Ondoren aztertuko ditugun egiturak ere aditz elkartuen harira eman dira zenbait gramatika eta lanetan (ikus Azkue edo Lafitte): [izena + egin/eman/hartu] aditz lokuzioak, [izena + izan] motako aditzak, [aditza + behar, nahi (izan)] eta [partizipioa + gogo, uste (izan)]. Goraxeago esan bezala, hala aurkitzen dira Hitz-Elkarketa/3 lanean ere. Baina ez dira egiazko aditz elkartutzat hartzen, aditz esapidetzat baizik. Izan ere, osagai batez baino gehiagoz eratuak daude, askotan izena dute lehen osagai (horrek hurbiltzen ditu aditz elkartuetara); ezkerreko osagaiaren jokabidea edo izaera, ostera, aditz elkartuetakoa ez bezalakoa da. Hemen labur aipatuko ditugu egitura horiek guztiak, baina aditzaren aurkezpen kapituluan aztertuko ditugu aditz predikatu konplexuei eta aditz modalei eskainitako ataletan (§ 23.2.1.3, § 23.4).