Euskararen Gramatika

7.2.2. Izen+izen kategoriako hitz elkartuak. Eguzki-lore: mendekotasunezko izen elkartuak


7.2.2. Izen+izen kategoriako hitz elkartuak. Eguzki-lore: mendekotasunezko izen elkartuak

7.2.2.1. Sarrera

Bi izenez osaturiko elkartuak dira ondoren aztertuko ditugunak56. Horrelakoak dira behi-esne, bizkar-hezur, burdin barra, ezpata-dantza, limoi-ur, txori-kaiola edo zakar-ontzi; baina baita beste hauek ere: aurreiritzi, barne-lotura, bertso-mota, bertsolari-fama, beso-azpi, gaztaina-kolore, gizon-sail, goi-kargu, hizkera-modu, lizar-arbola, lore-sorta, mendi-gain eta abar. Azken multzo honetako mugakizunek edo mugatzaileek badituzte zenbait berezitasun eta horregatik Hitz-Elkarketa/4 lanean (1992) hiru azpimultzo bereizten dira sail honetan: a) behi-esne moduko izen elkartu arruntak; b) mugakizun bereziko izen elkartuak (eta hemen ere beste sei mugakizun-mota atzeman daitezke); c) mugatzaile bereziko izen elkartuak. Banan-banan ikusiko ditugu ondoren eta bakoitzaren xehetasunak aztertu.

Idazkerari dagokionez, oro har, bi modutara eman daitezke mendekotasunezko izen elkartuetako osagaiak: marratxoz loturik edo bereiz idatzirik. Salbuespenak daudenean azpisail bakoitzean adieraziko dugu zein den Euskaltzaindiak gomendaturiko idazkera.

7.2.2.2. Behi-esne moduko izen elkartu arruntak

7.2.2.2a Ehunka eta ehunka dira mota honetako izen elkartuak; estandarizazioarekin batean asko ugaldu dira horrelako elkartuak. Areago, Euskaltzaindiak (25. araua) esan bezala, elkartu mota honek “Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal «izen + adjektibo erreferentzial» egiturak ordezkatzeko: eskulan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomia teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu”. Egia da izen elkartua hautatu dela askotan lexiko-beharrak sortu direnean (izenlagun + izen egiturak ere bai), baina ez dira falta adjektiboa maileguz hartu dugun kasuak ere, corpusek erakusten digutenez: amatasun baja, banku-partzuergo, eguzki-argi, hipoteka-kreditu (baina baita kreditu hipotekario ere), konstituzio-erreferendum (eta erreferendum konstituzional), industria-jarduera (eta jarduera industrial), lan-istripu, lehen sektore (eta sektore primario), planeta-sistema, baina atlas historiko, batzorde zientifiko, politika unibertsitario, sistema parlamentario

Badirudi erdal adjektiboaren esanahia zenbat eta urrunago egon oinarrian duen izenaren adieratik, orduan eta zailagoa egiten zaigula euskaraz elkarketara jotzea (kutxazain automatiko, jogurt natural, markagailu elektroniko) eta, kontrara, zenbat eta “erreferentzialagoa” izan, oinarrian duen izenarekiko lotura zenbat eta gardenagoa eta zuzenagoa izan, orduan eta aiseago egin ditzakegula izen elkartuak. Bi adjektibo erreferentzial edo gehiago zerrendatzen direnean ere ohikoa da guztiak mailegatzea: krisi ekonomikoa, industriala eta laborala, baina ez nahitaezkoa.

Bestalde, adjektiboaren oinarrian dagoen izenak adiera bat baino gehiago izan ditzake eta, beraz, ez dugu euskaraz beti modu berean zertan eman: rural, esaterako, baserri- (baserri-giro) herri- (herri-kirolak), landa- (landa-lan) edo nekazaritza- (nekazaritza-produkzio) mugatzaileen bidez ordezka dezakegu euskaraz.

Kontuan izan behar dugu, azkenik, erdal erreferentzia adjektiboaren eta modifikatzen duen izenaren arteko harremana izan daitekeela modifikatzailearen eta izenaren artean gertatzen dena edo osagarriaren (argumentuaren) eta buruaren artean dagoenaren parekoa (Zabala 1997, 2013; Azkarate 2019). Erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira ekonomiko (teoria ekonomiko), politiko (arazo politikoak), industrial (hondakin industrialak). Eta erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira euskarazko izen elkartu (edo izenlagun + izen) hauen ordain diren erdal sintagmetakoak ere: haur literatura (literatura infantil), hortzetako pasta (pasta dentífrica), eskulan (trabajo manual)… Erreferentzia adjektibo tematikoak dira, ostera, elektroi garraio, birus infekzio edo zelula zatiketa izen elkartuen erdal ordainetakoak (infección viral, división celular). Hor garraio eta zatiketa gertaera izenen osagarri dira elektroi eta zelula mugatzaileak, barne argumentua, ‘gaia’ adierazten dutenak. Birus infekzio izen elkartuan, aldiz, infekzioa zerk sortzen duen ematen du aditzera birus mugatzaileak; ‘egile’ edo ‘agente’ paper tematikoa hartzen du (§ 23.3.1). Euskaraz nekez mailegatzen ditugu erreferentzia adjektibo tematikoak.

Argibide horiek guztiak hartu behar dira kontuan Euskaltzaindiaren gomendioa osatu ahal izateko. Eta, hala ere, erreferentzia adjektiboak aztertu dituztenek (Ensunza 1989; Loinaz 1995; Zabala 1997, 2013) aitortu dute mota horretako ehunka eta ehunka adjektibo hartu beharko ditugula mailegu bidez, terminologia beharrak asetzeko euskara prestatu nahi badugu. Hala ari gara egiten azken urteotan (Azkarate 2019).

Euskarak badu, ordea, adjektibo erreferentzialak sortzeko atzizkia, -tar5.3). Atzizki horren bidez sorturiko izenondoak izan daitezke sailkatzaileak, honako sintagma hauetan ikus ditzakegunen parekoak, alegia: hegazti gautar, bertsolari kaletar, testu liburu ingeles. Baina beste batzuetan tematikoak ere bai: eraso errusiarra (errusiarrek eginiko erasoa). Auzitan jarri da, ordea, egokiak ote diren -tar adjektibo tematikoak, leku izenetatik eratorriak ez badira. Hau da, eraso errusiarra bai, adjektiboak Errusia izen propioa oinarri duen neurrian; baina lege newtondarrak ez (Newtonek asmatutako edo ezarritako legeak). Harreman tematikoa dagoenean, izen elkartua edo izenlagun+izen egitura baliatu beharko genuke: Newtonen legeak (Zabala 2013). Zientzia komunitatearekin batera aztertu beharko da erradio nuklear, apurketa nuklear eta mota horretako -tar tematikoak zenbateraino diren onargarri. Eta, behar balitz, atzizki horren erabilerari buruzko araua eman.

7.2.2.2b Behi-esne motako izen elkartuetan osagaien kategoriak ez du aukerarik ematen areagoko bereizketarik egiteko. Horregatik jo dute hizkuntzalariek bi izenen arteko erlazio semantikoetara. Azken batean izen elkartuak sortzeko arrazoia, askotan sortu berri den zerbaiti izena ematea da, etiketa jartzea. Eta ohikoa da kontuan hartzea zerk sortu duen/nondik datorren ‘zera’ hori, edo zertako den, zein baliabidez sortu den, noiz edo non sortu den… Horrelako erlazio semantikoak izan daitezke, beraz, ohikoenak mugatzailearen eta mugakizunaren artean.

7.2.2.2c Inguruko hizkuntzetako izen elkartuak aztertzeko kontuan hartu dituztenak jarraitu ditugu euskaraz azpisailak egiteko: ‘iturburua’, ‘jabegoa’, ‘osoa-zatia’, ‘edukia’, ‘ondorioa’, baliabidea’, ‘gaia’, ‘garaia’, ‘lekua’, ‘helburua’, ‘ariketa’. Baina gogoan izan behar dugu horiek ez direla gramatikako, edo sintaxiko arauak. Mugatzaileak mugakizuna nola modifikatzen duen, zein alderdi semantikotatik zehazten duen aztertzea, eta du motako aditzen subjektuak ergatibo kasu marka hartu behar duela esatea, ez dira maila berekoak inondik ere. Erlazio semantikoa, egitura bereko ehunka eta ehunka izenetan multzoak proposatzeko modu bat baino ez da eta, horrexegatik, ez da harritzekoa askotan modu batera baino gehiagotara ulertu ahal izatea bi izenen arteko erlazioa. Sagar-tarta sagarrez egiten dena bada, tarta horrek sagar [zati]ak izango ditu. Antzera gertatzen da ‘helburua’ eta ‘edukia’ erlazio semantikoekin ere; txori-kaiola txorientzako kaiola bada, askotan txoriak izango ditu barruan (nahiz hutsik dagoenean ere txori-kaiola esaten diogun)57. Marinel-txapel marinelek daramaten txapela, ‘jabegoa’ moduan uler daiteke, edo marinelentzako dena, ‘helburua, norentzakoa’ erlazio semantikoa, alegia. Halaber, umetoki ‘umeentzako tokia’ edo ‘umeak dauden/sortzen diren tokia’ dela pentsa dezakegu; hau da, ‘helburua’ erlazio semantikoaren adibidetzat har dezakegu, edo ‘edukia’ (zer non) erlazioarena. Autobus ilara izen elkartuak ere izan dezake ‘ilaran autobusak daude’ irakurketa (‘edukia’); baina baita beste hau ere, ‘autobusek sortu duten ilara’, kausa edo jatorria. ‘Ondorioa’ eta ‘helburua’ ere: argi-zuzi ‘zuziak argia ematen du’, ‘zuzia argia emateko da’.

7.2.2.2dIturburua, egilea, kausa, jatorria’. Bi izenen artean halako erlazio semantikoa dagoenean, mugakizuna nondik/norengandik datorren, edo nork edo zerk sortzen/egiten duen, zehazten du mugatzaileak: apez-hitz, ardi-esne, asto-gorotz, damu-malko, gerezi-lore, ipar-haize, kandela-argi, maitasun-arazo, ontzi-zarata, pandero-soinu, piper-hauts, poz-malko, trumoi-danbarrada, trumoi-hots, zigarro-ke… Mugatzailea koordinatua ere izan daiteke: giltza ta sarraila-zarata, automobil edo beribil-zarrastada. Eta mugatzailea izan daiteke aldi berean izen elkartua, olatu-hots zantzu. Deigarriak dira porru berde usain, jantzi busti usain edo goma erre usain, mugatzailea ez baita kategoria lexikoa, [izen + adjektibo] sintagma baino (eta kategoria lexikoak dira hitz elkartuak sortzen dituztenak (§ 3.1d)).

7.2.2.2e Jabegoa’. Mugatzailea, mugakizunak adierazten duenaren jabea dela ulertzen dugu erlazio-mota hau antzematen dugun hitz elkartuetan; ‘jabe’, jakina, zentzu zabalean hartuta, ‘elizak dituen agintariak’, ‘txalupak duen patroia’… Askotan izen elkartuaren parekoa da izenlagun + izen egitura, txaluparen patroia eta txalupa-patroia, elizaren agintariak eta eliz agintariak, jakitunen hizkera eta jakitun-hizkera… Horrelakotzat har daitezke ondoko hitz elkartuak: aditz-forma, alkate-makila, emazte-izen, errege-alaba, giza adimen, gizon-janzkera, herri-baso, herri-gogo, herri-nortasun, hizkuntza-lege, jakitun-hizkera, jentil-sinesmen, karlista-fede, leku-izen, txalupa-patroi, urre-kolore… Bestalde, elkartu hauetako mugakizun batzuek —alaba, patroi…— osagarri-buru erlazioa dute ezkerreko osagaiarekin (§ 3.3b). Erlazio modu bera ikus daiteke beherago aztertuko ditugun konparazio eta irizpen adierako elkartuetan ere (§ 7.2.2.3e).

7.2.2.2fOsoa-zatia’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, osotasuna adierazten du eta mugakizunak, berriz, horren zati bat. Abarka-zola, abeto-adar, aho-sabai, aitzur-kirten, alkandora-beso, antzara-gibel, arrain-hezur, arrautza-gorringo, bildots-saihets, eihera-borta, erbi-buztan, esku-ahur, etxe-pareta, igande-eguerdi, limoi-azal, marrazo-hegats, oilo-luma, ortzirale-goiz, otso-larru, zartagin-ipurdi… Koordinazio bidez elkarturiko mugatzaileak dituzte izen elkartu hauek: elorri ta lizar adar, platano eta kakaues azal… Eta mugatzailea ere, aldi berean izen elkartua da txahal-haragi xerra izenean.

7.2.2.2gEdukia’ erlazio semantikoari dagokionez, hiru modutara uler daiteke ‘zer-zerk’, ‘zer-non’ eta ‘zer-noiz’. Hau da, leku baten, denbora baten edo ‘jabe’ baten edukia adieraz dezake mugatzaileak. Modu batean zein bestean ere uler daiteke izen jakin bat: bertso-bilduma har daiteke ‘bildumak bertsoak ditu’ gisa, nahiz ‘bilduman bertsoak daude’ gisa. Erlazio honen azpian bildutako izen elkartu askoren parafrasia ‘-ri buruzko, -en gaineko’ izenlagunaren bidez eman daiteke: nazionalismo teoria edo ‘nazionalismoari buruzko teoria’, lege auzi ‘legeari buruzko auzi’, turismo-biltzar ‘turismoaren gaineko biltzar’ eta abar; ‘zer-zerk’ (edo ‘zer-nork’), goraxeagoko ‘jabegoa’ erlazioaren ifrentzua da: azukre-bola, baratxuri-korda, bataio-agiri, bertso-bilduma, elebitasun-dekretu, heriotza-agiri, kare-harri, laudorio-hitz, maite-poesia, metal-ur, sorgin-istorio… Mugatzaile elkartua du herri-hitz hiztegi izenak, eta mugatzailea eta mugakizuna, biak, egitura koordinatuak dira ondoko izen elkartuan, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu.

7.2.2.2hEdukia’: ‘zer-non’ erlazioaren adibidetzat har ditzakegu alpargata-denda, arrain-merkatu, arrain-otzara, artasoro, atun-lata, autobus-ilara, elur-toki, erle-kaiola, folklore-arlo, kaputxino-komentu, komunista-etxe, koinak-botila, lore-toki, patata lur, pospolo-kaxa, sardina-lata, telefono-kabina, zerri-toki… Mugatzailea koordinatua izan daiteke: burdin ta berun zama, tximista eta trumoi leku, xaboi eta lustre kutxa, erlijio- arte eta jakite-liburu. Bai eta mendekotasunezko izen elkartua ere: jostorratz-ontzi.

7.2.2.2iEdukia’: ‘zer-noiz’ (‘garaia’ erlazioaren alderantzizkoa, § 7.2.2.2m). Alkatetza-garai, arto-urte, bakardade-memento, elur-urte, errepublika-denbora, erromeria-egun, gazte-denbora, heriotza-ordu, ilargi-gau, negu-parte, opor-egun… Berrelkarketaren adibide ditugu aizkora-joko egun, karlista-gerra denbora, sorgin-batzar garai, mugatzailea bera ere izen elkartua dutenak. Bai eta mugatzaile koordinatua duten barkamen edo pekamen egun nahiz mehe eta baraur egun. Azpimultzo honetan, ohikoak dira era batera edo bestera ‘denbora’ adiera daramaten mugakizunak (denbora, egun, garai, gau, urte…).

7.2.2.2jOndorioa’. Goiko ‘iturburua’ erlazio semantikoaren ifrentzua da. X mugatzailea eta y mugakizun izanik, ‘iturburua’ x > y moduan irudika dezakegu; ‘ondorioa’, berriz, x < y. Horrelako erlazioa ikus daiteke izen elkartu hauetan: arbi-hazi, argi-zuzi, beldur-amets, burdina-meatze, esne-behi, esne-iturri, euri-seinale, hileta-hots, indar-etxe, intxaur-arbola, irin-fabrika, liho-hazi, olio-aran, su-mendi, trumoi-laino, txakolin-iturri… Berrelkarketaren adibide da beste hau: poz- eta negar-iturri.

7.2.2.2kBaliabidea’. Mugakizuna zein baliabidez, zerez baliatuta, zeren bidez gauzatzen den, lortzen den, adierazten du mugatzaileak: ahari-apustu, aho-hizkera, aitzur-kolpe, aizkora-ukaldi, begi-keinu, bertso-festa, burruntzali-kolpe, danbolin-dantza, esku-aldaba, esku-arrantza, esku-bonba, eskulan, ezten-kolpe, haize-oihal, hitz-joko, karta-joko, lurrin-makina, olio-argi, pilota-jolas… Mugakizunek askotan mugimendu edo kolpe bortitza adierazten dute, eta mugatzaileak zerez eman den kolpe hori. Modu batean baino gehiagotan egin daitezkeen jarduerak (dantza, jolas…) adieraz ditzakete mugakizunek. Hemen sar daitezke, bestalde, euskal edo erdal mugatzaile dituzten hainbat izen elkartu, ‘euskara’/‘erdara’ baliatuz egiten/sortzen diren ‘zera’k adierazten dituztelakoan: euskal aldizkari, euskal artikulu, euskal bertso, erdal idazle, euskal idazle, euskal kultura, erdal olerki, erdal testu

7.2.2.2lGaia’. Mugakizunak adierazten duen hori, zertaz, zein gaiz egiten den esaten digu mugatzaileak: argizari-kandela, arto-opil, baba-salda, bakailao-kroketa, belar-olatu, berakatz-zopa, burdina-kutxa, egur-gabila, elur-maindire, elur-maluta, gerezi-marmelada, izotz-kapa, kimika-abonu, kotoi-laino, luma-jantzi, magurio-krema, oilo-salda, piper-saltsa, porru-salda, su-ziri

7.2.2.2mGaraia’. Mugatzaileak adierazten du mugakizuna noiz gertatzen den, zein garaitan: arrats-dei, bataio-festa, bukaera-bertso, ezkontza-kantu, eztei-bazkari, gau-amets, gau-klub, Gabon afari, goiz-haize, hileta-eresi, ilun-ezkila, jai-soineko, su-kanpai, uda euri, uda-ikastaro, udaberri-arrosa, urte-sari… Azpimultzo honetan sar ditzakegu izen propioa mugatzaile duten Donibane su, Olentzero enbor, San Joan su eta horien antzekoak, hitz elkartu hauetan ez baitira pertsona izen propioak, edo santu izenak, baizik urteko egun edo garai jakin bat adierazten dutenak.

7.2.2.2nLekua’. Mugakizuna non, zein tokitan ‘zertzen’ den adierazten du mugatzaileak: atzerri-hizkuntza, baserri-bizitza, eliz hobi, esku-makila, etxe-tresna, ezker-esku, harri-idazki, horma-erloju, ibai-ur, itsas bainu, itsas herri, itsas lapurreta, kale-borroka, kale-janzkera, kokots-bizar, kosta-herri, lepo-ile, lur-paradisu, matrail-hagin, mendi-ermita, mendi-gurutze, plaza-festa, sabel-zorri, sepultura-harri, zingira-ur… Berrelkarketaren adibide da baso ta solo belar.

7.2.2.2oHelburua’, ‘norentzakoa’, ‘onuraduna’. Adibide ugaritan antzeman dezakegu erlazio semantiko hau; besteak beste, ‘aditzoin+izen’ egiturako izen elkartuetan (§ 7.2.3). Azeri-janari, bataio-harri, batzar-toki, bidaia-kutxa, bizar-laban, dantza-leku, dantza-orkestra, diru-zorro, ejertzizio-etxe, elur-zulo, erbi-zakur, eskularru, guda-ontzi, haur-ipuin, haur-kanta, hauts-zapi, jainko-edari, jakintza-hizkuntza, koktel-ontzi, kultura-hizkuntza, mendi-bota, meza-dei, moko-painelu, ohe-atorra, oin-ohol, ortografia-arau, otoitz-dei, pixa-oihal, su-egur, talo-ohol

7.2.2.2pAriketa’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, ariketa, jarduna, ekintza… adierazten du eta mugakizunak, askotan, ariketa edo jardun horren egilea, edo jardun horretako lekua. Hitz-toki, jolas egun, laborantza-gizarte, langela, liturgia komisio, otoitz-gizon, pilotaleku, pilota-txapeldun, politika-erakunde, prediku-aulki, sega-leku… Laborantzan aritzen den gizartea, liturgiaz ari den komisioa, politikan ari den erakundea… horrela uler ditzakegu goiko izen elkartuak.

7.2.2.3. Mugakizun bereziko izen elkartuak

7.2.2.3a Ondoren aztertzen diren egiturak ere izen elkartuak dira, bi izenez osatuak58. Baina horietako mugakizunek, guztiak berdinak izan ez arren, badituzte zenbait ezaugarri aurreko puntuan aztertu ditugun elkartuetatik bereiztera garamatzatenak. Maiztasuna da lehen ezaugarria: ugariak dira aldi, atze, aurre, bide, buru, gai, gain, molde, mota, multzo, puska, sail, talde, zati… mugakizun dituzten izen elkartuak. Orain arteko adibideetan ikusi dugun beste edozein izen baino sarriago baliatzen ditugu izen elkarketan “mugakizun berezi” atalean sartu ditugunak.

Bestetik, berezia da mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa. Behi-esne, lepo-ile, oilo-salda edo aurreko puntuan eman ditugun izen elkartuetan oro har, eskuineko osagaia, mugakizuna, bada berezko ‘zera’, badu berezko esanahia; nahikoa da horretarako hiztegietara jo eta definizioak begiratzea. Mugatzaileak murriztu egiten du mugakizunaren erreferentzia esparrua, sintaxian modifikatzaileek egiten dutenaren antzera. Aztergai ditugun mugakizun berezietan, ostera, nekez hitz egin dezakegu ‘multzoaz’, ‘zatiaz’, ‘aldiaz’, ‘usainaz’, ‘aurreaz’ edo ‘atzeaz’ ez bada zehazten zeren multzoa, zatia, usaina, aurrea… den. Mugatzaileak, ezkerreko osagaiak, egiten du zehazte-lan hori. “Harreman honi «osagarri-buru» harremana esaten zaio, sintaxian gertatzen denaren ildotik: eskuineko osagaia den buruak (adib. zati) osagarri bat hartzen du (ogi), sintaxian, demagun […] aurka postposizioak genitibodun IS hartzen duen bezala. Bada, hemengo berezi gehienak horrelakoak ditugu «osagarri-buru» egitura-harremanekoak, alegia” (Azkarate eta Perez Gaztelu 2014: 38).

Maiztasuna eta osagarri-buru harremana, bi berezitasun horiek dituzten mugakizun hauek hainbat azpisailetan banatzen ditu Hitz-Elkarketa/4 liburuak. Banan-banan aztertuko ditugu, labur bada ere, bakoitzaren ezaugarri nagusiak emateko.

7.2.2.3bMultzo’ adierako izen elkartuak. Hala deitu zaie euskaraz bigarren osagai, hau da mugakizun, izen hauetakoren bat duten izen elkartuei: aldra, andana, biko, buket, eli, meta, mordo(xka), mulko, multzo, oste, pare, parrasta, parrastada, pila/pilo, sail, saldo, samalda, sorta, talde, tanda, tropa, tropel…

abere mutu tropel, ardi pilo, arrain-oste, arrautza-pare, artalde, behi-pare, diru-meta, emakume-aldra, erantzun-andana, erle-mulko, errezibo sorta, galdera-sorta, gazte-tanda, haur-andana, idazle-eli, idazle-saldo, inurri-multzo, jende-oste, jende-talde, kaio-aldra, kanoikada-pila, liburu-mordo, limoi sail, lur sail, mahomatar-talde, mutil pila, oilo meta, perrexil-buket, soldadu tropa, ur bedeinkatu parrasta, uso biko, zomorro samalda

Mugakizun horiek guztiek konpartitzen dute ezaugarri semantiko bertsua, ‘ugaritasuna’, ‘kopurua’, ‘aniztasuna’. Hala ere, badira desberdintasunak mugakizun batzuen eta besteen artean, hiztegietako definizioak alderatuz gero erraz antzeman daitezkeenak. Multzo da gutxien markatua, gainerakoen definizioetan ageri dena. Baina beste batzuk ere nahikoa zabalak dira erreferentziaren aldetik, mugatzaile bizidun zein bizigabeak har ditzaketenak (andana, mordo, multzo, pare, pila, sail…). Beste batzuek, ostera, mugatzaile bizidunak eskatzen dituzte: aldra, eli, oste, saldo, talde edo tropel. Azkenik, sorta (eta buket) mugakizunek izen bizigabea, gehienetan landare adierakoa, eskatzen dute.

7.2.2.3cZati’ adierako izen elkartuak. Izen elkartu hauetako mugakizunak apur, atal, erdi, hondar, izpi, kozkor, laurden, lipits, mutur, pixka, pitin, poxi, puska, pusketa, tanta, xorta, zati… izan ohi dira.

ahaidetasun-izpi, ardo tanta, arno xorta, azukre-koskor, belar-izpi, belar-lipits, eri-mutur, esperantza-poxi, ezti-tanta, gazta-pusketa, haragi-hondar, hitz-atal, karisma apur, limoi zati, lukainka-mutur, antxoa, sardina edo lantzoi zati (berrelkarketa)…

Mugakizun hauek zer duten batean jakiteko hiztegira jotzen badugu, ohartuko gara ‘zati izen’ edo zati mugakizun hauek bi azpiataletan banatzen direla: a) definizioetan ‘zati’ edo ‘zatiki’ daramatenak (atal, hondar, izpi, mutur, punta, puska/pusketa, zati…) eta mugatzailea zenbakarria edo, behintzat, zenbakarria izatea eskatzen dutenak, oro har; b) ‘kopuru txiki’ adiera dutenak (apur, pixka, pitin, poxi, puxka…) eta mugatzaile gisa izen zenbakarri eta zenbakaitzak, neurgarri eta neurgaitzak onartzen dituztenak (esperantza poxi bat, fama puxka bat, gatz puxka bat…). Egitura hauetan zenbatzailetzat har daitezke horko poxi bat, puxka bat eta abar (§ 16.3.9); c) tanta, xorta, isurkaria adierako mugatzailea eskatzen dutenak.

‘Zati’ adierako elkartuetan sar daitezke ‘frakzio adierako elkartuak’ ere, hau da, erdi edo laurden mugakizun dutenak: baxoerdi, kilo erdi, metro erdi, mende laurden, ordu-laurden

7.2.2.3dModu’ adierako izen elkartuak. Horrela deitu zaie (baita ‘mota’ adierako izen elkartu ere) mugakizuntzat era, giro, gisa, klase, manera, modu, molde, mota, suerte, tailu… izenak dituztenei:

abantaila suerte, ahosabai-modu, amodio mota, arma-modu, apostolutza-era, arbola-klase, arrain mota, autoritate-modu, baserri molde, bekatu-gisa, benerazio mota, bentura molde, bizio suerte, bizitze-manera, dolu-gisa, eguraldi modu, gerla-manera, jende-giro, jende-tailu, joko-tailu, liturgia-era

Izen kategoriako mugatzaileak ageri dira ezkerrean, baina aditz kategoriakoak ere aurki daitezke (bizimodu, erran-molde, idatz-molde, § 7.2.3b). Erraz aurki daitezke mugatzaile koordinatuak ere (donu, dohain eta abantaila suerte; formazio edo produkzio modu; manamendu eta zeremoni suerte) edo mendekotasunezko izen elkartu direnak (ahosabai-modu, baso-zuhaitz mota, etxe-abere mota, eskola-etxe mota, luma-abere mota…).

Bereziak dira hizkuntzak adierazteko era mugakizun harturik sortu ditugun albaniera, arabiera, armeniera, bengalera, bulgariera, errusiera, estoniera, georgiera, islandiera, japoniera, suomiera eta abar (Euskaltzaindiaren 38. arauan ikus daitezke egitura hauetako hizkuntza izen asko).

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 38. araua: “Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak”, Donostian, 2007ko martxoaren 30ean onartua.

Hiztegiek argitzen dute zer duten batean mugakizun hauek: a) ‘modu’ har daiteke guztien adierak duen sema edo ezaugarri semantikotzat; beraz, ‘modu izen’ dei diezaiekegu mugakizun hauei guztiei. Hala ere, badirudi mugakizun batzuen erabilera-esparrua zabalagoa dela beste batzuena baino; mota, esaterako, euskalki guztietako literatura tradizioan ageri da; gisa, manera, suerte, tailu, aldiz, ipar-ekialdeko testuetakoak dira, batik bat, eta modu Hegoaldeko testuetan ageri da. b) Mugakizun hauetako batzuk (giro, klase, molde, mota edo tailuk), ‘modu’ adiera izateaz gain, badituzte bestelako adierak ere; beste batzuek, aldiz, ‘modu’ adiera baino ez dute, adiera bakarrekoak dira. c) Mugatzaileei dagokienez, batzuek era guztietako izenak onartzen dituzte, bizidunak, bizigabeak, konkretuak, abstraktuak…; horrelakoak dira klase, mota, suerte edo tailu. Beste batzuek, gisa, manera, modu, molde mugakizunek, gehienbat izen bizigabeak hartzen dituzte mugatzaile.

7.2.2.3e Konparazio eta irizpen adierako izen elkartuak. Azpiatal honi emandako izenak berak ematen du aditzera zein den arrazoia aire, antz, aurpegi, fama, haize, hots, irudi, itxura, kolore, kutsu, planta, tankera edo usain moduko mugakizunak azpiatal honetan batzeko: erkatzearen, konparazioaren balioa ematen digutelako, alegia. Norbaitek integrista airea duela esatean, adierazten dugu integristek duten bezalako airea, itxura, tankera, duela. Edo norbaiti buruz kokolo aurpegia duela diogunean, haren aurpegia kokoloena bezalakoa dela ematen dugu aditzera.

aberats-itxura, administrazio-kutsu, aingeru-antz, antzinate kutsu, artobero-usain, baserri-antz, bertsolari-fama, bihurri antz, desafio-kutsu, diru-usain, dotore-antz, epel antx, festa-usain, garaje-itxura, gaztaina-kolore, gordin kutsu, harro haize, haserre-itxura, inozo planta, integrista-aire, itzulpen-kutsu, jainko-itxura, kokolo aurpegi, liberal fama, lur-kolore, maitasun itxura, olerki kutsu, osasun kolore, tonto-planta, txotxolo-aurpegi, zikin-fama, zeru kolore…

Adibide horietako batek baino gehiagok adjektibo kategoriako mugatzailea du (bihurri, dotore, epel, gordin, harro, tonto, txotxolo…). Hori da azpiatal honen beste ezaugarrietako bat. Bestalde, zenbait mugakizunek (fama, itxura, kolore, usain…) sintaxi egiturako mugatzaileak onartzen dituzte: bizkaitar nahiz beste edozein eskualde usaina, goma erre usain, haur lerden itxura, jantzi busti usaina, liberalen biltoki fama, usteldutako hosto usaina. Mugakizunei dagokienez, batzuk erlaziozko izenak dira (antz, aurpegi, fama, irudi, itxura, planta edo tankera), beraz, osagarria eskatzen dutenak (Artiagoitia 2011). Beste batzuei, berriz, jatorrizko adieraz gain, bigarren adiera metaforiko batek ematen die erlaziozkotasuna (aire, haize, hots… ‘itxura’, ‘antz’, ‘ospe’ balioa dutenean). Bigarren multzo honetan sartzekoak dira kolore eta usain ere, berez kolorerik edo usainik ez duten mugatzaileekin elkartzen ditugunean (masoi-usain, udaberri-kolore…).

Mota honetako hitz elkartuak askotan norbaiti edo zerbaiti buruz predikatzen ditugu; norbaiti buruz esango dugu liberal fama duela edo lekuren batek izango du garaje-itxura, esaterako. Horrexegatik, ez da harritzekoa -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzea izen elkartuok: arrosa koloreko masailak, gaztaina koloreko pitxarra, morokil usaineko dantza, kabyla irudiko leinu, zaunka haserre usainekoa

7.2.2.3f Andregai moduko izen elkartuak59. Azpiatal honetako mugakizunak ia-ia atzizkitzat ere hartu dituzte euskal gramatikariek (Azkuek, Lafittek edo Villasantek), hain dira ugariak horien bidez sortzen diren hitz elkartuak. Aldi, adibidez, edozein aditzoinekin elkar dezakegu. Bide, buru, gai… ere izen eta aditzoin ugarirekin elkar ditzakegu. Elkarketaren eta eratorpenaren arteko mugan egotea dute ezaugarri Hitz-Elkarketa/4 lanean azpiatal honetan sailkatzen diren mugakizunek: aldi, bide, buru, gai, gizon, (g)une, jende, kide, (k)ume, lagun, orde. Zergatik sailkatu ditugu, baina, izen elkartuen barruan? Egia da maiztasuna badela atzizki izaeraren ezaugarrietako bat (atzizkiek, emankorrak badira behintzat, serie luzeagoak osatzen dituzte izen edo adjektibo elkartuetako mugakizunek baino). Baina, horren ondoan, bada beste ezaugarri bat, erabakigarria: beregaintasuna. Atzizkiek ez dute beregaintasunik (ezin dira bakarrik erabili), ez eta hiztegietan sarrerarik ere; hemen aztergai ditugun mugakizunak, aldiz, izenak dira. Izen diren neurrian, bakarrik erabil daitezke, beregainak dira, —aldi hartan, bi buru ditu batzorde honek—, nahiz, berehala esango dugunez, beregaintasun hori asko mugatzen duen mugakizun hauetako askoren esanahi ahulak. Azkenik, kategoria lexiko diren heinean, atzizkiak ez bezala, hitz eratorrien oinarri izan daitezke: burutza, gaitasun, gaitu, kidetasun, kidetu

Semantikoki ere esanahi lausoa izatea da mugakizun horiek guztiek batean duten ezaugarria; horrexegatik behar dute osagarria, esanahia zehaztuko duena. Alde honetatik goian ikusi ditugun ‘modu adierako elkartuen’ edo ‘zati adierako izen elkartuen’ pareko dira.

Mugatzaileen kategoriari dagokionez, izenak dira ugarienak, bizidunak nahiz bizigabeak, ekintza eta gertaera izenak eta abar; baina badira adjektibo nahiz aditzointzat har daitezkeenak ere (erraz, estu, goibel, haserre, jator, on, umil, zahar, zoro…). Beste batzuetan argiago dago mugatzailearen adjektibo kategoria; adjektibo hauek egoera mailako predikatuak dira, ez izaki mailako predikatuak6024.3.1): haurdun(aldi), hits(aldi), isil(une), zakar(aldi).

Mugakizunetako askok adiera bat baino gehiago dute; Euskaltzaindiaren Hiztegiari begiratu bat ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Baina horrek ez du esan nahi adiera guztiak direnik azpiatal honetan sartzekoak.

Atzizki izaeratik gertu egoteagatik-edo, bi osagaiak elkarturik idazteko gomendioa eman zuen Euskaltzaindiak (25. araua). Baina lehen osagaia luzea edo hitz juntura bihurria duten elkartu berrietan marratxo bidez elkarturik edo bereiz idatz daitezke: kapitalismo (-) aldi, erredakzio-buru, administrazio (-) gune eta abar.

Aldi

Izen bizigabeak dira, oro har, mugatzaileak, nahiz badiren bizidun batzuk ere (erregealdi, erromesaldi, karlistaldi, morroialdi, presoaldi edo gizaldi):

agintaldi, antzinaldi, arnasaldi, astialdi, atsedenaldi, atseginaldi, bakealdi, barrealdi, belaunaldi, berbaldi, bozaldi, dantzaldi, deialdi, denboraldi, erbestealdi, eztulaldi, geroaldi, gerraldi, goibelaldi, gorputzaldi, haizealdi, hitzaldi, inflazioaldi, itsasaldi, jaialdi, jolasaldi, kantaldi, kasketaldi, krisialdi, labealdi, lanaldi, loaldi, mundualdi, oinazealdi, oporraldi, orainaldi, pozaldi, solasaldi, sozialismo-aldi, transizioaldi, udaldi, urtealdi, zakarraldi, zinemaldi…

Izen propioak dituzte oinarri Neolitosaldi, Pazkoaldi edo Pizkunde-aldi izenek. Adjektiboa / aditzoina da, ostera, lehen osagaia beste hauetan: gaixoaldi, elbarri-aldi, estualdi, goibelaldi, gozoaldi, haserrealdi, mozkorraldi, saminaldi, zakarraldi, zaputzaldi, zoroaldi… Adjektiboak, esan bezala, egoera mailako predikatuak dira; eta egoera mailako predikatuak dira, halaber, erromes, morroi edo preso izenak (morroi egon, preso egon, erromes ibili…). Ohikoak dira aditz kategoriako mugatzaileak ere:

agerraldi, argitaraldi, astinaldi, ateraldi, edanaldi, egonaldi, ekinaldi, emanaldi, erakustaldi, erorialdi, eserialdi, etorraldi, etsialdi, geldialdi, gertaldi, ibilaldi, ikastaldi, ikustaldi61, irakinaldi, irakurraldi, irtenaldi, itxaronaldi, itzulaldi, jaikialdi, janaldi, jardunaldi, jarrialdi, jasoaldi, jazarraldi, joanaldi, omenaldi, puztualdi, tentaldi, zirikaldi…

Hamabostaldi, berrogeialdi edo zortzialdi (zortzi eguneko denbora bitartea), batasuna duten denbora unitatetzat hartzen dira.

Aldi izenak elkartuari ematen dion esanahiari dagokionez, batetik, ‘garaia’ edo mugatzaileak adierazten duenaren denbora hedadura adieraz dezake. Horrek eskatzen du mugatzaileak iraupena adieraztea; horrelakoak dira goiko adibideetako mugatzaileak.

Bestetik, ‘gertaera edo ekintza baten gauzatze bakoitza’ ere adieraz dezake aldi izenak. Adiera hau hartuko du bereziki aditzoinei nahiz gertaera edo ekintza izenei (arnasa, dardara, eztul, hitz, kasketa, jai…) elkarturik doanean. Gorputzaldi izenean, berriz, ‘aldartea’ adiera du aldi mugakizunak.

Aro, zaro

Bi aldaeretatik aro bakarrik da beregaina. Izena bizidunak nahiz bizigabeak (adjektibo eta partizipioak ere izen balioan hartzekoak dira) izan daitezke mugatzaile, baita izen propioak ere. Berrogeizaro izenean, berriz, ‘berrogei eguneko aro’ ulertu behar dugu; berrogeialdiren baliokide da:

bakearo, barauzaro, berrogeizaro, garagarzaro, gaztaina aro, gaztaro, gizaro, Harri Aro, haurtzaro, helduaro, kristau aro, nobizio aro, ume aro, zahartzaro, Noeltzaro, Pizkunde aro

Elizak agindutako barau eta barauzaroetan izan ezik, haiek beti bete behar baitira, eragozpen zuzenik ez balitz (P. Altuna); Garagarzaroan eta garilean ez duk urik edanen (Satrustegi); Gaztaiñarora, ikazkintzara, irauli dute jarduna (Orixe); Nobizi-aroa asteko oraindik gaztetxo ta misiotaratzeko zaletua dagoanez, gaixo-zaintza-ikasketak egingo ditu lenbizi (Bordari); Olentzaro, metatesis baten bidez Noel-tzaro-tik omen dator (San Martin).

Aditzoin batzuk (edo aditz izenak, ikaste, sortze) ere izan daitezke mugatzaile: biziaro, ikastaro, sortzaro. Joseforen iskribuetan ba dira milla notizi eta xehetasun jatorrak, Jesukristoren bizi-aroaz zer ikusi dutenak (Villasante); Kristoren sortzaroaren inguruko mendeetan (Mirande).

‘Denbora,’, ‘sasoia’, ‘garaia’, ‘eguraldia’… adierak ditu aro izenak, baina betiere iraupen kutsua duela.

Bide

Izen eta aditzoin kategoriako mugatzaileekin elkartzen da bide. Izen bizigabeak dira ugarienak, konkretuak zein abstraktuak, gertaera izenak nahiz jarduera adierakoak; baina izen bizidun batzuk ere badira mugatzaile (errege, Jainko, mando, zamari…):

aberastasun bide, amets-bide, arrazoibide, askatasun bide, auzibide, bakebide, batasun bide, bekatu bide, burubide, damubide, dirubide, formazio eta informazio bide, gogoeta bide, gurdibide, hizpide, hobekuntza-bide, jakintza bide, kultura bide, lanbide, mistika bide, ogibide, osasunbide, salbamen bide, solasbide, soluziobide, transmisio bide, zalantza bide, zehaztasun eta aberastasun bide, zorion bide…

Iharturik dauden neurrian, ez da gardena adibide, burubide, errepide, eskubide, lanbide edo ogibide izenen esanahia. Aditzoinari erantsirik ageri da bide beste izen hauetan:

agerbide, aitzinabide, argibide, aterabide, aurkibide, aurrerabide, azterbide, baterabide, bizibide, egiaztabide, eginbide, erakusbide, erorbide, eskabide, etorbide, ezaupide, ezkonbide, galbide, hazibide, helbide, ibilbide, igarobide, ihesbide, ikasbide, ikusbide, irabazpide, irtenbide, jakinbide, jokabide, konponbide, kontsolabide, mintzabide, okerbide, orientabide, osabide, pasabide, salbabide, sarbide, sendabide, sorbide, tratabide, ulerbide, zuzenbide

Jarleku motako izen elkartuen egitura berekoak dira horiek guztiak (§ 7.2.3). Batzuetan zalantza egin daiteke mugatzailea izena ala aditzoina den (aberaspide, irizpide, kezkabide, pozbide eta abarretan). Ez dago alde handirik izen horiek ulertzeko moduan: ‘aberats izateko bide’. ‘aberasteko bide’, ‘kezkarako bide’ nahiz ‘kezkatzeko bide’, ‘pozerako bide’ nahiz ‘pozteko bide’.

Adiera bat baino gehiago du bide izenak (ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia): benetako bide fisikoa (‘lur zerrenda, bertatik ibiltzeko prestatua dena’), ‘bitartekoa’, ‘aukera, abagunea’… Esanahi horiek guztiak ikus daitezke bide mugakizun duten izen elkartuetan ere. Lehen adierakoa izan ohi da izen konkretuen ondorengo bide (ardandegi bide, astobide, baso bide, burdinbide, elizbide, gurdibide, harri bide, mandobide); behi-esne moduko izen elkartuetan sar daitezke horrelako elkartuak. Mugatzaileak izen abstraktuak, gertaera izenak edo aditzoinak direnean, bestelako adierak (zerbait lortzeko era edo moldea, aukera edo abagunea) dituen bide izaten da mugakizun; baina izen konkretuei ere elkartzen zaie bide ‘metaforikoa’ (dirubide, gizabide, jainkobide…).

Buru

Izen bizidunak nahiz bizigabeak izan daitezke mugatzaile:

arbiburu, asteburu, atalburu, batzarburu, batzordeburu, belaunburu, besaburu, diakonoburu, epaimahaiburu, erredakzioburu, ertzainburu, eskaileraburu, etxeburu, euskaltzainburu, galburu, gobernuburu, goiburu, gudalburu (gudari buru), hiriburu, iturburu, kalonje buru, mahaiburu, oheburu, sailburu, sintagma-buru, soka buru, taldeburu, udalburu, urteburu, zerbitzuburu

Buru izenak adiera bat baino gehiago ditu; horietako batzuek (‘gorputzaren goiko edo aurreko zatia’ edo ‘burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartuta’) behi-esne moduko izen elkartuak osatuko dituzte, ‘jabegoa’ edo ‘osoa-zatia’ erlazio semantikoen pean aztertu direnen parekoak (arrain buru, legatz buru, txerri buru, § 7.2.2.2e, § 7.2.2.2f). Beste adiera batzuetan, aldiz, ‘muturra’, ‘buruzagia’ adieretan, maiztasun handia du buru izenak bigarren osagai gisa. Adiera horretako elkartuak dira hemen jasotzen direnak.

Gai

Izen kategoriako mugatzaileei elkartzen zaie gai, izen arrunt bizidun nahiz bizigabeei:

abadegai, alkohol gai, andregai, apaizgai, auzigai, aztigai, bertso gai, burdingai, diputatu-gai, doktoregai, emaztegai, erlijio gai, erregegai, erreginagai, euskaltzain gai, eztabaidagai, fisika gai, gonagai, jakintza-gai, kontsumo-gai, kultura gai, lehendakarigai, mediku gai, meditazio gai, musika gai, olerki gai, otoitz-gai, polemika gai, senargai, sugai, suhigai, teknika gai…

Baita aditzoinei ere: apaingai, aztergai, bizigai, elikagai, erregai, ezkongai, ikasgai, ikusgai, irakurgai, itzulgai, jangai, konkistagai, kontagai, luzagai, mintzagai, oroigai, osagai, salgai, sendagai, sinesgai.

Hainbat adiera ditu gai izenak ere (‘gauzak osatzen dituzten materia motetako bakoitza’; ‘zerbait egiteko edo osatzeko behar diren gauzetako bakoitza’; ‘jarduera edo gogoeta bateko edukia; elkarrizketa, hitzaldi, idazlan eta kidekoen mamia’… Euskaltzaindiaren Hiztegia). Predikatu konplexuak ere osa ditzake: gai egin (gaitu), gai egon, gai izan. Mugatzaile motaren arabera, adiera bat edo bestea hartzen du gai izenak. Mugatzaile bizidunen eskuinean, mugatzaileak adierazten duena izateko bidean dena, gai dena, balioa ikusten da: andregai, doktoregai, erregegai, lehendakarigai, senargai… Mugatzaile bizigabeei elkartzen zaie, oro har, lehen bi adieretako gai: afari gai, bizkotxo gai, burdingai, gonagai, liburu gai, sugaiBehi-esne motako izen elkartutzat har ditzakegu hauek. Beste izen elkartu hauetan, berriz, ‘jarduera edo gogoeta bateko edukia’ adiera hartzen du gaik: arte gai, elerti gai, erlijio gai, jakintza gai, kultura gai… Aditzoin + gai egiturako izenetan, bi motatako erlazioa dago izenaren eta aditzaren artean: batzuetan aditzaren objektua da gai (ikasgai, irakurgai, itzulgai, jangai, kontagai, sinesgai); objektu adierako izenak sortzen dituzten atzizkien balioa ez dago oso urrun gairen erabilera honetatik (§ 4.4.3). Beste batzuetan, aditzak adierazten duen horretarako baliabidea adierazten du gai izenak (oroigai, sendagai, osagai); tresna edo baliabide adierako izenak sortzen dituzten atzizkien parekotzat har daiteke gai hau (§ 4.4.2).

Gizon, mutil

Hitz-Elkarketa/2 lanean egin bezala, batera ematen dira hemen ere bi mugakizunak, aski antzeko jokamolde eta adiera dituzte-eta. Izen kategoriako mugatzaileak hartzen dituzte:

armagizon, baso gizon, elizgizon, gerragizon, herri gizon, itsasgizon, kultur gizon, legegizon, letragizon, mendi gizon, olagizon, plazagizon; artzain mutil, baso mutil, guda mutil, itsasmutil, itsumutil, mendi mutil, meza mutil, muga mutil

Mugatzaileak bizigabeak direnean, adinak edo lan egoerak bereizten ditu gizon eta mutil mugakizun duten izenak: baso gizon / basomutil, gudagizon / gudamutil, itsasgizon / itsasmutil, mendi gizon / mendi mutil… Beste batzuetan ezin da horrelako bikoterik aurkitu, izen + gizon egiturak dira bakarrak (eliz gizon, kultur gizon, lege gizon, letra gizon…); lanbidea edo pertsona baten jarduera adierazten dute. Mugatzaile bizidunekin ikusten da bi mugakizunen arteko alderik handiena: arotz edo artzain lanbidea adierazten duten izenak dira, ez dute gizon izenaren beharrik (ez bada, behintzat, adierazi nahi arotz hori edo artzain hori gizonezkoak direla, eta orduan atribuzio egiturako elkartua izango litzateke, § 7.1.3c). Artzain mutil edo arotz mutil elkartuek, ostera, ‘laguntzailea’, ‘ofizioa ikasten ari dena’, adierazten dute.

Gaur egun, bestalde, zehazki lanbide jakin bat duen gizonezkoa adierazteko ez bada, gizonezko nahiz emakumezkoak izenda ditzaketen formak hobesten dira, legelari modukoak.

Gune/une

Jatorriz forma beraren bi aldaera dira (Mitxelena 1977b), baina egungo erabileran une ‘denbora-bitarte aski laburra’ eta gune ‘lekua’ bereiztera jo da (ikus EH), baina ondare lexikoko adibideetan (eta gaurkoetan ere, batzuetan) ez dago mugakizunaren aldaeraren eta adieraren artean banan-banako egokitasunik. Mugatzaile bera ere aurki daiteke ondoren une eta gune, biak dituela. Oro har, izen bizigabe eta adjektibo kategoriako mugatzaileak hartzen ditu, baita aditzoinak ere; baina zalantza sor daiteke behin baino gehiagotan mugatzailea adjektibo kategoriakoa ala aditz kategoriakoa den (bihurgune):

administrazio-gune, aldiune, argigune, argiune, astiune, aterrune, auzune, bakegune, bakeune, babesgune, beltzune, beteune, bihurgune, bilgune, bustigune, egongune, ertzaingune, estalgune, garaigune, hutsune, ibilgune, ikusgune, ilungune, ilunune, ingurune, isilgune, isilune, itzalgune, liluragune, lodigune, sakonune, tontorgune, zelai-une, zerbitzugune, zokogune

Deigarri gertatzen da adjektibo kategoriako mugatzaileen kopurua, OEHko datuak ikusita XI. mendean dagoeneko ageri dena (soilgune). Azter ditzagun zenbait adibide, bereziki mugatzaile bera eta mugakizun bai une eta bai gune duten izenenak, esanahi alderik dagoen ala ez ikusteko: Printzipioz, dirudienez, jende gehienak bat egiten du proiektu honetan, estatu bakarra, bi komunitateren errespetoan artean halako bakegune bat sortze (Berria); Eskola Bakegune proiektua (Berria); Historialariek betidanik hiru ataletan zatitu dute guda. Haien tartean bakegune txikiak egon ziren (Wikipedia); Nekagarria da hau, bai —alargunak irribarre egin zuen, bakeune bat eskainiz (Navarro). Adibide horietako azken bakeguneak ‘unea’ adierazten du, zalantzarik gabe. Ilungune eta ilunune izenen adibideak dira honako hauek, nahiz ilungune forma izan nagusi, alde handiz, gaurko corpusetan; gune edo une mugakizuna gorabehera, ‘tokia, aldea’ adierakoak dira adibideak: Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik, eta ardura handia ukan dut ilunune bat bera ere argitu gabe gera ez dadin (Kintana); Xakuto batetik makillaje lapitzak eta hautsak atera zituen eta begiak margotzen, masailetan ilununeak ezartzen hasi zen (I. Zabaleta); Argi distiratsuarekin batera kezkatzeko ilununeak ere badirela ikusten dugu-eta (Zuazo); Hortxe aparkatu behar diat —esan nuen—, sarrera pasatuxe eta hortxe, ilungune horretan (Berrizbeitia); Ispilurik ez da ikusten, bitartean ilungune handi bat dagoelako (X. Amuriza). Isilune da forma nagusia corpusetan (ez dago alderik isilune eta isilgune formen artean bakoitzaren agerraldiei erreparatuz gero. Izan ere, isilgune izenaren adibide urrietan ez dago beti argi ‘toki’ adiera): Beldurra izango zien seguru asko bikote hasberrietan […] ia-ia amildegi bihurtzen diren isilgune dramatikoei (Joxean Agirre); Isilgune horretan sartzen saiatu naiz, hortik zer entzuten zen antzematearren (Garde); Eta isilgune baten ondoren (Goenkale); Gune batetik bestera joateko, igarobide, harrera-leku eta isilguneak egingo dira, “natura, historia eta bizitzaren elkargune bihurtuz” (Egunkaria). Bi formak batera ere ageri dira adibide honetan: Zeren, dudarik gabe, geroaldian datozen horiek nire isiluneak eta isilguneak aurkituko dituzte nik hutsunetzat ematen ditudan oroimenaren ezkutalekuetan (Garde). ‘Toki’ adierako une elkartuak ere badaude, bereziki mugatzailea adjektibo kategoriakoa denean: beltzune, hutsune, sakonune… Nolanahi ere, arruntena formen eta adieren banaketa da.

Jende

Izenak dira, bizidunak gehienak (baita animalia izenak ere), jenderen mugatzaile gisa ageri direnak; adjektibo kategoriako diruditen mugatzaileak ere izentzat har daitezke erraz asko:

apaiz jende, ardi jende, andre jende, arrantzale jende, arrautza eta esne jende, baserritar jende, behartsu jende, behi jende, buruzagi jende, erromes jende, esne-jende, gazte-jende, gerra-jende, erle jende, haragi jende, herri jende, irakasle jende, judu jende, kristau jende, langile jende, liberal jende, marinel jende, nafar jende, ontzi jende, plater jende, txerri jende

OEHn badira mugatzaile bizigabea duten adibideak (eta izena bera ere bizigabea da); nafarrerazko testuetan ageri dira batik bat. Baina ez da horrelakorik ageri gaurko corpusetan; bai, ordea, animalia adierako mugatzailea dutenen adibideak: Harriz zamatutako kamioi horien joan-etorrietara ohitu den behi jendea larrean (Aranbarri); Ardi jendea eta, erle jendea eta… (Sastre); Ardi jendearen milaka litro odol isuriko da, Erresuma Batuan urtero, hiltegietako isurbideetan barrena (Errekondo); Esan nahi duguna da lizuna, onddoak eta dauden ingurunean gutxieneko oreka bat izango bada, beharrezkoak direla saguak, arratoiak, tximitxak eta gainerako txiki-jendea (Urain).

Adibide horietan jende izenak duen esanahi “ahula” ikusirik, erreferentziaren ikuspegitik ez dirudi alde handirik legokeenik pluraleko artikulua erabilita: behartsuak, buruzagiak, gazteak, langileak, liberalak eta abar.

Jende adieraz plurala den arren, ia adibide guztietan singularrean ageri da. Izen elkartu hauek ez daude oso urruti multzo adierako izen elkartuetatik (§ 7.2.2.3b). Bestalde, sumpsumtiboen (§ 7.2.2.3h) artean ere sar zitezkeen langile jendea, arrantzale jendea eta, oro har, mugatzailea mugakizunaren azpimultzotzat har daitezkeen adibideak.

Kide

Kide eta ide, bi aldaerak ditugu (ahaide ihartua, gogaide, haurride, mugaide…), baina kide da nagusitu dena, herskariduna (-(k)eria, -(k)izun edo -(k)or atzizkietan gertatu den bezalaxe). Mugatzaileak izenak dira (salbuespen dira aditzoin kategoriako mugatzailea dutenak, ezkontide edo ikaskide):

aberkide, alderdikide, apaiz kide, ardazkide, asmokide, baliokide, batzordekide, bizikide, elkartekide, fidantzakide, garaikide, gogaide, haurride, herri kide, hoskide, iritzi kide, izenkide, jabekide, lankide, lehiakide, mahaikide, mirabe kide, mugakide, oinordekide, solaskide, sustraikide

Mugatzaileak izen bizidunak direnean, oro har, ahaidego eta predikazio izaerako izenak dira (Zabala 1993); “haurrak, apaizak, oinordeak, mirabeak… kide dira” atribuziozko parafrasiaz eman daitezke: Eta, seme-alaba bagara, bai eta oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide: zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara (Elizen arteko Biblia); Eskubide hori jabekide batek baino gehiagok egikaritzen badute, ondorengo lau egunetan enkantea eginen da jabekide guztien artean (HAEE/IZO); Mirabea atera zanean, eun denario zor zizkion mirabe-kide bat aurkitu zuen (Iraizoz). Esanahiaren ikuspegitik subjektu plurala eskatzen du; hau da, izaki hori (jabea, mirabea, apaiza…) beste batzuekin harremanetan egotea. Mugatzailea izen bizigabea denean ere aurki daiteke atribuziozko predikazioa: Hala, hemendik aurrera 47 izango dira UEMAko herri kideak (Argia).

Mugatzailea izen bizigabea denean, ‘nongo kide’ edo ‘zertan kide’ izan daitezke parafrasiak: Zordun beraren fidatzaileak bat baino gehiago direnean zor berberaren ondorioz, horietatik zorra ordaintzen duenak beste fidantzakideei erreklama diezaieke bakoitzak proportzioz ordaindu behar duen zatia (HAEE/IZO); Kasualitatez, moja hura azpeitiarra zen, eta herrikide zuen mutil gaztea laguntzeko prest azaldu zen (N. Lujanbio). Beste batzuetan ‘X bera dutenetako bakoitza’ izan daiteke parafrasi egokia: (beste batzuen) iritzi bera duena, izen bera duena, muga bera(k), sustrai bera duena… Nere izenkide orrek (J. R. Zubillaga); Sustraikideak: biak ala biak Europar jatorriko etorkinen oinordekoak, biak ala biak arrotzak paradisuan (Berria). Parafrasiak parafrasi, ‘kideak direla’ predikatzen den subjektuek zerbait izan behar dute batean, kideren ezkerreko mugatzaileak adierazten duen hori —tokia, jarduera, iritzia, garaia…—, baina mugatzailearen eta mugakizunaren artean ez dago atribuziozko harremanik.

Kide mugakizun duten elkartuen kategoria bera ere ez dago beti argi. Batzuetan izenak dira: alderdikide, lankide, mahaikide. Beste batzuek predikatu sintagma funtzioa dute ia beti (mugakide, esaterako): Eskola opor guztiak Saint-Germain-en-Layen ematen ditugu anaiak eta biok […] basoa mugakide duen urbanizazio batean (Erro). Eta badira izen baten eskuinean ageri direnak ere, adjektiboari dagokion kokapenean: Bera ez zen inoiz Lurretik atera, ez zuen inoiz aukerarik izan planeta mugakide batean zer bizitza mota eraman zitekeen egiaztatzeko (Gorrotxategi). Adjektibo balioko kide hauek izen bizigabeen modifikatzaileak dira ia beti; azken adibide horretakoaz gain, kable ardazkidea, multzo baliokideak, arte garaikidea, kultura garaikidea edo hitz-amaiera hoskideak.

Erdal con- aurrizkiaz eratorritako izenen parekoak dira kide mugakizun dutenak: consuegra/amaginarrebakide, consuegro/aitaginarrebakide, comensal/mahaikide, conciudadano/herrikide eta abar. Erdal erreferentzia adjektiboen ordainak ere eman daitezke kideren bidez (coaxial/ardazkide, contemporáneo/garaikide). Baina kidek izen kategoriako mugatzailea eskatzen duenez, ofizialkide(tasun) ez da ordain egokia erdal cooficial(idad)entzat (koofizial(tasun) da hor forma zuzena).

Kume, ume

Hemen ere bi aldaera ditugu: ume eta kume. Azken honek ‘animalien umea’ adiera hartzen du, eta, gizaki adierako izenei askotan gutxiespenezko ñabardura ematen die; gehienetan beste izen baten eskuinean ageri da. Ume, ostera, askoz maizago erabiltzen da izen beregain gisa, bai ‘haurra’ esanahiarekin eta bai ‘hazteko adinean dagoen animalia’ adierarekin ere. Oro har, badirudi gizakiez aritzeko kume markatuago dela ume baino:

aberaskume, alargun ume, andrakume, aingerukume, antxume, apaizkume, azkonarkume, baserrikume, behargin ume, behikume, burgeskume, erregekume, erreginakume, eskolaume, euskal ume, handikikume, idazlekume, kalekume, katakume, listokume, markeskume, putakume, sasikume, saskigilekume, txakurkume, usakume, zaldikume

Ikus ditzagun adibide batzuk: Horrelakorik ez zian listokume horrek espero (X. Amuriza “Larraun”); Nundik ibiliko ote gera, ba, markeskume onek aizea ar dezan (Etxaniz); Txahala esaten jako edozein beikumeri (Mogel); Ta orra, ordun, ez soilki idazle bat galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatu (Lizardi); Saskigilekume izan arren, izketa atsegiña du, esan zion amari (Orixe).

Mugatzailea gizaki edo animalia izena izan ohi da, burges edo listo ere izen balioan hartzekoak baitira goiko adibideetan. Baina badira izen bizigabeak ere: eskolaume, kalekume, baserrikume, sasikume… Azpikategorizazioaren arabera, modu batekoa edo bestekoa izango da mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa: izen bizidun denean, oro har, ‘noren umea edo kumea’ adierazten du mugatzaileak; izen bizigabea denean, ‘non’ (non sortua den, non bizi den…). Hala ere, mugatzailea gizaki izena izan arren, idazlekume edo apaizkume izenetan bestelako harremana antzematen da bi osagaien artean; gertuago daude idazlegai edo apaizgai izenetatik: ‘idazle izateko bidea dena’, ‘apaiz izateko bidean dena’, alegia.

Lagun

Izen kategoriako mugatzaileak dira lagun izenaren ezkerrean ageri direnak; asko bizigabeak, baina baita bizidunak ere:

auzo lagun, baso lagun, behar lagun, bertso lagun, bertsolari lagun, bidelagun, biltzar-lagun, bizilagun, dantza-lagun, dantzari lagun, ehiza-lagun, eskola-lagun, espos-lagun, gazte lagun, gerra lagun, gudari lagun, hargin lagun, hurko lagun, irakasle-lagun, kontrabando lagun, jesulagun, josulagun, mahai lagun, mutil lagun, neskalagun, ohelagun, ontzi lagun, txalupa lagun…

Mugatzaile diren izen bizidunen adiera ohikoenak honako hauek dira: ‘ofizioduna, jarduera jakin batean ari dena’ (bertsolari, dantzari, gudari, hargin, irakasle), ‘egoera’ (espos), ‘sexua’ (mutil lagun, neska lagun). Azken hauek ‘atribuzio egiturako izen elkartuetan’ sailka daitezke erraz asko. Beste batzuetan, ostera, jarduera edo lekua (askotan jarduera jakin bateko lekua) adierazten dute mugatzaileek (baso, bide, dantza, ehiza, kontrabando, ohe, ontzi, txalupa); erabilera honetan ez dago oso urrun kide izenaren adieratik (auzo lagun/auzokide, bidelagun/bidaide, ohelagun/ohaide).

Orde

Mugatzaileak izen kategoriakoak dira, izen konkretuak, bai bizidunak eta bai bizigabeak. Batzuetan ordeko izena ageri da:

aitaorde, alabaorde, amaorde, begiorde, buruorde, dekanorde, erregeorde, errektoreorde, eskuorde(ko), etxeorde(ko), izenorde, jainko orde, jaun orde, lehendakariorde, oinorde, sailburuorde, semeorde(ko), zuzendariorde…

Mugakizunaren kategoria ere izena da, baina elkartuaren azpikategorizazioa aldatu egiten da mugatzailearen arabera: mugatzaile bizidunekin elkartu osoa biziduna da (buruorde), baina mugatzaile bizigabeekin elkartu osoa bizigabea da (begi orde, izenorde): Parisko Saint-Jacques karrikan, Italiatik etorritako beringile suerte batzuek begiordeak eskaintzen dizkiete pagatzeko diru aski dutenei (Epaltza); Niretzat, amaorde baten antzekoa zen Greta (Osoro). Beraz, ordek ‘ordezkoa’ adiera baino ez du, eta mugatzaileak ematen du zeren ordezkoa den, izen bizidun baten edo bizigabe baten ordezkoa. Aditz lokuzioetako aditz arinekin gertatzen denaren antzera (§ 23.2.1.3.1h), mugatzaileak ematen dio [±bizidun] tasuna elkartu osoari. Badira salbuespenak, nolanahi ere: eskuorde edo oinorde, esaterako. Arduradunak emango du aipatu abisuaren jaso-agiria, eta ezkontzara azalduko da, bera zuzenean edo eskuorde bidez (HAEE/IZO); Euskaldunen oinorde batek idatzia (Argia). Kargua adierazten duten mugatzaileekin elkartzean, burua, errektorea, lehendakaria, zuzendaria… denaren bigarrena-edo adierazten du. Jainko orde izenean, berriz, sasiren parekotzat har daiteke.

7.2.2.3g Hitzaurre moduko hitz elkartuak. Euskaltzaindiaren sailkapenari jarraiki, leku-denborazko adiera duten mugakizunak bilduko ditugu azpisail honetan: aitzin, albo, alde, atze, aurre, azpi, barne/barren/barru, bazter, be(pe)62, bitarte, ertz, gain, gibel, inguru, oste, (t)arte… Adieraz gain, beste ezaugarri bat ere badute batean mugakizun hauek guztiek: erlaziozko izenak dira, puntu honetan aztergai ditugun gainerakoak bezala; hau da, osagarria eskatzen dute. Horretaz gain, esanahia ere aski lausoa dute (aurreko puntuko andregai motako elkartuetako mugakizunak bezala, hauek ere askotan adiera bat baino gehiago dute). Baina erlaziozko izenen artean, multzo berezia osatzen dute, kokapen izenak dira (Artiagoitia 2011). Mugatzaileak izen kategoriakoak dira:

aditzondo, afalondo, aldare aitzin, aldare-aurre, arima-barru, asto-gain, aterpe, barrunbe, baso-tarte, bazkalondo, pazko-inguru, begi-bazter, begitarte, belarri-oste, belarrondo, bertso-ondo, beso-azpi, bihotz-barne, bular-gain, bular-inguru, dantzaurre, eliza-barne, eliza-bazter, eskugain, esne-gain, etxe-aitzin, etxe-atze, etxe-aurre, etxe-barne, etxe-ondo, ezkerralde, bestondo, gerraurre, gerraondo, giltzape, guda-oste, hitzaurre, hutsarte, ilunpe, izenondo, kale bazter, lagunarte, lanarte, lur-azpi, mahai-ondo, mendi-gain, mendi-gibel, ogi-ertz, oin-azpi, pago-atze, praka-barren, sasi-arte, solairuarte, tripa- barru, zeru-azpi, zeru-barru, zubi-gain, zubipe

Izen elkartu hauetako batzuek, esaterako, bazkalondo, bazkaloste, gerra-aurre, gerra-oste, aurrizkidun izena dute gaztelaniaz ordain (‘sobremesa’, ‘preguerra’, ‘posguerra’). Horien arabera sortu ditugu azken urteetan atikogaineko, erditzeondo, historiaurre, idazki-ondoko, kanpainaurre (hauteskunde-kanpainaurre), gaztelaniazko sobre-, pre-, post-… aurrizkidun izenei ordaina emateko. Beste batzuetan, ostera, izen elkartuko lehen osagaia izaten da erdal aurrizkien ordain (azpiatal, gainzama…); mugatzaile bereziko izen elkartuetan aztertuko ditugu horiek (§ 7.2.2.4). Erdal aurrizkien izaeran aurkitu behar dugu azalpena zergatik ematen dugun batzuetan mugakizuna ordain (gerra-aurre) eta beste batzuetan, berriz, mugatzailea (aurre-iritzi). Izan ere, erdal aurrizkiak batzuetan eratorriaren buru semantikotzat hartu behar ditugu: preguerra ez da ‘gerra’, baizik gerraren aurreko garaia; bide beretik, precampaña eta prehistoria ez dira ez kanpaina eta ez historia, baizik horien aurreko garaia; postparto ez da erditzea, baizik erditu ondoko garaia; sobreático ez da atikoa, baizik haren gaineko etxebizitza eta abar. Horietan guztietan, buru-osagarri erlazioa dugula esan dezakegu, aurrizkia izanik buru eta izena osagarri. Euskarak burua eskuinean duenez, osagarri-buru hurrenkera dagokie; hau da, aurre, gain, ondo, oste eta abar bigarren osagai, mugakizun izatea. Askotan -ko atzizkiaren bidez izenlagun bihurturik erdal erreferentzia adjektiboen ordaina ematen dute: hauteskunde aurreko (‘preelectoral’), urpeko (‘subacuático’), nazioarteko (‘internacional’) eta abar.

Beste batzuetan, aldiz, erdal aurrizkia modifikatzailea da, eta ondoren datorren izena da burua, zertaz ari garen adierazten duena; euskaraz, ‘atze, aurre, gain… + izen’ hurrenkera dagokie, eguzki-lore, behi-esne, goiz-argi, burdin barra eta ‘modifkatzaile-izen’ erlazioa duten beste hamaika mendekotasunezko izen elkarturi bezalaxe. Aurreiritzi ‘aldez aurretik dugun iritzia’ da, gainzama ‘[ohikoa denaren] gaineko zama’, azpiatal ‘[beste atal baten] azpiko atala’. (Gràcia & Azkarate 2000).

Leku-denborazko adiera horrek, bestalde, postposizioaren eremura hurbiltzen gaitu. Areago, mugakizun horietako batzuk maizago erabiltzen ditugu gaur postposizio moduan, izen balioan baino: sarri ikusiko ditugu albo, alde, atze, aurre, barru, gain, inguru, oste… izenak -n, -ra edo -tik postposizio-atzizkiekin etxe aurrean, mahai gainetik, hiri barnera, ate ostean moduko egituretan63. Izen elkartua osatzen dutenean, jakina, adjektiboa har dezakete, sintagma singularreko edo pluraleko buru izan daitezke, erakuslea har dezakete determinatzaile gisa, eta sintagma ergatibo edo absolutibo baten buru izan daitezke: Egal-atzea lepazamarreruntz etzin (Lizardi); Lur azpia, guk lanerako lurra esan deguna, beste lur baten gañian egoten da (Nekazaritzako irakurraldiak); Nik uste Donapaleu alderdiko etxalde handi batetako andregai bat zen (J. Etxepare); Bisitari arrotza, ongi etorri gure mendialdeetara, esan zion (Satrustegi). Postposizio hauek ere -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzen ditugunean erdal adjektibo aurrizkidunak ordezkatzeko baliatzen ditugu: jaio aurreko (‘prenatal’), graduatu ondoko (‘posgraduado’).

Ez dira leku-denborazko mugakizun hauek bakarrik postposizioetan aurki ditzakegunak, gorago ikusi ditugun zenbait mugakizunek ere (modu adierakoek), hala nola maila edo moduk postposizioak osa ditzakete: mundu mailan, komediante moduan. Berriro ere, lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugan ibiliko ginateke.

7.2.2.3h Sumpsumtive motakoak. Bestelako ezaugarria dute azken azpimultzo honetan sartuko ditugunak: mugakizuna, mugatzailearen gain-multzoa da. Pinu-arbola edo porru-landare izen elkartuetan ‘pinua’ bada arbola, eta ‘porrua’ bada landarea. Beraz, mugakizunaren esanahia zabalagoa da, eta esanahi horrek hartzen du bere barruan mugatzailearena ere. Beste modu batera esanda, mugakizuna genus proximus eta mugatzailea differentia specifica izan ohi dira; hau da, ‘espezie-genero’ erlazioa dago bi osagaien artean. Horrek bereizten ditu gorago ikusi ditugun atributu egiturako elkartuetatik (§ 7.1.3c); ‘artziprestea pintorea da’ edo ‘osaba bertsolaria da’ gisa ulertzen ditugun artzipreste pintore eta osaba bertsolari elkartuetan, kalifikatu egiten du bigarren osagaiak lehena. Hemen aztergai ditugun elkartuetan, ostera, esan bezala, ‘espezie-genero’ erlazioa dago, mugakizunaren ‘barruan’ dago mugatzailea. Natur Zientzietako terminologian, landareak, animaliak, mineralak, etab. izendatzeko baliatzen dira sarri mota honetako izen elkartuak, taxonomia egiteko, alegia.

abeto arbola, almitz belar, altzifre zuhaitz, arrosa lore, arto landare, lis-lore, lizar arbola, porru landare, udare arbola64, urritx perretxiko

Nolanahi ere, ezin esan daiteke sumpsumtibotzat hartu diren izen elkartu guztietan inklusio harremana dagoenik, mugatzailearen erreferentea mugakizunaren barruan dagoenik: armiarma-tximino, ezpata-arrain, ilargi-arrain, koral arrain, mailu-arrain, mihi-arrain, ortzadar boa izen elkartuetan, ‘armiarma’ ez da ‘tximinoa’, ‘ezpata’ ez da ‘arraina’, ez eta ‘ilargia’ ere, etab. Bi izakiren arteko konparazioa dute oinarri hitz elkartu horiek; espeziearen barruan azpiespezieak egiteko mugakizunaren kolorea, itxura, forma, hartzen dira kontuan (Val Álvaro 1999). Bestelako hurrenkera ere aurki daiteke batzuetan, amuarrain ortzadar, suge koral, perloi lira. Beste batzuetan, jatorria edo bizilekua, habitata da mugatzaileak adierazten duena; horren arabera izendatzen da azpiespeziea: indi oilar, itsas antzara, itsas hartz, itsas oilar, itsas zapo, pinu perretxiko. Mugatzaile, izen propioa duten elkartuak ere baditugu, hala nola, San Joan lore, San Joan sagar; santu izenak urteko garai jakin bat adierazten du hor, San Joan eguna, alegia. Garaia da azpiespeziea egiteko erabili den irizpidea (eta, horrexegatik, gorago erlazio semantikoak ikustean aipatu dugun ‘garaia’ erlazioaren azpian ere izan dezakete lekua).

Mugakizuna, mugatzailearen gain-multzoa dela esan dugu, baina gain-multzo hori izan daiteke logiko-abstraktua ere, gauza, lan edo kontu mugakizun direnean: aberaste lan, ebaluazio-lan, erle gauza, gizarteratze lan, afari kontu, definizio kontu, elebitasun kontu, lege gauza, paper gauza… Ez da hain erraz hemen espezie baten barruko azpiespezieak bereiztea, esanahi zabal, abstraktuko mugakizunak dituzten egitura hauetan. Uler daitezke ‘kontua elebitasuna da’, ‘kontua afaria da’, ‘lana gizarteratzea’ da moduan. Baina bestelako harreman semantikoa ere ikus dezakegu mugatzailearen eta mugakizunaren artean; esaterako, ‘edukia’ edo ‘helburua’. Hitz batean, zalantza egin dezakegu mugakizun logiko-abstraktua duten izen elkartu hauek ez ote diren, besterik gabe, behi-esne motako izen elkartu arruntak (Azkarate eta Perez Gaztelu 2014: II.6.2.4).

7.2.2.4. Mugatzaile bereziko izen elkartuak

7.2.2.4a Leku-denborazko mugatzaileak

Leku-denborazko mugatzailea duten izen elkartuak aztertuko ditugu hemen: aitzin, albo, atze, aurre, azpi, barne, bazter, barne, behe, gain, gibel, goi, kanpo.

aitzinasmo, aitzinsolas, albo-emaitza, albo-hizkuntza, aurrekontu, aurreikuspen, aurreiritzi, aurrelan, aurrebaldintza, azpiatal, azpiegitura, azpimarra, azpimultzo, azpioihal, barne-araudi, barne-bizitza, barne-lotura, barne-migrazio, barne-muin, barne-oreka, behe-laino, gainazal, gainbalio, gainegitura, gainkarga, gain-presio, gainsoldata, goi-agintaritza, goi-kargu, goi-maila, goi-nafarrera, kanpo-ekintza, kanpo-irizpide, kanpo-mugarri

Gorago aztertzen dira leku-denborazko mugakizuna duten izen elkartuak, hitzaurre motakoak (§ 7.2.2.3g); osagarri-buru egitura dute (eta gaztelaniaz semantikoki buru diren aurrizkiak ordezkatzeko baliatzen ditugu: prehistoria/historiaurre, preguerra/gerraurre, posguerra/gerraoste). Leku-denborazko izena mugatzaile duten elkartuetan, aldiz, modifikatzaile-buru erlazioa dugu: azpimarra ‘azpian jartzen dugun marra, azpiko marra’ da, gainsoldata soldata da, soldata gehigarria, gainkarga karga da, gehiegizko karga. Modifikatzaile balioa duten pre-, sobre-, sub-, supra-… aurrizkia daramaten izenei ordainak emateko sortu ditugu horrelako elkartu asko azken urteetan (Villasantek ere [1974: 52] “algunas palabras que pueden servir de prefijos” izenburupean biltzen ditu aurre-, azpi-, gain- eta abar). Emankortasunari dagokionez, mugatzaile batzuek —aurre, azpi, barne, behe, gain, goi— askoz izen elkartu gehiagori ematen diote bide, beste batzuek baino —aitzin, albo, barru, barren, bazter, gibel—. Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik eman behar direla arautu zuen Euskaltzaindiak.

7.2.2.4b Elkar, kontra mugatzaile

Mugatzaile bereziko izen elkartutzat hartzen dira Hitz-Elkarketa/4 lanean elkarlan eta kontradantza; hau da, elkar eta kontra lehen osagai dituztenak. Egia da baditugula gaurko euskaran horrelako izenak. Batetik, elkarbide, elkarbizitza, elkarrekintza, elkargiro, elkarrizketa, elkartruke, elkar-maitasun, elkar-konfiantza, elkar-jarrera, elkar-istimu. Bestetik, kontradantza, kontradibide, kontrazal, kontraegitura, kontrakarga, kontrapisu, kontrapozoi…

Elkar mugatzaileari dagokionez, ez da zalantzarik izenordain kategoriakoa dela, izenordain elkarkaria, hain zuzen ere (§ 13.8.4). Izen, adjektibo, aditz edo adberbio kategoriako osagaiak dira hitz elkartuak eratzen dituztenak; ez izenordainak. Are gutxiago, dagokion kasu marka edo postposizio atzizkia eskatzen duen elkar: elkar ikusi, elkar maitatu, elkarrekin joan, elkarri eman… Guztiz onargarriak dira elkargune edo elkarbide, mugatzailea, ezkerreko osagaia, elkar(tu) aditzoina izan baitaiteke; eta adibide horiek goraxeago aztertu ditugun mugakizun bereziko izen elkartuen sartuko genituzke (§ 7.2.2.3f). Hala ere, hainbat izen sortu ditugu euskaraz azken urteetan gaztelaniazko inter- zein con- aurrizkiei ordaina emateko. Diogunaren adibide argia da, esaterako, elkarrekintza sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian: “bi pertsonak edo gauzak elkarrekiko duten eragina” (ikus interakzio). Edo elkarbizitza “elkarrekin bizitzea” (ikus bizikidetasun). Baina aditzekin ere aurki dezakegu, elkarbanatu, baita adjektiboekin ere, elkarneurgaitz, elkarneurgarri. Honek ere, kategoria bateko baino gehiagoko mugakizunekin agertzeak, aurrizkien ezaugarria dakarkigu gogora.

Kontra, berriz, adberbio kategoriakoa da, eta postposizio ere izan daiteke aurretik genitiboa hartzen duela, -en kontra, instrumentala, -z kontra, edo datiboa Iparraldean, -i kontra. Bada kontra egin aditz lokuzioa ere, kontrako izenlaguna (kontrako eztarritik joan), kontrakotasun izena. Badu, beraz, autonomia lexikoa. Goraxeago aipatu ditugun izenek, hala ere, pareko erdal ordainak dituzte, contra- aurrizkiaz osatuak. Hots, erdal aurrizkiei ordaina emateko sortuak dirudite.

56 Ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014).

57 Azkaratek eta Perez Gazteluk (2014) corpus zabala sailkatu zuten eta adibidetegia osorik eman. Xehetasun ugari aurkituko ditu han informazio gehiagoren bila dabilenak.

58 Adibide eta xehetasun gehiago nahi dituenak Hitz-Elkarketa/2 liburura jo dezake.

59 Ikus Perez Gaztelu (2004); Azkarate eta Perez Gaztelu (2014).

60 Bereizketa argi ikusten da, adibidez, gaixo hartuta. Gaixo adjektiboak badu ‘eri’ adiera (egoera predikatua), eta baita ‘gajo, errukarri’ (izaki predikatua) adiera ere. Gaixoaldi elkartuan lehen adiera hartzen da kontuan, ‘osasunik gabe egoten den aldia’; ez ‘errukarri edo gajo zaren aldia’.

61 Ikaste+aldi, ikuste+aldi ere izan daitezkeenak, bai eta erakuste+aldi ere.

62 Euskaltzaindiaren sailkapenean leku-denborazko mugakizunen artean ageri den arren, eta izen kategoriako lexemetan ageri den arren (barrunbe, errape, estalpe, giltzape, ilunbe, kerizpe…), nekez aurkituko dugu bera bakarrik izen balioan. Gainera, izen propioekin ere aurki dezakegu toponimian eta onomastikan: Loretope, Altube, Haizpe, Ospitale-Pea, Sarrikota Pea

63 Izen elkartuen eta postposizioen arteko aldeaz, ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014); Odriozola (2004b).

64 Erraz uler daiteke ‘udareak ematen dituen arbola’, ‘ondorioa’ edo ‘emaitza’ erlazio semantikoaren adibidetzat.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper