Bera izenondo beregainetik, beratu aditzaren oinarri denetik, sortutako atzizkia dela onartzen dute euskal gramatikariek. Baina ondoren ikusiko ditugun adibideetan ‘bigun’ adiera galdu eta ‘joera, erraztasun’ adierako adjektiboak sortzen ditu, aditzoin kategoriako oinarria duela. Mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke aditzoinok: da motako inkoatiboak (egosi, izerditu, hoztu, mindu, § 23.2.2.2c); du motakoak, esperimentatzailea eta gaia argumentu dituztenak (ikusi, sinetsi, § 23.2.2.5e). Horrela sortuak ditugu egarbera, egosbera, hozbera, ikusbera, izerbera, minbera, sinesbera, etab. Ixabel izerbera zen (Sagastizabal); Gizaki egarberarentzat, putzua oasis bat da (Linazasoro); Ez naiz oso sinesbera; oraintxe bertan ere, dudak dauzkat (K. Navarro); Minbera neuzkan oinak oso (J. A. Arrieta).
Adjektibo kategoriako eratorri hauek izan daitezke beste izen eratorri baten oinarri (sinesberatasun) zein aditz baten oinarri (minberatu).