7.2.2.2a Ehunka eta ehunka dira mota honetako izen elkartuak; estandarizazioarekin batean asko ugaldu dira horrelako elkartuak. Areago, Euskaltzaindiak (25. araua) esan bezala, elkartu mota honek “Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal «izen + adjektibo erreferentzial» egiturak ordezkatzeko: eskulan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomia teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu”. Egia da izen elkartua hautatu dela askotan lexiko-beharrak sortu direnean (izenlagun + izen egiturak ere bai), baina ez dira falta adjektiboa maileguz hartu dugun kasuak ere, corpusek erakusten digutenez: amatasun baja, banku-partzuergo, eguzki-argi, hipoteka-kreditu (baina baita kreditu hipotekario ere), konstituzio-erreferendum (eta erreferendum konstituzional), industria-jarduera (eta jarduera industrial), lan-istripu, lehen sektore (eta sektore primario), planeta-sistema, baina atlas historiko, batzorde zientifiko, politika unibertsitario, sistema parlamentario…
Badirudi erdal adjektiboaren esanahia zenbat eta urrunago egon oinarrian duen izenaren adieratik, orduan eta zailagoa egiten zaigula euskaraz elkarketara jotzea (kutxazain automatiko, jogurt natural, markagailu elektroniko) eta, kontrara, zenbat eta “erreferentzialagoa” izan, oinarrian duen izenarekiko lotura zenbat eta gardenagoa eta zuzenagoa izan, orduan eta aiseago egin ditzakegula izen elkartuak. Bi adjektibo erreferentzial edo gehiago zerrendatzen direnean ere ohikoa da guztiak mailegatzea: krisi ekonomikoa, industriala eta laborala, baina ez nahitaezkoa.
Bestalde, adjektiboaren oinarrian dagoen izenak adiera bat baino gehiago izan ditzake eta, beraz, ez dugu euskaraz beti modu berean zertan eman: rural, esaterako, baserri- (baserri-giro) herri- (herri-kirolak), landa- (landa-lan) edo nekazaritza- (nekazaritza-produkzio) mugatzaileen bidez ordezka dezakegu euskaraz.
Kontuan izan behar dugu, azkenik, erdal erreferentzia adjektiboaren eta modifikatzen duen izenaren arteko harremana izan daitekeela modifikatzailearen eta izenaren artean gertatzen dena edo osagarriaren (argumentuaren) eta buruaren artean dagoenaren parekoa (Zabala 1997, 2013; Azkarate 2019). Erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira ekonomiko (teoria ekonomiko), politiko (arazo politikoak), industrial (hondakin industrialak). Eta erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira euskarazko izen elkartu (edo izenlagun + izen) hauen ordain diren erdal sintagmetakoak ere: haur literatura (literatura infantil), hortzetako pasta (pasta dentífrica), eskulan (trabajo manual)… Erreferentzia adjektibo tematikoak dira, ostera, elektroi garraio, birus infekzio edo zelula zatiketa izen elkartuen erdal ordainetakoak (infección viral, división celular). Hor garraio eta zatiketa gertaera izenen osagarri dira elektroi eta zelula mugatzaileak, barne argumentua, ‘gaia’ adierazten dutenak. Birus infekzio izen elkartuan, aldiz, infekzioa zerk sortzen duen ematen du aditzera birus mugatzaileak; ‘egile’ edo ‘agente’ paper tematikoa hartzen du (§ 23.3.1). Euskaraz nekez mailegatzen ditugu erreferentzia adjektibo tematikoak.
Argibide horiek guztiak hartu behar dira kontuan Euskaltzaindiaren gomendioa osatu ahal izateko. Eta, hala ere, erreferentzia adjektiboak aztertu dituztenek (Ensunza 1989; Loinaz 1995; Zabala 1997, 2013) aitortu dute mota horretako ehunka eta ehunka adjektibo hartu beharko ditugula mailegu bidez, terminologia beharrak asetzeko euskara prestatu nahi badugu. Hala ari gara egiten azken urteotan (Azkarate 2019).
Euskarak badu, ordea, adjektibo erreferentzialak sortzeko atzizkia, -tar (§ 5.3). Atzizki horren bidez sorturiko izenondoak izan daitezke sailkatzaileak, honako sintagma hauetan ikus ditzakegunen parekoak, alegia: hegazti gautar, bertsolari kaletar, testu liburu ingeles. Baina beste batzuetan tematikoak ere bai: eraso errusiarra (errusiarrek eginiko erasoa). Auzitan jarri da, ordea, egokiak ote diren -tar adjektibo tematikoak, leku izenetatik eratorriak ez badira. Hau da, eraso errusiarra bai, adjektiboak Errusia izen propioa oinarri duen neurrian; baina lege newtondarrak ez (Newtonek asmatutako edo ezarritako legeak). Harreman tematikoa dagoenean, izen elkartua edo izenlagun+izen egitura baliatu beharko genuke: Newtonen legeak (Zabala 2013). Zientzia komunitatearekin batera aztertu beharko da erradio nuklear, apurketa nuklear eta mota horretako -tar tematikoak zenbateraino diren onargarri. Eta, behar balitz, atzizki horren erabilerari buruzko araua eman.
7.2.2.2b Behi-esne motako izen elkartuetan osagaien kategoriak ez du aukerarik ematen areagoko bereizketarik egiteko. Horregatik jo dute hizkuntzalariek bi izenen arteko erlazio semantikoetara. Azken batean izen elkartuak sortzeko arrazoia, askotan sortu berri den zerbaiti izena ematea da, etiketa jartzea. Eta ohikoa da kontuan hartzea zerk sortu duen/nondik datorren ‘zera’ hori, edo zertako den, zein baliabidez sortu den, noiz edo non sortu den… Horrelako erlazio semantikoak izan daitezke, beraz, ohikoenak mugatzailearen eta mugakizunaren artean.
7.2.2.2c Inguruko hizkuntzetako izen elkartuak aztertzeko kontuan hartu dituztenak jarraitu ditugu euskaraz azpisailak egiteko: ‘iturburua’, ‘jabegoa’, ‘osoa-zatia’, ‘edukia’, ‘ondorioa’, baliabidea’, ‘gaia’, ‘garaia’, ‘lekua’, ‘helburua’, ‘ariketa’. Baina gogoan izan behar dugu horiek ez direla gramatikako, edo sintaxiko arauak. Mugatzaileak mugakizuna nola modifikatzen duen, zein alderdi semantikotatik zehazten duen aztertzea, eta du motako aditzen subjektuak ergatibo kasu marka hartu behar duela esatea, ez dira maila berekoak inondik ere. Erlazio semantikoa, egitura bereko ehunka eta ehunka izenetan multzoak proposatzeko modu bat baino ez da eta, horrexegatik, ez da harritzekoa askotan modu batera baino gehiagotara ulertu ahal izatea bi izenen arteko erlazioa. Sagar-tarta sagarrez egiten dena bada, tarta horrek sagar [zati]ak izango ditu. Antzera gertatzen da ‘helburua’ eta ‘edukia’ erlazio semantikoekin ere; txori-kaiola txorientzako kaiola bada, askotan txoriak izango ditu barruan (nahiz hutsik dagoenean ere txori-kaiola esaten diogun)57. Marinel-txapel marinelek daramaten txapela, ‘jabegoa’ moduan uler daiteke, edo marinelentzako dena, ‘helburua, norentzakoa’ erlazio semantikoa, alegia. Halaber, umetoki ‘umeentzako tokia’ edo ‘umeak dauden/sortzen diren tokia’ dela pentsa dezakegu; hau da, ‘helburua’ erlazio semantikoaren adibidetzat har dezakegu, edo ‘edukia’ (zer non) erlazioarena. Autobus ilara izen elkartuak ere izan dezake ‘ilaran autobusak daude’ irakurketa (‘edukia’); baina baita beste hau ere, ‘autobusek sortu duten ilara’, kausa edo jatorria. ‘Ondorioa’ eta ‘helburua’ ere: argi-zuzi ‘zuziak argia ematen du’, ‘zuzia argia emateko da’.
7.2.2.2d ‘Iturburua, egilea, kausa, jatorria’. Bi izenen artean halako erlazio semantikoa dagoenean, mugakizuna nondik/norengandik datorren, edo nork edo zerk sortzen/egiten duen, zehazten du mugatzaileak: apez-hitz, ardi-esne, asto-gorotz, damu-malko, gerezi-lore, ipar-haize, kandela-argi, maitasun-arazo, ontzi-zarata, pandero-soinu, piper-hauts, poz-malko, trumoi-danbarrada, trumoi-hots, zigarro-ke… Mugatzailea koordinatua ere izan daiteke: giltza ta sarraila-zarata, automobil edo beribil-zarrastada. Eta mugatzailea izan daiteke aldi berean izen elkartua, olatu-hots zantzu. Deigarriak dira porru berde usain, jantzi busti usain edo goma erre usain, mugatzailea ez baita kategoria lexikoa, [izen + adjektibo] sintagma baino (eta kategoria lexikoak dira hitz elkartuak sortzen dituztenak (§ 3.1d)).
7.2.2.2e ‘Jabegoa’. Mugatzailea, mugakizunak adierazten duenaren jabea dela ulertzen dugu erlazio-mota hau antzematen dugun hitz elkartuetan; ‘jabe’, jakina, zentzu zabalean hartuta, ‘elizak dituen agintariak’, ‘txalupak duen patroia’… Askotan izen elkartuaren parekoa da izenlagun + izen egitura, txaluparen patroia eta txalupa-patroia, elizaren agintariak eta eliz agintariak, jakitunen hizkera eta jakitun-hizkera… Horrelakotzat har daitezke ondoko hitz elkartuak: aditz-forma, alkate-makila, emazte-izen, errege-alaba, giza adimen, gizon-janzkera, herri-baso, herri-gogo, herri-nortasun, hizkuntza-lege, jakitun-hizkera, jentil-sinesmen, karlista-fede, leku-izen, txalupa-patroi, urre-kolore… Bestalde, elkartu hauetako mugakizun batzuek —alaba, patroi…— osagarri-buru erlazioa dute ezkerreko osagaiarekin (§ 3.3b). Erlazio modu bera ikus daiteke beherago aztertuko ditugun konparazio eta irizpen adierako elkartuetan ere (§ 7.2.2.3e).
7.2.2.2f ‘Osoa-zatia’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, osotasuna adierazten du eta mugakizunak, berriz, horren zati bat. Abarka-zola, abeto-adar, aho-sabai, aitzur-kirten, alkandora-beso, antzara-gibel, arrain-hezur, arrautza-gorringo, bildots-saihets, eihera-borta, erbi-buztan, esku-ahur, etxe-pareta, igande-eguerdi, limoi-azal, marrazo-hegats, oilo-luma, ortzirale-goiz, otso-larru, zartagin-ipurdi… Koordinazio bidez elkarturiko mugatzaileak dituzte izen elkartu hauek: elorri ta lizar adar, platano eta kakaues azal… Eta mugatzailea ere, aldi berean izen elkartua da txahal-haragi xerra izenean.
7.2.2.2g ‘Edukia’ erlazio semantikoari dagokionez, hiru modutara uler daiteke ‘zer-zerk’, ‘zer-non’ eta ‘zer-noiz’. Hau da, leku baten, denbora baten edo ‘jabe’ baten edukia adieraz dezake mugatzaileak. Modu batean zein bestean ere uler daiteke izen jakin bat: bertso-bilduma har daiteke ‘bildumak bertsoak ditu’ gisa, nahiz ‘bilduman bertsoak daude’ gisa. Erlazio honen azpian bildutako izen elkartu askoren parafrasia ‘-ri buruzko, -en gaineko’ izenlagunaren bidez eman daiteke: nazionalismo teoria edo ‘nazionalismoari buruzko teoria’, lege auzi ‘legeari buruzko auzi’, turismo-biltzar ‘turismoaren gaineko biltzar’ eta abar; ‘zer-zerk’ (edo ‘zer-nork’), goraxeagoko ‘jabegoa’ erlazioaren ifrentzua da: azukre-bola, baratxuri-korda, bataio-agiri, bertso-bilduma, elebitasun-dekretu, heriotza-agiri, kare-harri, laudorio-hitz, maite-poesia, metal-ur, sorgin-istorio… Mugatzaile elkartua du herri-hitz hiztegi izenak, eta mugatzailea eta mugakizuna, biak, egitura koordinatuak dira ondoko izen elkartuan, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu.
7.2.2.2h ‘Edukia’: ‘zer-non’ erlazioaren adibidetzat har ditzakegu alpargata-denda, arrain-merkatu, arrain-otzara, artasoro, atun-lata, autobus-ilara, elur-toki, erle-kaiola, folklore-arlo, kaputxino-komentu, komunista-etxe, koinak-botila, lore-toki, patata lur, pospolo-kaxa, sardina-lata, telefono-kabina, zerri-toki… Mugatzailea koordinatua izan daiteke: burdin ta berun zama, tximista eta trumoi leku, xaboi eta lustre kutxa, erlijio- arte eta jakite-liburu. Bai eta mendekotasunezko izen elkartua ere: jostorratz-ontzi.
7.2.2.2i ‘Edukia’: ‘zer-noiz’ (‘garaia’ erlazioaren alderantzizkoa, § 7.2.2.2m). Alkatetza-garai, arto-urte, bakardade-memento, elur-urte, errepublika-denbora, erromeria-egun, gazte-denbora, heriotza-ordu, ilargi-gau, negu-parte, opor-egun… Berrelkarketaren adibide ditugu aizkora-joko egun, karlista-gerra denbora, sorgin-batzar garai, mugatzailea bera ere izen elkartua dutenak. Bai eta mugatzaile koordinatua duten barkamen edo pekamen egun nahiz mehe eta baraur egun. Azpimultzo honetan, ohikoak dira era batera edo bestera ‘denbora’ adiera daramaten mugakizunak (denbora, egun, garai, gau, urte…).
7.2.2.2j ‘Ondorioa’. Goiko ‘iturburua’ erlazio semantikoaren ifrentzua da. X mugatzailea eta y mugakizun izanik, ‘iturburua’ x > y moduan irudika dezakegu; ‘ondorioa’, berriz, x < y. Horrelako erlazioa ikus daiteke izen elkartu hauetan: arbi-hazi, argi-zuzi, beldur-amets, burdina-meatze, esne-behi, esne-iturri, euri-seinale, hileta-hots, indar-etxe, intxaur-arbola, irin-fabrika, liho-hazi, olio-aran, su-mendi, trumoi-laino, txakolin-iturri… Berrelkarketaren adibide da beste hau: poz- eta negar-iturri.
7.2.2.2k ‘Baliabidea’. Mugakizuna zein baliabidez, zerez baliatuta, zeren bidez gauzatzen den, lortzen den, adierazten du mugatzaileak: ahari-apustu, aho-hizkera, aitzur-kolpe, aizkora-ukaldi, begi-keinu, bertso-festa, burruntzali-kolpe, danbolin-dantza, esku-aldaba, esku-arrantza, esku-bonba, eskulan, ezten-kolpe, haize-oihal, hitz-joko, karta-joko, lurrin-makina, olio-argi, pilota-jolas… Mugakizunek askotan mugimendu edo kolpe bortitza adierazten dute, eta mugatzaileak zerez eman den kolpe hori. Modu batean baino gehiagotan egin daitezkeen jarduerak (dantza, jolas…) adieraz ditzakete mugakizunek. Hemen sar daitezke, bestalde, euskal edo erdal mugatzaile dituzten hainbat izen elkartu, ‘euskara’/‘erdara’ baliatuz egiten/sortzen diren ‘zera’k adierazten dituztelakoan: euskal aldizkari, euskal artikulu, euskal bertso, erdal idazle, euskal idazle, euskal kultura, erdal olerki, erdal testu…
7.2.2.2l ‘Gaia’. Mugakizunak adierazten duen hori, zertaz, zein gaiz egiten den esaten digu mugatzaileak: argizari-kandela, arto-opil, baba-salda, bakailao-kroketa, belar-olatu, berakatz-zopa, burdina-kutxa, egur-gabila, elur-maindire, elur-maluta, gerezi-marmelada, izotz-kapa, kimika-abonu, kotoi-laino, luma-jantzi, magurio-krema, oilo-salda, piper-saltsa, porru-salda, su-ziri…
7.2.2.2m ‘Garaia’. Mugatzaileak adierazten du mugakizuna noiz gertatzen den, zein garaitan: arrats-dei, bataio-festa, bukaera-bertso, ezkontza-kantu, eztei-bazkari, gau-amets, gau-klub, Gabon afari, goiz-haize, hileta-eresi, ilun-ezkila, jai-soineko, su-kanpai, uda euri, uda-ikastaro, udaberri-arrosa, urte-sari… Azpimultzo honetan sar ditzakegu izen propioa mugatzaile duten Donibane su, Olentzero enbor, San Joan su eta horien antzekoak, hitz elkartu hauetan ez baitira pertsona izen propioak, edo santu izenak, baizik urteko egun edo garai jakin bat adierazten dutenak.
7.2.2.2n ‘Lekua’. Mugakizuna non, zein tokitan ‘zertzen’ den adierazten du mugatzaileak: atzerri-hizkuntza, baserri-bizitza, eliz hobi, esku-makila, etxe-tresna, ezker-esku, harri-idazki, horma-erloju, ibai-ur, itsas bainu, itsas herri, itsas lapurreta, kale-borroka, kale-janzkera, kokots-bizar, kosta-herri, lepo-ile, lur-paradisu, matrail-hagin, mendi-ermita, mendi-gurutze, plaza-festa, sabel-zorri, sepultura-harri, zingira-ur… Berrelkarketaren adibide da baso ta solo belar.
7.2.2.2o ‘Helburua’, ‘norentzakoa’, ‘onuraduna’. Adibide ugaritan antzeman dezakegu erlazio semantiko hau; besteak beste, ‘aditzoin+izen’ egiturako izen elkartuetan (§ 7.2.3). Azeri-janari, bataio-harri, batzar-toki, bidaia-kutxa, bizar-laban, dantza-leku, dantza-orkestra, diru-zorro, ejertzizio-etxe, elur-zulo, erbi-zakur, eskularru, guda-ontzi, haur-ipuin, haur-kanta, hauts-zapi, jainko-edari, jakintza-hizkuntza, koktel-ontzi, kultura-hizkuntza, mendi-bota, meza-dei, moko-painelu, ohe-atorra, oin-ohol, ortografia-arau, otoitz-dei, pixa-oihal, su-egur, talo-ohol…
7.2.2.2p ‘Ariketa’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, ariketa, jarduna, ekintza… adierazten du eta mugakizunak, askotan, ariketa edo jardun horren egilea, edo jardun horretako lekua. Hitz-toki, jolas egun, laborantza-gizarte, langela, liturgia komisio, otoitz-gizon, pilotaleku, pilota-txapeldun, politika-erakunde, prediku-aulki, sega-leku… Laborantzan aritzen den gizartea, liturgiaz ari den komisioa, politikan ari den erakundea… horrela uler ditzakegu goiko izen elkartuak.
57 Azkaratek eta Perez Gazteluk (2014) corpus zabala sailkatu zuten eta adibidetegia osorik eman. Xehetasun ugari aurkituko ditu han informazio gehiagoren bila dabilenak.