Euskararen Gramatika

10.1. Sintagma nagusia eta perpausa


10.1. Sintagma nagusia eta perpausa

10.1a Sintagmak, oro har, sintagma nagusiago, goragoko baten osagai ditugu. Bigarren kapituluan (“Sintagmak zer diren”) ikusi denez, sintagmak bata bestearen barruan sarturik gertatzen dira sintaxi egiturari dagokionez. Perpausa da betiere goiko sintagma, eta horrek markatzen ditu mugak, perpausak baitira predikazio-unitate txikienak. Perpausak aditza behar duenez, aditz hori jokatua nahiz jokatugabea izan daiteke. Jokatugabea denean (etortze) beti egongo da sintagma zabalago batean bildua: [X-i [P X etortzeko] esan diogu]. Jokatua denean ere, hala izango da aditzak menderagailu bat daramanean (dela): [ X-k [[P X etorriko da] ela] esan du].

Guztien buru, nolanahi ere, egitura beregain bat osatzen da, nagusiagorik edo goragokorik ez duen sintagma bat. Egitura horren muin eta ardatza aditz jokatu bat da, bere horretan, menderagailurik gabe. Egitura osatuz, aditz (sintagma) horrek eskatzen/hartzen dituen zenbait sintagma agertuko dira (agerian nahiz isildurik): gutxienez, subjektu den izen sintagma; aditz predikatuaren arabera, objektu zuzena edota hura eta zehar-objektua, eta, hala badagokio, postposizio sintagmazko beste argumentu batzuk edo bestelako izaera eta osaerako batzuk, hala nola atributua nahiz predikatu-osagarria. Aditzak berez eskatzen ez dituen osagai batzuk ere ager daitezke, adjuntu deritzenak, egitura nagusi hori hedatuz: zirkunstantzialez gainera, baldintzazkoak, kontzesiozkoak, ondoriozkoak. (Ikus § 2.11, § 23.3.1).

Egitura nagusi hori perpaus beregaina da: aditz jokatu baten inguruan antolaturiko unitate osoa, enuntziatu gisa erabil daitekeena. Egitura sintaktiko oso eta beregain hori (perpausa den abstrakzioa osatzera eta gauzatzera datorren material foniko, morfologiko, lexiko eta semantikoa hartan integraturik) bere horretan erabil daiteke diskurtsoko unitate gisa, hots, esaldi gisa. Diskurtsoa, hala, esaldi-sekuentziaz osatua da, kasuan kasuko testua osatzeraino.

Hala ere, esaldi guztiak ez dira perpausez osatuak, hots, aditza dutenak: egun on; ados; alajaina; ongi etorri… Halako esaldi adizki-ardatz gabeentzat erabiltzen den termino teknikoa frase da (hitz horrek, jakina, bestelako adiera izan dezake erabilera arruntean).

Bestelako kasua da, aurreko paragrafoan aipatu dugun moduan, dagokiokeen adizkia —zehatz nahiz lausoa— isildurik etortzea perpausean: hori da, besteak beste eta bereziki, harridura perpaus askoren kasua (Ederra [da] ateraldia! Nolako nekea [dudan [harritzekoa da]]!). Harridura perpausak, izan ere, emozio bizien adierazle berezi dira, eta badirudi emozio hori gaindu egiten zaiola askotan perpaus oso-osoa erabiltzeari; horrekin lortzen den laburtasuna egoki ezkontzen da, bidenabar, emozioen kolpeko adierazpenarekin, interjekzioetan nabari den moduan; alegia, ahalik eta hitz gutxien eskatzen dituela hor hizkuntza-ekonomiak: Alajaina! Hamaika holako! Ederra (gero)!

10.1b Perpaus beregainak, hura definitzeko erabili dugun izaera sintaktiko horrekin batera (eta harekin loturik), baditu bestelako ezaugarri batzuk bestelako egituretatik bereizten dutenak.

a) Intonazioaren aldetik, tonema berezi batez adierazten da perpaus beregainaren amaiera: adierazpenen kasuan, tonuak, gora egin ondoren, beherenera egiten du azken silaban (kadentzia deritzo tonema horri). Puntuazioak ere horren arabera nabarmentzen du muga hori, oro har koma (semikadentziari dagokiona) baino goragoko markaz (puntu nahiz puntu eta koma edo bi puntu).

b) Esanahiaren aldetik ere, nolabaiteko osotasun bat —edota askitasun edo asetasun bat— du perpaus beregainak, esan bezala, enuntziatu-unitate izateko gaitzen duena. Ezaugarri hori aipatu izan dute bereziki gramatika tradizionalek beren definizioetan.

Perpaus beregaina da, hala (esaldi aditz gabearekin batera), aldi berean intonazio-, sintaxi- eta esanahi-unitate nagusia.

Garrantzizkoa da hor “beregain” adjektiboa, eta aipatua dugu zerk egiten duen perpausa beregain: menderagailurik ez eramateak. Euskaraz, nabarmena da kontua, adizkiak eraman behar baitu erantsia menderagailua: bait-, -la, -lako, -n

10.1c Menderagailuz markatuak diren perpausak ez dira beregainak, menderatuak baizik, hots, perpaus zabalago baten osagaietariko bat, berarekin doan menderagailurik gabeko perpausaren mendekoa28.3, § 29.1). Alde horretatik, bada, mendeko perpausez osaturiko sintagmak perpausezkoak ez diren sintagmen kideko dira funtzioz (perpaus baten osagai), eta ez perpaus beregainen kideko. Hori perpauson funtzioari dagokio. Formaz, berriz, menderagailua eramateak bereizten ditu. Mendeko perpausen sail guztia hartzen badugu, bada beste bereizgarri bat beregainekiko: perpaus beregainak, aipatu bezala (§ 10.1a), aditz jokatuzkoak dira ezinbestean; mendekoak, berriz, jokatugabeak ere izan daitezke (aditz jokatu bat agertuko da, jakina, egituran gorago: mendekoaren nagusi beregainarena).

10.1d Perpaus beregainen eta perpaus menderatuen arteko alde guztiz funtsezkoak ikusi ondoren, prestaturik gaude adjektiboak kenduta definitzeko zer den perpaus bat edonolakoa: aditz baten inguruan antolaturiko sintaxi-unitatea. Aditzak menderagailurik ez badarama, bere horretan izan daiteke perpausa (beregaina, ez-menderatua) enuntziatu-unitate bat. Menderagailua badarama, halako perpausa (menderatua, ez-beregaina) perpaus nagusi(ago) baten osagaietariko bat baino ez da. Mendeko perpaus jokatuen forma perpaus beregain bati menderagailua erantsiz lortzen da: Urrea aurkitu duteurrea aurkitu duten/dutela. Perpaus menderatuak (jokatuak eta jokatugabeak) zein bere atalean aztertuko ditugu (ikus 29. kapitulua eta ondokoak).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper