Euskararen Gramatika

9.9. Bikoiztapenak


9.9. Bikoiztapenak

Hitz bera errepikatuz sortzen diren egiturei eman zaie izen hori. Egiturok, ordea, askotan ez dira kategoria lexikoak, sintagmatikoak baizik, postposizio sintagmak / adberbio sintagmak, alegia. Edo, kategoria lexikoak izanik ere, adjektiboak esaterako, esanahia ez da lexikoa, gramatikala baino, aurreraxeago ikusiko dugunez. Horrexegatik eztabaidagarria izan daiteke hitz elkarketaren barruan aztertzea; hain zuzen ere, bai etxeko eta bai kanpoko gramatikarien artean izan dira horrelako egiturak hitz elkarketaren barnean aztertu dituztenak, eta baita sintaxian aztertu beharrekoak direla defendatu dutenak ere. Azkuek, adibidez, graduazio edo maila-adberbioez ari dela aipatzen ditu on-on-ona moduko egiturak (beheraxeago —c) azpiatalean— aztertuko ditugunak); Euskal Gramatika: Lehen Urratsak-I lanean ere izenondoak errepikatzea goren maila adierazteko baliabidetzat hartzen da, eta herriz herri eta horien antzekoak esapide gisa ematen dira. De Rijkek (2008) ere bereizi egiten ditu hitz elkarketa eta bikoiztapenak. Lafitte da gramatikari bakarra hitz elkarketaz ari dela bihotz-bihotzetik motako egiturak kontuan hartzen dituena101. Nolanahi ere, Hitz-Elkarketa/1 eta Hitz-Elkarketa/4 lanetan kontuan hartu ziren bikoiztapenak. Guk ere hemen emango ditugu, nahiz, ondoren aipatuko ditugun edozein, zernahi eta abar bezala, ezin esan daitekeen egiazko hitz elkartuak direla: bikoiztapena ez da kategoria lexiko bat sortzeko bi kategoria lexiko elkartzen dituen prozedura.

Hiru azpiatal nagusitan banatu ziren bikoiztapenak Hitz-Elkarketa/4 lanean:

a) Amredita elkartuak. Formalki, -z edo -(r)ik postposizioa nahiz genitibo marka hartzen du lehen osagaiak; bigarrenean, berriz, soilik, inolako markarik gabe ageri da osagai hori bera (gehienetan izen kategoriakoa izan ohi dena). Adierari dagokionez, lekua edo denbora adierazten dute adberbio sintagma hauek “behin eta berriroko gertaeren nondik norakoa adierazten dute sarri. […]. Errepikatze-lan hori banakakoa, ‘aldian bat’ekoa izan ohi da” (Hitz-Elkarketa/4: 48). Emankortasunari dagokionez, erraz sortzen dira egiturako horietako bikoiztapenak: bulegoz bulego, euskaltegiz euskaltegi edo belodromorik belodromo. Badira, bestalde, ihartu, eta lokailu bihurturiko batzuk ere horrelako egitura dutenak: batik bat, behinik behin… Bereiz idazten dira mota honetako bikoiztapenak:

aurrez aurre, bidez bide, erdiz erdi, eskuz esku, etxez etxe, gainez gain, gizaldiz gizaldi, herriz herri, hitzez hitz, hurrenez hurren (diskurtso markatzaile bihurtua), kalez kale, larrez larre, mailaz maila, mendez mende, mendiz mendi, orpoz orpo, parez pare, pausoz pauso, puntuz puntu

adarrik adar, batik bat (lokailu bihurtua), bazterrik bazter, behinik behin (lokailu bihurtua), belaunik belaun, erromeriarik erromeria, festarik festa, kalerik kale, sasirik sasi

alderen alde, bururen buru, menderen mende, puntaren punta

Bestelakoak: goizean goiz, bisean bis; doian doika; oraindik orain102

b) Atzizkiren bat duen osagaia bi aldiz errepikaturik duten egiturak. Atzizki hori izan daiteke eratorpen atzizkia (apurka-apurka, aldiro-aldiro) edo postposizio atzizkia (aldian-aldian). “Antzutu samarrik dago euskal sorbide hau” irakur dezakegu Hitz-Elkarketa/4 lanean, baina hala ere azpimarratzen da badirela aski bizirik dauden sorbideak, hala nola, zikloka-zikloka, edo fasean-fasean modukoak. Denbora eta neurria dira, oro har, bikoiztapen mota honen bidez aditzera ematen ditugunak; eta marraz elkarturik ematen ditugu bi osagaiak.

apurka-apurka, arrastaka-arrastaka, banaka-banaka, bazterka-bazterka, tarteka-tarteka, txandaka-txandaka; launaka-launaka

aldian-aldian, arian-arian, egunean-egunean, ekinean-ekinean, ezarian-ezarian, lekuan-lekuan, onean-onean, unean-unean; banan-banan

aldiro-aldiro, egunero-egunero, jaiero-jaiero

c) Indargarriak. Morfologiaren ikuspegitik egitura bat baino gehiago aurkituko dugu ondoko adibideetan, baina esanahiak ematen die bateratasuna guztiei. Izan ere, Hitz-Elkarketa/4 liburuan esaten den bezala, horrelako bikoiztapenek “oinarri-hitzaren esanahia indartu [egiten dute], inoiz superlatibo mailaraino”. Batzuetan adjektibo kategoriako osagaia da errepikatzen dena, baina hortik ez da beste esanahi bat duen adjektiboa sortzen (adjektibo elkartuetan ikusi dugun moduan); indarra emateko modua baino ez da (§ 14.10.3c). Errepikatze-estrategia hau adberbioekin ere egiten dugu, ondoko adibideetan ikus dezakegun bezala; direla predikatu sintagma osatzen dutenak (adi-adi egon), direla eratorpen atzizkien bidez sortuak (poliki-poliki, astiro-astiro); beste batzuetan, egin aditzarekin osatzen ditugun aditz lokuzioetako lehen osagai gisa ageri dira (asper-asper egin). Zenbatzaile eta graduatzaileak ere errepika ditzakegu (guzti-guztiak) eta, gaur emankortasunik gabeak izan arren, izenordainak ere aurki ditzakegu errepikatuak (bere-bere(a)). Beste batzuetan bigarren osagaiak postposizio atzizkia hartzen du, a) azpiatalean ikusi dugun estrategiaren aurkakoa, beraz; bikoiztapen egitura adberbio sintagma da, jakina: azken-azkeneraino, bihotz-bihotzez, barru-barrutik, gain-gainera… Aski emankorrak dira bikoiztapen indargarriak, hauetako batzuk behintzat (bereziki izenondo eta adberbio errepikatzeak). Marratxoz elkarturik ematen ditugu, oro har, bi osagaiak.

“Zailtasunak zailtasun, bidezkoa dirudi oro har indargarrien semantikazko giltzarria intentsitatean, eta amreditena behin eta berriro-tasunean dagoela esatea” (Hitz-Elkarketa/1: 142). Eta, ondorioz, esanahi bat ala bestea gailendu, horrela sailkatu daitezke elkartu moduok [sasi-amreditak]:

adi-adi (egon), erne-erne (gidatu), erraz-erraz (asmatu), harro-harro (agertu), justu-justu (iritsi), labur-labur (azaldu), lasai-lasai (itxaron), oker-oker (egin), ozta-ozta (entzun), samur-samur (esan), ziur-ziur (jakin), zoro-zoro (egon)

alfer-alferrik, apal-apalik, aurren-aurrenik, bakar-bakarrik, bete-beterik, bizi-bizirik, gazte-gazterik, geldi-geldirik, goiz-goizik, huts-hutsik, ilun-ilunik, isil-isilik, lehen-lehenik, oso-osorik, poz-pozik, soil-soilik, zabal-zabalik, zuzen-zuzenik

argi-argi(a), arin-arin(a), berde-berde(a), berdin-berdin(a), berezi-berezi(a), bero-bero(a), berri-berri(a), eder-ederr(a), fin-fin(a), garbi-garbi(a), gordin-gordin(a), gorri-gorri(a), ilun-ilun(a), lodi-lodi(a), lehor-lehorr(a), luze-luze(a), maite-maite(a), on-on(a), txiki-txiki(a), zabal-zabal(a), zuzen-zuzen(a)

ageri-agerian, albo-alboan, aurre-aurrean, azpi-azpian, barren-barrenean, bene-benetan, erdi-erdian, hotz-hotzean, mendi-mendian, ondo-ondoan, pare-parean, sakon-sakonean, zuzen-zuzenean; bat-batean; hamabi-hamabietan; barru-barrutik, bihotz-bihotzetik, hasiera-hasieratik, txiki-txikitatik; zin-zinez, behar-beharrezko, oinarri-oinarrizko; alde-aldera, gain-gainera, azken-azkeneraino, ondo-ondoraino

ederki-ederki, emeki-emeki, poliki-poliki; ederto-ederto, polito-polito; astiro-astiro, emaro-emaro

asper-asper egin, astin-astin egin, neka-neka egin, txiki-txiki egin, zuri-zuri egin; dabilen-dabilen, dagoen-dagoen(ean)103

den-den(ak), gehien-gehien(ak), guzti-guzti(ak); bi-biak, arras-arras, oso-oso(a); bere-bere(a), geure-geure(a)

101 Ikus Hitz-Elkarketa/1 (1987: 117-147).

102 Hitz-Elkarketa/1 liburuak ‘amredita nahasi’ deitzen die beste hauei (eta, beraz, bikoiztapenetan sartzen ditu): onez onean, pozaren pozez, egunetik egunera. Lexema bera da bi osagaietakoa —hemen legoke bikoiztapenetan sartzeko arrazoia—, baina osagai bakoitzak hartzen du postposizio atzizkiren bat. Are zailagoa da horrelako egiturak hitz elkartutzat hartzea.

103 Azken bi hauek aditz jokatuaren errepikapena dute oinarri.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper