Lemari dagokionez, zaila da mendebaldeko eta ekialdeko forma desberdinen artean bat hautatzea oinarrizkotzat; areago, Mitxelenaren (1977b) iritzia kontuan izanik, bi atzizki desberdin izan daitezke, eta ez euskalki mailako aldaera hutsak36. Nolanahi ere, atzizki bakartzat har dezakegu ekialdeko -tze hau eta hurrengo puntuan aztertuko duguna.
Aditzoinak da nahiz du motakoak izan daitezke, eta sortzen den izenak maizenik ‘ondorioa’ balioa du, baina ‘gertaera, egitea’ ere adieraz dezake: aitortza/aitortze, bizitza/bizitze, egoitza, ekintza, emaitza, ezagutza, ezkontza, higuintza, iraultza, jaiotza/jaiotze, jakintza/jakite, laguntza, sendotza eta abar.
36 “Es para mí dudoso si -tza/-tze, que en algún caso (cf. bizitza/-tze ‘vida‘, eriotza/heriotze) son variantes de un mismo sufijo, occidental y oriental, respectivamente, lo son siempre. Tal vez haya que contar, en parte, con sufijos de origen distinto” (Mitxelena 1977b: 500).