta mahai bat, erle bat), eta onartzen dute adjektibo batek modifikatzea, adibidez, handi-k (mahai handia, erle handia). Hortaz, esan genezake mahai eta erle multzo bereko ale lexikoak direla eta ondorioztatu genezake, gainera, determinatzaileen eta adjektiboen ezkerretara agertzea izen kategoriaren ezaugarria dela, euskaraz bederen. Alabaina, norbaitek pentsa lezake izenak ez direla testuinguru horietan ager daitezkeen bakarrak; izan ere, adjektiboak euskaraz determinatzaileekin azaltzen dira: txiki-a, txiki bat; gorri-a, gorri bat eta abar. Kasu horietan, baina, isilpeko izen bat dagoela esango genuke, hau da, txiki bat diogunean, benetan [[izen] txiki bat] adierazten ari garela, hots, hartzaileak aurreko diskurtsoagatik edo testuinguru komunikatiboagatik nolabait ezagutzen duen izen bati erreferentzia egiten zaiola. Beraz, salbuespena dirudien egoera hori sintaktikoki azaltzeko gai gara eta determinatzaileekin agertzeko irizpidea bere horretan manten genezake izen kategoria ezaugarritzeko.

11.2b Beste batzuetan, aldiz, eragozpenak gaindiezinak dira. Xabier Artiagoitiak Sareko Euskal Gramatikan erakutsi zuen adibide batez baliatuko gara horrelako kasu bat azaltzeko. Adjektibo kategoriaren ezaugarri bat da mailakatzaileekin (-ago, -egi, -en) agertu ahal izatea: argalago, argalegi, argalen; estuago, estuegi, estuen; zabalago, zabalegi, zabalen; haserreago, haserreegi, haserreen; gaiztoago, gaiztoegi, gaiztoen.

Adjektiboek entitateen ezaugarriak zehazten dituzte, eta mailakatzaileek ezaugarri horien maila edo gradua zehazten dute, batzuetan, besteekiko alderaketa eginez. Mailakatzaileekin agertzeko gaitasuna adjektiboen kategoria ezaugarritzeko irizpidetzat har dezakegu, beraz. Baina bide horretatik jotzen badugu, bi arazo aurkituko ditugu: a) adjektibo guztiek ez dute mailakatzailerik onartzen, eta b) adjektiboak ez diren ale lexikoak ere bateragarriak dira horrelako modifikatzaileekin. Lehenengo arazoari dagokionez, Xabier Artiagoitiak azaldu du erlaziozkoak diren adjektiboak (adibidez, laborala) ezin ager daitezkeela mailakatzaileekin (ikus Bosque 1996 gaztelaniarako): kontratu ?laboralagoa, ?laboralegia, ?laboralena, ?oso laborala. Antza, ezaugarri bat adierazten duten adjektiboak bakarrik ager daitezke mailakatzaileekin. Hona hemen beste adibide batzuk: sententzia judiziala, ?judizialagoa, ?judizialegia, ?judizialena; zuzenbide penala, ?penalagoa, ?penalegia, ?penalena; gerra zibila, ?zibilagoa, ?zibilegia, ?zibilena; analisi soziologikoa, ?soziologikoagoa, ?soziologikoegia, ?soziologikoena.

11.2c Erlaziozko adjektiboek (edo erreferentzia adjektiboek § 7.2 eta § 14.2.6) ez dituzte ezaugarriak adierazten, ez bada modifikatzen dituzten izenen argumentuak (izenak argumentuak baditu) edo izen horiekin lotura duten entitateak edo eremuak (gerra zibila = biztanleria zibilaren gerra). Goiko adibideak onargarriak edo ulergarriak izan daitezen, adjektiboon ohiko esanahia egokitu beharko genuke eta nolabait ulertu laborala, judiziala, penala, zibila eta soziologikoa ezaugarriak direla eta graduatu daitezkeela. Testuinguru morfosintaktikoaren eraginez egiten dugun esanahi moldaketa horri koertzioa esaten zaio hizkuntzalaritzan.

Mailakatzaileekin agertzeko gaitasuna adjektiboen ezaugarritzat hartzeak badu beste eragozpen bat, goian aipatu dugun moduan (§ 11.2b). Adjektiboak ez diren beste ale batzuk ere onargarriak dira modifikatzaileekin. Artiagoitiak moduzko adberbio baten adibideak erakutsi ditu (egokiro-ago, egokiro-egi, egokiro-en). EGLU-I liburukian ere berandu (beranduago, beranduegi, beranduen) eta ederki (ederkiago, ederkiegi, ederkien) adberbioak aipatzen dira. Egokiro, berandu eta ederki adberbioak dira: aditzak modifikatzen dituzte (eta ez adjektiboak, zeinek izenak modifikatzen dituzten). Hala eta guztiz ere, egokiro, berandu eta ederki bateragarriak dira mailakatzaileekin, eta horrek erakusten du mailakatzaileekin agertzeko ahalmena ez dela adjektiboetara bakarrik mugatzen. Are gehiago, adlatibo postposizio sintagma batzuek ere onartzen dituzte mailakatzaileak, esate baterako, aurrera-k eta gora-k (aurrerago, aurreregi, aurreren eta gorago, goregi, goren)114.

11.2d Irizpide morfosintaktikoak alde batera utzita eta semantikoetara etorrita, onartu samarra dago gaur egun kasu askotan ezin genezakeela ale lexiko bat gramatika kategoria batean sailkatu, ale horren adierari bakarrik begira. Adibidez, lehen esan dugu izenek munduan edo gure gogoan existitzen diren entitateei erreferentzia egiten dietela. Baina hori ez da beti horrela izaten. Izan ere, maitasun, adore, gorroto, suntsiketa, dantza… bezalako izenek ez dituzte entitateak adierazten, ezpada egoerak (maitasun, adore, gorroto), emaitzak (suntsiketa) eta prozesuak (dantza). Nahiz eta emaitzak eta prozesuak normalean aditzen bidez azaleratzen diren, aipatu ditugun kasuetan izen kategoria dute.

Pentsa genezake, hortaz, irizpide semantikoak ez direla benetan lagungarriak gramatika kategoriak sailkatzeko. Dena dela, bestelako ezaugarri semantiko batzuk erabilgarriagoak gerta daitezke. Bosquek (1996), esaterako, onartzen du izenek ez dituztela beti “substantziak” adierazten. Orobat, adjektiboek ez dituzte beti “ezaugarriak” aditzera ematen, ezta aditzek “egoerak” edo “prozesuak” ere. Azkenik, preposizioak edo juntagailuak ez dira kasu guztietan “erlazioak”. Baina badira adierarekin loturiko beste irizpide batzuk kategorien artean bereizketak egiten lagun diezaguketenak, adibidez, “erreferentzia egiteko gaitasuna” izenen kasuan, “zenbatzeko ahalmena” determinatzaileen kasuan, “argumentuak izatea” aditzen kasuan eta abar. Horrelako esanahi ezaugarriek harreman estua dute hurrengo atalean aipatuko ditugun funtzioekin.

11.2e Ale lexikoen gramatika kategoria definitzeko, sarritan iradoki den beste ezaugarri bat da aleek perpausetan betetzen duten funtzioa. Funtzioa esaten zaio ale batek perpauseko beste elementu batzuekin harremanetan duen zeregin erlatiboari. Adibidez, suteak urduritasuna piztu du adibidean, sute izenak subjektu funtzioa dauka eta urduritasunak osagarri zuzenarena. Ikus daitekeenez, ez dago harreman zuzenik funtzioaren eta kategoria gramatikalaren artean, izenak (goian sute eta urduritasun) izan baitaitezke subjektuak edota osagarri zuzenak. Alabaina, baten batek pentsa lezake izentasuna definitzeko, bi funtzio horiek barnean bilduko lituzkeen funtzio orokorrago bat proposa daitekeela, adibidez, “aditzaren argumentua” izatea. Funtzio zabalago horrekin, izenek goiko adibidean dituzten funtzioak zehaztuko genituzke, biak —subjektuak eta osagarri zuzenak— baitira aditzaren argumentu (§ 23.3)115.

11.2f Kasu horretan ere, arazoak izango ditugu; izan ere, izenek funtzio gehiago izan ditzakete. Esate baterako, izenak postposizioen osagarriak izan daitezke (sutean, sutera, sutetik; urduritasunean, urduritasunera, urduritasunetik…). Postposizioen eta aditzen arteko antzekotasunak asko aztertu dira hizkuntzalaritzan. Postposizioek bi entitateren arteko harremana ezartzen dute: Irudiaren (ingelesez Figure) eta Eremuaren (ingelesez Ground) artekoa. Postposizioek Irudiaren kokapenaren edo ibilbidearen berri ematen dute Eremua erreferentziatzat hartuta. Bada, pentsa liteke Irudia postposizioaren subjektua dela nolabait, eta Eremua, aldiz, osagarri zuzena. Hortaz, badirudi bai aditzek, bai postposizioek ere argumentuak hartzeko gaitasuna daukatela, eta horrela, argumentu horiek izenak izan behar dutela. Argumentu izateko gaitasuna izango litzateke, beraz, izentasuna definitzeko modu bat. Baina beste arazo batekin egingo genuke topo orduan. Izenak, argumentuak izateaz gain, predikatuak ere izan daitezke: Emakume hura irakaslea da. Irakasle izena ez da adibide horretan aditzaren (edo postposizio baten) subjektua, ezta osagarri zuzena ere, kopula aditzaren subjektuarekin (hau da, emakume hura sintagmarekin) berdintzen den predikatua baizik. Beraz, izen kategoria ezin dugu norabide bakarrean lotu argumentu funtzioarekin, izenak predikatuak ere izan daitezkeelako. Orobat, kontrakoa egitea ere arazotsua izango litzateke, argumentu eta predikatu guztiak ez baitira izenak (Mikel etortzea / Mikel etor dadin nahi dut; Ogia erostera joan da; Emakume hura oso azkarra da). Adibide horietan ikus daiteke, batetik, perpausak aditzen eta postposizioen argumentuak izan daitezkeela, eta bestetik, predikatu funtzioa adjektiboek ere bete dezaketela. Ondorioz, ezin daiteke ezarri funtzioaren eta kategoriaren arteko harreman zuzenik. Lehenengo kasuetan, baina, aditzek -te atzizkia daramate, eta horrek adierazten du aditzok nominalizatzeko prozesua jasan dutela. Kategoria aldatzeko horrelako prozesuez § 11.2b eta § 14.8 ataletan jardungo dugu.

11.2g Atal hau amaitu aurretik, garrantzitsua da ohar bat egitea kategorien eta ale lexiko batek izan dezakeen egituraren arteko bereizketaren inguruan. Orain arte, funtzioez aritu gara kategorietatik abiatuta; izenak argumentu eta predikatu funtzioekin lotu ditugu atal honetan. Argi izan behar dugu, ordea, argumentua izatea ez dagokiola izenari, hots, izen kategoria duen ale lexikoari, ez bada izenaren inguruan sortzen den sintagmari. Demagun aditz baten argumentua izen sintagma konplexu bat dela: Mikeli asko gustatzen zaizkio egunsentiko kolore arrosako lore usaintsuak. Gustatu aditzaren argumentua ez da lore izena, baizik eta lore izenaren inguruan eratu den izen sintagma osoa: [egunsentiko [kolore arroseko [[lore] usaintsu ]]] -ak. Egitura hori izenaren islapena da eta barruan biltzen ditu -ko erlaziozko postposizioarekin sortutako izenlagunak (egunsentiko eta kolore arroseko) eta adjektibo bat (usaintsu). -Ko postposizioak eta adjektiboek ere beren islapena dute, kategoria guztietako kideek beren egitura zabaltzen baitute (ikus 2. kapitulua), baina kasu honetan egitura horiek izen sintagmaren barruan daude, eta guztien artean eratutako izen sintagma gustatu aditzaren argumentua da.

11.3. Kategoria lexikoak eta funtzionalak. Ohiko sailkapena

11.3a Kategoria guztiak ez dira berdintzat edo parekotzat hartzen. Sailkapen bat baino gehiago egin daitekeen arren, kategoria lexikoen eta funtzionalen arteko banaketa da hizkuntzalaritzan zabalduen dagoena eta gehien erabiltzen dena (ikus § 2.4). Atal honetan, bereizketa honetaz jardungo dugu, eta ikusiko dugu kasu batzuetan ez dela erabat mantentzen, batez ere azken urteetan hizkuntzalaritzan garatu diren analisi bideei jarraitzen badiegu eta euskarara ekartzen baditugu. Honetaz gain, atal honetan kategoria aldaketaz ere arituko gara, euskaraz prozesu horien erakusgarri asko baititugu.

11.3b Kategoria lexikoen artean izenak (emakume, sute, urduritasun, lore), adjektiboak (handi, argal, estu, haserre, penal), aditzak (joan, apurtu, dantzatu, alde egin, parte hartu) eta adberbioak (gaizki, azkar, egokiro, hemen) sailkatzen dira; kategoria funtzionalen artean, berriz, determinatzaileak (-a, bat, hauek, gutxi), flexioa (-tzen, -tu(ko), n-, z-, -t, -ke-, -n), mailakatzaileak (-ago, -egi, -en), postposizioak (-ra, -n, -tik, -(r)en azpian, -(r)i buruz), menderagailuak (-en, -ela, bait-) eta juntagailuak (eta, edo, ala, baina). Ikus gai honi buruz § 2.4.

Tradiziozko hizkuntzalaritzan, kategoria lexikoak hiztegiarekin lotzen dira, eta kategoria funtzionalak sintaxiarekin. Horrela, bi multzo horietan sailkatzen diren kategorien ezaugarriak azaltzen dira. Ezaugarri horietako bat da kategoria lexikoek zerrenda mugagabeak edo irekiak dituztela, sarritan aipatzen denez; aldiz, kategoria funtzionalak zerrenda mugatuak edo itxiak lirateke.

Horrekin esan nahi dugu kategoria lexikoen barruan dauden hizkuntza ale guztiak zerrendatzea ia ezinezkoa izango litzaigukeela, zerrenda amaigabea baita. Hiztegietan ere ez dira jasotzen hizkuntza bateko hiztun guztiek baliatzen dituzten hitz guztiak. Gainera, kategoria lexikoa duten hitzak oso aldakorrak izaten dira: historian zehar batzuk galdu egiten dira, beste batzuk sortu, eta askotan beste hizkuntzatatik mailegatzen dira.

Kategoria funtzionalak, ordea, oso bestelakoak dira. Erraz zerrendatu daitezke, kopuru mugatua baitute, eta hizkuntzaren garapenean egonkorragoak izaten dira. Kopurua txikiagoa izanagatik ere, perpaus eta hizkuntza esapide mugagabeak eraikitzeko baliatzen ditugu. Izan ere, kategoria funtzionaletan sailkatzen ditugun aleak hizkuntzaren makineriaren torlojuak eta engranajeak dira. Kategoria lexikoak adreiluak balira, kategoria funtzionalak porlana izango lirateke, adreiluak bata bestearekin lotzeko eta horrela eraikin handiak egiteko. Beheko perpausean, porlanaren funtzioa betetzen duten hizkiak azpimarratu ditugu: Nafarroako Gobernuak udako baso suteen aurkako kanpainaren hasiera bi astez aurreratu116 du. Ikus daitekeen bezala, markatu gabeko hitzak bata bestearekin lotzeko eta egituretan konbinatzeko erabiltzen dira.

11.3c Kategoria lexikoak eta funtzionalak bereizteko maiz baliatzen den beste irizpide batek esanahiarekin dauka zerikusia. Sarritan esaten da kategoria lexikoek esanahi argiagoa dutela funtzionalek baino. Askoz errazago definituko ditugu mahaia edo maitasuna izenak, edota apurtu edo desagertu moduko aditzak, -ela menderagailua edota -a determinatzailea baino. Hori gertatzen da kategoria lexikoa duten hitzek munduan edo gogoan existitzen diren entitateak edo kontzeptuak adierazten dituztelako eta funtzionalek, berriz, esanahi gramatikala izaten dutelako. Nolabait esateko, kategoria funtzionala duten hitzek gramatikari bereziki lotzen zaion esanahia dute; oro har, ez dituzte izendatzen hizkuntzatik kanpo existitzen diren kontzeptuak. Horrekin lotuta, erraz gerta lekioke euskaldun bati kategoria lexikoa duen hitz baten esanahia ez jakitea, besterik gabe, kontzeptua ezagutzen ez duelako edota sinonimo bat erabiltzen duelako haren ordez. Oso bestela, kategoria funtzionalen esanahia hiztun guztiek ezagutzen dute, ale funtzionalak hizkuntzaren beraren muinarekin zuzenean lotuta daudelako eta beharrezkoak direlako hizkuntza egunerokotasunean erabiltzeko.

11.3d Ezaugarri zehatzagoetara etorrita, kategoria lexikoak funtzionaletatik bereizteko beste irizpide bat da hitz elkarketan parte hartzeko gaitasuna. Hitz elkartuetan lexemak bata bestearekin elkartzen dira eta hitz konplexuagoak sortzen dira (ikus 7. kapitulua). Ale funtzionalek prozesu horretan sartzea debekatua izaten dute, euskaraz zein munduko bestelako hizkuntzetan. Euskarazko izenak, adjektiboak eta aditzak erraz asko aurki daitezke hitz elkartuetan, batez ere mendekotasunezkoetan: izen-izen (kale garbitzaile, eguzki lore, diru bilketa, odol hodi), aditz-izen (idazmahai, jangela, jolastoki, garbigailu), izen-aditz (eraberritu, lekualdatu, gurutziltzatu), adjektibo-aditz (zaharberritu, luzetsi, onartu, onetsi), aditz-adjektibo (ateraberri, ulerterraz, ulergaitz). Adberbioei dagokienez, ez dira horren ohikoak, baina zenbait ager daitezke: adberbio-aditz (berantetsi, gaizki-ulertu, askietsi).

11.3e Azkenik, kategoria lexikoak eta funtzionalak desberdintzeko irizpide fonologikoak ere aipatzen dira. Ale lexikoak fonologikoki beregainak izaten dira, oro har; funtzionalek, ordea, ez dute azenturik izaten eta beste ale lexikoekin elkartu behar izaten dira ahoskatzeko.

11.3f Laburbilduz, orain arte kategoria lexikoak eta funtzionalak bereizteko zenbait irizpide azaldu ditugu, hala nola kategoria lexikoen mugagabetasuna eta ezegonkortasuna, hizkuntzaz kanpoko esanahia, hitz elkartuetan parte hartzeko gaitasuna eta beregaintasun fonologikoa. Kategoria funtzionalek kontrako ezaugarriak erakusten dituzte testuinguru horietan guztietan: zerrenda askoz mugatuagoa dute, egonkorragoak dira, esanahi gramatikala dute, ezin dira hitz elkartuetan sartu eta fonologikoki ez dira beregainak. Alabaina, lehenago ere aipatu dugun bezala, kategoriekin gauzak ez dira diruditen bezain sinpleak: datozen ataletan ikusiko dugu kategoria lexikoen eta funtzionalen arteko bereizketa, orain arte aipatu ditugun terminoetan, ez dela horren argia.

11.4. Kategoria lexikoak eta funtzionalak. Sailkapenaren arazoak

11.4a Aurrerapen modura, aditzekin sortzen den zalantzazko kasu bat azalduko dugu. Tradiziozko hizkuntzalaritzan, aditzak beti sailkatzen dira kategoria lexikoen barruan. Goian esan dugun bezala (§ 11.3f), zerrenda mugagabea osatzen dute eta hizkuntzazkoak ez diren kontzeptuei erreferentzia egiten diete, besteak beste. Baina ezaugarri horiek ez dira hizkuntza guztietan betetzen, eta euskaraz ere badauzkagu arrazoi batzuk baieztapen hori zalantzan jartzeko. Munduko hizkuntza batzuetan, hala nola japonieraz eta persieraz, aditz gutxi daude. Australiako jinguluera, esate baterako, oso adierazgarria da zentzu horretan.

Jingulueraz hiru aditz besterik ez dago: joan, etorri eta izan/egin. Hiru aditz horiek bakarrik ager daitezke denbora eta pertsona komunztadurarekin. Gainerako aditzezko kontzeptu guztiak oinarrizko hiru aditz horiekin eraikitzen dira, horiei bestelako elementu batzuk gaineratuz. Adibidez, gidatu eta murgildu aditzak adierazteko gidatu-joan eta murgil-joan edo murgil-egin esango lukete hurrenez hurren. Datu horien aurrean, zaila izango litzateke esatea aditz kategoria “lexikoa” dela jingulueraz; izan ere, aditz kopurua oso mugatua da. Gainera, murgil-joan bezalako predikatu konposatu batean, eduki semantikoa joan aditzean baino gehiago, aditzezkoa ez den beste elementuan dagoela dirudi, alegia, murgil ale lexikoan. Beraz, jinguluerako aditzek ez dituzte goian aipatu ditugun bi ezaugarriak betetzen: ez dute zerrenda mugagabea eta gainera ez dute esanahi lexikorik. Mugagabetasuna eta esanahi lexikoa joan, etorri eta izan/egin aditzen osagarriek gaineratzen dute, ez aditzek eurek, eta beraz, bi ezaugarri horiek ez daude zuzenean lotuta “adiztasunarekin”.

11.4b Euskarazko aditzen irudia ez da jinguluerarena bezain muturrekoa, baina ziurrenik irakurle askori euskarazko zenbait aditz etorri zaizkio gogora jingulueraren aditzen berri izatean. Euskaraz, ondoko hizkuntzetan ez bezala, aditzezko esanahi asko egin, hartu eta eman aditz arinekin eraikitzen dira. Hona hemen adibide gutxi batzuk: egin aditzak (amets egin, alde egin, dantza egin, elurra egin, huts egin, jauzi egin, kasu egin, korrika egin, lo egin, oihu egin, negar egin, txalo egin, zin egin), hartu eta eman aditzak (amore eman, atseden hartu, damu hartu, esku hartu, lur hartu, min eman, min hartu, parte hartu, su eman).

Adibide horietan guztietan, badirudi egin, hartu eta eman-ek “adiztasuna” gaineratzen dutela eta euren osagarriak, aldiz, aditzon eduki semantikoa edo lexikoa (§ 23.1). Pentsa genezake, hortaz, aditz horien kasuan, bi alderdi daudela banatuta: bat, lexikoa, osagarriaren bidez txertatu dena; bestea, funtzionala, egin, hartu eta eman-ek emana, funtzio sintaktikoari lotua eta hizkuntzaren barrukoa. Hori da, hain zuzen, Morfologia Banatuan egiten den analisia. Hizkuntzalaritzako eremu teoriko honetan, kategoria guztiei egozten dizkiete alderdi funtzionala eta lexikoa. Aditzak eta izenak ez lirateke, hortaz, kategoria lexikoak oso-osorik. Beherago ikusiko dugunez (§ 11.4g), postposizioetan ere horrelako zerbait badagoela pentsa daiteke.

11.4c Kategoria lexikoen barruan sailkatzen ditugun hizkuntza aleek badute beste ezaugarri berezi bat: eratorpenean parte hartu ahal izatea. Eratorpenaren bidez, lexema berriak sortzen dira lexema txikiagoetatik edo oinarrizkoagoetatik abiatuta (ikus zehatzago 4, 5 eta 6 kapituluetan). Hona hemen adibide batzuk: adieraz-pen, argital-pen, xeda-pen; maitagarri-tasun, handi-tasun, nagusi-tasun; ikus-garri, hil-garri, adieraz-garri.

Adibide horietan, zenbait atzizki gaineratu zaizkie lexema batzuei (-pen, -tasun eta -garri) eta lexema berriak sortu dira. Prozesu honetan, hitzaren kategoria lexikoa alda daiteke, eta goiko adibide guztiak dira horren erakusle. Horrela, -pen eta -tasun amaierako adibideetan izenak sortu ditugu aditzetatik eta adjektiboetatik, hurrenez hurren. Eta -garri amaierako adibideetan, bestetik, adjektiboak sortu ditugu aditzetatik abiatuta. Prozesu morfologiko hau behin eta berriz errepika daiteke. Adibideetako batean, esaterako, -tasun atzizkia gaineratu diogun lexema, oinarrizkoagoa den beste lexema batean eta atzizki batean bana daiteke: maita eta garri.

Hortaz, lexemei bezalaxe, eratorpen atzizkiei kategoria lexiko bat egozten diegu, eta kategoria horren araberakoa izango da, hain zuzen, sortzen den lexema berria117. Goiko -pen eta -tasun atzizkiek izen kategoria dute, eta -garri atzizkiak adjektibo kategoria118.

11.4d Eratorpenaren bidez hitz (edo lexema) berriak sortzen direnez, prozesu morfologiko hori hiztegiarekin lotzen da tradiziozko hizkuntzalaritzan, eta horrela flexiotik bereizten da. Flexioa prozesu morfologiko eta sintaktikoa da, eratorpena bezalaxe, baina bere funtzioa ez da lexema berriak sortzea, baizik eta lexema baten gramatika funtzioak gauzatzea. Horregatik, eratorpena hiztegiarekin lotzen den bezala, flexioa sintaxiarekin berarekin harreman estuagoa daukala pentsatzen da. Flexio-morfemak dira kasu marka guztiak, denbora, aspektu, modu, pertsona eta numero komunztadura morfemak eta lexema baten funtzio sintaktikoarekin zerikusia duen morfema oro.

11.4e Eratorpena eta flexioa gramatikaren eremu desberdinetan gertatzen direla ontzat hartuz gero, bien arteko hainbat desberdintasun azal daitezke. Desberdintasun horietako batzuk aipatuko ditugu hemen. Batetik, eratorpen atzizkiek lexemaren errotik hurbilago egoteko joera dute flexio atzizkiek baino, eta flexio atzizki bat lotuz gero lexemari ez dago eratorpen atzizki gehiago eransterik. Ondoko adibideetan, lexemak eta eratorpen atzizkiak azpimarratu ditugu: adieraz-pen-ek [[[aditza] iz.] erg.pl.], ahal-dun-tzen [[[izena] adj.] aspektua], margo-tu-ko [[[izena] aditza] aspektua], baina *mutil-ek-tu [[[izena] erg.pl.] aditza] (vs mutil-du), *margo-ak-tu [[[izena] pl.] aditza] (vs margo-tu).

Ikus daitekeenez, flexio morfemak ezin dira sartu eratorpen prozesuetan, edo bestela esanda, flexioz markatutako lexema batek ezin dezake jasan eratorpen prozesu bat. Ezintasun hori erraz azal daiteke pentsatzen badugu eratorpena hiztegian gertatzen dela eta flexioa sintaxian, eta flexioa gertatzen denerako, ezin gaitezkeela berriz atzera itzuli hiztegiaren eremura.

11.4f Flexioaren eta eratorpenaren beste desberdintasun batek erregulartasunarekin dauka zerikusia. Formalki eta semantikoki eratorpena ez da flexioa bezain sistematikoa, eta salbuespen eta berezitasun ugari izaten ditu. Flexioa, aldiz, askoz ere sistematikoagoa eta erregularragoa da. Adibide bat emateko, pentsa euskaraz ditugun atzizki izengile guztietan (ikus 4. kapitulua). Hauek dira horietako batzuk: -tasun (edertasun, adierazgarritasun, inpartzialtasun), -(k)era (ibilera, idazkera, hizkera, irteera, igoera), -keta (idazketa, azterketa, irakurketa, ekarketa), -kuntza (hizkuntza, hezkuntza, eraikuntza, antolakuntza).

Badira izengileen arteko desberdintasun erregular batzuk. Adibidez, -tasun izengilea lexema osagarria adjektiboa denean hautatzen da, oro har, eta izen abstraktuak sortzen ditu (§ 4.1.2). Bestetik, -(k)era, -keta eta -kuntza atzizkiek gertaera-, egoera- edo ondorio-izenak sortzeko erabiltzen dira, oinarrian harturik gertaera bat adierazten duen aditz bat (§ 4.5). Alabaina, azken atzizki izen-sortzaileen artean, irregulartasunak ere aurkitzen ditugu. Esate baterako, zergatik esaten da idaz-keta, azter-keta eta ekar-keta, baina ez *erama(n)-keta edo *erai-keta? Azken horren ordez, eraikuntza esango genuke. Esanahiari dagokionez ere, horrelako irregulartasunak topatzen ditugu. Adibidez, -(k)era atzizkiak gehienetan gertaera- eta ondorio-izenak sortzen baditu ere (etorrera, igoera), batzuetan ‘modua’ adieraz dezake (idazkera, hizkera). Hiztunok daukagun euskararen hiztegiaren jakintzagatik dakigu [hiz + kera] hitzak modua adierazten duela, eta, aldiz, [igo + era] hitzak ez. Hiztegia horrelako idiosinkrasiak gordetzeko tokia da. Horregatik, eratorpenean aurkitzen ditugun horrelako banaketak hiztegiari egozten dizkiogu. Sintaxian gertatzen diren prozesu morfologikoetan ez dugu horrelakorik gertatzea espero. Bada, flexio-morfemak askoz erregularragoak dira, bai formari dagokionez, bai esanahiari dagokionez.

11.4g Postposizioak kategoria funtzionaletan sailkatu ditugu (§ 11.3b. Ikus § 2.4h: kategoria lexikotzat hartzen direla, eztabaidagarria bada ere) tradiziozko hizkuntzalaritzan horrela egiten baita. Hala ere, atal honetan ikusiko dugu euskarazko postposizio batzuek kategoria lexikoen ezaugarriak ere badituztela.

Eratorpenaz aritu garenean, ikusi dugu kategoria lexikoa duten hizkuntza aleek bakarrik parte har dezaketela horrelako prozesuetan, hau da, aditzek, izenek, adjektiboek eta adberbioek. Kategoria funtzionala duten aleek ezin dute, oro har, horrelako prozesuetan agertu. Azter dezagun orain euskal aditzen eratorpena. Ikusiko dugunez, euskal aditzen eratorpenak erakusten du kategoria funtzionalen eta lexikoen arteko bereizketa ez dela horren argia, eta postposizioek badituztela ezaugarri lexikoak.

11.4h Euskarazko aditzak askotariko kategorietatik sortzen dira (§ 6.1). Inguruko hizkuntzetan bezala, baditugu izenetatik, adjektiboetatik eta adberbioetatik eratortzen diren aditzak. Izenetatik eratortzen direnen artean, badaude entitate bati erreferentzia egiten diotenak (amatu, mutildu, apaiztu, alargundu, atxilotu, ahitu, adiskidetu, amorostu, gizondu eta abar), egoera psikologiko edo fisiologiko bat adierazten dutenak (arduratu, atsekabetu, aspertu, beldurtu, damutu, dolutu, egarritu, gosetu eta abar) eta gertaera baten prozesua edo emaitza adierazten dutenak (dantzatu, aitortu, argudiatu, arbuiatu, abestu, aholkatu, amestu, arrazoitu, arnastu, arrantzatu, bidaiatu eta abar).

Adjektiboetatik eratortzen diren aditzen artean ere bi sail bereiz ditzakegu: adjektibo bakunetan eraikitzen direnak (argitu, apaldu, arindu, agortu, aberastu, ahuldu, alaitu, azkartu, apaindu, argaldu, astundu, esnatu, gorritu, moteldu, zuritu, garbitu, zikindu eta abar) eta adjektibo konposatuetan eraikitzen direnak (ahaldundu, areagotu, betikotu, etxekotu, euskaldundu, etxegabetu, gutxiagotu, lotsagabetu, itxuragabetu, zordundu eta abar).

Bestetik, adberbioetatik eratorritako aditzak ditugu (belaunikatu, berandutu, urrundu, hurbildu, gelditu, prestatu, adostu, zutitu, zintzilikatu eta abar). Talde honen barruan -ka amaierako adberbioak ere sar genitzake, baina horiek § 11.10 atalean aztertuko ditugu (ikus § 6.2.3 atala ere). Adberbioetatik aditzak sortzea ez da beharbada horren ohikoa munduko hizkuntzetan, baina izenetatik eta adjektiboetatik aditzak eratortzea oso normala da.

Azkenik, badira ere postposizio sintagmetatik eratorritako aditzak: postposizio adlatibotik eratorritakoak (etxeratu, mahaigaineratu, kaleratu, aurreratu, giltzape(ra)tu, munduratu, eskuratu, lehorreratu eta abar) eta postposizio instrumentaletik eratorritakoak (ondorioztatu, legeztatu, argiztatu, balioztatu, ureztatu, koloreztatu, olioztatu eta abar). -ratu amaieradun aditzen oinarrian adlatibo postposizio sintagmak daude: etxeratu aditzak adierazten du etxera joan/eraman. -ztatu bukaeradunetan, bestetik, sintagma instrumentalak: ureztatu-k esan nahi du urez bete.

Horrelako adiera duten aditzak ezagunak dira munduko hizkuntzetan eta hizkuntzalaritzan aztertu izan dira. Ingelesez, adibidez, etxeratu edo mahaigaineratu-ren antzekoa den shelve ‘apaleratu’ aditza dago, eta ureztatu-ren parekoa den saddle ‘zelatu’. Hale eta Keyser-ek (1993a) lehenengo aditz sailari kokapen aditzak (ingelesez location verbs) deitu zioten, eta bigarrenari kokagai aditzak (locatum verbs).

11.4i Ikus daitekeenez, euskaraz aditzak sor daitezke postposizioetatik. Eta gainera, prozesu hori oso emankorra da; zerrenda ia amaigabea daukagu, batez ere adlatibo postposiziotik eratorritako kokapen aditzen kasuan. Ez gaude, hortaz, lexikalizatutako eta ihartutako kasu batzuen aurrean. Kokapen aditzetan nabarmentzekoa da adlatiboaren osagarriak numero marka ere izan dezakeela, adibidez, corpusetan diren begietaratu eta belarrietaratu aditzetan. Hor, -raren ordez numero pluralaren marka daraman -etara forma daukagu. Aditz horiek, beraz, zalantza ugari sortzen dituzte goian emandako kategoria funtzionalen eta eratorpenaren inguruko azalpenaren aurrean.

11.4j Izan ere, goian postposizioak kategoria funtzionalak direla esan dugu, eta kategoria funtzionalek ezin dutela eratorpenean parte hartu (§ 11.3b, § 11.3d). Bestetik, esan dugu flexio morfologia ezin daitekeela eratorpen prozesuen tartean sartu (§ 11.4e), baina begietaratu edo belarrietaratu bezalako aditzetan ikus daiteke posible dela. Beraz, badirudi batzuetan kategoria lexiko gisa jokatzen dutela.

Nolanahi ere, postposizioak hein batean lexikoak direla proposatzeak ere arazo batzuk sortuko lituzke. Izan ere, postposizioek zerrenda mugatua dute, eta euretako askok esanahi erabat sintaktikoa dute. Aipatzekoak dira, zentzu horretan, erlaziozko -ko postposizioa, -en genitiboa eta beharbada -n inesiboa ere. Genitiboa eta inesiboa bereziki adierazgarriak dira: morfema hauen postposizio erabileraz gain, bestelako funtzio sintaktikoak betetzeko erabiltzen dira. Inesiboak, esate baterako, lekuzko esanahiarekin batera, denbora adiera ere izan dezake aditzekin agertuz gero. Kasu horietan, aspektu progresiboa edo burutugabea adierazteko erabiltzen da: Mikel dantza egiten ari da; Mikel astelehenetan joaten da Gasteiza.

Hainbat lanetan jasotzen den bezala, progresiboko aditzei lotzen zaien -tzen morfema, -tze izengilean eta -n inesiboan dekonposa daiteke (Azkue 1925; EGLU-I; Mateu & Amadas 1999; Demirdache & Uribe-Etxebarria 2000; Laka 2004, 2006). Ildo beretik, aspektu burutugabea adierazteko erabiltzen den -tzen atzizkiak perifrasi progresibo bat izango luke jatorri (Mounole 2011).

Genitiboa ere sintaxiari dagozkion funtzioak betetzen aurki dezakegu. Batetik, aspektu prospektiboa adierazteko erabiltzen da ekialdeko hizkeretan (esaterako, joanen naiz), batez ere aditzaren partizipioak -n amaiera duenean. Aipatzekoa da, testuinguru horretan, mendebaldeko eta erdialdeko hizkeretan postposizio bat baliatzen dela, alegia, erlaziozko -ko atzizkia. Bestetik, erlatibozko esaldiak markatzeko erabiltzen den -(e)n atzizkia genitiboa dela pentsa liteke, are gehiago kontuan hartzen baldin badugu genitiboa izenlagunak sortzeko erabiltzen dela. Kasu horretan, genitiboak menderagailu baten funtzioa beteko luke: mahaia apurtu duen neska.

11.4k Laburbilduz, atal honetan erakutsi dugu postposizioek kategoria nahasia dutela. Alde batetik, kategoria lexikoen antzera jokatzen dute testuinguru batzuetan: kategoria lexikoek bezala eratorpena jasan dezakete eta lexema berriak sortzeko oinarri moduan erabil daitezke. Bestalde, kategoria funtzionalei egozten dizkiegun ezaugarri batzuk dituzte: zerrenda mugatua osatzen dute eta zenbaitetan funtzio sintaktiko garbia izaten dute. Azken kasu horietan, pentsa liteke menderagailu edo aspektu morfema moduan erabiltzen diren atzizkiak ez direla postposizioak eurak, ez bada postposizioekiko isomorfikoak diren atzizkiak. Hala ere, postposizioen eta morfema funtzional horien artean badaude antzekotasun semantiko eta sintaktikoak, eta horregatik, haien artean nolabaiteko harreman sintaktikoa badagoela pentsa genezake.

11.5. Izenak eta aditzak

11.5a Lehenengo atalean, kategoriak bereizteko eta ezaugarritzeko irizpide morfosintaktikoak erabili ditugu. Adibidez, aditzak ezaugarritzeko, alde batetik, irizpide sintaktikoak erabil daitezke. Horien artean aipatuko genituzke osagarri zuzenak hartzeko gaitasuna eta adberbioek modifikatu ahal izatea. Beste alde batetik, aditzen kategoria definitzeko irizpide morfologikoetara ere jo daiteke. Esate baterako, munduko hizkuntza askotan, hizkuntza erromantzeetan adibidez, aditzak denbora eta pertsona flexioarekin agertzen dira (esaterako, lehenaldiko lehen pertsonako caminé forma gaztelaniaz). Horrelako flexiorik ez dutenean, adizki jokatugabeak direla esaten da (caminar). Azkenengo kasuan, aditzok izenei egozten zaizkien ezaugarriak izaten dituzte, adibidez, argumentuen funtzioa bete dezakete (gaztelaniaz, caminar 30 minutos al día es bueno para la salud; frantsesez, marcher 30 minutes par jour est bon pour la santé), determinatzaileekin batera ager daitezke (gazt. el caminar por la ciudad es muy agradable), adjektiboek modifikatu ditzakete (gazt. el continuo caminar por la ciudad me puso dolor de cabeza) eta batzuetan kasu markak eraman (gazt. no le veo ninguna gracia al caminar durante todo el día; fr. je ne vois aucun plaisir à marcher pendant tout le jour).

Aditzen eta izenen arteko alde hori euskarara ekartzea interesgarria da. Izan ere, euskal adizki jokatu gehien-gehienak analitikoak dira halabeharrez, eta aditzak ez du denbora, pertsona eta numero flexiorik eramaten.

11.5b Hizkuntzalaritzan asko aztertu dira izenen ezaugarriak hartzen dituzten aditzak. Goian aipatu dugun bezala (§ 11.5a), aditzek izenei egozten zaizkien banaketa ezaugarriak erakuts ditzakete denbora eta pertsona komunztadurarik ez daukatenean, hau da, jokatugabeak direnean. Alabaina, aldi berean, aditzenak diren ezaugarri sintaktikoak gordetzen dituztela dirudi, behintzat kasu batzuetan. Euskaraz antzera gertatzen dela ikusiko dugu atal honetan. Horretaz gain, euskarazko aditzek izen ezaugarriak dituztela erakutsiko dugu, baita a priori jokatuak diren aditz egituretan ere; izan ere, aditz gehien-gehienen forma jokatua analitikoa da. Azken kasu hori aztertuko dugu lehenik.

11.5c Hamabost bat aditzen kasuan izan ezik, beste guztiek forma analitikoa dute euskaraz. Forma analitikoan, adizki nagusiek forma jokatugabea izaten dute. EGLU-II liburukian, hiru forma jokatugabe bereizten dira: aditzoina, partizipioa eta aditz izena (ikus 25. kapitulua). Hemen partizipioaz eta aditz izenaz arituko gara bakarrik. Forma burutua edo perfektiboa dutenean, -tu/ -i/-n edo -ø amaierako partizipioak erabiltzen dira (atzo Gasteiza joan nintzen). Aspektu burutugabean, aldiz, adizki nagusiek -t(z)en aspektu marka izaten dute (egunero joaten naiz Gasteiza), lehen aipatu dugun bezala, morfema izengile batean eta inesibo postposizioan dekonposa daitekeena (§ 11.4j, § 20.1.3d, § 26.3.2.2a). Azkenik, aspektu prospektiboan (edo ‘geroa’ adierazten duen aspektuan), partizipioari -ko eransten zaio (-en ekialdean -n amaieradun partizipioetan) (bihar Gasteiza joango/joanen naiz). Denbora eta modu flexioa, eta pertsona, numero eta kasu komunztadura adizki laguntzailean agertzen dira, beste osagaitik, aditz lexikotik, bereizirik119. Ikus daitekeenez, aditzek forma jokatugabea dute, nahiz eta perpauseko aditz nagusiak izan. Beraz, morfologiari dagokionez behintzat, euskarazko aditzek ez dute “adiztasunarekin” lotzen den ezaugarria betetzen, hots, ez dira denbora eta pertsona flexioarekin agertzen.

Testuinguru jokatugabeetan ere, aditz forma berberak aurkitzen ditugu: etxera joan ostean; ez diot zentzurik ikusten Gasteiza joateari; Gasteiza joateak ez dauka zentzurik. Lehen adibidean, joan partizipioa oste postposizioaren osagarria da. Bigarren eta hirugarren adibideetan, bestetik, -t(z)e amaieradun aditz izenak -a determinatzailearekin eta datibo/ergatibo kasu markekin agertzen dira (joteari/joateak). Hala ere, lehen esan dugun bezala, nahiz eta aditzok izen gisa jokatzen duten hein batean, aditzen ezaugarriak gordetzen dituzte. Esate baterako, osagarri zuzenak hartzeko gai dira (Miren eraman ostean) eta adberbioek modifikatzen dituzte (ikasleei zorrotz hitz egiteak ez du ezertarako balio; manifestua bat-batean aldarrikatzea ideia ona izan zen). Izenek ez dute berez osagarriak hartzeko gaitasunik eta ez dira adberbioekin bateragarriak. -pen atzizki izengilearekin eratorritako izenek, adibidez, osagarriak hartu ahal izateko, genitiboaren beharra dute (*manifestua / manifestuaren aldarrikapena) eta adberbioen ordez, adjektiboek edo izenlagunek modifikatzen dituzte (*bat-batean / bat-bateko aldarrikapena).

Beraz, partizipioek eta aditz izenek izenen antzera jokatzen dute azaleko banaketari dagokionez (etxera joan ostean), baina aditzak izaten jarraitzen dute, eta horregatik, aditzen ezaugarriak ere gordetzen dituzte (Miren eraman ostean).

11.5d Izenen eta aditzen arteko bereizketa kolokan jartzen duen beste datu sorta bat predikatu moduan erabiltzen diren izen eta adjektibo biluzietatik datorkigu. Izan ere, euskaraz hainbat aditzezko esanahi izen edo adjektibo biluzien bidez adierazten dira. Hauek dira, esaterako, izen biluziez sortuak: arrazoi izan, ardura izan, aitor izan, aiher izan, arta izan, axola izan, amets izan, balio izan, behar izan, beldur izan, damu izan, gorroto izan, merezi izan, uste izan eta abar; eta adjektibo biluziek sortuak: ageri izan, aski izan, ezagun izan, gogoko izan, gustuko izan, maite izan, nahiago izan, nabari izan eta abar (§ 23.2.1.3.4).

Perpauseko predikatu nagusiak direnean, izen eta adjektibo horiek ez dute aspektu markarik eta beti izaten dute adiera burutugabea. Gehienetan egoerak adierazten dituztenez, aspektu interpretazioa mugagabea izaten da. Adizki nagusiekin ikusi dugun bezala, predikatu hauetan ere denbora eta pertsona flexioa aditz laguntzailean agertzen da: Aitorrek Miren gorroto/maite du; Mirenek hondartzara joatea gogoko du.

Predikatu horiek izen eta adjektibo biluziak dirudite formaren aldetik, baina aditzen banaketa sintaktikoa dute: absolutiboz markatutako osagarri zuzenak hartzen dituzte, eta ergatiboz markatutako subjektuekin agertzen dira, gainerako aditzak bezala. Beraz, ez dugu pentsatu behar aditz laguntzailea kasu honetan aditz nagusia edo kopula denik eta izena haren osagarri zuzena. Horrelako analisi batean ezingo genuke azaldu Miren argumentuak absolutibo kasua edukitzea goiko adibidean. Ildo berean, perifrasi horietan *edun aditz nagusia balitz, ba- baieztapen aurrizkia onartuko litzateke (*Mirenek badu hori ondo dagoela uste)120, *edun kopula denean onartzen baitu: Aitorrek badu diru nahiko; Mirenek badu hori ondo dagoelako ustea. Aurreko *Mirenek badu hori ondo dagoela uste adibidean, uste da predikatu nagusia eta *edun aditz laguntzailea. Ondorioz, *edun-ek ezin du baieztapen interpretazioa izan ba- aurrizkiarekin agertzen denean. Mirenek badu hori ondo dagoelako ustea adibidean, aldiz, ustea determinatzaile sintagma *edun-en osagarri zuzena da. Kasu horretan, ba- aurrizkiak baieztapen esanahia dauka.

11.5e Aditzen eta izenen alderaketa bukatzeko, jarduerak adierazten dituzten zenbait izenez arituko gara (EGLU-I: 244-245). Izen horiek inesibo postposizioaz lagundurik agertzen dira, eta burutzat izaten dute aspektu aditz bat, adibidez, egon, ari eta ibili. Beste zenbaitetan, egin aditz arina ere har dezakete. Hona hemen adibide batzuk: igerian, aitzurrean, musean, ehizan, jolasean, beharrean, marmarrean, ametsetan, lotan, mezatan, txoritan, neskatan eta abar.

Jarduera izen batzuek gertaera bera izendatzen dute (adibidez, jolasean, ehizan, ametsetan), eta beste batzuek gertaeran parte hartzen duen instrumentua edo entitatea (esaterako, aitzurrean, pilotan, neskatan). Inesibo postposizioari dagokionez, batzuk DS singularrari lotzen zaizkio (jolasean, ehizan eta abar) eta beste batzuk sintagma mugagabeari (neskatan, ametsetan eta abar). Azkenik, jarduera izen batzuek -(k)eta izengileaz eratorriak dira: hizketan, berriketan, jostaketan, igeriketan eta abar.

Jarduera izen horiek ez dira aditz nominalizatuak, hau da, ez dira aditz izenak. Horrenbestez, ezin daitezke beste hizkuntzatako gerundioekin parekatu. Inesiboa daramaten aditz izenak (adibidez, amets egiten, jolasten eta abar) aditzak dira sakonean, eta ondoren izengile batekin nominalizatzen dira. Horregatik aditzei dagozkien ezaugarriak gordetzen dituzte (ikus § 11.3). Atal honetan aztertzen ari garen jarduera izenak, ordea, izenak dira sakonean, hots, ez dute kategoria aldaketarik jasan. Hori dela eta, jarduera izenetan ez daukagu balizko nominalizazio baten ebidentzia morfologikorik (-tze atzizkia ez da ageri), eta ez dira bateragarriak osagarri zuzen batekin: gauza ikaragarri bat amesten ari nintzen vs *gauza ikaragarri bat ametsetan nengoen/ari nintzen eta dantza polit bat dantzatzen ari gara vs *dantza polit bat dantzan ari gara.

Nolanahi ere den, jarduera izenek adberbioak onartzen dituzte, eta hori izatez izenetatik espero ez dugun ezaugarria da: Igerian ari da gelditu gabe / arin-arin; Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen, ongi pilotan eta oneski dantzatzen. Badirudi, beraz, jarduera izenek izaera nahasia dutela. Izenak dira berez, baina adberbioek modifikatzea onartzen dute, aditzek bezala.

11.6. Izenak, adjektiboak eta postposizioak

11.6a Hizkuntzalaritzaren historian, adjektiboei oso berandu egokitu zitzaien kategoria beregaina, besteetatik bereizia. Tradizio askotan izenenekin edota aditzekin batera sailkatzen zituzten. Izan ere, adjektiboek izenekin ezaugarri batzuk partekatzen dituzte, bai morfologikoak, bai sintaktikoak. Esate baterako, biak izan daitezke predikatuak, izan kopula aditzaz lagundurik. Gainera, adjektiboek numero flexioa eramaten dute, izenek bezalaxe: izen predikazioa (Miren eta Mikel irakasleak dira) eta adjektibo predikazioa (Miren eta Mikel azkarrak dira).

Baina badira, jakina, izena eta adjektiboak bereizten dituzten irizpideak. Adibidez, izenak bakarrik izan daitezke aditzen argumentuak121. Eta eramaten dituzten flexio morfemak eurekin komunztadura harremanean dagoen izenari dagozkio, eta ez adjektiboari berari. Ikasleak azkarrak dira diogunean, azkarrak adjektiboak daraman pluraleko morfema interpretagarria da ikasleak izenean (izenak dauka berezkotzat), baina ez adjektiboan. Hortaz, adjektiboek erakusten duten numero flexioa ez da berezkoa, komunztadura harremanean jasotakoa baizik.

11.6b Adjektibo asko morfologikoki sinpleak dira, bakunak (eder, handi, txiki, polit, altu eta abar), eta beste batzuk konposatuak (gogotsu, garrantzitsu, adeitsu, beldurti, gezurti, gorridun, zordun eta abar). Euskarazko adjektibo batzuk bereziki interesgarriak dira, izenez eta postposizioez osaturik baitirudite. Kasu horren erakusle dira -ko amaiera dutenak (ikus § 21.7), esate baterako: etxeko, betiko, gaurko, bertako, nazioarteko eta abar. Horrelakoetan argi eta garbi bereiz daitezke adjektiboaren barne osagaiak.

11.7. Izenordainak

11.7a Izenordainak kategoria mota bateko hitzak dira, baina gramatikarien artean gogoeta puntua izan da gai hau, ez baita erraza zehaztea zein den kategoria hori. Batetik, pertsona izenen ordaintzat hartu izan dira, baina bestetik berez dira determinatzaileak, esan nahi baita, ez dutela besterik deus determinatzen (artikuluak, adibidez, izena determinatzen du: etxe-a), izenordainak berak baitira determinatzaileak (ni/*nia) (§ 15.2.2a, § 2.7).

11.7b Izenordainak elkarrizketa batean ageri diren pertsonen ordez erabiltzen ditugu (§ 13.1). Pertsona izenordainak, hola deitzen ditugu, diskurtsoan parte hartzen duten pertsonak izendatzeko erabiltzen ditugu, hortaz, eta badute isla zuzena adizki jokatuen morfologian.

11.7c Euskararen historian lau izenordain ageri dira: ni eta hi singularrean, eta gu eta zu pluralean. Hori ongi ikus daiteke aditzaren morfologian. Denboraren indarraz, hi izenordainak leku markatuagoa hartu du (§ 13.3.2), eta zu esanahiz aldatu da, singularraren balioa hartuz; ondorioz, zuek sortu da pluralean, zu izenordainak utzitako tokia betetzeko. Beraz, hau gertatu da: ni/hi (sing.); gu/zu (pl.) → ni/hi/zu (sing.); gu/zuek (pl.).

11.8. Aditzak eta adjektiboak

11.8a Aditzak adjektibo modura azaleratu daitezke zenbait kasutan (ikus § 14.5). Lehen (§ 11.5b, § 11.5c) azaldu dugu euskarazko aditz gehien-gehienak forma jokatugabean agertzen direla, nahiz eta perpauseko predikatu nagusiak izan: gehienetan partizipio modura edo aditz izen modura. Bada, partizipiozko aditzak numero flexioarekin ager daitezke testuinguru batzuetan, izenak eta adjektiboak bezala: Ikasleak haserretuak daude; Aulkiak erreserbatuak dauzkat.

Numero flexioa duten partizipioek -a atzizkia eramaten dute. Horrelako partizipioak adjektibotzat hartu izan dira euskalaritzan, izan ere, adjektiboen banaketa sintaktiko antzekoa dute. Lehenik, -ago, -egi, -en mailakatzaileekin ager daitezke (haserretuago, haserretuegi, haserretuen)122. Goian (§ 11.2c) ikusi dugu hori ez dela adjektiboen ezaugarria bakar-bakarrik, zenbait adberbio eta postposizio sintagma ere modifikatu baitaitezke mailakatzaileekin. Argi dago, hala ere, aditzak ez direla horrelako testuinguruetan aurkitzen; beraz, goiko partizipioak ezin dira aditzak izan. Bigarrenik, -a partizipioek izen bat modifikatzen dute, adjektiboek bezalaxe, eta izen horren numero tasunak erakusten dituzten morfemekin agertzen dira. Adjektiboen moduan, atribuziozko gunean (gutun bidaliak ikusi nahi ditut) edo predikatuen gunean (gutunak bidaliak daude) ager daitezke.

Hirugarrenik eta azkenik, -a partizipioak adjektibozko osagarriak hartzen dituzten aditzen osagarriak izan daitezke, esate baterako, irudi eta eman aditzenak: Haserretua dirudi/ematen du.

11.8b Goiko testuinguru horietan -a partizipioen eta adjektiboen jokaera antzekoa izan arren, -a partizipioak adjektiboetatik bereizten dira beste hainbat eremutan. Aditz izenekin ikusi dugun moduan, -a partizipioek aditzen ezaugarri asko gordetzen dituzte. Ikus dezagun orain, zertan jokatzen duten -a partizipioek eta adjektiboek berdintsu eta zertan ez.

11.8c Adjektiboek bezala, -a partizipioek egoera bat adierazten dute. Adibidez, Mahaia apurtua dago diogunean, enuntziatuaren denbora tartean mahaia apurtua egoeran dagoela baieztatzen ari gara. Berdin gertatzen da adjektiboekin. Mahaia zikin dago esaten dugunean, mahaia zikin egoeran dagoela baieztatzen ari gara. Alabaina, apurtua eta zikin ez dira guztiz berdinak. Adjektibozko partizipioak aurretik gertatuko gertaera baten ondorioz indarrean dagoen egoera bat adierazten du; egoera-mailako adjektibo batek, berriz, zikin-ek, adibidez, egoera bat deskribatzen du, besterik gabe. Mahaia zikin baldin badago, baten batek zikinduko zuen beharbada, baina gertaera hori ez dago sintaxian kodifikatua. Bereizketa horrek berebiziko garrantzia du bi adjektiboon banaketa sintaktikoan. Adjektibozko partizipioak bateragarriak dira gertaera modifikatzen duten moduzko, denborazko eta lekuzko adberbioekin: Mahaia kontu handiz garbitua dago; Pastela atzo goizean amamaren etxean prestatua dago. Adjektibo soilak, edota adberbio soilak, aldiz, ez: *Mahaia kontu handiz garbi dago; *Pastela atzo goizean amamaren etxean prest dago.

Adjektibo eta adberbio soilek, hala nola garbi-k edo prest-ek, ez dute gramatikalki aurrez gertatutako gertaera bat adierazten, eta ondorioz, ez dituzte onartzen balizko gertaera bat deskribatuko luketen moduzko, denborazko eta lekuzko modifikatzaileak. Adjektibozko partizipioek, berriz, gertaera baten emaitza adierazten dute, eta gertaera bera modifikatzea onartzen dute. Horrelako adjektiboei partizipio erresultatiboak deritze hizkuntzalaritzan. Adjektiboen eta aditzen ezaugarriak biltzen dituztenez, adjektibozko partizipioak kategoria hibridotzat edo nahasitzat hartu izan dira. Aditz izenen eratorpen-bideari jarraituz, esango genuke adjektibozko partizipioak aditzak direla eratorpen sintaktikoaren hasieran, eta ondoren, egitura funtzionaleko puntu batean adjektibo bihurtu direla.

11.9. Adberbioak, adjektiboak eta postposizioak

11.9a Adberbioa aditzaren inguruko elementuak biltzen dituen kategoria da (ikus 22. kapitulua); aditzak adierazten duen gertaera edo egoera denboran edo espazioan kokatzen dute, edota gertaera edo egoera gauzatzen den modua deskribatzen dute. Kategoria horren barruan askotariko modifikatzaileak sartu ohi dira: denborazkoak, lekuzkoak, moduzkoak, deitikoak eta abar. Hori eta dela, adberbioak ezaugarritzea zaila izaten da, hein handi batean adberbio kategoriarekin definitzen ditugun hitzen aniztasunagatik.

Adberbioak euskaraz bakunak izan daitezke (atzo, gaur, bihar eta abar) edo konposatuak (ederki, ondo, txarto eta abar). Munduko hainbat hizkuntzatan bezala, adberbio konposatuak adjektiboetatik eratortzen dira oro har, eta eratorpen-atzizki adberbiogileekin eraikitzen dira. Euskaraz, honako atzizki hauekin erabiltzen dira (§ 6.2): -to, -ro, -ki, -ka6.2, § 22.2.2, § 22.4.6l), -(r)ik123 eta -(e)la. -to eta -ro atzizkiak dira gaur egun gutxien erabiltzen direnak. -ro Hegoaldean baliatzen da gehienbat, baina -kirekin ordezkatzen hasi da; izan ere, -ki da, -karekin batera, adberbiogile emankorrena euskal hizkeretan.

11.9b Munduko beste hizkuntza batzuetako atzizki adberbio-sortzaileak, adibidez, gaztelaniazko -mente eta ingelesezko -ly, izenetatik eratortzen dira. Euskarazko atzizki adberbiogile batzuek, aldiz, postposizioetan dute beren jatorria. Esate baterako, -(r)ik atzizkia (partizipio erresultatiboetan ere erabiltzen dena) ablatibo zaharrari dagokio (Krajewska 2013), eta -(e)la adlatibo zaharrari (de Rijk 2008). -ki atzizkia ere postposiziotzat hartu izan da lan batzuetan, adberbioen testuinguruan bertan (Uribe-Etxebarria 2014) eta aditz laguntzaileen eremuan (Fernández 2015)124. Horrekin lotuta, aipagarria da -ki adberbio batzuk inesibo sintagmekin txandakatzen direla: itsuki vs itsuan, normalki vs normalean, ezkutuki vs ezkutuan (EGLU-I: 316). Postposizio sintagmen eta adberbioen arteko txandakatzea ez da oso harritzekoa; izan ere, bi kategoriak dira aditzekin bateragarriak.

Bestetik, Hegoaldeko euskalkietan —gaztelaniaz, latinez eta alemanez bezala—, oso zabaldua dago adjektibo itxura duten hitzak erabiltzea adberbio funtzioarekin, zehazki, aditzak adierazten duen gertaeraren modua adberbioak deskribatzen duenean: aldrebes, alfer, arin, apropos, argi, artez, bikain, dotore, erraz, garbi eta abar (§ 14.8). De Rijken (2008) arabera, Iparraldeko euskalkietan -ki erabiltzeko ohitura handiagoa da horrelako kasuetan: aldrebeski, alferki, arinki, aproposki, argiki, artezki, bikainki, dotoreki, errazki, garbiki eta abar. Hauek dira adibide batzuk de Rijken lanetik (2008: 238) hartuak: Ene bihotza azkar zebilen (L. Haranburu); Oso zintzo portatu gara (Atxaga); Dena garbi zekusan (Olabide).

11.9c Nahiz eta forma aldetik berdinak izan, adjektibo itxurako adberbioak darabiltzaten hiztunek garbi bereizten dituzte adjektiboak eta adberbioak. Desberdintasun horren atzean adjektibo itxurako adberbioetan morfema adberbiogile isil bat egon liteke (Agirre Ibarra 2017) edo beharbada gaztelaniako kasuetarako proposatu den izen isil bat (Fábregas & Alexeyenko 2016). Nolanahi ere, banaketa sintaktikoak berak bereizketa egiten laguntzen digu; izan ere, adjektiboak beti agertuko dira izen bat modifikatzen edo predikatu gunean, eta adberbioak, aldiz, aditzak modifikatuz agertzen dira.

11.10. -ka formak: zenbatzaileak, aditzak, postposizio sintagmak eta adberbioak

11.10a Gramatika askotan, -ka atzizki adberbiogileen artean zerrendatzen da (ikus hemen § 11.9a, 22. kapitulua eta § 6.2.3), baina batzuetan -ka daramaten hitzen kategoria estatusa ez da oso argia125. Bada, -ka atzizkia askotariko kategoria duten hitzetan aurki dezakegu: zenbait zenbatzaile altutan (dozena, mila, ehun, milioidozenaka ikasle, milaka pertsona…), aditz batzuetan (musukatu, harrika egin…), adberbioetan (bultzaka sartu, saldoka atera…), eta erdialdeko euskalkietan, baita postposizio sintagmetan ere (etxeraka, unibertsitateraka…).

Hainbat lanetan, -kak esanahi iteratiboa edo errepikakorra daukala adierazi da (Etxepare 2003; de Rijk 2008), zehazki aditzen eremuan. Berro-k (2017) -ka atzizkiaren erabilera guztiak azaltzeko ahalegin batean, -kak esanahi metagarria (Krifka 1998; Zwarts 2005, 2008; Rothstein 2004) duela proposatu du.

11.10b -ka daramaten hitzek askotariko kategoria izan dezaketenez, zaila da -ka kategoria zehatz bateko hitzen eratorpen-atzizki gisa irudikatzea (nolanahi ere, ikus § 6.2.3). Horren ordez, pentsa liteke -ka atzizkiak esanahi jakin bat gaineratzen duela, baina kategoria adierazpide morfofonologikorik gabeko morfema batek ezartzen duela, hau da, buru isil batek.

11.10c Goitiko adibideetan aipatu ez dugun -ka atzizkiaren beste erabilera bat da aspektu aditzen osagarriak sortzearena. -ka amaiera duten jarduera126 izenak egon, ari, ibili eta hasi aspektu aditzen osagarriak izan daitezke: Miren saltoka hasi da; Miren Joni deika ari zaio/dabil/dago. Zentzu horretan, inesibodun aditz izenen antzera jokatzen dute. -tzen amaieradun aditzak aspektu aditzen osagarriak izan daitezke: Miren salto egiten ari da; Miren Jon/Joni deitzen ari zaio/dabil/dago.

Gune berean agertzeagatik ere, inesibodun aditz izenek eta -ka formek ez dituzte ezaugarri berberak. Inesibodun aditz izenak bateragarriak dira absolutiboz edo datiboz markatutako osagarri batekin: Miren Jon/Joni musukatzen ari da/zaio; Miren Jon/Joni deitzen ari da/zaio. Datiboaren edo absolutiboaren arteko hautua euskalkiaren araberakoa da (ikus Fernández & Ortiz de Urbina 2010, 2012). -ka formak, aldiz, datibo osagarriekin bakarrik dira bateragarriak: Miren *Jon/Joni musuka ari da/zaio; Miren *Jon/Joni deika ari da/zaio.

11.10d Goiko atalean (§ 11.5e) ikusi dugun bezala, inesibodun jarduera izenek ere ezin dute absolutiboz markatutako osagarri zuzenik hartu. Gauza bera gertatzen da kategoria nahasiko beste forma batzuetan ere (eske, adi, so, begira): (*Gauza ikaragarri bat) ametsetan nengoen/ari nintzen; Jon (*mesede bat) eske zebilen; Jon (*laguna) adi zegoen; Jon (*laguna) so zegoen; Jon (*lagun) begira zegoen.

Predikatu horietan absolutibo osagarriaren ordez, postposizio sintagmak, datibo osagarriak edo izen biluziak (determinatzailerik gabekoak) erabiltzen dira: Gauza ikaragarri batekin ametsetan nengoen/ari nintzen; Jon mesede eske zebilen; Jon lagunari adi zegoen; Jon lagunari so zegoen; Jon lagunari begira zegoen.

Absolutibo osagarriak hartzeko ezintasunak aditz kategoriaren faltarekin izango du zerikusia ziurrenik, bai -ka forma biluzietan (-tzen atzizkirik gabekoetan), inesibodun jarduera izenetan zein kategoria nahasiko eske, adi, so eta begira formetan.

114 Hara adlatibo postposizioak ere onartzen du mailakatzaile konparatiboa (harago), baina ez superlatiboa (*haren), ezta gehiegizko maila ere (*haregi) (ikus § 20.3). Kontuan izan behar dugu adlatibo postposizio sintagmak oro har ez direla onargarriak mailakatzaileekin, eta, beraz, pentsa liteke goian aipatutako aurrera eta gora ez direla benetan postposizio sintagmak, adberbio sintagmak baizik.

115 Lan honetarako ez dugu kontuan hartuko gaur egungo hizkuntzalaritzan ontzat hartzen den analisi bat, Marantz-ek (1984) eta Kratzer-ek (1996) proposatutakoa hain zuzen, non esaten den subjektua ez dela aditzaren argumentua, baizik eta bestelako funtzio buru batek gaineratutakoa.

116 -tu atzizkiaren izaera lexikoa edo funtzionala eztabaidagarria izan daiteke. Aditz sortzailetzat hartuz gero, lexikoa litzateke (§ 6.1b). Partizipio atzizkitzat badugu, ordea, funtzionala izango litzateke.

117 Kategoria lexikoa duten ale guztiek ez dute, beraz, beregaintasun fonologikorik. Kasu honetan, eratorpen-atzizkiak, lexikoak izanagatik ere, atzizki forma dute.

118 -garri atzizkia izen kategoriakoa ere izan liteke (§ 4.4.2.2).

119 Aditz laguntzailea izan edo *edun izan daiteke. Hautua aditzaren araberakoa izango da nagusiki (trantsitiboak eta iragangaitz ergatibodunak *edun-ekin agertzen dira eta intrantsitiboak izan-ekin), baina alokutibo komunztadurak ere eragina dauka.

120 Ekialdeko euskalki batzuetan onartzen dira horrelako adibideak, hala nola Aitorrek Miren badu maite eta Mirenek badu uste hori ongi dagoen. Kasu horietan, *edun-ek aditz nagusi gisa jokatzen du, eta ez aditz laguntzaile moduan.

121 Horrekin lotuta, esan dugu (§ 11.2c) erlaziozko adjektiboek (edo erreferentzia adjektiboek) modifikatzen dituzten izenen argumentuak adieraz ditzaketela, esaterako, erreforma konstituzionala adibidean. Argumentuak adierazteko gaitasuna, beraz, adjektiboek badute, baina izenei bakarrik dagozkienak, eta ez aditzenak.

122 Kasu horretan, -a atzizkia ez da agertzen -tu partizipioaren eta mailakatzailearen artean. Agertzekotan, mailakatzailearen eskuinean egongo litzateke (adibidez, haserretuagoa).

123 Zalantzagarria da -(r)ik amaieradunak adberbioak ote diren benetan. Izan ere, askotan egoera-mailako predikatuak dirudite (alderatu, esate baterako, isil adjektiboa eta isilik predikatua, Jon isila da vs Jon isilik dago). Aditz batekin agertzen diren kasuetan (adibidez, isilik etorri da), bigarren mailako predikatutzat har litezke.

124 -ki atzizkia izengilea ere izan daiteke batzuetan, adibidez, estalki, izozki, euskalki, liburuki izenetan (§ 4.4.2.3, § 4.4.3.3).

125 Bada beste desberdintasun bat -ka adberbioen eta -ki adberbioen artean. 11.9b atalean azaldu dugun bezala, -ki atzizkiak adjektiboak hartzen ditu osagarri moduan, munduko hizkuntzetan atzizki adberbiogileek egiten duten antzera; -kak, ordea, izenak hartzen ditu gehien-gehienetan. Salbuespen gisa, -ka adjektiboekin ere ager daiteke, hala nola herrenka eta isil-isilka kasuetan.

126 Instrumentuen edo gorputz atalen izenak ere erabil daitezke -ka hitzak sortzeko (aizkoraka, harrika, ukabilka eta abar). Nolanahi ere, hitz horiek jarduerei egiten diete erreferentzia; instrumentua edo gorputz atala jarduera gauzatzeko erabiltzen dela ulertzen da. Instrumentuen edo gorputz atalen eta jardueren arteko asoziazioa lexikoa litzateke, hots, hiztunek daukaten euskararen jakintzan oinarrituko litzateke.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper