Iparraldeko testuetan ageri zaigu, batez ere, atzizki hau. Izen konkretuei eransten zaie, bizidun zein bizigabeei, eta zaletasuna edo joera adierako adjektiboak sortzen ditu: andrekari, bizikari, emaztekari, gibelkari, handikari, lagunkari, mutikokari, zurrupakari… Ondoko adibideetan ikus dezakegu nola erabili diren adjektibo hauek testuetan: Haien ideologia osoki gibelkaria (Herria); Izpirik ez zen ohore gosea, ez handikaria (Hiriart-Urruti); Ez dinat mutikokari fama bildu nahi (Herria); Tartean gu geu, bitartekari zurrupakariaren kafea erosten dugunean (Goienkaria).