Bi izenez osaturiko elkartuak dira ondoren aztertuko ditugunak56. Horrelakoak dira behi-esne, bizkar-hezur, burdin barra, ezpata-dantza, limoi-ur, txori-kaiola edo zakar-ontzi; baina baita beste hauek ere: aurreiritzi, barne-lotura, bertso-mota, bertsolari-fama, beso-azpi, gaztaina-kolore, gizon-sail, goi-kargu, hizkera-modu, lizar-arbola, lore-sorta, mendi-gain eta abar. Azken multzo honetako mugakizunek edo mugatzaileek badituzte zenbait berezitasun eta horregatik Hitz-Elkarketa/4 lanean (1992) hiru azpimultzo bereizten dira sail honetan: a) behi-esne moduko izen elkartu arruntak; b) mugakizun bereziko izen elkartuak (eta hemen ere beste sei mugakizun-mota atzeman daitezke); c) mugatzaile bereziko izen elkartuak. Banan-banan ikusiko ditugu ondoren eta bakoitzaren xehetasunak aztertu.
Idazkerari dagokionez, oro har, bi modutara eman daitezke mendekotasunezko izen elkartuetako osagaiak: marratxoz loturik edo bereiz idatzirik. Salbuespenak daudenean azpisail bakoitzean adieraziko dugu zein den Euskaltzaindiak gomendaturiko idazkera.
56 Ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014).