Kokapena:
Osagaietako bat kultur erroa edo, azken ordukoetan, ingelesezko hitza edo hizkia izaten da; beste osagaia, aldiz, euskal hitza. Halako osaera dutenei deitzen zaie Exoelkartu (Hitz-Elkarketa/4). Unean uneko sorkariak dira horietako asko, baina exohizki batzuk aurrizki moduko izaera eskuratzen ari dira apurka-apurka: extra-, infra-, hiper-, mini-, tele- eta batez ere ultra- halako neurri batean bertakotzen ari dira.
Exohizkia mugatzaile izan daiteke. Izen arruntak dira elkartu horietako asko, baina izen propioak ere izan daitezke:
antioinak (antipodak), antisorgailu, antizatiki, autobehaketa, autoitsaskor, bideolan, bideo-saio, ekoetxe, elektroeragile, elektrotresneria, euroagintari, extra fin, (altzairu) extragozo, extraofizial(ki), fotoeroale, hiperbizkaiera, hipergizon, infragizatar, infragizon, infragorri, infrasoinu, metahizkuntza, mikrouhin, minietxe, minigona, morfojoskera, para(a)tzizki, para(a)urrizki, polikiroldegi, polinahaste, protoeuskara, protoirudi, supergizon, superni, superreroale, telebista, tele(e)gunkari, telegidatu, teleikusle, telekutxa, telemezu, telesaio, termoegonkor, ultrabatu, ultraeskuin(dar), ultraezker(tiar), ultragogor, ultramore, ultramundutar, ultrasoinu, ultrazuzenketa. Etniker, Fotokai, Hiper Eroski
Exohizkia mugakizun da beste hauetan (askoz gutxiago ditugu horrelako adibideak): adinlekto, argiteknia, astokrazia, berrimetro, enbormobil, euskarologo, jainkofago. Anglo-euskarazko elkartuak ere sortu ditugu: euskara light, copyright-agiria, softwaregintza, Arrasate Press, Etxekit, Euskalsoft, Eusko-card visa, Euskophoto…
Berri samarrak izan arren, beharrezkoak zaizkigu gaurko euskaran mota honetako egiturak ere.